Sabino
Luis Haranburu Altuna
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
[aurkibidea]

 

— V —

 

(Jokaldi honen lehen partea giro oniriko batetan antzeztu behar da. Oso argi guttirekin. Argia piztutzean emakumea goiko solairuan dago, zutik estatua baten antzera. errejenta dator eta beti lez ekiten dio kantuari).

 

ERREJENTA:

            1.— Maitemindu zen oso

                        behin batean Arana

                        emakumeen artean

                        iruditu zitzaion bakana.

            2.— Ikusi zuenean

                        bihotzaren taupadak

                        iduri zuten bizkor

                        San Antoneko kanpanak.

            3.— Euskaldun garbia

                        ez zen nekatxa ordea

                        bizkaitarra ez zenez

                        ezin izan noblea.

            4.— Euskal Aberria zen

                        Sabinoren emaztea

                        beragaz ezkondurik

                        debeku zuen maitatzea.

            5.— Tormentuz gastigatua

                        Sabinoren bihotza

                        heri zuen iadanik

                        halaber bere gorputza.

 

(errejenta erretiratuaz gero, sabino sartzen da eszenara eta goiko solairuan emakumea dagoela jabetzen da. Foko batek argitzen du aktoresa, bere edertasuna nabarmenduaz. Oso xarmant paraturik agertzen da. Horretan, korua sartzen da eta maitasunaren pantomima egiten dute mimoz baliaturik. sabino hasten da hitzegiten).

 

SABINO: (Unkiturik)

            Ederra zara eta ezezaguna. Zu ikusiaz gero izar bat argitu zait soinean... badirudi beste egin didala adimenak. Baina nor zara? Esan. Zer gertatu zait oraino zuregan ez erreparatzeko. Non zeuden? Nondik zatoz? Eguzkia izarren artean bezala ikusten zaitue ene begiek. Miresgarri zara guztien artean.

 

(emakumeak algara sensual bat egiten du eta beherantz jeisten hasi da astiro).

 

SABINO: Atoz. (Eskua luzatuaz) Hurbildu zaitez andere. Nere bizi guztian zure zai egon naizela dirudit. Atoz. Zein astiro heltzen zaren. Atoz.

 

(sabinogandik gertu emakumeak bere soinekoa urratzen du algara egiten duen bitartean).

 

KORUA: (emakumearen algara errepikatuz)

            Atoz!

            Atoz!

            Atoz!

SABINO: (Eskuak aurpegian jarriaz)

            Nor zara?

 

(emakumea zutik dago sabinoren parean. Irria du ahoran).

 

KORUA: (Murmurioz)

            Gonzalez. Gonzalez. Gonzalez.

SABINO: (Triste)

            Ez zara euskalduna?

KORUA: Arraza. Arraza. Arraza.

 

(emakumeak sabino besaarkatzen du supitoki).

 

SABINO: Ah! Zein oinaze gozo eta latza! Ezin zaitut esposatu. Ezin zaitut maitatu. Nire Aberriarekin esposaturik nago. Aberria dut ama eta emazte. (Emakumea aldaratuz) Zoaz! Zoaz!

 

(korukoak eskuetatik hartzen dute emakumea eta eszenatik kanpo daramate airoso. sabino publikorantz begira belauneko erortzen da. Isilune luzea. Argiak osoro piztutzean aktore i sartzen da atril bat daramalarik. aktore i kanpora. sabino zutitzen doa eta idazten hasten da luis dator berehala).

 

LUIS: Kaixo, Sabino.

 

(sabinok ez dio erantzuten. Isilunea).

 

LUIS: Idazten ari zara?

SABINO: Bai, Aingeru Zabalari.

 

(Idazten jarraizten du sabinok).

 

LUIS: Nahi baduzu bakarrik utziko zaitut.

SABINO: Ez. Karta irakurriko dizut. Bukatu dut kasik.

 

(Eskutitza bukatzean, papera eskuan hartu eta luisengana burbiltzen da irakurtzeko asmoz).

 

SABINO: Bilbon 1897.ko Arazoa

            Zabalatar Aingeruri,

            Nire lagun maitea. Ados nator zurekin eta Quevedo klasikoarekin emakumeak ez dezakela maite esatean. Emakumeak uste du gizona argal, koldar, galdu eta ero dela eta hargatik ez ditu maite gizonak eta bai arbuiatzen eta gorrotatzen. Baina zuk eta Quevedok esaten duzutenetik ez da halabeharrez erabaki behar gizonak ez duela emakumea maitatu behar. Aitzitik, emakumea gu baino ttipiago eta ahulago denez maitatu egin behar dugu. Emakumea gure pareko balitz eta ez ariña, berekoia, eta bururik gabekoa, munduaren gobernua nekeza izango litzateke. Zer izango litzateke emakumeaz gizonak ez baluke maitatuko? Aberearen pareko eta bere griña basatiaren biktima izango litzateke. Emakumeak beharrezkoa du gizonaren babesa. Emakumea lau modu hauetara ikusi behar dugu gizonok; lehenik, anaia helduagoak bezala, gure babesa behar duten anaia txikiei bezala begiratu behar diegu; bigarrenez, alabak bezala ikusi behar ditugu, gizona bait da emakumearen ama eta amaren maitasun berdinarekin gorde behar ditugu beren akats eta hutsegitetatik; hirugarrenez, Jainkoaren umeak erditzeko medio bezala ikusi behar dugu emakumea eta gure haurrak hezitzeko gai bezala azkenik.

            Horra Aingeru, nola ikusten ditudan nik emakumeak. Agur. (Isilunea. sabino luiseri begira gelditu da).

LUIS: Benetan horrela ikusten dituzu emakumeak?

SABINO: Bai.

LUIS: Eta ezkontzeko asmorik baduzu?

SABINO: Ni ezkonduko naiz, bai. (Isilunea. Pentsakor) Emakume euskotar batekin ezkonduko naiz.

 

(Irtetzen dira. Iluna eszenan).