Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
[aurkibidea]

 

5. AGERRALDIA

 

(Pasabidera hurbildu, eta berriro blokeatuko du. Horretan emakume gazte haserrati bat sartuko da, jenio bizian. Pasabidera hurbilduko da eta ez dabilela ikustean, ostikoka hasiko zaio, geroz eta indartsuago)

 

EUGENIO: E! e! Puskatuko duzu!

NESKA: Eta? Zuri zer axola? Tramankulu hau ez dabil eta (behera begiratuz) lau minutu barru metroa dator. Zuk uste duzu normala dela? (Haserre)

EUGENIO: Askona den baratzan, belar ugari.

NESKA: Hara! ez niri adarrik jo, e? Zu bezalakoak asto jaio, asto bizi eta asto hil.

EUGENIO: Bakoitzak bere astoari arre, guapa. Goizeko hamarrak baino ez eta arrantzan ari zara jada! (Astoaren arrantza imitatuz)

NESKA: Astoa badakizu nor den? Nire senarra. Itoko nuke!

EUGENIO: Urte gehiegi ezkonduta agian...

NESKA: Duela 15 egun ezkondu ginen eta! Atzo heldu ginen eztei-bidaiatik. Ai... Nork agindu ote zidan niri ezkontzeko. Pentsa, amari galdetu nion duela hilabete batzuk ezkontzea erabaki genuenean: Ama, zer da ezkontzea? Eta erantzun zidan: Alaba, da irutea, erditzea eta negar egitea. Ai... orduan entzun izan banio... (Haserre, asko mugituz, esaten ari denari mugimendua emanez, antzeztuz alegia.)

EUGENIO: Aitonaren batekin ezkondu zara, ala?

NESKA: Hara, gazte zaharra, horixe da. Badakizu zer egin duen, e? Metroa!!! (Barandara hurbilduko da eta metroak ihes egin diola ikusiko du) Nire metroa, nola liteke baina...

EUGENIO: Hurrengoa, zazpi minututara.

NESKA: Ba! Zertarako presa? Doala amarengana, hark bezalako bazkaririk prestatuko dionik ez omen da! Entzun egin behar gero... Baina ez, ez naute ondo ezagutzen...

EUGENIO: Agian ez ezagututa hobe... (Ironiaz)

NESKA: Aizu!, ba bai, agian hobe. Baina badakizu, ordea, zer egin duen? Menorkara joan gara eztei-bidaian eta 15 egun, 15 egun pasa ditu senideentzat opari bila. Hondartzara? Batez, gauean eskutik helduta paseatzera? Batez... Ohean goxo-goxo? Hasi ni bera laztantzen eta: Aintzane! Zer iruditzen zaizu aitari bonsai horietako bat eramango bagenio? Baratzan landatuko luke, ez duzu uste?... Zuk uste duzu horrela balitekeela?

EUGENIO: Bueno, senideekin gogoratzea ondo dago. Hala ere, zu bezalako emakume baten laztanei ezetza ematea ere...

 

(eugenio eta neska berriketan ari diren bitartean, telefonoko neska sartuko da. Zuzenean telefonora joango da eta txanponak telefonoan sartzen hasiko. Bitartean beste biak entzungo ez den elkarrizketa batean arituko dira.)

 

TELEFONISTA: Ederki kenduko nizuke nik mina. Musuak laztanak eta kitto. Zure musu batengatik zer ez nuke emango nik. E? bai, bai, hitz egingo dugu, aklaratu bai. Eta bat-batean zu laztantzeko gogoa sentitzen badut... ezetz? Zuk ere ez duzu hori sinesten. Ahoa estaliko dizut horrenbeste gogoratzen dituzun ezpainekin.

 

(Berriro eugenio eta neska...)

 

NESKA: Egon, egon. Horrela hamabost egunez, hamabost egun luzez. Hala ere ez dakizu handiena. (eugenioren ondoan eserita, zigarro bat aterako du eta beste bat eugeniori eskainiko dio)

EUGENIO: Erre nik? Ez neska, ez. Bizioa, kalte egiten duen afizioa.

