Sabino
Luis Haranburu Altuna
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
[aurkibidea]

 

— III —

 

(Argiak piztuaz gero, errejenta dator eszenara, beti lez ohi duen tokitik ekiten dio kantari).

 

ERREJENTA:

            1. — Unamunoren hitzak

                        Despetxuaren ondakinak.

                        Bilbon katedra galdu

                        eman zion Salamankak.

            2.— Ikasi beharraren premia

                        Sabinok ikusi zuen

                        Euskadiren jatorriaz

                        hasi zen gogoz ikertzen.

            3.— Eskribuz zituen agertu

                        bere lanaren ondorioak

                        idazle eta kazetari

                        horra bere ofizioak.

            4.— Aldarrikatu zuen Sabinok

                        Bizkaiaren independentzia

                        Bizkaitarrak harriturik

                        jaso zuten notizia.

            5.— Abandotarrak bazuen

                        borrokarako xedea

                        Arma bakarra zuen berak

                        Euskadirengan fedea.

 

(aktore i sartzen da eszenara eta atril bat jartzen du eszenaren erdian. sabino sartzen da eta paper batzuk atrilean jarri ondoren idazten hasten da. Laister luis sartzen da urduri eta presaka).

 

LUIS: Sabino!

SABINO: Zer gertatzen da Luis?

LUIS: Sotarekin egon naiz kalean eta zutaz ihardun gara hitzegiten.

SABINO: Zein Sota?

LUIS: Sota, Euskalerrikoa. Barkuzalea.

SABINO: Eta zer zioen nitaz?

LUIS: Zure liburua “Bizcaya por su Independencia” irakurri du. Oso interesaturik agertu da. Zu ezagutu nahi zaitu.

SABINO: (Idazten jarraitzen du beti)

            Bale. Etor dadila nahi duenean.

LUIS: Gonbidatu dut honuntz etortzera. Ilunabarrean etorriko da (Isilunea). Benetan arrakasta handia izan du zure liburuak. Bi mila ale konturatzeke saldu dira. Bilboko tertulia guztietan zure liburuaz dihardute.

SABINO: Eta zer diote? Erotu naizela?

LUIS: (Farrez)

            Hori batzuek. Beste asko kezkaturik agertzen da.

SABINO: Gipuzkoan ere zabaldu da liburua. Aranzadik idatzi dit.

LUIS: Unamunori buruz idatzi duzunak ere ixkanbila sortu du.

SABINO: Merezi zuenaren moduan jarri dut. Ez dago eskubiderik berak euskarari buruz esan dituenak esateko. Badakit nondik datorkion bere arrenkura. Zeren azken finean berak dizkioen guztiak arrenkurak eraginik esaten bait ditu. Azkue, Unamuno eta neroni aurkeztu ginen Diputazioak euskarazko katedrarako deia egin zuenean, eta badakizu nola Azkuek irabazi zuen katedra. Unamunok ezin eraman izan du beraren ordez lekeitioarra aukeratzea eta harrezkero burura etortzen zaizkionak eta bi esaten ditu euskarari buruz eta Euskal Herriaz. Unamuno, bizkaitar arnegatu bat besterik ez da. Neri buruz zera esan du, poeta naizela alegia... erotu da!

LUIS: Hala ere berak publikoki esaten dituenak askok pentsatzen du beren baitan...

SABINO: Badakit eta horrek gauzak nekezagoak egiten ditu.

 

(Isilunea. sabinok idazten jarraitzen du. aktore i sartzen da eta jarleku bat uzten du eszenan. luis jarri egiten da eta sabinori so gelditzen da. Isiluneak zerbait irauten du oraindik).

 

LUIS: Zer ari zara idazten?

SABINO: Artikulu bat.

LUIS: Zertaz?

SABINO: Betikoaz. (Isilunea). Azken finean, idazten ditudan guztiak gauza bakar bat frogatzera datoz: Euskadi dela euskaldunon Aberria. Ideia bakar hori datza idazten dudan guztiaren mamian.

LUIS: (Mantso ahozkatuz)

            Euskadi da euskaldunon Aberria... ideia soil eta garbia.

SABINO: Bai. Soil eta garbia. Baina milaka urteak iragan behar izan dute ebidentzia horretaz euskaldunak jabetu daitezen. Zenbat odol eta negar kosta zaien euskaldunei hortara iristeko...

 

(Isilunea).

 

LUIS: Zergatiz ez duzu jarririk idazten?

SABINO: Nahiago dut honela. Jarririk, nahigabea sentitzen dut zenbaitetan. Ondoeza sumatzen dut jarririk.

LUIS: Medikuari esan beharko diozu.

SABINO: (Idazten jarraitzen du beti)

            Bai.

 

(Isilunea).

 

LUIS: Enbarazu egiten dizut?

SABINO: Lasai. Ez didazu enbarazu egiten.

 

(Isilunea. aktore i sartzen da eta sabinori dio).

 

AKTORE I: Arana Jauna!

SABINO: Bai?

AKTORE I: Sota jauna dago hor atarian eta berorrekin nahi luke hitzegin.

SABINO: Sar dadila. Esan etortzeko.

