10. AGERRALDIA
(medikua sartuko da segidan. Pasabiderako bidean poltsikoetan txartela bilatzen hasiko da. Topatzen ez duela ikusita, bere poltsa banku gainean jarri eta bertan gordeta dituen trasteak ateratzen hasiko da, horien artean albaitarien zenbait tresna, baina albaitarienak direla nabari ez den moduan, mediku bat dela pentsarazten duten objetuak izan daitezela)
EUGENIO: (Banku gainean tresnak ikusita) Medikua beraz...
MEDIKUA: Antzeko zerbait... (emakume honek, barre erraza izango du, hizkera ere nahiko bitxia)
EUGENIO: Eguberriak eta gero lan piloa osatuko zaizue ba zuei.
MEDIKUA: Bueno... (Bere txarteltxoaren bila jarraituz poltsan)
EUGENIO: Ahoa dabilen bitartean, sabela pozik, gero kontuak.
MEDIKUA: Zer egin ote diot nik metro txartelari? Ea bisitatu dudan etxean ahaztu dudan... (Pentsakor)
EUGENIO: Bonoa al zenuen?
MEDIKUA: Bai ba, eta atera berria gainera.
EUGENIO: Ba, zoaz bila
MEDIKUA: Etxe horretara itzuli? ezta pentsatu ere. Hura eroetxea...
EUGENIO: Senide guztiak gaixorik ala?
MEDIKUA: Burutik jota denak behintzat.
EUGENIO: Neuk ere makina bat ero ezagutu dut gaur.
MEDIKUA: Zazpietan heldu naiz hara eta begira, zortziak dira, ordubete oso-oso bat egin dut han, alfer-alferrik.
EUGENIO: Zertan?
MEDIKUA: Zertan? Horixe diot nik ere (barre txikiak) Mobilera deitu dute eta ni, joan. Jendez gainezka zegoen etxea eta emakume bat, ohe gainean zapuztua.
EUGENIO: Eta?
MEDIKUA: Emakumearen senarra izango zela pentsatu dudan gizonezko bat hurbildu zait eta bere emaztea sendatzeko eskatu dit, ia-ia erreguka. Ni hasi naiz esplikatzen ni ez naizela... eta bat-batean, emakume horren anaia omen dena sartu da eta han hasi zait, ea zer duen bere arrebak, bera Bartzelonatik etorri dela bisitan eta ezbeharrekin topo egiteko batere gogorik ez duela...
EUGENIO: (Egoeraz jabetzen, pixkanaka hariak lotzen hasita) Bartzelonatik?
MEDIKUA: Ezta errua nirea balitz ere... Jan eta hozten dena, espainola den seinale. Emakumeak, pastel triste bat jan eta ohean erdi hilda.
EUGENIO: (Beldurtzen hasia) Baina zer diozu?
MEDIKUA: Telefonoz deitu dute ni han nengoela. Iloba omen zen, pastelak oparitu dizkiona izebari. Ja, ja! Ia-ia negarrez hasi omen da tipoa. Eta ni, hitz egin nahian: ni ez naizela ba...
EUGENIO: (Moztu egingo dio) Bartzelona, izeba, pastelak... Menorkako pastelak! (Eskuak burura eramanda) Aintzane!
MEDIKUA: Aintzane ez, etxe hartan ez zegoen Aintzanerik. Bueno, hori diozula... izen hori aipatu du etxeko alabak, liburu artean bizi dela dirudien tipa hark...
EUGENIO: Eta? (Urduri)
MEDIKUA: Hantxe denak nire gainean, eta ni, emakume harekin zer egin ez nekiela!
EUGENIO: Sendatuko zenuen baina! (Oso kezkatua)
MEDIKUA: Sendatu? Jo ta bertan zerraldo geratu ez da ba! Luze-luze, ohe gainean. Ja, ja!
EUGENIO: Baina nola? Zer zuen ba? (Aluzinatuta)
MEDIKUA: Auskalo! Albaitaria nintzela esaten utzi izan balidate... Baina ez... Han ez zen posible ezer esatea...
(eugenio lurrean belaunikatuko da bat-batean)
MEDIKUA: Erlijioa bihotzean dago eta ez belaunetan.
EUGENIO: Nik galeraz nezakeen heriotza hori, nik galeraz nezakeen! Nola ez naiz orain arte konturatu!... Menorkako pastelak, Xabinen arrebarentzat ziren, era berean, Aintzaneren senarraren izeba dena. Noski! Gizon petral hura, esaeretan ni baino gehiago zela uste zuen hura, senarra. Jakina, emakumez mozorrotutako tipoa... Ai ama Jainkoa...
MEDIKUA: Ertzaintza etorri da gero, argiketak. Autopsia egingo diotela esan dute eta ni errugabetzat jo eta gero, azkar alde egin dut nik handik. Honezkero, susmagarri bila hasiak izango dira... Ja, ja! Eta ni, albaitari arrunt bat, saltsa honen erdian...
EUGENIO: Ez ba! ez ba! ez ba! Itsurik txarrena, ikusi nahi ez duena! Beherakoa baino emango ez ziotela esan ez zidan ba! (Erdi negarrez)
MEDIKUA: Hara, hemen ez dago ba txartelik. (Bere trasteak berriro poltsan sartuz). Autobusa hartu beharko dut. Neumoniarekin dagoen txakur bat bisitatzera noa. Eta horrekin, kitto gaurko nire lan orduak. (Eta agurtu ere egin gabe, alde egingo du)
EUGENIO: (Oso urduri, alde batera eta bestera mugituz) Nik jakin behar nuen, ba, zer gertatuko zen, nik ikusi behar nuen! Jainkoak barka nazala! (Ardo botila eskuetan hartuko du eta hutsik dagoela ikusiko du) Jainkoak hil dezala urez nire egarria. Noski, orain Ertzaintza, ...etorriko dira nigana, seguru. Ia senide guztiekin egon naiz gaur eta!
(metrozainaren ahotsa entzungo da barrutik)
METROZAINA: Eugenio! Eugenio! Hemen gizon bat hire bila...
EUGENIO: Ikusten? Badatoz, banekien! Ni banoa hemendik! (Pasabiderantz hurbilduko da eta atzerako keinua egingo du, trasteak jasotzera balioa bezala baina keinu baino ez, ez baititu jasoko)
EUGENIO: Zortzi urtetako lana...batez! Azkenean egia izango duk: Ofizioa, ongi bizitzeko kondizioa. (Pasabidea desblokeatuko du eta beste txartel bat jakatik aterata, alde egingo du)
METROZAINA: (Eszenatokian agertuko da.) Hi Eugenio, gizon bat hire bila zebilek, beste tipo xelebre hori, karpeta bat galdu duela edo esaten... Eugenio? Eugenio? ...Esaten nian nik: Bertsotikan ez dela inor bizi!!