Stereo
Miren Gaztaņaga
Stereo
Miren Gaztaņaga
EHAZE, 2017

 

Ainhoa Resanori elkarrizketa

 

EHAZE: Stereo-rekin loturiko oroitzapen on bat, burura datorkizun lehena.

AINHOA: Nire bizitzan garrantzitsuak izan diren bide eta prozesu guztiekin bezala, bada hasierako oroitzapen bat, edo agian ez lehena baina bai magikoena, zeinarekin benetan hasi zen niretzat beste guztia. Oroitzapen hori Miren eta biok entsegu-lokalera argazkiak egitera joan ginenekoa da, ilehori baten argazkiak ateratzera, bota gorri batzuekin eta ispilu batekin gela beltz batean. Argazki-saio hura une magiko baten moduan gogoratzen dut, eta ez soilik Stereo-ren prozesuan, baizik eta nire argazkigintzarekiko harremanean ere bai.

            Gogoan dut Miren horma batean bermatua, fokuak hari zuzenduta, ileorde horia gaizki jarrita, Manley batzuekin egindako makillajea, ispilua gora eta behera, eta ni igotzen eta lurrera etzaten kamerarekin. Ispiluko isla hark kontatzen zizkigun gauza guztiak deskubritu genituen unea. Gogoan dut jolastu izana, emozionatu izana, gogoan dut Stereo-ren lehen argazkia izozturik bezala ikusi nuen unea, une hori, zeinean sentitu eta jakin genuen biontzako garrantzitsua zen zerbait egikaritu genuela.

EHAZE: Zer ekarri zizun Stereo-k?

AINHOA: Stereo-k niretzat gauza asko esan nahi izan zituen: konplizitatea, ikastea, partekatzea, sortzea, barre egitea, deskubritzea, ausartzea, iraultzea, haztea, oka egitea, ikertzea. Stereo izan da gehien disfrutatu dudan proiektuetako bat, bidaideekin eta Stereo-ren ezaugarri ziren sormen askatasunarekin eta esperimentazioarekin. Argazkigintzaren ikuspegitik, gauza positibo asko ekarri zizkidan eta oraindik ere ekartzen jarraitzen du. Nire ustez, ura ontzi batetik bestera eramatea bezalakoa izan zen argazkilaritzarekin nuen harremanean: erregistratzetik sortzera pasa nintzen, eta konpromiso bat sentitzera islatu eta transmititu nahi nuen horrekin.

            Niretzat argazki-proiektu zabalago baten abiapuntua izan zen, pin_down izenekoa, eta han txertatuta daude Stereo-ren laborategian sortutako irudi batzuk. Nolabait ere, bi bide ezberdin izan dituzte argazkiek eta pieza eszenikoak, baina biek izan dute ibilbide bat eta biak erakutsi dira.

EHAZE: Nola sartu zinen proiektuan?

AINHOA: Mirenek eta biok ftin lan egin genuen elkarrekin urte luzez. Bera aktore gisa, ni argazkilari gisa. Arrazoi ezberdinengatik, edo agian ez hain ezberdinak ez zirenengatik, biok geunden bizitzaren momentuan oso garrantzitsuak ziren Stereo-k planteatzen zituen gaiak. Behar bat sentitzen genuen gure emakume izatetik gure buruaz eta geure kezka eta nahiez hitz egiteko. Galdera askoren inguruan eta opresioari aurre egiteko moduetan arakatzeko eta sakontzeko momentu batean ginen.

            Akorduan ditut Mirenek erakutsitako lehen argazki batzuk; identitatearen inguruan ari zen esperimentatzen, generoaz eta gorputzaz. Berehala sortu zidaten kuriositatea, elkarrizketan jarri gintuzten, eta berehala lotu ziren ni garai hartan irensten ari nintzen liburu mordo batekin, generoari buruzkoak, queer teoriari buruzkoak, transfeminismoari buruzko saiakerak... Momentu hartan interesgarriak iruditzen zitzaizkidan egile eta artista haiekin guztiekin klik bat izan zen Mirenena, bi pieza elkarrekin ahokatzen direnekoa bezalakoa.

            Mirenek Stereo-ren lehen bertsioaren errepresentazioa bad jaialdian eskaini zuen. Ez dut gogoan ordurako elkarrekin lanean ari ginen edo ez, baina bai dut gogoan dagoeneko parte sentitzen nintzela galdera eta esperimentuen barraka hartan, Stereo izan zen jolas eta pultsio magikoen parte.

            Niretzat abiapuntua ilehoriaren argazkiak izan ziren, eta Stereo-ren nortasun bisualaren ezinbesteko parte bilakatuko ziren. Momentu hori, zeinean irudi horretan mamitu zen abiapuntua, nork bere buruari zuzenduriko begirada haiek ikusleari bueltatzen zitzaizkion ispiluaren bestaldetik. Haiek izan ziren niretzat laborategi honen hastapena.

