Sabino
Luis Haranburu Altuna
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
Sabino
Luis Haranburu Altuna
Luis Haranburu, 1986
[aurkibidea]

 

— I —

(1882)

 

(Argia gehiagora doa eta musika hasi da. Leopold Mozart-en “Trineozko promenada”ren pasartea entzuten da zakur zaunkak entzuten direna. sabino goiko solairutik dator oso astiro. Eskopeta bat dakar bizkarren eta aurreko jokaldian baino itxura gazteagoa du. 1.882.ko urtean aurkitzen gara).

 

LUIS: Kaixo, Sabino! Zer moduz joan da ehizea?

SABINO: (luisengana hurbilduz)

            Nahiko ondo, anaia! (Eskopetarekin imintzioa eginaz) Basurde baten atzetik ibili naiz eta tiro ere egin diot. Txaga batetan ezkutatu da.

 

(Musika amaitzen da).

 

LUIS: Heritu duzu?

SABINO: Ez dakit, Luis. Nahiko urrutitik bota diot eta abiada bizian zijoan urde zikina!

 

(koruko bost aktoreak sartzen dira bi anaiak hitzegiten duten bitartean eta zenbait tiesto eta landare dakarte antzokiari baratze baten trazak emanaz. sabinoK bere eskopeta luzatzen dio aktore bati).

 

SABINO: (luis besotik hartu eta paseatuz) Aizu, Luis!

LUIS: Zer duzu, Sabino?

SABINO: Gero eta atseginago egiten zait mendira joatea.

LUIS: Ez daukazu afizio makala. Basurderik gabe geldituko dira Bizkaiko mendiak.

SABINO: Ez. Ez da hori. (Isilunea) Iruditzen zait mendian bakarrik aurkitzen naizela gustora. Han ez dago Bilbon bezelako kiratsarik. Mendian gainera baserriak daude eta han euskara hitzegiten da oraindik. Goian, bai hitzegin nezake euskaraz. Hemen, Bilbon, ez da erdara besterik entzuten. Biraoak eta erdara. Gauza berdina.

LUIS: Eta zer moduz baliatzen zara euskaraz?

SABINO: Nahiko ondo. Liburuetan ikasitakoa praktikan jarri nezake baserritarrakin hitzeginaz. Kosta zait baina ikasi dut euskara, hala ere konturatzen naiz baserritaraino ere heldu dela erdera; euskaraz erabiltzen diren hitz asko erderakadak besterik ez dira.

LUIS: Hori hizkuntza bizi guztien legea da. Inguruko hizkuntzekin nahastu eta kutsatzen dira.

SABINO: (Eszenaren erdian publikoari so)

            Nahastu ez, zikindu baizik! (Bero) Euskara munduko hizkuntzarik zaharrena eta garbiena zen baina orain zimaurraz beterik dakusagu. Euskarari ere kiratsa dario. Guztia kutsatu dute maketoek.

 

(Isilunea. Berriro, paseatzen hasten dira biak).

 

LUIS: Aizu, Sabino!

SABINO: Zer duzu, Luis?

LUIS: Aspaldi honetan kezkaturik ikusten zaitut. Aztoraturik. Zer gertatzen zaizu?

SABINO: Ez dakit, Luis. Neronek ere ez dakit zer gertatzen zaidan. Zerbaiten bila bezala nabil baina ez dut edireiten. Gauean askotan esnatzen naiz eta iratzarririk dihardut goizaldiraino. Sumatzen dut zerbait egin behar dudala. Mugitu behar dudala. Baina ez dakit nora jo ez eta zer egin... Askotan nazka nabari dut.

LUIS: Zeren nazka?

SABINO: Ez dakit... herri honena agian.

LUIS: Herriaren nazka?

SABINO: Gaizki esan dut. Ez nau herri honek nazkatzen, bere egoerak baizik.

 

(koruko aktoreak bi jarleku ekartzen dituzte eta eszenaren erdian bata bestearen aurrean jartzen).

 

LUIS: Ez dizut ulertzen.

SABINO: Egoera tristea da herri honena. Euskara hilzorian dago. Kanpotar jendeak alde guztietan nagusitzen ari dira. Besteek agintzen dute gure etxean. Kezkatzen nau gure herriak.

 

(Jarri egiten dira biak).

 

LUIS: Hori politikaren errua da. Gure gaitzak politikoak dira eta erremedioak ere politikoak izan beharko dute. (Isilunea) Zergatik ez zara politikagintzan sartzen? Horrela senda dezakezu zure nazka.

SABINO: Politikoak dira gehien nazkatzen nautenak!

LUIS: Kotuz Sabino, gure aita ere politikan ere ibilia zen, eta badakizu zein gizon zuhurra zen.

SABINO: (Fierki)

            Garbi daukat aitaren memoria! Euskal foruak defendatzeagaitik joan zen desherrira. Euskal foruen alde gastatu zuen bere hazienda. Karlista fina zen gure aita.

LUIS: Eta zu zer zara? Karlista zara zu ere?

SABINO: (Pentsakor)

            Auskalo, ni zer naizen! (Isilunea) Ni ere karlista naiz bai, baina erregerik gabeko karlista. Neri ez zait axola errege bat edo beste. Akzidentala da hori. Foruak axola zaizkit eta ez besterik.

