Stereo
Miren Gaztaņaga
Stereo
Miren Gaztaņaga
EHAZE, 2017

 

hitzostea

 

Erraiek begiak dituzte

 

Oier Guillan

(ehazeko edizio taldeko kidea)

 

            Erraiek begiak dituzte. Sentsazio hori eduki nuen nik behintzat, publikoaren parte izanik, Stereo lehenengo aldiz ikusi nuen egunean. Erraiek begiak dituzte, eta eskuek, gorputz osoko ileek, taupadek. Inpresio hori eduki nuen, Miren Gaztaņagak gorpuztutako barne ahots haiek eszena gaineko okada poetikoan ikustean: begietatik sartu zitzaidan gorputz osora hedatutako bulkada.

            Lehen aldi hura Eztena jaialdiaren lehen edizioan izan zen, Oreretan, Niessen antzokiko entsegu gelan. Garai hartako Stereo-ren bertsioan argazkiak ere proiektatzen ziren, gerora piezak galdu duen ezaugarria. Izan ere, Stereo oholtza gainean funtsean bakarlana den arren, oholtza kanpoan talde-lana izan da neurri handi batean. Nola ulertu, bestela, lan eszenikoa? Liburu honetan topatuko zenuen talde-lan horren arrastorik, irakurle: Miren Gaztaņagak jarri zuen sena, Ainhoa Jauregiren begiradapean gorpuztu zuten ondoren, Ainhoa Resanoren argazkiekin elkarri eraginez egin zuten bidea, Zaldiak taldeko musikak eman zion airea. Eta Eztena jaialdiko sentsazioak gogoan ditut oraindik: ezustea, ezinegona, piezak ikusleongan pausatutako galdera ozena, gozamena.

 

 

Intuizio zabalago baten isla

 

            Stereo 2009an estreinatu zen bad jaialdiaren barruan. Ordutik ezohiko bilakaera izan du urteetan zehar, Euskal Herriko arlo eszenikoko kasu bakan eta bitxia bilakatu arte. Piezak berak bilakaera izan du denbora pasa ahala, eraldatzen joan da eskultura bat sortzen den moduan, barruan gordetzen zuen forma erabatekoa azaleratu den arte. Modu intermitentean lotu dituzte emanaldiak haren egileek, kasu askotan haren berri ahoz aho zabaldu eta jendeak berak eskatuta egin du piezak bidea. Hori dela-eta era guztietako eszenatokiak ezagutu ditu, izan antzoki, gaztetxe edo espazio eszeniko inprobisatuak. Zer mugitu zuen pieza honek jendearengan, zer-nolakoa da ezinegona eta erakarpena neurri berean astindu dituen lan honen sekretua?

            Stereo-k generoari loturiko testuinguru batean gorpuztu zuen jendartean gero eta ozenago entzuten ari zen galdera-multzoa: identitatea, genero-ezadostasuna, gorputzak norberari buruz dioena baino gehiago norberak gorputzaz eraikitzen duena, emakumeari loturiko aurreiritzi eszenikoa deseraikitzen duen poetika bortitza, queer-tasunaren ikusgarritasun berri bat. Stereo estreinako aldiz taularatu zen garaian borroka hauek ez ziren berriak, baina agian bai espazio publikoan agertzeko modua, binarismoen arteko guneak okupatzeko jarrera gero eta agerikoagoa, euskal jendartean behintzat. Stereo-k heteroarauaren sistema hertsiak mina sortzen duen puntu horretan pausatu zuen ironiaren masaje lasaigarria. Kalean intuitzen zenaz kutsatu zen, edo kalean hedatzen hasia zena kutsatzen lagundu zuen, sormenaren bitartez.

 

 

Ezinegonak dakarren lilura

 

            Eztena jaialdiko egun hartan ikusi nuen nik lehenengo aldiz Stereo. Garai bertsuan ikusi nuen barruan kra! egin zidan beste pieza bat ere: Josune Montonek Virginie Despentesen testua oinarri taularatutako King Kong neska. Gogoan dut pieza haien oihartzunak eta Angelica Liddellen idazkerak hainbat bizipen pertsonal eta kolektiborekin batera eraman nindutela Arra. Arraroa idaztera, modu oso inpultsibo eta ia automatiko batean. Erraiak ikusten nituen erreferente haietan, norberaren mugak jomugan jartzeko jarrera bat, amorruz bezala maitasunez idazteko nahi bat.

