Stereo
Miren Gaztaņaga
Stereo
Miren Gaztaņaga
EHAZE, 2017

 

 

Stereo
edo nola erabili sormena
barruko zalantzak eta haserreak
kanporatzeko, beste behin ere

 

Miren Gaztaņaga

 

 

1. Inoiz ez dakizu

 

            Zerbait sortzen hastean sekula ez da jakiten non bukatuko den, ezta zein bide zeharkatuko diren ere, ez kanpoko ez barruko. Hiri ezezagun batera bidaiatzea bezala da. Galduta sentitzen zara, markatu gabeko mapa bat eskuetan duzula. Mugak non dauden ez daukazu oso argi. Hala ere, badakizu, hiriari begietara begiratzeko modu bakarra haren kale eta zirrikituetan barneratzea dela.

            Antzeko abenturetan ibilia zara dagoeneko, normalean ez da lehenengo aldia izaten, baina urduri zaude eta, hala ere, gogotsu. Bidaia hori, batzuetan, jira eta buelta asko eman ondoren, kontzientziaz hartutako erabakia izaten da; beste batzuetan, ordea, ezustean harrapatzen zaituen abentura: “Zergatik nago ni hemen? Zergatik animatu naiz esperimentu hau bizitzera?”. Halakoetan, erantzuna ez da berehalakoan topatzen. Bizitzak bultzatu zaituelako irudipena izaten duzu. Txikitan, beldurrak gainditzeko, gurasoek bultzadatxoak ematen zizkizuten, ezta? Bada, antzera. Dena den, askotan, ez da arrazoiketen zurrunbiloan murgildu behar gauzak azaltzeko: hemen zaude hemen zaudelako eta, egoerarik onenean, hemen egon nahi duzulako, punto.

            Gero, hasierako bidaia-mapa hori non bukatuko den beste kontu bat da. Agian, gelan daukazun ideien kutxatxoan gordeta lokartuko da, hainbat esaldi, irudi eta mapa topografikoren artetik noiz itzartuko zain. Edo agian, aldeko baldintzak egokitzen badira (klima, elikadura, mimoak, eguzki-izpi batzuk eta tximista pare bat), argitarako bidea egingo du, txikitan jogurt-poteetan sartzen genituen dilistek bezala. Hori ez da beti pasatzen, ordea (eta ez da ez ona ez txarra, nik behintzat hala bizitzen dut). Baina batzuetan bai, miraria gertatu egiten da. Kimuak indarrez egiten du gora eta, poliki-poliki, handitzen hasten da. Haur baten antzekoa da: ez dakizu nolakoa izango den, ez zer gustatuko zaion eta zer ez, ez zeintzuk izango diren haren beharrak, ezta lagunak ere. Hori bai, hazi eta hazi, litekeena da momentu batean besoak zabaldu eta zugandik urruntzea. Bere bideari ekingo dio, eta beste begi eta azal batzuetan pausatuko da. Orduan, zu, hauskor sentituko zara eta indartsu, eta une horretantxe iritsiko dira, bata bestearen atzetik... iritziak! (beldurrezko film baten soinu-banda imajina dezakezu). Ordura arte modu kontziente baina batez ere inkontzientean sortu duzun izaeraren arabera, iritzi horiek modu batean edo bestean jasoko dituzu, eta hainbat sentipen biziko. Batzuetan bete-beteta sentituko zara eta beste batzuetan, aldiz, zaila izango da, oso. Hala ere, behin honaino iritsita, badakizu zuri behintzat merezi izan dizula, besteak beste, bidean asko ikasi eta gozatu duzulako. Sortu duzun dena delako horrek zu ere sortu zaitu eta hori magia ere bada, edo alkimia!

            Hori izan zen Stereo niretzat, mirari txiki bat, erraiez beteriko dilista, jolastuz eta lan eginez, azkenean, gorpuztu egin zena. Presarik gabe. Nik sortu nuen bera (bidaia-lagun maiteekin, jakina) eta berak sortu ninduen ni.

