— VI —
(errejenta dator eszenara eta ekiten dio kantatzeari).
ERREJENTA:
1.— Abertzaleak esnatzeko
euskotar aldizkaria
Bizkaitarra izeneko
Sabinoren orria.
2.— Bizkaitarraren orriak
esperantzaz idatziak
biziro ase zituzten
euskaldunen egarriak.
3.— Euskadi askatzeko
hartu zuen Sabinok luma
Jaungoikoa eta Lagizarra
izan zen bere lema.
4.— Argia piztu zuen
Euskadiko gauean
Sabinok erein zuen
euskal hazia baratzean.
5.— Gartzelaz ordainduak
Aranaren hitz minberak
beraren idatziak eragin
zituen mindurak.
(Badoa errejenta. luis eta sabino sartzen dira. sabino, atrila dagoen tokira hurbiltzen da. aktore i sartzen da jarleku batekin eta bertan eseritzen da luis. Geroxeago, paper-bobina bat eramanaz goiko solairura doaz koruko aktoreak eta han inprenta lanak adieraziko dituzte).
SABINO: (Idatziaz eta hitzeginaz)
Lurra harroturik dago. “Vizcaya por su Independencia” liburuarekin euskal lurra goldetu dugu; Larrazabalen lurra jorratu genduen eta orain hazia erein behar dut.
LUIS: Larrazabalen etsi zenuela uste nuen.
SABINO: (Pozik eta anaiarengana hurbilduz)
Ah, Luis! Luis! Ez nauzu oraino ezagutzen? Larrazabalko oztopoak ez nau ez bentzitu, zirikatu egin nau baizik. Duela bost egun izan zen hura eta gero eta garbiago dakust onik izan zela Larrazabalekoa. Esamesak daude kalean, jendea aztoratu dut, haize eta indarra eman behar diogu esames horiei. Bide zuzenean aurkitzen naiz. Badakit. Kaleratu egin behar dugu “Bizkaitarra” izeneko aldizkaria, bertan gure hazienda guztia galtzen badugu ere mereziko du pena (Isilunea). Merezi du pena Bizkaia iratzartzeak. Artikulu hau bukatu behar dut eta berehala hasiko da festa.
(Berriro idazteari ekiten dio. luis begira dauka. Koruak bere lanean jarraitzen du. Isilunea).
LUIS: Zenbat ale bota behar dituzu?
SABINO: Mila eta bostehun.
LUIS: Ez da gehiegi izango?
(Atriletik papera hartu eta luiseri luzatzen dio).
SABINO: Tori! Irakurri!
LUIS: (Irakurriaz)
Gobernadoreak behintzat irakurriko du... Ez dio grazi handirik egingo.
SABINO: Bide onetik goazen seinale izanen da hori.
(luisen eskuetatik hartuaz gero, goiko solairutik jeitsi den aktore bati ematen dio papera).
SABINO: Tori, Amorrortu jauna eta inprimatu berehala.
AKTOREA: Laister izanen da prest, Sabino.
(aktorea gorutz doa eta besteekin batera aldizkaria inprimatzen saiatzen da).
LUIS: Sabino.
SABINO: Zer?
LUIS: Euskaraz eta erdaraz zergatik? Euskara da Euskadiko hizkuntza bakarra.
SABINO: Euskara de gure hizkuntza baina bilbotar gehienek ez dakite euskararik.
LUIS: Orduan hobe guztia erdaraz egitea.
SABINO: Euskaraz eta erdaraz egin behar dugu gure propaganda. Nahiz eta bilbotar gehienak euskararik ez jakin gure aldizkaria ikusten dutenean zaflada bat bezala hartuko dute. Partidu guztiak bizkaitartasunaren aldeko agertzen dira baina ez dute ezer egiten euskararen egoera gaiztoa alda dadin. Gure aldizkarian euskara ikustean eraso bat bezala jasoko dute.
LUIS: Ez dakit... Ez dakit. Oso baikor ikusten zaitut.
SABINO: Nire barnean ikusten dudan egiak ematen dit zihurtasuna. Ez dut beldurrik ez eta lotsarik, nirea bait da egia. Egiak atxeman nau eta ez nau ezerk bertatik aterako. Indartsu eta zihur sumatzen naiz garaipena lortzeko. Orain aldizkaria eta laister Euskaldunen Batzokia eraikiko dut. Partidu politiko bat ere osatu behar dugu eta gero... elekzioetara.
AKTOREA: (Presaka dator goitik behera)
Arana jauna! Prest dago aldizkaria. (Aldizkari bat luzatzen dio).
SABINO: (Aldizkaria eskuan)
Hara! Gure lehen “Bizkaitarra”. Luis, esan aurrera etortzeko gure lagunei, egoartea da oraino eta gauerako ale guztiak zabaldu behar ditugu.
(Irtetzen da luis eta berehala dator ostera jelkideekin).
SABINO: Sartu aurrera. Guztia prest dago gure mezua zabaltzeko.
(Goiko solairutik, koruko aktoreak aldizkari mordo bat dakarte eta jelkideen artean banatzen dituzte).
SABINO: (jelkideeri)
Zoazte eta zabaldu Jaungoikoa eta Lagizarraren hazia bizkaitar guztien artean. Joan plaza eta kale guztietara. Sartu etxe eta tabernara. Igo baserri eta jeitsi kaiara. Jakin bezate bizkaitar guztiek mendeetako lozorrotik esnatu behar dutela. Zoazte!
(jelkideak eta korukoak “Bizkaitarra” abotskatuz uzten dute eszena).
KORUA: (Publikoarantz lehenik eta mutis egina gero) Bizkaitarra! !
JELKIDEAK: (Irtenaz)
Bizkaitarra!!
SABINO: Luis, goazen egun hau ospatzera, 1893.ko Ekainaren egun hau egun handi eta pozgarria izanen zaigu. Luzea da bidea, baina abiatu gara. Goazen Luis!
(anai biak irtetzen dira. Iluna).