NESKA: A, noski. Ardorik ez duzu edaten zuk, ezta? (Botilari begiratuz) Ze kalte egingo dizu, ba, zigarrotxo batek?

EUGENIO: Tabakoaren mesederik handiena, kalterik ez egitea.

NESKA: Kalte? Kalte ederra egin behar diote pastelek nik dakidan bati... Ekatzu ardo tragoxka bat, ze demontre! Hamabost egun bere senideen opariak erosten. Amari, aitari, anaiaren emazteari... (Ardoari beste trago bat emango dio) Ja! (Erdi erotzen)

EUGENIO: Diru asko gastatu duela eta haserre zaude. Ezkon berritan dirua oparietan gastatzeko baino beste zerbaitetan erabiltzeko gorde beharko luke. Ulertzen zaitut, bai. (Banku gainean dagoen tabako paketetik zigarro bat hartuko dio neskari eta jakako poltsikoan gordeko du, neska konturatu gabe)

NESKA: Dirua? Ez ba! Bestela gastatu ez eta horrela gastatu nahi duela? Segi, segi. Ez da hori. Hamabost egun opari bila bere (ironiaz) senideentzat, eta bere izeba sorginari, Menorkako gozotegi hoberenetik bi dozena pastel ekarri ez dizkio ba!!

EUGENIO: Izeba gozo zalea akaso?

NESKA: On egin diezaiotela ba. Ez du gaur egun ederra pasatuko. Baina entzun, entzun... Erosi ditu beharrezko guztiak, bere izeba zuhurrarentzat pastelak eta guzti, eta esaten diot nik aireportura abiatu baino lehen: Joseba, amari zerbait erosi beharko nioke. Hor ondoko bitxidendan zerbait hartuko diot. Eta berak: ez, ez, orain bagoaz, ez dugu astirik. Eta egunero esaten nion: Joseba, nire amari ere hartu behar diogu zerbait. “Bai, bai, oraindik badugu denbora”. Ba, Sondikan, Sondikan hartu behar izan nion Menorka jartzen zuen giltzatako triste hau. 15 egun han eta bueltan, hementxe erosi behar zerrikeria hau. (Erakutsi egingo dio) Bitartean, bere izeba harroputzari bi dozena pastel. On egin behar zion!

EUGENIO: Horrek beti erratza etxe aldera pasatzen du, e!

NESKA: Ba pentsatu beharko du ba orain hori aldatzen dela, ezta? Horretarako hantxe, ama eta izebaren gonapean egon zedila. (Ardoa edaten jarraituko du eta beste zigarro bat piztuko du)

 

(Telefonoko neskari entzungo zaio berriro ere)

 

TELEFONISTA: Bai, maite zaitut. (Isilunea) Um... bai, e, agian. Ea, ea, ea... Ahaztu hori, pentsatu uztailaren 17an, 26an... zugana joan nintzeneko egun hartan. Gogoratzen duzu? Gazta eta ogia atera zenituen afaltzeko eta ez zenidan jaten uzten! Barre egiten duzu? Denbora guztian laztanka eta musuka aritu zinen, eta zein lotsatuta nengoen ni... “Gelan jarraituko dugu hitz egiten” esan zenidan gero. Bai... hitz egiten. Bi ordu baino ez genituen izan gau horretan lo egiteko. Eta iratzargailuak jo zuenean? Eskuetan hartu nuen, bai, oraindik lo nintzela eta ez nekien zer egin berarekin! Ja! Zuk kendu zenidan eskuetatik eta itzali. Ai maitea, zoragarria zara, hain maite zaitut...

EUGENIO: (Beste zigarro bat hartuko dio eta bere poltsikoan ezkutatuko du) Ondo gogoratuko duzun bidaia beraz... Jango zenuen, baina, zuk ere pasteltxoren bat, ezta?

NESKA: Nik? Ja, Ja, Ez horixe. (Bazter guztietara ondo begiratu eta isilean) Pastel horiek ez janda hobe. Etxera heldu ginenean, amorruaren amorruz, saguak akatzeko hautsak hartu eta senarra bere amatxori telefonoz deitzen ari zitzaion bitartean, pastelen kaxa zabaldu eta ale, ale! kalte egingo ote din! gainera bota nien. Ja, ja, ja.! Ez al da barregarria?