 

 

2. Hazia

 

            1998an Bilbora joan nintzen Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederrak ikastera. Amari Arte Dramatikoko ikasketak egin nahi nituela esan eta gero, berak, hura karrera bat ez zela erantzun eta, azkenean, Bilbon bukatu nuen pintzel eta olio artean. Seguruenik, ez berak eta ez nik, ez genuen oso argi izan egoera nola kudeatu, ezta “Arte Dramatiko” izena zuen karrera hura zer zen ere. Erraz konformatu nintzen. Baina, fakultatean egon arren, nire arretak antzerkira bideratuta zirauen. Esan beharra dago haiek ez zirela galdutako urteak izan, besteak beste, gaur egun ditudan lagun minetako batzuk han ezagutu nituelako. Baina esan bezala, ni unibertsitatean nenbilen bitartean, nire nahia beste norabait zuzenduta zegoen eta, azkenean, indar horri segika, antzerkia egiten hasi nintzen 1998ko udan (ueun hain zuzen ere). Garai hartan sorkuntzarekin zerikusia zuten une berezienak fakultatetik kanpo bizi izan nituen. Hala ere, badaude fakultatean bizitako une esanguratsu batzuk eta horietako bat Stereo lanaren hazia izan zen.

            Eguerdia zen, bero egiten zuen eta ni fakultateko liburutegian nengoen. Testu eta irudi artean igerian nenbilela, liburu txiki eta beltz batekin egin nuen topo. Artean, ordea, ez nekien liburu hura barruan perla bat gordetzen zuen txirla karratu bat zela. Liburuaren azalean zera jartzen zuen, Claude Cahun. Izen borobila iruditu zitzaidan, laino formakoa eta sonoritate bitxikoa (erloju pendulu batena, adibidez, edo urez betetako plastikozko kubo batean erortzean euri tantek sortzen dutena). “Claude, Cahun”, “Claude, Cahun”... Eta izen haren azpian irudi bat: buru kaskamotz deformatua zuen, eta emakumea zirudien pertsona bat.

            Liburua zabaldu eta artista horren argazkiak ikusi ahal izan nituen lehenengoz. Borobiltasunak, lainoak eta ur-tantak beste zerbait bihurtu ziren. Liburua irudiz beterik zegoen, ia ez zuen testurik eta zuen gutxia frantsesez idatzitakoa zen. Atmosfera bitxiko eta ezinegon handia sortzen zuten irudi erakargarriak iruditu zitzaizkidan. Gehienetan Claude Cahun1 bera agertzen zen pertsonaiak irudikatzen. Irudi haiek indar handia transmititzen zuten, artistarentzat argazki haiek ateratzea ekintza esanguratsua izan balitz bezala. Benetan esanguratsua. Begira-begira geratu nintzen, ikusten nuen hartatik ase ezinik. Oraindik ez nekien zer zen argazki haietatik horrenbeste erakartzen ninduena. Claude Cahunen lana ezagutu nuenean barru-barruan oihartzun bat sentitzea bezala izan zen.

            Nik Claude Cahun ezagutu nuen egunean, Claude Cahunek ezagutzen ez nuen nire parte bat azaldu zidan. A zer goraldia izaten den arteak horrelakoak oparitzen dizkizunean! Baina etxera joateko ordua iritsi zen, autobusa galtzear nengoen eta itzuli egin behar izan nituen liburuak (nahiz eta lapurtzeko tentazioa sentitu). Edonola ere, neure baitan gorde nuen haren izena. “Cahun andereņo, ez dakit noiz, ezta zertarako ere, baina itzuliko naiz” (modu pelikuleroan irudika dezakezu egoera, nahiko pelikuleroa naiz eta). Eta hala izan zen, behin eta berriz itzuli bainintzen beregana.

