— II —
(errejentak eszenaren erditik ekiten dio bere kantuari).
ERREJENTA:
1.— Bihurtu zela dirudi
Unamuno eroa
desiratzen bait zuen
euskeraren herioa.
2.— Euskararen herioa
zilegi da salatzea
horrek bultzatzen bagaitu
gure hizkuntza salbatzea.
3.— Sarritan dugu entzuten
heriotzaren amorea
ordea bizitzeko izan
behar dugu adorea.
4.— Garbi ikusi zuen Sabinok
Euskal Herriaren akabantza
lortu zuen ordea
iratzartzea esperantza.
5.— Entzun heriotz-zaleak
entzun oro euskaldungoak:
heriotza eta erdara
guretzat dira estrainoak.
(Erretiratzen da errejenta ta unamuno sartzen da eszenara. Honek lebita beltz bat darama eta bizar gorri ahauntztiar bat okotzean. Bakarrik dago eszenan eta publikorantz so. Halako batetan aktore i sartzen da neskameen kofia eta mantalarekin).
AKTORE I: Nor zara Jauna?
UNAMUNO: Miguel de Unamuno naiz.
AKTORE I: Eta zer nahi duzu?
UNAMUNO: Sabino Arana Goirirekin nahi nuke egon.
AKTORE I: Itxaron apur bat. Ikusiko dut etxean dagoen.
(Irtetzen da aktore i eta aktore ii eta iii sartzen dira jarleku banarekin).
AKTORE II: Mesedez jauna... Jar bedi.
UNAMUNO: Ondo nago zutik.
AKTORE II: Berorrek nahi duen bezala.
(Irtetzen dira ii eta iii aktoreak, eta aktore i sartzen da ostera).
AKTORE I: Unamuno jauna! Berehala dator Sabino Arana.
(Ez dio ezer erantzuten unamunok eta aktore i badoa. unamuno antzokia miatzen hasten da abots bajuan dio).
UNAMUNO: Kanposantu bat dirudi honek... Kanposantu bat.
(sabino eszenara sartu da unamunoren hitzak entzuteko garaiz. Eszenaren hertz batetan gelditzen da eta handik hasten da hitzegiten. unamuno ustekabean hartzen du).
SABINO: (Soseguz)
Kanposantua? (Isilunea). Badirudi, Unamuno, heriotzaren adiskide zarela. Alde guztietan ikusten duzu heriotzea. Agian, zeu bizirik sentitzeko oro behar duzu hiltzear ikusi.
UNAMUNO: (sabinorengana hurbilduaz)
Baina zer diozu Arana jauna! Zer kontu dira horiek? Bisitan hatorkizu. Lagunkiro.
(Eskua luzatzen dio sabinori baina honek ez du unamunoren eskua hartzen, eta azkenean faltrikean sartzen du unamunok berea).
SABINO: Barkatu baina nik ez diezaioket eskurik eman nire Aberriaren etsaiari.
UNAMUNO: (Harriturik eta besoak zabalduaz) Baina zer diozu? Ni Euskal Herriaren etsaia!
SABINO: Bai, Zu! Jakina da zer pentsatzen eta esaten duzun gure herriaz. (Eszenaren erdira joanaz eta publikoari begira). Herri hau akabatuta dago! Ehortzi dezagun Euskal Herria! (unamunori) Zure hitzak dira horiek.
UNAMUNO: (sabinorengana hurbilduz)
Baina Arana! Hitz horiek beren kontextotik ez daitezke atera. (Euskal Herria eta euskararen heriotzeaz sabinok eta unamunok diharduten bitartean koruak honoko pantomima hau burutuko du: kartoi edo egurrezko hilkutxa bat ekarri ondoren eta aktore bat ikurrinarekin bilduaz gero kutxan sartuko dute, ondoren, prozesionalki, lau aktoreen artean eszenatik kanpora eramanaz).
SABINO: Gure herriaren kontextoa garbi dago: askatasun eza. Euskararen amilbera. Euskal arrazaren kutsamena. Gure aztura eta lagi zaharren txikizioa... Hori da Euskal Herriaren egoera. Eta egoera hori are bultzatu eta azkartu behar dela esatea irain bat da euskaldun guztientzat.
UNAMUNO: Ni ere euskalduna naiz. Bilbotarra.
SABINO: Zoritxarrez!
UNAMUNO: (Mindurik)
Zu entzun ondoren badakit zein nekeza den egi-zale izatea. Egiak min ematen du eta zure asarrea da nire egiaren frogarik hoberena.
SABINO: Zure egia, Euskadiren etsaien egia da. Gezur hutsa.
UNAMUNO: Gezurra da euskara guttitzen eta ttipitzen ari dela?
SABINO: Egia zoritxarrez!
UNAMUNO: Gezurra da, agian, kasik baserritan bakarrik hitzegiten dela euskara?
SABINO: (Goibel)
Egia da baina...
UNAMUNO: (Hitza kenduz)
Gezurra da halaber, euskarak ez duela balio goi-mailako ikasketak egiteko?
