Stereo
Miren Gaztaņaga
Stereo
Miren Gaztaņaga
EHAZE, 2017

 

Gonbidatuak

 

Miren Gaztaņaga

 

            Ondoren topatuko dituzun lau gonbidatuek beraien lotura partikularra dute Stereo lanarekin. Kattalin, Miren, Oihana eta Jokin dira. Lau sortzaile. Lau iruditeria. Lau gorputz. Desberdinak beraien artean baina, era berean, ez horrenbeste. Generoaren hausnarketa eskutik daramate, beharraren beharrez edo konbikzioz, edo dena batera, azken finean dena baitago nahastuta.

            Orain arte aipatu bezala, gure buruari “Nor naiz ni?” galdera egiten diogunean, sozialki aurretik datozkigun sinesmen irmoekin egiten dugu topo, azalaren gainean erantsi zaizkigun geruza ikusezin, astun eta zaharrak, benetan zaharrak. Sinesmen horien artean, generoa dago. Eta barruak estutzen dizkigun eraikuntza horretaz jabetzen gara, inertziaz betetzen ditugun rolez, horren harira sentitzen ditugun emozio aurrefabrikatuez, norberarekin eta besteekin erlazionatzeko moduaz. Mozorroak erori eta gezurra begi-bistan gelditzen da. Nola ez begiratu horri guztiari harago joan ahal izateko? Loaldi honetatik esnatzeko? Bide honi ekiten diozun unetik hausnarketa hau, beste batzuekin batera, bakarrik dator. Nire kasuan behintzat hala izan da. Beraiek ere hor daude aspalditik, nor bere erara, ezarritakoa gainbegiratzen, bide berriak sortzen eta probatzen, espazio pribatu zein publikoan, orri baten gainean edo mikrofono aurrean, berdin dio.

            Lau ahots ausart, konprometitu, sentibera eta sortzaile hauei txoko honetan parte hartzeko gonbitea egin nien. Erantzuna baiezkoa izan zen. Stereo-ren hasieran hainbat galdera eta ezinegonei erantzuna ematen saiatu nintzen eta sormen-prozesua galdera haietatik abiatu nuen. Galdera horiek izan dira beraiekin partekatu ditudanak eta jarraian irakurriko dituzun testuak, berriz, beraien hegaldi partikularrak. Limitea: 1.500 karaktere.

            Niri inspirazio iturri egiten zaizkit halako pertsonak, norberaren isla bihurtzen baitira beraien gogoeta eta lanak.

 

 

 

Kattalin Miner

 

Amua:

            Nola begiratzen diozu zure buruari begiratzen dizun begiradak begiratzen dizunean?

            Nola begiratzen diozu begiratzen dizun begiradari?

 

            Ez dut inoiz ikusezin izan nahi izan. Inoiz. Begirada zuzenenaren, bihurrienaren, etsaienaren aurrean ere, ikusi nahi naiz. Begiratu egin nahi diot neure buruari, ikusi zer ikusten den besteek ikusten nautenean. Ez ezkutatu, ez desagertu; izan. Ikusten ez dena ez baita existitzen.

            Horregatik agian hainbeste paseo, halako neoizko argi, halako luma-dantza. Berdin duelako nola, baina ikusia izatea da helburua. Indartsu eta zaurgarri, lotsati eta lotsagabe, izututa egon, begiradak jan zaitzan utzi, baina eutsi, ez desagertu, ikusgarri izan. Izan.

            Ordea, zu begira zeunden desagertu nintzen lehen hartan. Nik uste bainuen banekiela nola bistaratzen nintzen besteen begiradapean. Izan ere, neuri begira ari bainintzen zeuk begiratzen zenidan artean. Beti begiratzen diogu geure buruari. Baina zeu ez zinen besteak. Hautsi egin zenuen neure ikuskera zeure begiratze hutsetik, eta berrasmatzea besterik ez zenidan utzi.

            Isilik eutsi zenion begirada zuzenari ordea, ni desarmatu arte, eta orduan, goxo eskatu zenidan zeuri begiratzeko. Aurrean nor nuen ikusteko erregutu. Ulertu egin nuen orduan, zeure begiradan ikusi nezakeela neure burua. Neu ere ez nintzela besteak, beste ni bat ere bazela, baina zeu ikusi ezean, neu ere desagertzen nintzela. Bestea behar dugu geu izateko ere.

            Eta ordutik sarri, nor naizen ere ez dakidan horietan, zeure begirada hori bilatzen dihardut. Noiz berriz neu ikusiko, noiz berriz neu topatuko. Zuretik.