 

(Irtetzen da aktore ii eta Sotarekin itzulten da. Sotak sonbrero bat darama buruan eta aktore i-ri luzatzen dio sabino agurtu baino lehen. Irtetzen da Aktorea).

 

SOTA: (Agurtuaz)

            Agur Arana jauna! (luiseri) Kaixo Luis!

SABINO: Agur Sota jauna! Jarri mesedez.

 

(aktore i, jarleku batekin, dator eszenara, bertan jarriko da Sota. sabinok zutik jarraitzen du).

 

SOTA: (Gortesiak agitzen duen doinuaz)

            Banuen gogoa Arana famatua ezagutzeko. Zure anaia Luis ezagutzen nuen, baina ez zu. Ederra muntatu duzu Sabino!

SABINO: (Irrifartsu)

            Nik?

SOTA: Bai, zuk! Ordu honetan ez dago bilbotar bat zure liburuaz entzun ez duenik. Sortu da ixkanbilarik!

SABINO: Eta zer derizkiozu zuri? Irakurri duzu?

SOTA: Bai noski! Hasi eta bukatzeraino ezin izan dut utzi. Unkitu egin nau zure liburuak.

SABINO: Zer esan nahi duzu “unkitu” hitzarekin?

SOTA: Unkitu baino hobe ikuitu esan beharko nuke. “Touche” esango lukete frantsesek. Liburua klaroa da. Argia. Askok gogoan genduena asmatu duzu esatera. “Euskadi, euskaldunen Aberria da”. Horra motz eta garbi esana; zerbait ezaguna eta argia da, baina ez zuen oraino inork esan. Zu izan zara lehena.

SABINO: Ondo atxeman duzu liburuaren mamia, baina harritzen naiz esandakoekin zu ados etortzea. Zu alderdi politiko jakin batetakoa zara. Euskalerriakoa zara...

SOTA: Eta zerk harritzen zaitu? Egia da ni Euskalerria alderdikoa naizela baina gugandik oso gertu ikusten zaitut. Gauza berbera nahi dugu. Jainkoa eta Foruak da gure lema ere.

SABINO: (Asaldaturik eta ibiliaz)

            Hori zuen lema izanen da, ez nirea! (Isilunea). “Jaungoikoa eta Lagizarra” da nire lema.

SOTA: Eta zer axola dio Foruak edo Lagizarra esateak. Ez al dira gauza berdina?

SABINO: Ez. Eta diozunez ez duzu ulertu nire liburuan irakurritakoa. Edo eta ulertu baduzu ez gatoz bat. Zuek foruak defenditzen dituzute, intransijentzia guztiarekin hori bai, baina foruak eta ez besterik. Nik Lagizarra diodanean foruak baino zerbait gehiago adierazi nahi dut. Foruengandik arras gauza diferentea da nik adierazi nahi dudana.

SOTA: Eta zer da ba hori?

SABINO: (Hitzegiten duen ehinean berotzen da).

            Euskaldunen Aberria Euskadi dela diodanean, Euskadik Españagandik libre eta aske, independiente, izan behar duela adierazten dut. Zuek Foruak eskatzerakoan Españiara begiratzen duzute handik etorriko balira bezala. Nik Lagizarrak hitzegitean Euskadira bakarrik begiratzen dut. Euskadik bere bidea ibili behar du eta beaje horretarako ez du kanpotarrik eta laguntzailerik behar. Bakarrik ibili behar du bidea. Aldendu behar den oztopo bat da Españia. Garaitu behar den etsaia. Etxetik bota behar den arrotza.

 

(Isilunea. korua sartu da eszenara, eta bigarren solairura igozten da. Sota jarririk dago eta sabinok, zutik, eszenaren hertz batetik begiratzen dio. luis buru makur dago publikoari so).

 

SOTA: (Berekiko)

            Ez gaude hain urruti. Ez gaude hain urruti.

 

(korua bi multzoetan banatu da eta multzo batek besteari eskua luzatzen dio baina ez dira elkar hartzen. Joko honetan jarraituko dute Jokaldi hau amaitu arte).

 

LUIS: Hitzeginaz ulertzen dira gizonak.

SABINO: Ez daiteke batu ura suarekin. Ez daitezke lotu kea eta sua. Ez daiteke uzkaldu iragana eta etorkizuna, (Isilunea). Ez gatoz bat eta kito!

SOTA: (Zutik jarriaz eta lagunkiro)

            Jaunak! ni honuntz etortzean ez zen nire asmoa eztabaida batetan trabatzekoa. Euskalerriako nire lagunek bidali naute bazkari bat zuri eskeintzea. “Vizcaya por su Independencia” liburuaren egileari omen bat eskeintzeko asmoz etorri naiz. (Isilunea).

SABINO: Eskertzen dizut zure gonbitea eta gogo onez onartzen dut. Baina utzi dezadan garbi nik Bizkaiari eta Euskal Herriari eskeintzen diodan bidea, bide berri bat dela eta bide horretatik ez naizela pauso bat ere aldaratuko.

SOTA: Ondo da. Larrazabalko txakolitegian ikusiko dugu elkar eta jarraituko dugu hitzegiten.

LUIS: Laguntzen dizugu...

 

(Irtetzen dira guztiak).