            Gutxira etorri zitzaidan Stereo bigarren aldiz ikusteko aukera adel jardunaldietan izan zen, Herio heroi antzezlanarekin batera. Kasualitatea, Mirenek Stereon bezala Ainhoa Alberdi eta Amaia Corral aktoreek ere biboteak jantzita taularatu ziren egun hartan. Publiko oso teatreroa batetik, herrikoia bestetik, Aulestikoa. Zarautzen izan zen hurrena: Arra. Arraroa eta Stereo elkarrekin taularatzeko aukera izan genuen. Bertan, askotariko ikusleak, emakumezkoak batez ere, eta helduak. Azkena, berriz, Kursaal auditorioan, Iraia Eliasek zuzenduriko Bertso Egunean Mirenek Ralph pertsonaia taularatu zuenean.

            Hitzordu haietako gehienetan publikotik egin nion so gertatzen zenari, arretaz, interes handiz. Oro har gordeta dudan inpresioa denetarikoa da: jende askok ezinegona sentitzen zuen, beste askok arrazionalki kokatzera iristen ez zen erakarpen sentsazio bat, eta guzti-guztiengan sentitu nuen gauza bera: galdera handia, norberaren ispilu bilakatzen den itauna: “Nor naiz ni? Zenbat ni daude nire barnean? Haietako zenbat ditut erreprimiturik?” Kursaalekoan sentitu nuen talkarik handiena, euskarari loturiko publikoak horrelako lanak jasotzen ohitua ez zegoen sentsazio ezin kitzikagarriagoa. Publikoaren aldetik ez ziren beti izan pertsona helduak harrituen atera zirenak: askotan, espero ez nituen lagunak izan ziren, ustez argudio iraultzaileak entzuten ohituen zeudenak, mugituta atera zirenak. Gizonezkoak defentsiban jartzen ziren sarri, batzuetan baita emakumezkoak ere, binarismoen artean kokatu nahian zebiltzan lagunak ezustean harrapatu zituen piezak, sen ezkutuak azaleratzeagatik, helduenei aukeren zerrenda zabaldu zitzaien bat-batean, gazteenei konplizitate basa baten garra... Nornahik sentitu dezake, azalean ez bada erraietan, Stereo-ren ziztada hori, eta batzuetan izua sortzen du. Besteetan, lilura.

            Nire uste apalean, badira droga leunen gozoa bermatzen dituzten lan eszenikoak, bizitza begiratzeko modu pausatuak eskaintzen dizkizutenak, entretenigarriak. Gustukoak ditut horrelako lanak, baina maite, benetan maite ditudanak, barrenak astintzen dizkidatenak dira, ikuste hutsarekin edozer sortzen hasteko nahia eragiten dizutenak. Zulo ilunen sakonera eramaten zaituzten lanak, ispilu ironikoak eskaintzen dizkizuten poemak, bufoiak, gorputz ez estereotipatuen mintzoak. Azken horien artean kokatzen dut nik Stereo: harekin bat egin ala ez, mugitua sentitu ala ez, oso zaila da oharkabean bezala ateratzea ikusi eta gero.

 

 

Stereo euskal arte eszenikoen testuinguruan

 

            Stereo pieza aitzindaria izan zen euskal arte eszenikoen testuinguruan. Erreferentea, hastapenean esan dugun bezala, tratatzen dituen gaiak mintzo izan dituen momentuan abordatu izanagatik, eta are, euskaraz egin izanagatik, euskal publikoaren esparru ideologiko guztietako korrektismoak astinduz. Stereo piezako egileek biderik zailena hautatu zuten, egun komertzialki ia suizidio bat dena: eszenari dagokionez, genero arteko lan bat egitearena (dantza da?, poesia da?, teatroa da?), komertzialki sailkatzen zaila dena beraz; iraupenaz laburra, programatzaileei saltzeko zaila beraz; galdera ezerosoak planteatzen dituena, publiko orotariko bat erakartzeko zaila beraz; emakume begirada bortitz bezain ironikoa eskaintzen duena, gizonezkoak nagusi garen merkatuan bizirauteko zaila beraz. Baina, eta hala ere, urteak iraun ditu piezak martxan: jendearengan piztu duen interesak, atxikimenduak, edertasun ilunak mantendu du bizirik.