 

 

Jokin Azpiazu

 

Amua:

            Soinean daramazun soinekoa zure neurrikoa da? Estutzen al zaitu nonbait? Edo solteegi sentitzen duzu? Kendu dezakezu eta beste bat jantzi? Baduzu non gorde? Bertan ba al dauzkazu soineko edo traje gehiagorik? Guztiak publikoki erakutsiko zenituzke? Espazio publiko eta pribatuetan oihal berdinak janzten al dituzu? Zein oihal dituzu gustukoenak? Non bilatzen dituzu zure jantzientzako patroiak? Eta barne eta kanpoko arropek, harreman ona dute beraien artean?...

 

            This dress kills

            Nios uhartean bizi direnek egiten omen dituzte soinekoen oihal gehienak munduaren alde honetan argindarra desagertu zenetik. Artisautza lana da berriz soinekogintza, diote antropologoek, hogeita bigarren mendeko papiro berrietan. Soinekoak sokaz beteta omen datoz, eta gure androide garaien oroigarri edo, inork erabili ezin dezakeen usb portua daramate. Lepoan azkura eragiten dit.

            Soinekoa kendu eta uretara noa udako giroaren eta hondartzan azken orduan zerbaiten zain dauden gizonen artean. Uretara sartu aurretik ohartzen naiz, aldiz, ez dudala soinekoa kentzea lortu. Biluzik nago nire soinekoarekin eta, soka batetik zintzilik, infusioaren etiketan bezala, idatzita zegoen: “Gustuko zaitu baina kontuz ibili”. Galtzerdietan dardara.

            Soinekoa sokaz beterik dago. So{ine}k{o}a. Soinekoak oka eragin zidan behin, hain estu zegoen. Metaforak aparte, nire soinekoa merke xamarra da. Sokek ez didate beti tira egiten alde berdinera. Ez didate beti kontra egiten. Nire alde egiten ere badakite, askotan beste batzuen bizkarretik. Nork eman zidan soineko hau? Nola da posible betidanik soinean daramadan soinekoa nik neuk josi izana,josten ere ez nekienean? Hanketan zabal eta arin, gerrialdean estu.

            Frantses hiztegitik gaztelerara: soin {m} cuidado, detenimiento, escrupulosidad, pulcritud, procuraciķn. Txukuntasun osoz kudeatzen ditut nire soinekoaren zikinkeriak. Eskumuturrak beti zuzen.

            Alice Nutterrek esan dit belarrira bere soinekoak akabatu egingo duela egunen baten. “This dress is killing me, this dress is killing me, this dress is killing me” oihukatzen du. Gaztetan bazekiela zenbat kaloria zituen tomate batek, zein zen egin beharreko ibilbidearen luzera bere 50 kaloriak deuseztatzeko. Nik badakit soinekoa ondo afinatua eramateak zein urrun eraman nazakeen. Estu eta arin.

            Soineko honek akabatu egingo nau.

 

 

Miren Narbaiza Martiartu

 

Amua:

            Non zaude? Norekin zaude? Zer daukazu inguruan? Gustatzen zaizu ikusten duzuna? Zenbat zu gordetzen dituzu azalaren atzean? Femeninoak al dira? Maskulinoak? Heterosexualak?, Homosexualak?... Non demontre dauzkazu sustraiak? Zertaz elikatzen zara? Zer kontatuko zenioke ezezagun bati?

 

            Zeure buruari boikota Bizi izan ditut egoera deserosoak musikaren bueltan, nire kontroletik at zeuden giroak, ni neu izatea galarazten zidaten momentuak. Ze sentimendu eskasa zeure burua ez errekonozitzea. Zergatik errepikatu halako egoerak, harremanak, zergatik ipini zeure burua halako ataka gaiztoan?

            Gutxiengoa zarenean, denak berdinak diren lekuan bestelakoa, askoz zailagoa da libre jokatzea. Eta jakin badakit “nik ere nahi dut!” bekaizkeriaz oihukatzen nuela barrenetik. Nik ere nahi dut ikusten dudan hori barrutik bizi. Nik ere nahi dut parte hartu zuen festa pribatu horretan, zuzenekoen zirrara sabelean sentitu, jolasaren kontrola izan. Behar dena egingo dut hori betetzeko.

            Denborarekin konturatzen zara edozerk ez duela balio helburua betetzeko bidean. Bideaz gozatu egin behar dela. Nahikoa dela piezak birkokatzea zauden lekuan gustura sentitzeko.

            Bakarrik egon edo lagunduta, zure lurralde propioa aurkitzen zoaz. Libreago zabiltzala dena bere kabuz orekatzen dela dirudi. Eta une deserosoz inguratzeko joera hori, etengabe errepikatu duzun zeure buruari boikota, desagertzen hasten da.

