Aurkibidea
Hitzaurrea Uxue Alberdi
Stereo edo nola erabili sormena barruko zalantzak eta haserreak kanporatzeko, beste behin ere Miren Gaztaņaga
Sortze prozesuko argazki esperimentazioa Ainhoa Resano Melado
Ainhoa Jauregi eta Miren Gaztaņagarekinsortze-prozesuaz solasean
Ibon Aguirre, Stereo-ren musikari buruz
Gonbidatuak Miren Gaztaņaga
Hitzostea Oier Guillan
Aurkibidea
Hitzaurrea Uxue Alberdi
Stereo edo nola erabili sormena barruko zalantzak eta haserreak kanporatzeko, beste behin ere Miren Gaztaņaga
Sortze prozesuko argazki esperimentazioa Ainhoa Resano Melado
Ainhoa Jauregi eta Miren Gaztaņagarekinsortze-prozesuaz solasean
Ibon Aguirre, Stereo-ren musikari buruz
Gonbidatuak Miren Gaztaņaga
Hitzostea Oier Guillan
Stereo
pausoz pauso
Miren Gaztaņaga
Zure begiak lerro hauetan pausatu berri dira, beraz, ongi etorri. Miren Gaztaņaga naiz. Esku artean daukazun liburuak 2009an sortu genuen Stereo izeneko lan eszenikoa edo performance antzeztua zugana hurbiltzeko helburua dauka. Testu gutxiko lana denez, buelta pare bat eman behar izan diogu liburuaren eduki eta estrukturari, eta hementxe daukazu emaitza.
Beti eman dit kuriositatea idazten duenaren eta irakurtzen duenaren arteko harremanak. Antzerkian erabat desberdina da, askoz zuzenagoa baita. Idazten ari naizen honetan, ordea, parez pare daukadan hori nor den ez jakitea bitxia egiten zait. Agian ezagutzen dugu elkar edo agian ez. Elkar ezagutzen badugu, seguruenik atsegina izango litzateke niretzat orri hauen bestaldean zu zaudela jakitea. Elkar ezagutzen ez badugu, berriz, harremana desberdina izango da, jakina. Halere, zarena zarela, gaurkoan behintzat, banatuta daude rolak: zu irakurlea izango zara eta nik idatziko dizkizut jarraian irakurriko dituzun hitzak. Tira, eta nik bakarrik ez. Uxue jada irakurriko zenuen hitzaurrean eta Uxuerekin batera, nireak ez diren beste ahots eta gorputz batzuk ere aurkituko dituzu orrialde hauetan, kasualitateak albo batera utzita (ez baitut kasualitateetan gehiegi sinesten), intentzio guztiarekin gonbidatuak izan direnak.
Ohartu naiz irudikatzen ari zaitudala modu kronologikoan irakurtzen dutenetakoa izango bazina bezala. Ez dakit zergatik imajinatzen zaitudan horrela. Ni behintzat, liburu bat eskuartean daukadanean, gehienetan, batetik bestera saltoka ibiltzen den horietakoa izaten bainaiz. Estereotipo kontua izango da hau ere.
Beste kontu eta idatzietan sartu baino lehen, lana erakutsi nahiko nizuke. Zer iruditzen zaizu? Egia esan, ez dakit jada Stereo ikusita izango duzun ala ez. Berdin dio. Animatzen zara emanaldi irakurri batetara? Gonbidatua zaude. Horrela errazagoa egingo zaizu irakurtzen eta ikusten duzunari testuinguru bat ematea. Gogoz bazaude, zatoz nirekin, eta bestela, egin salto, lasai asko, orrialdez-orrialde.
Emanaldi irakurria
Lana lehenagotik ikusia baduzu, orain irakurtzera zoazenak Stereo ikusi zenuen unea gogoraraziko dizu, eta sekula ikusi ez baduzu, ordea, zer-nolako bidaia mota den imajinatzen lagunduko dizu. Ni behintzat horretan saiatuko naiz.
Esadazu, non gaude? Zer areto motatan gaudela imajinatzen duzu? Aukera desberdinak emango dizkizut: antzoki bat izan liteke edo auditorio erraldoi bat edo gaztetxe bat edo unibertsitateko gela bat edo baita tabernaren bat ere. Erabakia zure esku dago. Eszenatokia dauka edo espazio eszeniko bat, eta taula gainean edo lurrean bertan kokatuta egon daiteke. Nahiko ilun dago, hori bai. Hurbildu pixka bat gehiago. Lasai, ez lotsatu, hitz hauek zuretzat dira.