            Kukutik kukura, fakultate garaiak pasatu eta antzerkian hamar bat urtez aritu eta gero, lan pertsonal bat egiteko gogoa izan nuen, neuregandik abiatuz sortzen hastekoa. Antzerkian denbora asko pasatzen dajende artean, talde-lanean. Hori da antzerkiaren altxorretako bat, nahiz eta nekea ere sortzen duen. Garai hartan, sormen prozesuaren hasieran nik bakarrik egon nahi izan nuen, inori azalpenik eman gabe, neure erara, lanegunak neuk antolatuta eta norabidea jakin-minaren mende utzita. Zer kontatu nahi nuen, ordea? Zer zen barruan ate joka nerabilena?

            Orri zuri baten aurrean eseri eta braimstorming-ari ekin nion. Zerrenda idazten hasi eta hantxe agertu zen bera, Claude, berriz ere. Aspaldian ikusi ez eta asko atsegin duzun norbait aurkitzea bezala izan zen. Ziztu bizian haren irudiak Interneten bilatu eta aukeraketa bat egiten saiatu nintzen (azkenean iritsi zen gure idilioa bizitzeko unea!). Janari bila dabilen katua bezala ibili nintzen irudi batetik bestera saltoka. Haren lan asko nituen gustuko, gehiegi, baina batez ere presentzia androginoa zutenek txunditzen ninduten. Androgino hitzarekin ere orduantxe egin nuen topo (horren oihartzuna ere sentitu nuen saihets artean). Clauderen presentzia androginoak... ai! (hasperen bat haren omenez!). Aktorea ere bazen hura, transformatzeko moduan nabari zitzaion. Argazki batetik bestera izugarri aldatzen zen: 20ko hamarkadako zirkuko gizon indartsua, panpina, alienijena, hindua, gizon arrunta... polita, deformatua, misteriotsua, itsusia... Claudek bere identitatea desegin eta berreraiki egiten zuen argazki bakoitza sortzeko orduan. Bere buruari baimena eman eta identitatearen mugak esploratzen zituen. Askatasuna transmititzen zidan haren lanak, jolasa. Hor zegoen gakoa.

            Sentitutako irrika eta inbidia esanguratsuak izan ziren niretzat eta hainbat galdera sortu zitzaizkidan neure baitan: Nik ematen al diot neure buruari nire irudi eta identitatearekin jolasteko aukera? Argazki hauek zergatik sortzen didate halako zirrara? Ni ere aktorea naiz, pertsonaiak landu ditut. Zer pertsonaia mota sortu ditut orain arte? Zergatik? Zer dut faltan? Eta egunerokotasunean? Nolakoa naiz? Zer da biriketan sumatzen dudan estutasun hau?

            Neure mugekin egin nuen topo, eta eroso sentiarazten ez ninduten hainbat rol aurrez aurre aurkitu nituen nigan. Rol horietako batzuk emakume izateagatik, soilik, ateratzen zitzaizkidan. Zer da, bada, emakume izatea? Nolakoak izan behar dute emakumeek, bada? Eta ni zer nintzen? Batzuetan emakume sentitzen naiz, baina beste batzuetan nire energia oso maskulinoa ere bada... Eztarrian intxaurra duen emakumea naiz gainera! Non daude mugak? Maskulinoa-femeninoa, emakumea-gizona... Bi kontzeptu bakarrik al dira beti, bata bestearen aurrean jarrita kontrakoak balira bezala?

            Nire identitatea disekzionatzen hasi nintzen: emakumea, gaztea, aktorea, ikaslea, azal zurikoa (arrosa hobeki esanda), euskalduna, heterosexuala (orain arte behintzat), ez dakit noren alaba, ez dakit norekin lan egiten duena, ez dakit noren neskalaguna, ez dakit zer taldetakoa, ez dakit zer herritakoa, blablabla... Hori al zen dena? Hori al nintzen ni? Biriketako estutasunak bertan jarraitzen zuen xvi. mendeko gerruntze bat jantzita izango banu bezala.

 

 

3. Ekin!

 

            Stereoren bitartez askatasun gehiagoko bide bati eman nion hasiera. Horregatik izan da hain garrantzitsua, eta hain dut maitea lan hau.

