Euskal ikastola, Xabier Gereņo I (Ikastola bat. Horman, letra haunditan: «Euskal Ikastola». Behean, andereñoaren mahaia ta umeenak). ANDEREÑOA, UMEAK eta GIZONA (Andereñoa, bizia, alaia, jatorra. Zutik dago). ANDEREÑO: Ea, Iñaki. Zenbat dira 17 ta 15? IÑAKI: Ba... ba... 33. (Beste umeak barre. Batzuek eskua jasotzen dute). ANDEREÑO: Txarto esan duzu. Ea, zuk, Aitor. AITOR: 32. ANDEREÑO: Ondo. Orain, zuk, Oier. Zenbat dira 24 eta... (Atean buru bat agertzen da. Ikastolakoak haruntz begiraizen dute. Gizon gazte bat da, eskuan kartera bat dakarrela. Oso berritsua ta alaia). GIZONA: Egun on, andereño ta umeak. Kontxo! Zelako ikastola polita daukazuen! Kontxo, kontxo! ANDEREÑO: Hori esateko besterik etorri ez bazara, esan duzu ta orain ospa, ospa hemendik, lanean gaude ta. GIZONA: Ba, ni neu be, lanean nago. ANDEREÑO: Ez dirudi, ba, lanean zaudenik. GIZONA: Ea, umeak. Erakutsi zelako boligrafoak dituzuen. (Erakusten diote). GIZONA: Horrelakorik! Kaka, kaka hutsa! ANDEREÑO: (Haserre antzean). Kontxo ta kaka ta... zer da hizketa hori? Zer uste duzu dala hau? Tabernaren bat ala? Hau ikastola bat da, kultura etxe bat. Eta ez hemen horrelako hitzik erabili. GIZONA: (Koipetsu). Barkatu, andereño. Baina nire denporetan ez zegoen euskal ikastolarik eta, beraz, nire kultura eskasa da. ANDEREÑO: Ea, amaitu arin. Esan behin betiko zer nahi duzun. GIZONA: (Kartera zabaltzen du). Boligrafoak. Daudenik onenak. Berez idazten dute, berez, ortografiazko falta barik. ANDEREÑO: Ba ditugu boligrafoak, eta sobran euki be. GIZONA: Ez diot ezetz, baina ez hauetarikoak. Ikusten duzu hau zein polita dan? Gorri gorria, zure espain ederren antzekoa. Eta zu zeu zarelako, erregalu moduan eskaintzen dautzut. ANDEREÑO: Erosi nahi nauzu? Ez dut nik zure erregaluen beharrik. Ale, batu guztia ta ospa, ospa hemendik! GIZONA: Itxaron apur baten! Ez zaitez hain prisatia izan. ANDEREÑO: Hemen lanean geunden. GIZONA: Lanean zeundeten eta lanean gaude. Nork esan du besterik? (Karteratik paper batzuk ateraten ditu). Eta honelako blokerik? Ikusi dituzue inoiz honelako blokerik? «Txistulari» markakoak. Ikusi hemen txistulari bat. ANDEREÑO: Ez dugu ezer behar. Hemen, «konpleto» gaude. «Konpleto», ta zu sobran zaude. Beraz... (Atean neska bat agertzen da). NESKA: Andereño: zuzendariaren partez, etortzeko. ANDEREÑO: Bai, ba noa. Euskal ikastola, Xabier Gereņo |