Guztia prest dago, publikoa bakarrik falta da. Ainhoarekin nago. Ile beltzarana duen neska hura da Ainhoa. Gaur biak bakarrik gaude. Aktorea da bera ere, baina pieza honetan teknikari lanak egiten ditu eta ni izaten naiz eszenatoki gainean aritzen dena. Bidaia luzea egin dugu elkarrekin eta, zer esango dizut ba, plazer hutsa dela horrelako lagunarekin lan egitea. Bidaia honetan egon dira beste lagun batzuk ere, baina gaurkoan biak bakarrik gaude.
Duela ordubete bukatu dugu dena prestatzen: argiak, soinua, objektuak...
Dena bere lekuan dago.
Eszenatokiko ezkerraldean, tokadorea, mesanotxea eta lurreko lanpara bat daude. Guztiak beltzak, lanpara izan ezik, urre koloreko spray batez margotuta baitago arrapaladan. Tokadore gainean pertsonaia desberdinetan transformatzeko erabiltzen ditudan tresna eta objektuak daude. Mesanotxe alboan bi zapata pare ikus ditzakezu.
Eszenatokiko eskuinaldean, kamiseta bat, galtza batzuk eta zapata parea daude. Beltzak dira guztiak. Lurrean kokatu ditut, ia ez dira ikusten.
Ni ere beltzez jantzita nago. Gorputzean estu sumatzen dudan soineko bat eta oinak begi bistan uzten dizkidaten panty luze batzuk daramatzat. Ez dira gauza asko, eszenatokia nahiko hutsik dago. Irudikatzeko erraza da, ezta?
Zer iradokitzen dizu eszenan ikusitakoak? Nire ustez, logela bat izan liteke, edo aldagela bat, edo gau-erdian zabaltzen den burdel bateko eszenatokia, edo guztiok barruan daramagun desio eta fantasien txokoa. Batek daki, hori ere zuk aukeratu beharko duzu. Kontuan hartu lan baten aurrean jartzen zaren une horretan bertan, zu zeu ere ikusten ari zaren horren sortzaile bihurtzen zarela. Ikusle edo irakurle bezala ekidin ezin dituzun arduretako bat da hori.
Giroak lasaia dela dirudi. Hala ere, aretoan sumatzen den isiltasuna arraroa da. Pelikuletan guda bat hasi baino lehen arnasten den lasaitasun perfektu baina susmagarri horren antzekoa. Badakizu zertaz ari naizen, ezta?
“Miren! Ateak zabalduko ditugu, ados?” —esan berri dit Ainhoak.
“Ados!” —erantzuten diot nik.
Aretoko ateak zabaldu eta publikoa sartzen hasten da. Eszenatokira begiratzen dute, zuzen-zuzen edo zeharka. Bertan zer ote dagoen jakin nahian dabiltza, biziko duten bidaiaz zer edo zer aurreratuko dutenaren esperantzaz, badaezpada... edo jakin-minaren irrikaz. Gizakiok ez dugu ziurgabetasuna gehiegi maite. Beti saiatzen gara gertatzen ari den hori baino lau pauso aurretik joaten. Gutxi balio izaten digu horrek ordea, niri behintzat, batere ez. Sustoak zein sorpresak bat-batean etortzen dira beti. Ezustea berezkoa dute. Espero ez dugun zerbait sentitzeak beldurtzen gaitu askotan. Sentitzen dugun horri aurrez-aurre begiratu eta harago joatea deserosoa izaten da gehienetan, ezta? Baina nola egin uko aukera horri? Antzerkiak askotan zabaltzen dizu halako bidaietarako eskua. Hala ere, norberak erabakitzen du non sartu eta non ez, nahiz eta badiren ekidinezinak diren traiektuak ere.
Itzul gaitezen publikoarengana. Batzuek zerbait entzuna dute lanaz eta ikusteko gogoz datoz; beste batzuentzat, ordea, erabat berria da. Badago lana ikusi eta gero berriz ere errepikatu nahi duenik ere. Besteren batek, berriz, zerbait entzun du baina ez du uste gustatuko zaionik: gauza arraro hauek, badakizu...
Ikusle bakoitzak esperientzia bakarra eta desberdina biziko du. Hori hala da, norberaren begi eta azala baino gauza partikularragorik ez baitago.
Une honetan kamerinoan gaude, ez dugu inor ikusten, baina hitz jarioaren zurrumurrua entzun dezakegu hemendik. Are gehiago, esango nizuke hogeita hamar segundoz amaierarik gabeko ahots horien joan-etorriak arretaz entzunez gero, animalia erraldoi baten arnasa gogorarazten didatela. Balea prehistoriko batena agian? Oihartzuna eta guzti. Kar, kar, kar. Bai, beti izan dut irudimen handia.
Gaurkoan jende dezente etorri da, nahiz eta aretoa ez dagoen beteta. Ez dira ez asko ez gutxi. Kopuru polita da.