            Bideokamera besapean hartu eta Bilboko San Frantzisko auzoan dagoen kultur etxera abiatu nintzen entseatzera. Lehenengo aldia zen entseguak bakarrik egiten nituela, eta nahiz eta sentsazioa arraroa izan, aske eta ahaldunduta sentitu nintzen. Entsegu-gelan, ispilu aurrean edo kamerari begira, hainbat proba egin nituen. Behin grabatutakoa ikusita, galdera asko sortu zitzaizkidan: “Ene, zer aterako da hemendik!”. Batzuetan pornografia egiten nenbilela zirudien (eta ez dizut esango atsegina ez zenik), beste batzuetan, ordea, ikastolako poemen irakurketa. “Berdin dio. Aurrera!” (hemen berriz ere soinu-banda pelikuleroa ipin diezaiokezu testuaren irakurketari, epikoa bada, hobe: Thelma and Louise (Ridley Scott, 1991) imajina ditzakezu, edo Atreyu, Never end History (Wolfgang Petersen, 1984) filmeko protagonista Artax zaldiaren gainean. Antzerkian, txikitan aukeratu nuen lehen pertsonaia izan zen hori, izugarri gustatzen zitzaidan —emakumeok ere heroien paperak antzeztu nahi ditugu, ez heroiei liluratuta begiratzen dietenenak soilik!. Eskerrak gero Kill Bill (Quentin Tarantino, 2003) eta bestelakoak ere ikusi nituela). Baina tira, harira. Entsegu-gelan nengoen. Zer kontatu nahi nuen hura zehaztu nahian nenbilela, batzuetan galduta sentitu nintzen (ia sormen-prozesu guztietan gertatzen den bezala). Neure buruarenganako konfiantzak joan-etorriko billetea erosi ohi zuen entseatzera hurbiltzeko trena hartzen zuen bakoitzean. Alegia, batzuetan nire ondoan zegoen eta beste batzuetan batek daki non! Baina, poliki-poliki, kimua ernetzen hasi zen, forma hartzen.

            Batzuetan, entseatzera joan ordez, etxean irakurtzen igarotzen nituen egunak, eta irakurketa horietatik, gerora, entsegu-gelan probatuko nituen ideia eta irudi berriak sortzen zitzaizkidan. Pinball batean bezala, pilotak leku desberdinetan jo eta indarrez hartzen zuen hurrengo kolpea emateko norabidea. Eta pinball-ean bezala, baita ere, batzuetan argi distiratsu eta zelebrazio melodiak aurkitzen nituen; beste batzuetan, ordea, pilota zulora. 50 xentimo bota eta berriz ere partida hastera.

            Claude Cahunenaren ostean beste hainbat fletxazo izan nituen: Beatriz Preciado (2008), Judith Buttler (2006), Virginie Despentes (2009), etab. Haien guztien laguntzarekin generoaren hausnarketaren inguruan ibili nintzen dantzan. Orduantxe ohartu nintzen nire neurrikoa ez zen soineko bat neramala jantzita eta hura zela birikak estutzen zizkidana. Hain estu sentitzen nuen soineko hura, portzentaje handi batean gizarteak eraiki eta elikatutako zerbait zela ulertu nuen, gerora, norberak itsu-itsuan hainbat inertziaz indartzen duena. Une horretan hasi nintzen nire egunerokotasuna beste begirada batekin hausnartzen: “Zergatik sentitu naiz gaur hain txiki gizon talde honetan? Zergatik sentitu dut gaur nire ondoko neska hau konpetentzia izango balitz bezala? Noren aurrean konpetentzia? Zer lortu nahi dut bada? Ez nago eroso gizon honekin hitz egiten dudanean. Zergatik bukatzen dugu beti sedukzio-joko batean nik berarekiko benetako interesik ez badut? Eta hala izango banu, sedukzio mota bakarra al dago? Edo, bestalde, zergatik begiratzen diot nire gorputzari zerbait falta edo zerbait soberan izango balu bezala? Zer gorputz mota hartzen dut bada eredutzat?”. Galderak bata bestearen atzetik zetozkidan eta milaka ziren.