 

 

Oihana Garro Larraņaga

 

Amua:

            Zenbat zu daude zure barruan? Zu zaren guzti horiei ematen al diezu izateko baimena? Nola bizi dituzu? Zer espero duzu zeure buruaz? Eta besteek, zer espero dute zutaz? Eta bat-batean beste norabide bat hartuko bazenu, une batez, tarte batez eta hortaz gozatu? Zer norabide? Zu guztietatik zein aukeratuko zenuke? Guztiak esploratu dituzu? Nor zara zu?

 

            “Nor zara zu” galdetzen didazunean dardarka jartzen zait gorputza.

 

            Agian naiz ugaztun bat, bularrean kumea duen gorila iletsua. Agian naiz harriari begira geldi dagoen emakumea.

            Agian naiz norbait espontaneoa, edo izuti akaberarik bakoa. Agian naiz ase daitekeena, edo aseezina.

            Agian naiz kirola egiteko zapata pare bat, gastatua.

            Agian naiz ura.

            Agian naiz hura, zu.

            Agian naiz arrain urdin bat, komuneko estoldan behera ihesi doala amesten duena.

            Agian naiz lehengo plano bat, dekapitazioa.

 

            Hitzez, irudiz, okelaz, kolorez, formaz, urez, kodigoz, haizez... betetako lodikotea naiz, eremu zabala.

            Pusketa zenbatezinez osatutako gorputza. Hauskorra, hilkorra.

            Egunerokoan, nahikoa lan duena pusketokin honako edo halako ni unitate-simulazioak agerrarazten.

            “Zer naiz?” galdetu diezaiokegu behin eta berriro geure buruari. Mami bat izango banintz moduan.

            Baina kosta egiten zait sinestea behin jaiotako Oihana hura izaten jarraitzen dudala, behintzat kosta pentsatzea jaio nintzen hura bezainbeste jaio ez nintzen haiek ere ez naizela.

 

            Zer naiz baino nahiago dugu, Hannah Arendten pentsamenduaren oihartzunean, “zein(ena) naiz” galdetzea. Zein izateak zeinena izatea ere barruan dakarrenean.

            Konplexutasun handikoa izan liteke baieztapen hau, konplikatua norbaitenak, zerbaitenak, garela esatea.

            Badirudielako izateko, autonomo, bakar eta esentzial izan behar garela.

 

            Izateko aukera bakarra geometria horren imitazioa dela. Geometria mugiezina, gizonezko forma despotaren bertikaltasun asmatua.

            Izateko, ordea, izan gaitezke bertikalak izan beharrean inklinatuak, izan gaitezke mamizkoak izan beharrean azalezkoak, izan gaitezke mugiezinak izan beharrean mugikorrak.

            Azken finean bestearen, izan pertsona, izan haizea, izan herria, izan harria, aurrean makurtuak gauden gorputzak gara.

            Besoetan eutsiak garenak, besoekin eusten dugunak. Tartean-tartean, bietara ezinbestean.

            Makurdura ez da ahuldura, makurdura bada indarra. Zaurgarritasuna erdiguneanjarri eta hau aldarrikatzea dugu gaur beharra.

            Ez naiz saio, ez naiz poesia, ezta literatura ere.

            Azken finean hibrido nahasi bat naiz, inguruan dudanaren arabera modelatzen dena, inguruan dudanaren arabera zorionez aldatu daitekeena.

            Lotze praktikek egiten gaituzte gu, lotze praktikek bezainbeste askatze praktikek ere egiten gaituzte gu.

            Artea, bai, izan liteke askatze praktika bat. Bistaratze edo proposamen bat.

            Artea askotan saiatu da pertsonaren forma definitzen. Uste dut artea askotan konturatu dela hutsunea dela forma, forma definiezinak garela.

 

            Inoiz ezingo dugu erantzun osoan nor garen gu.

 

            Beti saiatuko gara nor garen gu erantzuten.

 

            Nor gara? Zer gara? Zein(ena) gara?

 

            Hauxe da Mirenek egiten duena, eszenan erakutsi mozorroekin nola jolas egiten duen, eguneroko ezkutuko jolasak erdiko plazan bista-bistan jarri. Dantza egiten du, uzkurtutako gorputz konbertitzen da publikoaren aurrean eta izateko baimena ematen die bere barruko izan nahi guztiei. Izan behar den hori izateaz aparte, izan nahi duen hori izatera ausartzen da.

 

            Momentu batez, istant batez. Izateak ez duelako inoiz luzaroan irauten.