Beroketa aspaldi egin dut. Emanaldia hasi baino lehenago egin ohi dudan errituala da, baita ezinbesteko prestaketa ere. Orain sakon arnastu eta kontzentratzeko unea da. Ez da une xamurra, gero, taula gainera igo baino lehenagokoa, niretzat ez behintzat. Urduri jartzen naiz. Beti izan da horrela, baina azkenean, bizitzako une garrantzitsuenetan egiten dugun bezala, 1,2,3...eta salto!, gehiegi pentsatu gabe.
Ainhoak musika kendu eta aretoko argia itzali berri du. Hori da ni eszenatokirantz hurbiltzen hasteko adostu dugun oina. Jendearen zurrumurrua isilduz doa. Itzali duzu mugikorra? Itxoin, nik ere itzaliko dut nirea!
Zuria eta plastikozkoa da jarri berri dudan untxi-maskara. Bi zulotxo dauzka begien altueran. Egia esan, ez dut gehiegi ikusten, hori bai, nire arnasa primeran entzun dezaket urpekari baten antzera.
Stereo-ri hasiera emateko unea iritsi da. Ikuskizuna hastera doa. Bidaia on.
Ilun dago. Jendearengana hurbiltzen naiz ahalik eta modu isilenean. Maite dut sentsazio hau. Norbaitekin intimitate handiko harremana hasten den unea ekartzen dit gogora. Hitzak albo batera utzi eta gorputzek hitz egiten dutenekoa. Hurbil-hurbil eta iluntasunean, ate guztiak irekita uzten ditugunean, bata bestearen egarriz eta zentzumenak erabat esna, harrapakariak bagina bezala. Badakizu intimitatearen zirrikituak zein goxoak diren. Ba, hau ere bai: nahiz eta desberdina izan, antzeko zerbait da.
Nire gorputza untxi-maskarak iradokitzen didan moduan mugitzen da, untxi baten moduan, alegia. Zuk, seguruenik, untxia beste modu batera antzeztuko zenuke. Norberak bere estiloa dauka. Sormena aberatsa eta era askotarikoa da, eskerrak. Azkenean, jolastea bezalakoa da antzeztea, norberak bere erara egiten du egiten duena. Badakizu ingelesez antzezteari to play esaten zaiola? Jolastea, alegia? Lagun min batek gogorarazten dit hori beti. Eta hala da, antzerkian, bizitzan bezala, jolastea ezinbestekoa dela iruditzen zait... Baina horretarako, besteak beste, burua isilaraztea lortu behar izaten dugu eta barne eta kanpo epaiei jaramonik ez egitea. Erraza dirudi horrela idatzita, ezta? Kar, kar, kar.
Goazen berriz ere eszenara. Publikoa eta untxia aurrez-aurre aurkitzen diren uneaz ari nintzen. Untxia poliki-poliki hurbilduko da publikorantz. Intimitatean to play. Beraien gorputzen silueta sumatzen dut nik eta beraiek nirea. Adi daude. Azkeneko lerrotik hasi eta lehenengo lerroraino joango naiz publikoa zeharkatuz. Usaindu egiten ditut. Beraien begiradak usaintzen ditut, beraien ilea, besapeak, hankarteak... Barre egiten dute.
Behin eszenatokitik gertu nagoela, poliki-poliki, ihesi dabilen untxi baten antzera igoko naiz taula gainera eta, bertan babesleku bat aurkitu izan banu bezala, untxia masturbatzen hasiko da. Soinu agudo bat entzungo da bozgorailuetatik, moztua eta errepikakorra. Badirudi soinu hori untxiaren eskuaren mugimenduak sortzen duela. Generazioz generazio, moralaren kateek desitxuratu egin dizkigute plazeraren bidezidorrak. Baina, zorionez, bizitzak indarrez egiten du bultza. Gustura dabil untxia bere horretan. Ezin dio masturbatzeari utzi eta, era berean, ez du gelditu nahi. Plazeraren aldarrikapena eta ihes egiteko beharra batera doaz une honetan. Baina argi-foku batek argiztatu egingo du bat-batean, harrapatua izan den lapur baten antzera. Stop! Zaldiak musika taldeak egindako Pixies-en Where is my mind abestiaren bertsioa entzuten hasten gara. Izugarri maite ditut bai abestia baita bertsioa ere. Gustura egiten ditut egin beharrekoak abesti hori entzuten den bitartean.
Harrapatu egin dute untxia. Izututa dago. Zerbait txarra egin izan balu bezala erakusten dizkio bere eskuak argi horren atzean dagoen norbaiti. Norbait horrekiko bere menpekotasun egoera nabaria da. Bestalde, nola ez da ba izango? Animalia bat da taula gainean duguna. Hori da gure gizarte honetan gaur egun gizakiok animaliari ematen diogun tratua, menpekotasunezkoa. Guk mundua zuzentzen dugula sinesten dugun bitartean, beraiek gutxietsi egiten ditugu. Untxiak bere bi eskuak muturrera hurbildu eta usaindu egingo ditu. Bere eskuek sexu usaina dute eta gustukoa du. Publikoari begira gelditzen da une batez. Untxi-maskarak alde batera eta bestera egiten du poliki-poliki ikusleei begira. “Zer egin dut nik, ba?”. “Zerbait txarra egin al dut?”.