            1960 eta 1970eko hamarkadetan munduko leku askotako taberna, klub, izozki-denda eta kasinoetan ikus zitekeen gazteen areto-jolasa da Pinball-a. Malguki baten indarraren bitartez bola batek hainbat osagarri elektronikoz apainduriko taula bat zeharkatzen du; puxtarriak elkarren kontaktuan jarri edo talka egitean jokalariak puntuak irabazten ditu. Xedea da bola zulora erori gabe ahalik eta puntu gehien egitea.

            Denboraren joanean, hezur-haragizko bidai-lagun pare bat etorri zitzaidan opari. Biak, Ainhoa: bata Resano, argazkilaria, eta bestea Jauregi, aktorea. Eta bidaia elkarrekin egin genuen. Hainbat elkarrizketa izan genituen. Primeran ulertzen genituen bestearen galdera, bizipen eta inpotentziak. Behin, Ainhoa Resanok eta biok argazki batzuk ateratzeko hitzordua egin genuen. Hainbat hizketaldiren ostean, argi genuen zer zen kontatu nahi genuena. Berak manley batzuekin aurpegia margotu zidan eta nik ileordea, soinekoa eta zapatak eraman nituen. Zoragarria izan zen arratsalde hura. Ateratako argazkiekin txoro-txoro gelditu ginen, erabat maiteminduta. Bertan sortutako irudiek buruan genituen hainbat kontzeptutatik harago eraman gintuzten. Kamera aurrean askatasun handiarekin sentitu nintzen. Jolastu eta jolastu ibili ginen, gorputzarekin, esanahi desberdinekin... Plazera izan zen, zentzu guztietan.

 

 

 

4. Stereo (... eta hainbat gogoeta)

 

            Stereo izena jarri nion lanari, soinuaren munduan hitz horrek duen esanahiagatik: Desberdinak diren bi soinu-iturrik sortzen dute azkenean entzuleari iristen zaion soinu “osoa” edo soinu guztien batuketa den emaitza. Hori izan zen lanaren abiapuntuetako bat. Maskulinitatea zein feminitatea nigan sentitzen nituen bi ezaugarri ziren eta biek osatzen ninduten ni.

            Baina, esan bezala, ideia hori abiapuntua izan zen. Nik bi ezaugarri bakarrik aukeratu nituen (hori ere ez zen kasualitatea izan, gizarteak askotan bi kontzeptu horietara mugatzen baikaitu), baina, zergatik ez hiru? Zergatik ez lau? Behin hausnartzen jarrita, binomio horretara mugatzea labur geratzen zitzaidan oso.

            Lehen aipatutako idazle eta pentsalariak entzutea eta irakurtzea esperientzia aberatsa izan zen niretzat. Identitatea, generoa, gorputzak, nahiak eta desioak izendatzeko modu askotarikoak zeudela ikasi nuen. Norberak bere modura jasotzen du bizitza eta, zorionez, pertsona bezainbat hitz eta ikuspuntu aurki ditzakegu. Orokorrean, irakurritakoak, emakume bezala eta ikuspegi feminista batetik, nire egunerokotasunean bizitako egoerak izendatzeko tresnak ere eman zizkidan, eta babestua eta ulertua sentitu nintzen. Era berean, esan beharra daukat horietako testu gutxi batzuetan idazleak proposatzen zituen ideiak barneratzea kosta egin zitzaidala ere, irakurritakoak ez baitzuen nire bizipenekin bat egiten. Nigandik oso urrun sentitzen nituen idazleak partekatutako esperientziak. Baina irakurtze hutsak leiho berriak ireki zizkidan. Aniztasuna modu zabalagoan ulertu nuen, eta ikusi nuen bizipen arrotz horiek, nola edo hala, nire bizipenez ere hitz egiten zutela.

