9. AGERRALDIA: AGURRA
FERMIN: Bitxia dun, Odei. Aspaldion herrira itzultzeko ideia nerabilenan buruan. Hegan egiteari utzi, hankak lurrean plantatu, bizitza berri bat hasi... Keba! Hirekin hitz egin nahi ninan, horixe hunan kontua. Baina ez neukanan esateko ezer. Eta esateko ezer eduki ezik, zertarako hitz egin... Ikusten dun, hire heriotzak bildu gaitin berriz lagunok. Seguru nagon hik bakarrik imajinatuko hunala gu berriz biltzea katastrofe bat izango zela. Baina ez dun hire errua. Ederra litzateke hildakoari egoztea guk bizitzen ez jakitearen errua...
Bere garaian agurtu gabe joan nindunan, eta hara: oraingoan berandu iritsi naun.
Barkatzen didanala sinetsi nahi dinat. Nik, behintzat, barkatzen zionat nire buruari.
EIDER: Ni... Zea... Mozkortuta nagon oraindik, Odei. Eta barkatuko didan baina eske ikusten ditinat beste horiek euren serio aurpegiekin, eta barregura sartzen zaidan. Piztiak ditun, Odei, animalia basak. Orain ere hilkutxa beharrean ni ikusten naiten, eta bazakinat begiradarekin biluztu nautela behin eta berriz. Eta gustatzen zaidan. Dioss! Libidoa igota zeukanat erabat, ez zekinat zer gertatzen zaidan! Ez dun hirekiko errespetu falta, bizirik gaudelako dun. Inoiz baino biziago sentitzen naun...
ZIGOR: Jun haz, Odei. Ta hamen gazan oin danok heuri begire, triste plantak eitxen. Baña ezton egixe. Gaba osuen ziher ez gaitxun higaz akordau. Edo bai..., etxakixenat. Hamen bakotxak beriai beitzejotsen. Hipokrita hutsek gaitxun. Generaziño aborto bat. Bazpadako jentie. Jente normala esaten jakona. Putaseme kuadrilla bat. Oin gusto txarreko txiste txar bat eingo baneu, atzeko batzuk barre eingo leuke, ta beste batzuk hasarre plantak. Hik eztauken itxuraik ein biherrik, Odei.
Ta nik, behingugaitxik ezijunat. Etxosten urtetan negarrak. Baña barru-barruen harri-koxkorrek miñ emotejostene. Ta hau ezton antzerkixe.
KAIET: Ez dun haizu, redios, ez dun haizu. Dei bat, bisita bat... Ez ninan hainbertze merexi? Ez hintzen ezteietara etorri... nere haurrak ez ditun ezagutu ere... Ene tripako mina aurpegira bota didan kaka bezala. Ez dun haizu. Ez dinat maite goiz guziz mirailan ikusten dudana baina hoi nun. Hiretzat ez aski. Soizan, soizan... bo...
Hire gisara mintzatu haiz, beti bezala.
Espero dinat sufritu dunala nik orain sufritzen dudana. Ez dun haizu, bazekinat, baina hala sentitzen dinat, Odei, maite haunat oino...
PILI: (Telefonotik) Joder, tia... ya te vale! Denok elkartu gattun higatik eta hi azaldu re ez. Hi, beti bezala, txian. Ta hemin bakotxak bere... Ay dios, hasi naun desbariatzen. Pues hori tia... ke ya te vale... Ezin dun beti etxin sartuta eon, e... Haize pixko bat hartu behar dun. Bihar dettukoñat. Uain hobe dinagu denok lo ittera joan, miñon bihar deitukoñat, ta hartu ezan telefonoa. Hik nahi dunana ingoñau: itsasoa kustera joan do hiria erre! Miñon atera in behar dun, bale? Ongi lo egin. Bihar arte.
ERRAMUN: Erre, fite erratzen gutün. Gaitzena ükhüatzia dün. Partida jarraiki behar diñagü. Eztün erremedioik. Bena hordagua eztün deujentako galtzen ahal. Heiñin jokhatü behar diñagü. Pitua hi! Eta pitua ni! Galtzen baizik ikhasi ez dügün astapituk. Zer eginen diñagü? Sei gütün oai... sei! Eztün zunbaki bat hoi. Sei, dozena baten erdia. Arrautzeen kuntatzeko baizik eztin balio. Eta nik arrautze muleta bat egin nahi diñat: tortilla francesa. Dena zapartazi nahi diñat, gorrinkuk eta xuinkuk oro nahasi. Tortilla frantses bat... hoi gütün oai.
DENAK:
Elkar gaitezen lagunok
Ilunik da eguna
Kanta dezagun euskaldunok
Giza batasuna
Eskutik ondo loturik
Bihotza zabalik
Kanta dezagun barrenetik
Anaiok beti zutik
Gora euskal gogoa
Gora jaungoikoa
Gora gure euskara
Gurea geroa