4. AGERRALDIA
(gizona pasabidera hurbilduko da eta noski, atea ez dabil)
GIZONA: Behin bururatuko metroa hartzea eta... (eugeniori) Non duk metro zaindari hori? (Lehor)
EUGENIO: (gizonari tankera zuhur eta nazkantea ikusita) Ez dakit. Ze, arazoren bat, ala? Agian nik lagundu diezazuket...
GIZONA: Ba! Hik ze jakingo ote duk...
EUGENIO: Tonto batek baino gehiago jakiten bi tontok (gizonari begiratu gabe)
GIZONA: (eugeniorengandik urrun, zutik, eugeniori begiratu gabe) (Hasieran esaldiak pentsatu ere egin gabe aterako zaizkio, aurrerago honek eugenio baino gehiago pentsatu beharko ditu) Hobe isilik egotea, esatekorik gabe mintzatzea baino. To!
EUGENIO: Gorrik txarrena, entzun nahi ez duena.
GIZONA: Esana bat duk eta izana bestea. Gosiak dagoenian, astoak arrantza. Ba! (Eskuan daraman ogiaren zati bat botako dio. eugeniok jaso eta poltsan gordeko du)
EUGENIO: Eskalea ogi zatiarekin pozik, eman dionak ez dauka lotsarik.
GIZONA: Hi hartzeko pronto eta emateko tonto.
EUGENIO: Ikas ezazu ematen oroitu gabe (gizona seinalatuz) eta hartzen ahantzi gabe.
GIZONA: Nagusiak nahi duna, morroiak al duna. Ja!
EUGENIO: Txoriak harrapatzeko sarea, gizonak harrapatzeko dirua
GIZONA: Nahi duenak ahal du, nahi ez duenak dena galdu.
EUGENIO: Ia... Hobe oinez eta segurora zaldiz eta zulora baino.
GIZONA: (Pixkat hurbilago, esaldiak gehiago pentsatuz, ozenago pixkanaka). Norberaren kakak usain ona. Badakik... Lehenago eta orain, lanari sari edo ordain.
EUGENIO: Irabazten duzunaz ez harrotu, galtzen duzunaz ez oroitu.
(gizona zer esan ez dakiela geratuko da)
EUGENIO: Entzun ta isil, baiezko borobil (Barretxoa)
GIZONA: E? Ez! Itxaron... Hik... zera... lanik ez egiteko, lan asko egin behar.
EUGENIO: Behin adin batera ezkero, hotzari kontu, beroari kontu, gutxi nekatuta ondo gobernatu.
GIZONA: Bai, bai. Hiri gaitza goiz etorri eta berandu joan.
EUGENIO: Derrigorrezko gauza bi: hil ta bizi hil arte. Ta asko dakik, bizitzen badakik!
GIZONA: (eugeniorengandik gero eta hurbilago. eugenio zutik dago, baina erabat lasai, beti bezala aurrera begira) Bizirik luzeena ez da beti hoberena.
EUGENIO: Ahal duena egiten duenari, ez gehiago eskatu.
GIZONA: Ahal izatea baino, nahi izatea hobe.
EUGENIO: Aholkurik ez du inork beretzat ta bai besterentzat. Agintzale ona, egintzale txarra.
GIZONA: Agintzea libre ta ez ematea ere bai. (eugenioren poltsa artean lehenago emandako ogi zatiaren bila hasiko da. Hartuko du, baina eugeniok eskuetatik kenduko dio. gizona oso urduri jarriko da, izerdi larriarekin, galtzen ari denaren sentsazioarekin)
EUGENIO: Azkenean ere, hi ta ni berdinak: Aberatsak eta pobreak, bi gauza berdinak: jaiotza ta hiltzea. Jaiotzak, heriotza zor.
GIZONA: Hi ordea, bakarrik beti... Bakarrik bizitzea, triste bizitzea.
EUGENIO: Bakearekin, gutxi asko duk.
GIZONA: Hirea ikaragarria duk: Bizi ezin, ta hiltzerik nahi ez.
EUGENIO: Ustez ezina, saiatuz egina. Gustuko tokian, bide txarrik ez, gau eta ilunik ere ez.
GIZONA: Bai bai. Hi buruz behera jiratuta ere, ez huke hots handiegirik aterako. (Haserre dagoeneko)
EUGENIO: (Lasai-lasai, gizonaren sorbaldan bere besoa jarrita) Behartsu bizi ba haiz, aberats hilko haiz.
GIZONA: Baita zera ere! Diruak kaka artean ere, usain ona. Dagoena buru handi, dabilena sabel handi.
EUGENIO: Hik ez al dakik, egiten dionak laguntza deabruari, ematen diola infernua laguntza sari?
GIZONA: Alferrak nahi du joan zerura, nekatu gabe ordea.
EUGENIO: Badakik? Zorionez heriotza denendako berdina duk, bertzenaz aspaldi joanak gintuan. Heriotzak giltza gabe ate guztiak ireki.
GIZONA: (Desesperatuta) Txikitan buru arina, handitan berdina.
EUGENIO: Hi, txikia ez gutxietsi, haren beharra bihar edo etzi.
GIZONA: Esperantza gosari ona eta afari txarra.
EUGENIO: Bueno, hi handi, ni handi, nork erranen dio gure astoari harri?
GIZONA: (Oso haserre, galduta, kolpe bat emanen dio pasabideari eta eugenioren tranpatxoa izorratuz, atea irekiko da. eugeniori begira:) Hi, hi... Hau hire lana duk! Deabrua zahartu, ez ordea ondu!!
(gizona pasabidean barrena ezkutatuko da)
EUGENIO: Agur! Agur! Mingain luze, poltsa labur! Ez izan ta bai uste, mierda para usted!! (Eta barre algara batean lehertuko da. Goizean zehar lortu dituen gauza eta janariak atera eta haiek kontatzen hasiko da)