SABINO: (Asarre)
Hori bai gezurra dela. Euskara zientzietan ez bada erabiltzen ez da euskarak balio ez duelako. Euskal unibertsitaterik ez dugulako baino. Euskal ikasleek kanpora irten beharrean aurkitzen dira beren ikasketak burutzeko. Hemen ez da zer eta non ikasirik... Baina aldatuko dira gauzak.
UNAMUNO: (Ironiaz)
Inozoa! Zer uste duzu zuk? Historiaren gurdiak itxaroko dizula pentsatzen duzu? Euskara eta Euskal Herriaren aztura zaharrak zaintzea eta gordetzea historiaren zentzuaren aurka doa. Herri honenak egin du.
(unamunoren diskurtsoa berotzen doa eta bere ahotsa igotzen. Halako batetan jarlekuaren gainean jartzen da zutik eta publikoari so burutzen du bere harenga. korukoak aurrean jarri zaizkio, lurrean, eta sabino zerbait aldaratu da. unamunoren iharduna foko batek nabarmentzen du).
UNAMUNO: Historiaren legeak ez die barkatzen atzera gelditzen direnei. Oraindik garaia dute euskaldunek historiaren gurdira igotzeko. Denboraren abiadari lotzeko. Euskara motz eta labur gertatzen da euskaldunen balioa adierazteko. Duela hogei urte euskara gordetzen zuten herriek galdua dute iadanik. Euskara galtzen ari da bere hedadura eta sakontasunean.
(koruko aktoreak perpausa berbera errepikatzen dute “in crescendo” joanaz).
AKTORE I: Euskara galtzen ari da!
AKTORE II: Euskara galtzen ari da!
AKTORE III: Euskara galtzen ari da!
AKTORE IV: Euskara galtzen ari da!
AKTORE V: Euskara galtzen ari da!
KORUA: (guztiak batera)
Euskara galtzen ari da!
UNAMUNO: Hiltzera doa euskara eta ez dute salbatuko ez katedrak eta ez sakelak!
SABINO: (Hitza kenduaz)
Zergatik nahi zenduen orduan euskarazko katedra?
UNAMUNO: (Bereari jarraituz eta sabinori ihardetsi gabe) Eta euskara ez da hilko kanpoko erasoengatik, bere barneko arrazoiengatik galduko da euskara, ez eta dakitenak euskaraz mintzatzen ez direlako. Ez. Euskara hilko da gaurko kultura bideratzeko gai ez delako. Euskara antigualetako zerbait da. Ez du balio gaurko behar kulturaletako. Horregatik hilko da euskara.
AKTORE I: Hilko da euskara!
AKTORE II: Hilko da euskara!
AKTORE III: Hilko da euskara!
AKTORE IV: Hilko da euskara!
AKTORE V: Hilko da euskara!
(sabinok bere tokitik ohiukatzen du orain).
SABINO: Biziko da euskara! Bizi da euskara!
UNAMUNO: (Bereari jarraiki)
Euskarak enbarazu eta estorbo besterik ez digu egiten euskaldunoi. Euskara ondo dago jakitunek gauza bitxi eta arraro bezala ikertzeko, baina guri oztopo egiten digu Europatik datorkigun kultura berriaz jabetzeko. Zorionez, baserri zokoetara bazterturik aurkitzen da euskara. Baserritarren hizkuntza da euskara. Kataluynan adibidez bertako abokatuak erabiltzen dute katalan hizkuntza, baina gure arteko abokatuek ez dakite euskara denik ere. Ez dezagun gal denborarik reliki soil bat baizik ez den hizkuntza bat berbizten. Euskararekin egin daiteken gauza bakarra zera da: gorpu hilotzen antzera usai-gozatu eta amodioz bildu zientziaren harrigarri gerta dadin. Orohit-harri bat eraiki dezaiogun euskarari. Ez du horregatik euskaldunen arimak sofrituko. Ez dute euskaldunek pairatuko.
SABINO: (Bere onetatik at) Euskara gabe... hilko da Euskadi!
KORUA: Hilko da Euskadi!
Hilko da Euskadi!
(Irtetzen da korua eta unamunok hitzegiten duen bitartean berriro dator eszenara giza-eskeleto bat iruditzen duen panpina batekin).
UNAMUNO: Are, Euskal Herria nazio independiente bezala eraikiaz gero ere eta euskara hizkuntza ofizial bezala ezarririk ere, euskara hilko da. Ilunabarrean eguzkia itzaltzen den bezala. Agure zaharra akabatzen den bezala. Eta ez du hargatik Euskal Herriak bere nortasun berezia galduko. Obira dezagun euskara eta D. Kixoteren tombarria altsatuko da erdara non nahi hedatzeko. Akabo euskara!
(Argiak itzaltzen joan dira unamunoren azken hitzetan eta orain fokoak korukoak ekarri duten panpina argitzen du).
KORUA: Hilko da euskara!
Hilko da Euskadi!
Viva la muerte!
Gora heriotzea!
(Trumoi hotsa eta fokoak sabino argitzen du orain).
SABINO: (Ozen eta astiro)
Biba euskara!
Gora Euskadi!
(Iluna).