            Ez dut oso ondo gogoratzen zein unetan sartu zen Ainhoa Jauregi... Berak ere besteok bezala mutatu zuen, esperimentu eta intentzioz beteriko laborategi-hilabete haietan. Bera sartu zen unetik hiruron bidaia izan zen, deseraikitako rolekin eta barre askorekin. Intentzio batzuk bidean geratu ziren, beste batzuek Stereo pieza eszenikoa izatera eraman zuten urratsak izan ziren.

            Niretzat esperientziaren oroitzapena orduan sortutako materialak bezala taupaka ari den gorputz bat bezala sentitzen dut oraindik ere, behin eta berriz zentzu-berritzen dena Stereo niretzat izan zen ponpatze biszeral horretan.

EHAZE: Zein izan zen zure rola prozesuan?

AINHOA: Hirurok egiten genituen ekarpenak modu askotara prozesuan, nahiz eta gero bakoitzak gehiago kokatu bere erremintan. Ni argazkilaria nintzen, nahiz eta Stereo niretzat orain arte rolak gehien desmarraztu dituen proiektua izan zen, diziplinen arteko mugak gehien lausotu diren proiektua, hori izan zen Stereo-ren beste ezaugarrietako bat.

            Niretzat, argazkilari gisa, edo prozesu honetako artista bisualaren gisan, argazki-ikerketa baten modukoa izan zen. Kanikak sortzea bezalakoa: talka egiten dute batzuek besteen kontra, posizioak eta haien irakurketak eraldatzera behartuz. Mahai gainean jarri nahi genituen gaiak, esperimentatu nahi genituen gauzak irudiz finkatzeko ahalegina zen nirea, orratz txikiak bailiran, prozesuan gertatzen ari zen horretan kontatu nahi genuena irudiz kokatzeko modu bat.

            Lantzen ari ginen gaiak kokatzeko balio zezaketen giroak harrapatzen edo sortzen saiatzen nintzen. Piezaren beraren kontzeptualizazioan bazegoen jada bitasunaren ideia, eta Stereo-ren argazkietan ere une oro dago hori presente, haien artean erreakzionatzen duten karanbolen modura. Beranduago gorputzak erretratatu nituen entsegu-lokaleko proiekzioen bitartez, finkatu nahi genituen irudiak berriz ere bertan sortuz.

EHAZE: Stereo lan eszenikoa izan zen, baina argazkien bitartez askoz urrunago ere iritsi zen. Zer-nolako esperimentuak egin zenituzten, eta zergatik?

AINHOA: Fotografia esperimentaziorako lanabesa izan zen, eta, era berean, ikertzen ari ginen hura jasotzeko modu bat. Ez nituen argazkiak emaitza finalen arabera sortzen, bidean erabiltzeko analisi-elementu bat gehiago bezala baizik, planteatzen genituen auzien laborategi bat balira bezala. Prozesuan sortutako irudiak eta egoerak jasotzeko modua ere izan zen, bestela bidean galduko baitziren haiek. Argazkiek katalizatzaile modura funtzionatu zuten, modu estetiko eta diskurtsiboan gidatu zuten proiektuaren alde bisuala.

            Esperimentu asko egin genituen, hainbat proposamenen arabera, eskura zeuden elementuekin eta espazio ezberdinekin jokatuz. Oso erraietatik, intuiziotik, amorrutik eta barretik egindakoak izan ziren. Erabili genituen materialen artean gauza asko zeuden: ispiluetatik hasi eta nire etxeko porru eta baratxuri batzuekin amaitu, gogoeta eragiten ziguten materialak gauza askorekin sortzen ziren, haien intentzioa aldatuz proposamen guzti-guztiak probatzen genituen, baziren funtzionatzen zuten gauzak eta funtzionatzen ez zutenak... Festa-soinekoak, biboteak, titirik gabeko gorputzak, titiak, etengabe titiak, ispiluak, kaskoak, ileordeak, eskularruak, gorria, gorri asko, begiak, ahoak, talko hautsak, eguzki-betaurrekoak, untxiak, jirafak, takoiak eta porruak.

            Subjektu seduzitzaileen modura erabiltzetik urrun, fantasia, min eta jolas haien zuloetan arakatzen genuen, pultsio eta gune komunen feedback etengabean murgilduz, artifizio haietan ikusleari eskaini nahi genizkion kezkak, nahiak eta aurkikuntzak topatuz. Pertsonaien arteko hartu-emanen irudiak sortu genituen, kodifikatze, harreman eta lengoaia zein irudi uztartu berrien bilaketan, kontatu nahi genuen horretara zuzentzen zen jolas subjektiboari bide emanez.

            Bigarren fase batean argazki haiek eszenara eraman genituen zenbait modutan, eta eszenak sortzen jarraitu eta erregistratu egiten genituen, esangura eta kodifikatze berriak sortuz. Gogoan ditut bidean geratutako gauza asko, egoera oso emozionagarriak eta baita ausartak ere. Proiektatu egiten nituen sortutako irudi haiek gorputzetan, teletan, hormetan, eta inprobisazioan murgiltzen ginen, ez genuen inoiz argi izan helmuga. Stereo laborategia zeozer izan bazen, esperimentazioa izan zen, ertzak eta mugak lausotzea, generoen lausotzea planteatu genuen hein berean, genero batetik bestera iragatea.