LUIS: (Jarlekutik altxa eta farrez. Publikorantz so)

            Ala, Jainkoa! (Farrez) Erregerik gabeko foruzalea! Liberala zara beraz?

SABINO: (Asarre)

            Liberala ni?

LUIS: Noski. Agertu berriak dira hemen ere foruzale liberalak. Begira Muñagorri eta besteak.

SABINO: Ni ez naiz liberala. Kristaua naiz edozeren gainetik, eta erregerik gabeko foruzalea naizela esan badut gure aita eta bere antzekoak engainaturik ihardun zirela uste dudalako da.

LUIS: Nolaz engainaturik?

 

(luis eta sabinok hitzegiten duten bitartean korua sartu da eszenara eta goiko solairura igoaz mimoaren bitartez erregentzaren pantomima bat egiten dute. Aktore batek koroia bat darama buruan).

 

SABINO: Bai. Engainiaturik, zeren Karlos printzearengan jarri zuten beren fedea, hura errege izatera heltzen zenean euskaldunoi foruak itzuli eta eskuratuko zizkiela pentsatzen bait zuten; eta hori ez zen inoiz gertatuko ere. Españako erregearengandik ez genezake ezer itxaro.

LUIS: (Jestu nabarmenaz)

            Eta orain konturatzen zara horretaz? Orain konturatu zara euskaldunak ez dezaketela ezer espero Españako erregeengandik?

 

(Isilunea. luis harat-hunat ibiltzen hasten da eta sabino berari so dago eszenaren erdian. koruko aktoreek ere beren mimoa bukatu dute eta orain luisengana zuzentzen dituzte begiak).

 

LUIS: (Hurbilduaz)

            Ah, Sabino! Sabino! Zu ere lozorroan zaude gainontzeko euskaldunen antzera.

SABINO: Lozorroan ni?

LUIS: Bai, Sabino! Lo eta itsu.

 

(koruak itsuaren pantomima egiten du).

 

LUIS: (Bero)

            Itsu zaude, bai. Mendeetako gauak estaltzen ditu zure begiak ere. Euskaldunak ondratuak dira. Lehialak dira. Garbiak. Ausartak dira euskaldunak baina itsu daude. Ez dute ikusten. Ez dute ikusi nahi beren herriaren egoera. Askatasuna limosna bat dela uste dute. Nagusiak kapritxoz eman dezaken zerbait dela uste dute libertadea. Ez dira jabetzen berez direla libreak. Ez diotela inori eskatu behar beren askatasuna.

SABINO: (Unkiturik)

            Zer diozu Luis? Ohiartzun bat bezala dakarte zure hitzek. Non entzun ditut hitz horiek? Bai eztiak direla zure hitzak. Nire begien lausoa garbitzen hasi da. Ikusten dut. Ikusten dut! (Kopetean eskua jarriaz eta publikoari begira) Ikusten dut!

LUIS: (Gozo)

            Euskaldunek herri bat osatzen dute. Alemanak bezala. Frantsesak bezala.

 

(sabino belauneko erortzen da. korukoak beheko solairura etorri dira eta eszenaren albo batetan jarri dira).

 

KORUA: Alemanak bezala!

            Frantsesak bezala!

            Inglesak bezala!

            Espainolak bezala!

LUIS: Nazio bat gara, Sabino. Errusia edo Amerika bezala.

KORUA: Errusia bezala!

            Amerika bezala!

            Alemania bezala!

            España bezala!

SABINO: (Belauneko oraindik)

            Aurkitu dut bidea. Horra, nire biziari falta zitzaion iparra. (Zutituz eta abotsa handituz) Lo nengoen, bai, eta iratzarri naiz. Itsu nengoen eta badakust. Bizkaiaren jabegoa euskaldunona da. Geure buruaren jabe gara. Esna zaitez Bizkaia! Iratzar Gipuzkoa eta Nafarroa! Jeiki Araba eta Zuberoa! Zutik Lapurdi! Gora Euskal Herria!

 

(Trumoi hotsak entzuten dira eta korukoak aztoraturik begiratzen dute zerura. luisek sabino besarkatzen du).

 

LUIS: (Ozen)

            Trumoiak jo du. Euria dator. Sar gaitezen barrura.

SABINO: (Bere onetatik at)

            Jo beza trumoiak! Betor ekaitza! Jakin beza bizkaitar orok hurbil dela askatasun eguna. Zin dagizut, Luis, zorionekoa dela gaurko eguna. Gaur jaio naiz ostera eta arnasa dudan arteraino gaur ikusiriko egia zabaltzen ahaleginduko naiz.

 

(Trumoi hotsa berriro).

 

KORUA: Arnasa dudan arteraino!

SABINO: Kanpotarrak botako ditugu. Gure askatasunaren lapurrak etxetik jaurtikiko ditugu. Utikan arrotzak! Fuera!

 

(korukoak, sabinok eszenatik bidali balitu bezala aldegiten dute beldurrez, mutis eginaz. Trumoi hotsa).

 

LUIS: Goazen etxera Sabino. Ekaitza dator...

 

(Badoaz anaia biak eta argiak ere itzaltzen dira kasik. Trumoi hotsa. Berehala sartzen da errejenta).