EUGENIO: Zer diozu? Benetan ari zara? Ja, ja! Halakorik sekula entzun dudan... Pentsa zure senarra nola jarriko den, bere errua dela uste izango du.

NESKA: Eta hala da.

EUGENIO: Izeba gaixoa...

NESKA: Ez, sorgin horri beherakoa baino ez zaio jarriko, besterik ez. Urte zaharreko afarian beste komentariorik ez dute izango, pastelak gora eta behera.

EUGENIO: Eta Aintzane mutu. Lehenean barka, bigarrenean marka, hirugarrenean urka.

NESKA: (Ardoari kolpeka) Izeba horrek Josebaren amari egin dizkionak eta gero... Eta bi dozena pastelekin Menorkatik bueltan... Ba nahi badu ta ez badu, sufritu beharko du.

EUGENIO: Eta ni, ezkongaietan putzak ere usain ona zuelakoan!!

NESKA: Usaina ona da, kiratsa txarra.

EUGENIO: Bide luze baten hasieran baino ez zaude eta zure amorrua ulertzeko modukoa den arren, ezin ibiliko zara beti sagu pozoina erabiltzen.

NESKA: Ezetz? (Begirada zorrotza) Beharrezkoa bada, ala! banan banan fuera. Esaten nizun ba nik ez dutela Aintzane Segura ezagutzen.

EUGENIO: Ai neskato, neskato... Ixtant bat eta denak ahantziko dituzu, beste ixtant bat eta denek ahantziko zaituzte.

NESKA: Zerorri hala gertatu zaizulako diozu hori...

EUGENIO: Nire historia luzeegia da, polit hori. Aizu, (Pixkanaka pasabidera hurbilduz eta disimuloan atea konponduz) Ez duzu ba esan, hau ez zebilela?

NESKA: “Mira por dónde!” Baina gustura nago, ardo ona eta...

EUGENIO: Ardoa nirea da, baina, eta zuk etxera joan beharko zenuke. Egin duzunaz hobeto pentsatu behar zenuke, gero damua sentitu nahi ez baduzu behintzat.

NESKA: Damutu? Damutu ni? Beraiek konpon daitezela nahi duten moduan. (Metroa datorrela nabarituko du)

EUGENIO: Hor da zure metroa, tira, segi, segi. (Bankutik altxaraziko du eta aterantz bultza egingo dio) Zoaz eta emaiozu amari oparia, izan bakea behintzat berarekin. Gainontzekoan ez dakit eta nola zabiltzan zu...

NESKA: (Pasabidea igarotzean) Aizu, orain hori diozula. Hartu zuretzat giltzatakoa. Eta badakizu zer egingo dudan? Pastelak, horixe! Pastelak erosiko dizkiot amari. Ez da gure ama gutxiago izanen! (Eta alde egingo du)

EUGENIO: (Zutik, pasabide aurrean, giltzatakoa eskuetan duela) Ze giltza uste ote du ipiniko ditudala nik hemen? Behar ez dutena baino ez dute oparitzen. Eta ez dakitena da, beharrik gabe erosten dena, beti dela garestia (Poltsan gordeko du, jasotako beste gauzekin batera.)

TELEFONISTA: Muxukatuko nauzu berriro ikusten nauzunean? Zer egingo didazula? Benetan? Ja, ja, ja! Ai, bihotza... Baietz ba, agintzen dizut hitz egingo dugula. Harremanaz bereziki... akats handiak eman ez daitezen... bai... Bale, ondo. Nik ere baiii... Ez... zu bakarrik zauzkat buruan... eta bihotzean... (Telefonoa eskegi eta alde egingo du. eugeniori...) Eguerdi on.

EUGENIO: Eguerdi on, bai. (Buruari azka eginez) (Beti bezala kabinan dirurik utzi duen begiratzera joango da. Gero, pasabidea blokeatzera).