Berriz ere argirantz begiratzen du, izututa. Orduantxe, bertatik datorren norbait horren agindua jaso eta jarraian hainbat ekintzaz osatutako mugimendu partitura bat ikusiko du publikoak. Fisikoki neka-neka eginda uzten nau partitura horrek. Beti pentsatu izan dut hasiera gogorregia dela, baina ez dago atzera-bueltarik.
Salto egin, ipurdia mugitu, laztandua izateko sabela eskaini... Amaigabeak eta errepikakorrak dirudite untxiaren mugimenduek. Untxiak sabelaldean hazkura jasangaitza sentitzen duen arte. Hazkura egitetik auto-lesiora pasatzen da. Ondoren, bere burua kolpatzetik aurresku bat dantzatzera, eta gero arin-arin bat. Garai batean ikasitakoak errepikatzen ditu, behin eta berriz, betiere bere gainetik sumatzen duen norbait horren begiradapean, droga bilatzen duen junkiearen antzera, begirada horren oniritziaren bila. Garai batean ikasitakoak... auskalo noiz ikasi ditugun! Gure gurasoek ikasi zituzten agian, edo gure gurasoen gurasoek, edo haien birraitona eta birramonek. Odolean daramazkigun eta lege irmoak balira bezala bizi ditugun sinismenak. Guk pausoa eman baino lehen bideak eraikitzen dizkigutenak. Eta bat-batean zuk gustukoa ez duzun dantza baten erdian ikusten duzu zeure burua, esklabo baten antzera, zuk aukeratu ez duzun errege batentzat dantzan. Baina nola demontre izan liteke hori? Nork ekarri nau honaino? Where is my mind?
Pixiesen bertsioak aurrera egin ahala, ihes egin nahian, untxia korrika hasten da eszenatokiaren punta batetik bestera, irteeraren bat aurkitu nahian, kaiolatu berria izan den hamster baten antzera. Untxiak ordea, ez du irteerarik aurkituko daraman maskara kendu arte. “Non dago nire burua” esaten du abestiak une horretan, eta gelditu egiten gara untxia eta biok. Arnasestuka gaude, bai ni eta bai bera ere. To play. Une batez untxi-mugimendu honetara eraman nauen maskarari begira gelditzen naiz, animaliaren lekuan kokatzen lagundu nauen maskarari begira. “Zer gertatu da baina?”, “nor zara zu?”, “nor naiz ni?”, “zeinen agindutara mugitu gara?”, “non ezkutatu da pelikulako gaiztoa, kanpoan ala barruan?”. “Non dago nire burua?”. Bozgorailuetatik, Hannoten ahotsa eta Ibonen soinua.
Tokadorerantz noa. Mahaira iltzatuta dagoen ispilutik zintzilik jarriko dut maskara. Arnasestuka nago, baina sabelari eusten saiatzen naiz. Ez dadila asko nabari forma baxuan nagoela. Kar, kar, kar. Eman diogu hasiera Stereo-ri. Imajinatzen zenuen bezalakoa al da?
Ainhoak track-a aldatzen du. Frekuentzia grabe bat entzuten da aretoan. Sakona da, sabelean dardara eragiten dizun horietakoa. Ezinegona sortuko du batzuengan. Besteengan, berriz, eszenan gertatuko denaren inguruan jakin-mina eta arreta piztuko ditu.
Eszenatoki zentroko argia desagertuz doa eta argi leun batek tokadorearen aldea argiztatuko du. Elkarrekin goaz Ainhoa eta biok. Nire mugimenduak bere oinak dira eta berak egiten dituen soinu eta argi aldaketak, nireak. Aktoreak eta teknikak batera egiten dugu bidaia.
Sudurra eta ahoa estaltzen dizkidan beste maskara bat jarri dut aurpegian. Margolariek erabiltzen omen dituzte halako maskarak. Niri, erosi nuen egunean, ii. Mundu-Gerrako gas-maskara horietako bat ekarri zidan gogora, eta eszenarako primerakoa iruditu zitzaidan. Publikoa isil-isilik dago, begira jarraitzen dute, adi. Seinale ona da hori.
Bigarren eszenarako prest. Aurrera egiten dut jarri berri ditudan takoidun zapaten gainean (untxia oinutsik zegoen). Desoreka apur bat sumatzen dut oraingoan. Oinutsik nabilenean, logikoa den bezala, nire oreka askoz handiagoa izaten da. Hala ere, publikoarengana hurbiltzeko egindako pausoak erabiltzen ditut oreka berrira egokitzeko. Takoiek gorputza aldatzen zaituzte erabat. Aldaketa horretan, bai botere sentsazioa, baita segurtasun ezarena ere, neurri berean areagotzen dira. Bitxia da.
