Euskal ikastola, Xabier Gereņo
Egan, 1/6-1983

 

I

 

(Lehengo ikastola berean).

 

ANDEREÑOA ta GIZONA

 

(Andereñoa jezarrita dago, paper batzuk aztertzen. Gizonak burua agertzen du).

 

GIZONA: Idoia?

 

(Andereñoa zutik ipintzen da).

 

ANDEREÑO: Ola! Nire izena be ikasi duzu?

GIZONA: Hori da nire ofizioa, jendeari ematea, erosi dezaten: klienteen izenak eta gustuak ezagutu, gero eurekin zertaz hitz egin jakiteko.

ANDEREÑO: Klienteen gustuak esan duzu? Horrek esan nahi du nire «bizitza pribada» be aztertzen ibili zarela.

GIZONA: Jakina ba!

ANDEREÑO: Horrelakorik! (Zirikalari). Eta... niri buruz, zelako informazioa hartu duzu?

GIZONA: Hori, «sekreto profesionala» da.

 

ANDEREÑOA, GIZONA ta SEÑORITA

 

(Atean, andra bat agertzen da. «Señorita estúpida» delako bat).

 

SEÑORITA: Buenos días.

ANDEREÑO: Egun on. Zer nahi duzu?

SEÑORITA: Hau, kolejio bat da, ezta?

GIZONA: (Señoritari goitik behera nabarmenki begira). Bai.

SEÑORITA: Ba, nik, alaba bat daukat eta...

GIZONA: Zure alaba horrentzat hau baino leku hobeagorik ez duzu bilatuko.

SEÑORITA: Hori nahi dut nik bat. Nire alabarentzat leku hoberena. Gu, jende inportante gara.

GIZONA: (Burlaz). Bai. Hori bistan dago.

ANDEREÑO: Zenbat urte dauka zure alaba horrek?

SEÑORITA: Sei urte.

ANDEREÑO: Ederto. Etorri leiteke. Eta, euskeraz ba daki?

SEÑORITA: Euskeraz? Qué pregunta!

GIZONA: Horrek, baietz esan nahi du.

SEÑORITA: (Gizona despresioz begiraturik). Horrek ezetz esan nahi zuen.

GIZONA: Bueno, ba hemen ikasiko du.

SEÑORITA: Hemen euskera ikasiko duela?

GIZONA: Bai.

SEÑORITA: Qué atraso!

GIZONA: Atraso? Atrasoak gero... ez dira beti txarrak izaten. «Cobrar los atrasos» gauza ederra izaten da. Eta, zeruan be, azkenak lehenengoak izango direla dinoe.

ANDEREÑO: Euskera ikastea gauza ona da.

SEÑORITA: Uf! Pa qué sirve eso!

GIZONA: «Pa qué sirve» esan duzu? Horrelakorik!

SEÑORITA: Bai. Ni andra praktikua naiz. Nik, zeozetarako balio duena bakarrik egiten dut. Balio ez duena, tontoentzat.

GIZONA: Orduan, zuk dirua irabazteko balio duena bakarrik nahi duzu.

SEÑORITA: Bai. Dirua da gaur nagusi.

GIZONA: (Andrari urreratzen jako). Eta, zertarako balio dute hor belarrietan dituzun arrakadak? Zer probetxu ematen dautzute dirutan hor eroatearekin?

SEÑORITA: Dirutan... dirutan ez. Hori apainduri bat da.

GIZONA: Eta... neguko egun gogorretan, zergaitik agurtzen duzu jendea «egun on» esanda? «Egun on» esan eta hotzez dardarka! Dirurik lortzen ete duzu hortik?

SEÑORITA: Ez, hori esatea kortesia bat da.

GIZONA: Ikusten duzu? Munduan ez da guztia diruarekin neurtu hehar. Ba daude zuk aitatu dituzun APAINKETA, KORTESIA... ta beste asko.

SEÑORITA: Ez pentsa zure hitzekin nahastuko nauzunik

GIZONA: Hori, ba nekian zu ikusi orduko.

SEÑORITA: (Haserre). Zer esan nahi duzu horrekin? Astoa naizela?

ANDEREÑO: (Bakea ekarri nahian). Parkatu. Baina zeozer esan nahi dut. (Andrari). Hara. Guk hemen ahal dugun ondoen erakusten dugu. Gure ikastola hau da gure herrian dagoen kolejiorik onena. Joan dan urteko esaminetan, gure umeak danen artean lehenengoak geratu ziren. Beraz, kolejio on bat nahi baduzu, hemen daukazu gurea.

SEÑORITA: Baina... euskera...

ANDEREÑO: (Bizi). Euskera ez da eragozpenik, laguntza baino. Hara. Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, hobe. Burua, adimena, hainbat eta argiagoa.

SEÑORITA: Frantzeza izango balitz...

ANDEREÑO: Ikasiko dute frantzeza be. Baina hasi, hasi euskeratik.

SEÑORITA: Eta zergaitik euskeratik?

ANDEREÑO: Geurea dalako.

GIZONA: Euskera da munduko hizkuntzarik zaharrena, ederrena.

ANDEREÑO: Ez horregaitik. Nik ez dakit munduko zaharrena ala ederrena dan, ezta jakin beharrik be. Euskera maite behar dugu geurea dalako, eta akabo.

SEÑORITA: Eta zertarako...

ANDEREÑO: Zertarako balio duen galdetu nahi zenuen?

SEÑORITA: (Lotsati). Bai.

ANDEREÑO: Hara. Lehen ikusi duzu munduan, diruz gainera, beste gauza batzuk be kontuan hartu behar direla Euretariko bat, herri baten nortasuna. Hizkuntza bat, ez da bakarrik hitz egiteko tresna bat. Hori baino besterik ez balitz, onena hartu ta besteak kendu, ta kito. Baina ez, hizkuntza bat hori baino gehiago da: herri bateri bere nortasuna ematen dio. Gu euskaldunak gara euskera dugulako. Euskera galduko bagendu, ez ginateke gehiago euskaldunak izango. Baina ba dago gehiago. Hizkuntza batek kultura berezi bat sortzen du, ta biak, hizkuntzak eta kulturak horrek, herria moldatzen dute. Gu gara garen lakoak euskerari eskerrak. Hizkuntza batek, gure adimenean, gure barruan, guk uste dugun baino lan gehiago egiten du.

GIZONA: Brabo, andereño! Uste nuena baino gehiago zara.

SEÑORITA: Bueno, ba. Horrelan bada...

ANDEREÑO: Ez, ez dut zure alaba hona indarrez ekarri nahi. Proba bat egin zenezake. Bialdu ezazu hona, ta gauzak zelan doazen atsegin bazaizu...

SEÑORITA: Bai, hori egingo dut. Eta noiz ekarri behar dut?

ANDEREÑO: Gaur berton, nahi baduzu.

SEÑORITA: Agur ba. Arratsaldean ekarriko dut.

ANDEREÑO: Agur.

 

Euskal ikastola, Xabier Gereņo
Egan, 1/6-1983