            Testu horietan beren gorputz, esperientzia, desio eta abarrengatik gizartearentzat normalak ez diren eta onartuak ez dauden ahots desberdinetara hurbildu ahal izan nintzen, eta haiengandik oso-oso gertu sentitu nintzen. Neu ere, desberdina eta ez onartua sentitu izan naiz askotan. Lehen aipatu bezala, banekien zer zen neurrikoa ez nuen soineko bat jantzita eramatea, aurrean duzunaren onespena bilatze aldera, zaren hori ezkutatu behar duzun sentsazioa edukitzea edo zuk aukeratu ez dituzun arauak dituen jolas batera jolastu behar izatea. Zuk ere sentitu duzu halakorik, ezta?

            Butlerrek galdera hau egiten du bere testu batean: nola sor genezake guztientzat bizileku askotariko, atsegin eta errespetuzko bat? Habitable hitza irakurri nuen nik, testua gaztelaniazkoa baitzen, “ŋCómo hacer de esta sociedad un lugar habitable para todxs?”. Habitable, hitz ederra. Gure gizartea gizarte habitablea al da? Nik askotan ez dut hala sentitu: talde-dinamiketan, ideologia desberdinetan, gauzak izendatzeko moduan, diskurtso iraultzaileetan, hiriak eraikitzeko eran, komunikabideek transmititzen dituzten berrietan...

            Stereo sortu nuenean, haserre nengoen eta hainbat gauzarekin nazka-nazka eginda. Lan horrek hori guztia bideratzen hasteko lagundu zidan.

            Azkenean, lau pertsonaia jaio ziren bidaia horretan:

 

 

Untxia

 

            Pertsonaien artean animalia bat sartu nahi izan nuen, besteak beste, animaliek eta emakumeok pairatzen ditugun hainbat indarkeria-egoeraren arteko antzekotasunengatik. Hainbat aukera probatu eta gero, untxiarekin gelditu ginen.

            Entseguak egiten genituen lokalean aurkitu genuen untxi maskara. Batzuetan horrela gertatzen dira gauzak. Askotan zera dirudi, gauzak lehenengo sakon pentsatzen direla eta ondoren probatu, baina beti ez da horrela izaten, zorionez. Sorkuntzak eta jolasak beste lege batzuk ere badituzte eta espero ez ditugun sorpresaz beterik daude. Arrazoia ez da beti aurretik joaten, intuizioak hartzen baitu askotan egoeraren gidaritza (nigan behintzat hala izaten da) eta gerora osatzen duzu hasiera batean eraikitzen hasi zinen diskurtsoa.

            Domestikazio prozesuan dagoen untxia da eszenatokian agertzen dena. Beldurrez dago bere jabeak esaten dionari obedituz eta, aldi berean, egoera horrek sortzen dion ezinegona pairatuz. Inposatutako jarrera eta mugimenduak ikasi ditu, baina ez ditu gustuko.

            Hainbat gogoetek bustitzen dute untxiaren barne-mintzoa:

            Domestikatutako animalia/emakumea.

            Non ezkutatzen naiz ni ikasiak ditudan jarrera hauek gauzatzen ditudanean?

            Ezinegona. Beldurra.

            Salto! Nik irentsi al dut giltza? Berandu iritsiko naiz!

            Berandu iritsiko naiz! Nor da nire jabe?

            Egunerokotasunaren loa.

            Basapiztia. Non dago nire burua? Inertzia. Krak! Nola bizi katerik gabe?

            Ez dago denborarik “Kaixo. Agur” esateko. Gustuko zaitut. Ez! Ez zaitut gustuko.

            Usain goxoa duzu. Hozka egin. Non dago soinekoaren kremailera?

            Nazkatuta nago. Irain nazazu, goxo-goxo. Ez dut munduko neskarik politena izan nahi.

            Gezurra.

            Zer duzu zuk esateko? Galdetzen diot nire aluari.