Eszenatokiaren zentroan nago beste behin. Bigarren pertsonaia aurkeztera nator. Publikoari aurrez-aurre begiratzen diot. Maskara, takoiak eta desodorante bat eskuineko eskuan.
Oraingoan ere, jarraian datorrena koreografia bat izango da. Hegazkin bateko azafata baten antzera, mugimendu garbiak egiten saiatzen naiz, gorputzeko atal desberdinetan desodorantea botatzen dudan bitartean. Erabili ohi dudan desodorantea spray estilokoa da. Indar askorekin kanporatzen du gasa. Erostera joan ginen egunean hauxe zen bilatzen genuen ezaugarririk garrantzitsuena eta supermerkatuko pasilloetan ezkutatuta hainbat saiakera egin eta gero, azkenean, aurkitu genuen. Hori bai, ez dut marka aipatuko, oraindik ez baitigu diru-laguntzarik eskaini. Informazio hori era pribatuan pasako dizut.
Gorputzak lerro zuzenak marrazten ditu espazioan. Besapean bota dut desodorantea. Soineko beltza daramat. Zapatak jantzita dauzkat. Oin plantak ere lurrindu ditut. Paparrean ere bota dut, perfume goxoa bailitzan... Ondoren beste besapean, eta ipurdian, eta aluaren aldean, eta zangoetan... Usaina nabaria da. Mugimendua areagotuz doa gorputz osoa sprayez estalita gelditzen den arte. Une honetan eszenatokiko argi nagusiak atzetik datoz, horrela gorputzaren silueta eta sprayaren efektua indartu egiten baitira. Gasezko laino baten erdian astintzen den gorputz bat, horixe da publikotik ikusten dena. Champagne botila astindu eta hustearen plazera etortzen zait gogora, edo mangera bat esku-artean duzula ingurua bustitzen duzunekoa edo, haurrak ginela, ur-putzuetan sartu eta blai bukatu arte salto eta salto ibiltzen ginenekoa.
Koreografia honek, pieza honetan agertzen diren koreografia gehienek bezala, badu gehiegizkoa den zerbait, muturrera iristea bilatzen duena. Horrelako lanekin asko gozatzen dutenetakoa naiz ni.
Bat-batean, erabat gelditzen dut mugimendua. Izoztuta dagoen baina arnasten jarraitzen duen gorputzak forma estatiko bat mantentzen du eszenan. Figura egiptoar garaikide bat izan liteke. Perfilez gelditu naiz publikoarekiko eta nire arropak trazu zuriz bete dira. Trazuek desodorantearekin sortutako graffitiak dirudite, eta, graffitien antzera, ugariak dira gordetzen dituzten mezuak. Arnasa berreskuratu eta lehenengo testua botako dut. Eduardo Galeanoren Terror 3 testuaren egokitzapen bat alegia:
“Neska txiki bat bere bi panpinekin jolasten ari da. Errieta egiten die isilik egon daitezen, txintxoak izan daitezen. Bitartean, jaten ematen die plastikozko katilu batekin. Berak ere panpina bat dirudi, hain da polita... Isil-isilik dago bera ere, inor molestatu gabe eta ezin ase.”
Hitz gutxitan gauza asko esaten dituen testu honekin amaitzen dut bigarren eszena. Lasai-lasai itzultzen naiz berriz ere tokadorea dagoen txokorantz.
Aurreko eszenan zehar mantendu den frekuentzia grabeak iraungo du trantsizio honetan ere eta hirugarren pertsonaiari heltzen diot orain, Ilehoriari. Transformazio hau publikoarekin partekatzen dut. Takoidun zapata beltzak kendu eta takoidun bota gorriak jantziko ditut orain. Maskara kendu eta ileorde horia jantzi. Begiak beltzez margotu eta ezpainak gorriz, eta bukatzeko, margotutakoa desitxuratu. Eszena honetan beti etorri zait gogora David Lynchen Wild at heart filmean, ezpainak margotzen hasi eta aurpegi guztia gorriz pintatuta amaitzen duen emakumearen irudia. Brutala da.
Asko gustatzen zait publikoari pertsonaia nola eraikitzen dudan erakustea. Gustukoa dut beraiek ekintza honekin identifikatuta sentitzea. Azken finean egunerokotasunean gure burua eraiki eta deseraikitzen dugu, tarteka, jolas baten moduan ezta? Gure gorputza den mihisearen gainean hainbat elementu kendu eta jartzen ditugu, eta egunero jolasten dugu garen horrekin. Norberaren egunaren arabera aldatuz goaz. Dauzkagun hitzordu desberdinek, eskura dauzkagun elementuek eta gure desio eta fantasiek, besteak beste, garen hori modu batera edo bestera birsortzera edo birdiseinatzera garamatzate. Nahiz eta batzuetan behartuta sentitzen garen eta hori ez den batere atsegina izaten, transformazioak, nire ikuspegitik, plazerarekin ere dauka harreman handia. Azken finean, edonoren ispilu aurrean egunero gertatzen den errituala da, kasu batzuetan nabarmenagoa besteetan baino, baina, betiere logela eta komun guztietan gertatzen den alkimia.