            Stereo-n lan egin duen ekipoan teatro mota berritzaileak urratzen ezagutu ditugun sortzaileak daude. Ezinbestekoa zaigu, esaterako, Antzerkiola Imajinarioa (fti) taldea gogora ekartzea: Ainhoa Jauregi eta Miren Gaztaņaga bertan ezagutu genituen aktore, Ainhoa Resano erretratugile, eta, neurri batean edo bestean, eutsi egin diote gerora garai hartako gogo esperimentalari: Ainhoa Jauregi bera Khea Ziater taldearen Malmo lanean ikusi dugu azkenaldian, kasu. Ainhoa Resano, berriz, teatro-konpainia ezagun askoren erretratugilea izan da, bilduma honetan bertan plazaratutako Dejabu taldearen Arrastoak liburuko argazkiak horren lekuko. Miren Gaztaņaga zenbait euskarri eta proiektu motatan ikusten ohitu gara azken urteetan: zinema, telebista, teatroa... Askotarikoak dira egun aktore baten bideak, baina proiektu txikietara edo proiektu pertsonalagoetara bueltatzean sumatzen da sarri erraietan daraman ahotsa. Antzerkiari dagokionez, fti-rekin egindako lanez eta Stereo-z gain, barrenak astindu dizkiguten lanetan ikusi dugu Gaztaņaga azken urteetan: Artedramak, Le Petit Theatre de Painek eta Dejabuk elkarrekin sortutako Errautsak antzezlanean; dramaturgia berriak urratzen Solasean pieza poliedrikoan, besteak beste Gabriel Ocina lagunarekin batera; generoari loturiko gaiei astindu berri bat emanez Kamikaz kolektiboaren Euli-giro piezan, Erika Olaizola eta Amancay Gaztaņagarekin izerdia eta ironia-zirtoak konpartituz; Eneko Sagardoi aktorearekin batera oholtzan, artista talde zabal batek elkarlanean sortutako Heriotza bikoitza lan berrian.

 

 

ehazeren bildumako bigarrena

 

            Ezer ez da kasualitatea. Kasualitateak leherrarazi egin behar dira, haien azpian hainbat jenderen urteetako lana ikus dadin. Euskal Herrian bada arlo eszeniko ausart, probokatzaile eta moduetan garaikide bat, kasu askotan ezagutua izateko zain dagoena. Niretzat hori izan da urte luzez Stereo: maila pertsonalean inspiratu egin nauen opari bat, antzerkigile gisa orain eta hemen beste teatro mota batzuk egiten den seinale argia. Are gehiago, moduetan “dramaturgia berriak”, “irudiaren dramaturgia” edo “teatro posdramatikoen” eremuan ere nora begiratu badagoela erakusten duen pieza bat. Eta azkenik, niretzat garrantzitsuena dena: egun garen jendartearen galderak bere egiteko eta astintzeko gai den sormen mota bat. Stereo-n bezala ironiaz, probokazioz, amorruz eta maitasunez beterik.

            ehazek bultzatutako testu-bilduman bigarren alea dugu hauxe. Ezinbestekoa zaigu aipatzea eta aldarrikatzea ehazeren izenean, Euskal Herriko arlo eszenikoaren testuinguruan euskara bazterrekotzat hartua baldin bada, dramaturgia berriak lantzen dituztenak bazterrekotzat hartuak baldin badira, are gehiago pairatzen dutela hori lan berritzaileak egiten dituzten emakumezkoek. Gure uste apalean ez dago asko egiteko: asko dago ikustarazteko eta azaleratzeko.

            Ez da erraza Stereo bezalako pieza bat liburu batean jasotzea: zuzenean bizi behar da. Hala ere, ehazeko bilduma honetako edizio lanetan jardun dugunok sinetsita gaude horrelako lanak ere liburu moduan argitaratzeko modua egon daitekeela, eta Stereo bezalako piezek merezi dutela transmitituak eta aztertuak izatea. Prozesu esperimentala izan da Stereo liburu honen sorrera, eta pozik gaude oso emaitzarekin, eta are gehiago liburua sortzeko prozesuarekin berarekin. Stereo piezako sortzaileek bezala, agian kutsatu egin zaigulako barne beharrak astinduta amildegira jauzi egiteko gogoa.