            Badakizu zer?

            Zer?

            “Por culo” hartzera!

            Gehiagotan entzun beharko nizuke. On egiten dit zurekin hitz egiteak.

 

 

 

Spray arteko neska

 

            Pertsonaia hau ez dago aurreko untxiarengandik oso urrun. Ihesi dabil bera ere. Usaina darie bere axilei, bere oinei, bere ipurdi eta aluari, baita bere pentsamendu eta desioei ere. Estali egin nahi ditu guztiak. Ez omen dira atseginak. Ez du zehazki gogoratzen non ikasi zuen hori, baina hala omen dira gauzak. Berak oraindik ez daki planeta honetan ez dagoela garen hori estaltzeko beste desodoranterik eta ihesi doa, baina bertikalean, lurrean zulo bat egiten duenaren antzera. Lur(in) azpian burua (eta horren atzetik gorputz osoa) sartu nahi duen ostrukaren antzera. Zenbat zabor irentsi ote du? Ibili zuzen eta izan atsegina. Babestu zaitez. Barre egitean zarata gutxiago atera. Baina ez irribarre egiteari utzi, neska! Izan liraina, leuna. Ez dut zure haserrea jasaten. Nire babesak kalte egingo lizukeela esan didate. Beti egiten duzu nahi duzuna. Kolore honek ez dizu batere dotoretzen. Zure ahots fina ez da entzungo zarata honekin guztiarekin, onena isiltzea. Geroago agian... Errespetu txarrekoa da gorputza bere horretan uztea. Errespetu txarrekoa da eskerrik asko ez esatea. Hobe isiltzea. Ez atentzio gehiegi deitu. Ahaztu egin al zaizu zoriontzea?! Ganorabakoa. Ez nuen uste halakoa zinenik, aurpegi goxo horrekin. Usain goxo horrekin.

 

            Eau de croket. Klik! Pum!

 

 

 

Ilehoria
(waiting for my man)

 

            Hirugarren pertsonaia hau ere zauriaren ertzetan dabil, baina parez pare begiratzen dio ikusleari pairatzen duen egoeraz jabetzen delarik. Askotan sentitu izan dut tristurak eta haserreak ez daudela sozialki oso ondo ikusiak. Kosta egiten zaigu gure alboan leku bat egitea, bidai-lagun bezala onartzea. Haserreak agian tristurak baino fama hobeagoa dauka hala ere, nahiz eta emakumeongan ez den oso ondo gelditzen.

            Hauskortasunak eta zaurgarritasunak ere ez dute oso prentsa ona. “Animo! Aurrera!” Eta halakoen atzean, askotan, minari begietara begiratzeko intolerantzia handi bat ezkutatzen dugu. Ilehoriarekin hori landu nahi nuen, minetik, zauritik begietara begiratzen dizunaren presentzia, gorputza, arnasa. Berak bere mina beldurrik gabe erakusten du. Bere zuloak ezagutzen ditu. Begiradek hitz egingo balute, hau xuxurlatuko luke bereak:

            Begiratu iezadazu. Zaurian nabil igerian. Ez dut itxaropena galdu hala ere, dekadentziaren erdian agertu baitzen begiradarik ederrena. Badakit non nagoen, zer uste duzu, nik baino gehiago dakizula nitaz ala? Waiting for my man. Zuk ez al dituzu ezagutzen? Adikzioa, haserrea eta mina. Isurtzen dudana edaten dut eta edandakoa isuri. Nire gameluaren zain nago. Ileordea, makillajea eta rock and roll-a. Feeling sick and dirty. Nire zauriek gustuko dute zure aurrean dantza egitea, ito egiten dira bestela. More dead than alive. Haizeak sendatu egiten ditu. Mercromina ezpainak margotzeko erabiltzen dut, ikatzak belztu dizkit begiak eta arima argiz beteta daukat.