Velvet Undergrounden Waiting for my man kantua entzungo dugu jarraian, Zaldiak taldeak bertsionatua kasu honetan ere.
Tokadoreko txokotik mugitu gabe, animalia bat banintz bezala igoko naiz mesanotxera. Oraingoan, ordea, ez da untxia nire inspirazio iturria izango, beste animalia bat baizik. Pantera bat bistaratzen dut, edo gorila bat agian? Zuek, badaezpada, imajinatu bien arteko nahasketa bat.
Ilehoria mesanotxera igotzen denean, esango nuke podium batera igotzen den go-go baten irudia iradokitzen duela. Go-go hau, ordea, ez da ohikoa izango, ezta go-go honen gogoa ere. Bere mugimenduak geldoak dira, borobilak zein zuzenak. Erresistentzia bat izango balu bezala gauzatuko ditu, kamera geldoan mugitzen den irudi baten antzera. Aurpegia desitxuratuta dauka eta begietatik malkoak ateratzen zaizkio. Publikoari aurrez-aurre begiratzen dio plazerez. Minak iltzatu egiten ditu tarteka gure begiradak aurrean dugun horrengan. Arretaz begiratzen diogu zauritu berri gaituen animaliari eta indarrez desiratzen dugu izaki ņimiņoak bagina bezala bere begi-ninietatik barnera sartzea. Izaki arrotz horren mintzoa ulertzera iritsi nahi dugu. Aurrean daukagun ekuazioa ebatzi besterik ez dugu nahi eta, une horretan, hori ez den beste ezer ez da gure interesekoa izango.
Ilehoriak, podium-aren gaineko koreografia egin eta gero, poliki-poliki, mesanotxean eseri eta mahai gainean dagoen kopa hartuko du publikoarekin duen kontaktua galdu gabe. Atmosfera astuna da. Geldo-geldo gauzatzen du eszenatokiaren zentroranzko bidea. Mozkor dagoela dirudi, erabat galduta. Hala ere, badaki zertara doan eta zer den egin nahi duen hori. Behin erdigunera iristean, bertan uzten du eskuan daraman kopa, lurrean. Bera ere eszenatokiaren zentroan kokatzen da, kopa oinen artean duelarik. Poltsatxo baten antzera soinean daraman ardo-bota beltza hartzen du eta publikoari bizkarra emanez jartzen da. Strip-tease. Hankak zabaldu, belaunak flexionatu eta ardo-bota barruan dagoen ura ezkutuan isuriaz, kopan bertan pixa egitearen ekintza simulatuko du. Ondoren, azken zipriztinak botako balitu bezala, ipurdia eta ardo-bota une berean astindu eta gero (publiko artetik barre batzuk entzuten dira), berriz ere kopa eskuekin hartu eta isuritakoa edango du.
Oraindik ere, tarte batez publikoari begira egongo da, eta azkenean, edandako hori bota egingo die, ahotik botatzen duen horrekin beste zerbait esan edo salatu nahi izango balu bezala.
Askotan, nahiz eta publikoak ikusten duen eszenak ukitu dramatikoa izan edo zerbait desatsegina bezala bizi, aktorea lasai asko egon liteke ume baten antzera eszenaz gozatzen. Kirolekin gertatzen den bezala, telebistatik ikusteak edo tokian bertan jokatzen aritzeak ez daukate zerikusirik. Nik oso-oso gutxitan ikusi izan ditut kirolak telebistan, izugarri aspertu izan naiz beti.
Orain arte mantendutako erritmo geldo berean, Ilehoria eta ni eszenatokiko eskuineko alderantz joango gara eszena honi amaiera eman eta hurrengoari hasiera ematera. Bertan ileordea eta arropak kendu eta lurrean zeuden galtza, kamiseta eta zapatak janzten ditut. Berriz ere frekuentzia grabea bozgorailuetan. Berriz ere pertsonaia aldaketa. Publikoari arropa berriak erakutsi eta tokadorerantz abiatzen naiz. Laugarren transformazioari ekitera noa. Orain datorrena da nire pertsonaiarik gustukoena, nire maitea, Ralph.