            Nik nire begirada eszenan txertatzeko beharra sentitu nuen: uste nuen irudiek indartu egiten zutela proposamen eszenikoa, komunikaziorako eta transmisiorako beste plano bat eskainiz.

EHAZE: Hasieran irudiak proiektatzen ziren, beraz, baina gero baztertu zen bide hori. Nola parte hartu argazkiaren bitartez proiektu eszeniko batean?

AINHOA: Hasiera batean irudiak modu finkoan proiektatzeko hautua egin genuen, esanahia indartzeko edo kontraesanetan sakontzeko, interakzioa bilatzen genuen gorputzaren eta irudi proiektatuen artean. Lehen saiakera haietatik hainbat ondorio atera genituen, eta azkenean Stereo-k bere ibilera eszenikoa irudirik gabe jarraitu zuen.

            Ni aurretik lan egina nintzen beste performance batzuetan, eta haietan neure argazkien proiekzioa azken emaitzaren parte zen. Hori dela eta, niretzat naturala da eszenaren parte izatea, ohituta nago lengoaia teatralarekin eta errepresentazio-espazioarekin lan egiten. Horrelakoetan egiten dudana da nire lengoaia den argazkigintza txertatu, lan eszenikoetan beste lengoaia askorekin egiten den moduan. Beti eduki dut fotografia, eszena, gorputza eta zuzenekoa elkarrekin elementu eragileak diren piezak sortzeko kezka edo nahia. Nire ustez, beste lengoaia bat da, pieza eszeniko batean modu anitzetan txertatu daitekeena esanahiak eta sentsazioak sortze aldera.

EHAZE: Piezak lantzen dituen genero-gaiei dagokionean, zer esanahi du zuretzat haiei buruz hitz egiteak?

AINHOA: Momentu hartan gai haiei buruz hitz egitea ezinbestekoa, askatzailea, sakona eta beharrezkoa izan zen. Erraztu egin zidan nire emakume izaeratik sistema patriarkal honetan bizi ditudan hainbat gatazka eta bizipen kanporatzeko modua. Ez soilik kanpora begirako gatazka azaleratzeko orduan, baizik eta barnean sortzen duena azaleratzean, gatazkak nire bizipen, frustrazio eta desiretan duen eragina islatzean ere bai. Horri buruz hitz egiteak kontu hauen gaineko nire begirada emateko modua eskaini zidan, momentu hartan baldintzatu eta zanpatzen ninduen zerbait bezala sentitzen bainuen. Stereo-k bulkada hori sormen eta subertsio ekintza bilakatzen lagundu zidan. Generoak, bere problematikak eta eraikuntzak, nire lanean eta bizitzan sustraitua jarraitzen du.

            Nire ustez, ezinbestekoa da gai hauei buruz hitz egitea, argitara ateratzea, norberaren sentimenduez hitz egitea bitasunean oinarritutako sailkapen modu zanpatzailearen inguruan. Sailkapen-modu binarioa hainbat eratan artikulatzen da, eraikiak diren rol batzuen gainean. Eraikiak diren heinean, nire ustez, desordenatu daitezke, eta mutatu, aldatu, gogoetatu eta birsortu... modu berrien bitartez elkar ulertzeko, elkarrekin erlazionatzeko eta elkar desiratzeko.

EHAZE: Hasierara bueltatuko gara: funtsean zeri buruz hitz egiten du Stereo-k?

AINHOA: Stereo-k niretzat gorputza kuestionatzeaz eta hari buruz itauntzeaz hitz egiten du, norberaren identitatearekin eta besteek inposatutako identitateekin esperimentatzeaz, begirada arautua bueltan bidaltzeaz, begirada arautua agerian uzteaz eta berarekin jolasteaz, genero-problematikak gorputzean errepresentatzeaz. Stereo-k desiraz, goseaz, mutazioaz, transformatzeaz, opresioaz, eraikuntzaz, deseraikuntzaz, askatasunaz eta bilaketaz hitz egiten du.

 

 

 

Ainhoa Resano Melado

 

            Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatua Publizitatean eta rr.pp.n

            (Iruņea, 1974). Diapositiba, etxeko handigailu, lehengusu-lehengusina eta mendi artean hazi zen. Sekula interesatu ez zitzaion orladun argazki batean erretratatua izan eta gero, komunikazio bisualaren eta argazkigintzaren munduan sartu zen. Bere hastapenetan Antzerkiola Imajinarioaren argazkilari ofiziala izan zen. Bilboko lur azpiko bere esanetan antzerkiaren testigantza bisuala eman zuen, bere lan gehienetan lengoaia eszenikoa jasoz.

            Disidentzien mugak aztertzen urte batzuk eman ostean rolak enkoadratu eta antz-jolas bihurtuta, pin_down izenekoa izan zen bere lehen proiektu pertsonala. Zenbait erakusketatan hartu du parte bakarka zein kolektiboki, eta bere lana hainbat medio inprimatutan publikatu da. Egun, Autore-argazkigintza masterra egin ostean, memoria, genero eta argazkigintzari buruzko ellas proiektuan dago murgilduta.