 

 

Ralph

 

            Askatasuna, jolasa eta transformazioa. Ralph. Nire kuttuna. Kaiola batean gordeta izan duzun piztia aseezina askatzea, barru-barrutik jaioa, plazera! Lauretatik lehena. Identitatearekin jolasean, nire ni androginoetako batez erditu nintzen. Etiketetatik ihesi, “Ez nekien neska edo mutila zen begien aurrean nuena, zer zoroa!” esan zidaten behin. “Helburua lortua!” pentsatu nuen nik. Beste batean, “Hori al da gizonekiko duzun irudia?”, “Barkatu?”, nik. “A!, ze pazientzia...”.

            Nire fantasia bat gorpuztu dut Ralphekin. Maskulinitatearekin edo gizontasunarekin zerikusia duela? Baita ere, jakina. Izugarria da zenbateko boterea sentitzen dudan pertsonaia hori ateratzen dudanean. Zer den, gero, gizon mozorroa janztea... (kasu honetan bibote bat, betaurreko batzuk, galtzak eta zapata pare bat, besterik ez). Hain barneratuak ditugun kodeak hausnartzen eta gorpuzten ditugunean ohartzen gara eraiki dugunaz. Ralph antzeztean jabetzen naiz azalpenik emateko beharrik ez duen pertsonaia bat dela. “Naizena izatearekin nahikoa da, ez dut gehiago demostratu behar”. Hau lasaitasuna! Emakume mozorroa janzten dugunean ezaugarri hori oso-oso gutxitan agertzen da.

            Ralph, bere meandro artean dabil, bere goseak ezin ase. Bila eta bila, esku artetik ihes egiten dion identitatearekin jolasean, beretzat baliagarria den zerbait eraiki nahian. Latexezko eskularruak dira bere objektu kuttuna. I’ll your mirror. Eta ez al da egia? Ni zurea eta zu nirea. Ez al gara gu ere apur bat horrelakoak? Ez al ditugu guk ere gure zulo aseezinak? Zuk zureak eta nik nireak. Ez al gabiltza gu ere animalia gosetu baten antzera zerbaiten bila? Noiz arte, ordea? Zer dago honen guztiaren atzean?

 

            Stop.

 

 

 

 

5. Bukatzen

 

            Stereo sortzea abentura eder bat izan zen. Etxean obrak egin izan banitu bezala sentitzen nintzen: paretak bota, etxea handitu, kolore berriz margotu eta hormak leihoz bete. Nire pentsatzeko moduari txiribueltak eginarazi zizkioten irakurritako testu, ikusitako irudi eta partekatutako elkarrizketek, eta baita sortutako pertsonaiak antzezteak ere. Nire inguruko espazioa zabaltzen hasi zen, aire gehiago sumatzen nuen unean uneko nintzena izateko; ez modu batekoa, ezta bikoa ere, mila modutakoa baizik.

            Lan hau taularatzen dudan bakoitzean parranda gustura egin duenaren gorputz onarekin itzultzen naiz etxera. Dena den, egunerokotasunean galderek, inertziek, estutasunek..., tarteka, hor jarraitzen dute; beste modu batean bizitzen ditut gehienetan, zorionez, baina oraindik ere bidea geratzen da aurretik. Ez da erraza, joder! Gauza asko dnan sartuta dauzkagu, azalean itsatsita, txikle gehiegi murtxikatu baten antzera. Duela urtebete oso gustura irakurri nuen Berrian Gorka Erostarbek Miren Narbaizari egindako elkarrizketa (Berria, 2016-08-06). Berak ahalduntze prozesua arantzaz josita dagoela zioen, eta hala da. Bagoaz baina poliki-poliki aurre ra, elkarri laguntzen, elkar zaintzen eta elkarrekin gozatzen.

 

 

Bibliografia

 

Butler, Judith (2006): Deshacer el genero, Paidos Iberica, Buenos Aires.

Despentes, Virginie (2009): Teoria King kong, Melusina, Bartzelona.

Preciado, Beatriz (2008): Testo Yonqui, Espasa, Madril.