Oraingoan ere, mesanotxean eseri eta ispiluaren aurrean jartzen naiz. Lanparako argia piztu eta latexezko eskularruak janzten ditut, lehenengo bat eta gero bestea. Transformazioek ere beren koreografia dute, txikia, sotila eta neurtua. Garrantzitsua da objektuaren manipulazioa eta ekintzaren gauzatzea ahalik eta garbien izatea, egiten ari zaren ekintza bakoitza noiz hasten den eta noiz bukatzen den argi uztea. Aktorea ez bazara, lasai, hori gure ardura da eta.
Aurreko pertsonaiaren makillajearen arrastoa garbitzen dut. Zerotik hasten naiz berriz ere. Azala den azalera prest dago hurrengo eraikuntzarako. Ni batetik beste ni batetara, antzararen jokoan bezala. Dadorik gabe, tipulari kapak kentzen nabil poliki, identitate berriekin jolasean. Ondoren, gomina hartu eta ezkerreko eskuan botatzen dut. Bi eskuetan ondo igurtzi eta ilera. Aurreko ilea atzerantz bota eta kopeta bistan gelditzen da. Stick-a hartu (kola moduko bat da) eta ezpain gainean jartzen dut pintzel baten laguntzarekin. Jarraian, horren maitea dudan bibotearen txanda da. Azken hori ondo itsasten dut ezpainen gainean. Bukatzeko, betaurrekoak. Prest nago laugarren eszenarako.
Zaldiak taldearen Kaos song abestia entzuten dugu. Erabilitako objektuak tokadore gainean dagoen kutxatxoan sartzen ditut banan-banan. Rewind. Transformazioa hasi bezala ixten dut, baina alderantziz oraingoan, lehenengo eskularru bat kendu eta gero bestea. Lanparako argia itzali eta abestian Hannotek “Here we go” esan bezain pronto, Ralph publikoari begira jartzen da Ainhoak aurrez-aurre argiztatzen nauen bitartean.
Oraingoan ere, koreografia bat pertsonaiaren aurkezpena egiteko. Esan liteke Stereo bideoklip baten moduko performance antzeztua dela, musika benetan garrantzitsua baita pieza honetan. Nire alboan doa uneoro.
Tarantinoren pelikula bateko pertsonaia baten antzera, eszenatokia zeharkatzen du Ralphek. Bere mugimendu moztu eta jarraituekin, pizzicato intentsu bat eginez mugitzen da. Ziur dago bere buruaz. Izugarria da pertsonaia honekin sentitzen dudan presentzia eta indarra. Momentu batean kamiseta kendu eta, astiro, besoekin bularrak alboratzen ditut. Emakume bularrak desagertzen dira eta gizonezko baten gorputz-enborra ikusten du publikoak. Eszenak aurrera egin ahala pertsonaia eraikitzen doa egindako mugimendu eta ekintzekin batera. Ralph mesanotxerantz hurbiltzen da, bertatik latexezko eskularru puztu bat hartzen du, eta, mesanotxean etzanda, behi baten errapea dirudi. Eskularrua xurgatzen hasiko da, amaren bularra xurgatzen duen haur bat izango balitz bezala. Bibotedun gizona titia hartzen ari den haur hauskor eta gosetia bihurtzen da eskularru puztuak eztanda egiten duen arte. Bukatu zaio janaria. Gose da, ordea. Orduantxe entzungo dugu piezako bigarren testua. Amelie Nothomb idazlearen La biografía del hambre liburuko testu bat da. Egokitzapena, kasu honetan ere:
Goseak mugitzen nau ni
Gosea bere zentzu zabalenean
Hustasun berezi hori
Uneoroko ase-gabetasun hori
Ezer ikusten ez dudan lekuetan zeozer egon dadin
erregutzen dut
Desio guztien gainetik naiz ni gose
Desioa bera baina handiagoa da
Erraldoia
Jasangaitza askotan
Gosea zer den ez dakitenek ez dituzte barruan
sortzen dituen hotzikara horiek ezagutzen
Ezta gau eta egun pizten duen sukarra ere
Arraroak dira ase jaio direnak
Ez baitute bizitza euren gabezien inguruan eraiki
Bitxia da hori, ezta?
Ez dakit zergatik, batzuk gosez jaiotzen gara
eta beste batzuk, ordea, ase
Loteria moduko bat da
Gosez edo ase, ase edo gosez...
Behin testua bukatuta, azken esaldia errepikatuaz, “...ase... edo gosez...”, mesanotxera hurbildu eta zaku beltz bat ateratzen dut bertatik. Eszenatokian barrena arrastaka eramaten dut, zaku barruan hilotz bat eramango banu bezala. Halaxe zeharkatuko du eszena Ralphek, zirkuluak egiten dituen bitartean. Eskua galtzaren barrutik sartu eta bragetako kremaileratik atereaz, zakuaren punta hartu eta bertatik sartzen du. Zakil erraldoi bat daukala dirudi, pisu handikoa eta modu askean mugitzea eragozten diona. Pisu gehiegi hankartean, hegan atera ezin duen txoria dirudi, besoak/hegalak zabal-zabal baina lurrari itsatsita. Mugitu ahal izateko modu berriak bilatuaz, zakua besoetan hartu eta sorbaldaren gainera igotzen du. Eszenan bueltak ematen jarraitzen du, harria sorbaldan daraman harri-jasotzaile baten antzera. Azkenik, gimnasioan pisuak altxatzen balego bezala, zakuarekin gora eta behera, publikoarekin partekatzen du azken esaldia:
“Titi erraldoi bat eduki nahiko nuke, ahoan sartu eta nire behar guztiak asetzeko”.
Hori esan eta gero, azken esfortzua egin, zakua gorantz eraman eta hustu egiten du. Bere barruak agerian geldituko dira. Publikoak orduantxe ikusten du zaku barruan dagoena: latexezko eskularru zuri piloa. Hesteak dirudite. Batzuk puztu gabe daude, solte edo elkarren artean lotuta, odolkien antzera. Badira lehenago ikusitako eskularrua bezala erabat puztuta daudenak ere. Eskularruz osatutako menditxoaren aurrean jarri eta Ralphek zaku beltza lepo inguruan lotuko du, super-heroi baten kapa bailitzan. Hastera doa jolasa. Galtzak belaun azpiraino jaitsiko ditu eta galtzontzilo zuriak bistan dituelarik, haur bat balitz bezala, eskularruekin jolasten hasten da. To play, berriz ere. Eskularru bat hartu eta galtzontziloetan sartzen du, zakila bailitzan. Beste bat hartu eta bular erraldoi bat izango balitz bezala mugituko du bere gorputz-enborrean. Plazerez ari da bere horretan, dena dauka eskura, hortik datorkio bere zoriona. Eta ni ere, lokatz artean lotsarik gabe jolasean dabilen haur baten antzera sentitzen naiz momentu honetan. Hain da dibertigarria aktorearentzat une hau... Erabat gomendatzen dizut noizbait halako zer edo zer probatzea.
Zutik egin ditu orain arte aipatutakoak eta poliki-poliki beherantz joaten da eskularru multzoarekin topo egin arte. Leuna izango da jaitsiera bere zakil eta bularrak plazerez ukitzen dituen bitartean. Behin lurrean dagoela eskularruak jaten hasten da modu konpultsiboan, bere gose amaigabea ase nahian. Segidan, artean ahoa beterik duela, eskularru multzoa besoetan hartu eta, haur jaioberri bat izango balitz bezala, abestu eta kilimak egingo dizkio zutik jartzen den bitartean. Gora eta behera dabilen desio anitzez osatutako hezur-haragizko igogailu zoroa dirudi.
Eskularruak bere gorputz biluzia laztantzeko erabiliko duen material erotiko bihurtzen ditu oraingoan. Objektuarekin darabilen jolasa amaigabea da eta ur-jauzi baten azpian egongo balitz bezala isurarazten ditu eskularruak, burutik hasi eta oinetaraino. Bere gorputza plazerez laztantzen duen bitartean, eskularru-jauziarekin batera joaten da bera ere lurrerantz. Mugimendu moztu eta konbultsiboetara itzuliaz, eskularruak galtzontzilo barruan sartzen hasten da: ipurdi aldean, aldaka inguruan, genitalen aldean... Gehiago nahi du, ez da asebete. Bete eta bete, bere irudia desitxuratuz doa. Zer da, emakumea, gizona, animalia edo beste zerbait? Kapa eskuekin hartu eta bizkarra emanez, super-heroi baten antzera aldentzen hasiko da Ralph publikoarengandik, gorputz guztia astintzen duen bitartean.
Zaldiak taldeak egindako Velvet Undergrounden I am your mirror abestiaren bertsioak lagunduko ditu aipatu berri dizkizudan azken ekintzak. Abesti hori ere ez da ustekabean aukeratu. “Zure ispilua naiz” esaten dio Ralphek publikoari.
“Zure ispilua naiz” xuxurlatuko dizu Ralphek belarrira eta zu ere bere ispilu izango zara.
Azkenean, abestia mantsotuz doan heinean, buelta emango dut, astiro, kapa beltzarekin nire burua estaltzen dudan bitartean. Iritsi gara amaierara. Argia itzaliz doa eta hauxe izango da publikoak aurrez-aurre ikusten duen azken irudia: burua estalita, gizonezko zapatak, belaun azpitik gelditzen zaizkion galtza beltzak eta puztutako eskularruz betetako galtzontzilo zuriak jantzita daramatzan gorputz bat. Emakumea, gizona, batek daki. Iluntasuna. Isiltasuna. Txaloak.
Sefini. Hartu tarte bat irudikatutakoa digeritzeko. Plazer bat izan da.