1. AGERRALDIA
Metro geltokian gaude. Telefono kabina bat, zakarrontziren bat, eserlekua, kartelen bat eta metrora jaisteko eskailera eta pasabidea ikusiko ditugu.
Argiak piztean, eserlekuan manta bat ikusiko da, tolestu gabea, eta poltsa batzuk beronen ondoan.
(eugenio lur-zorutik bere txokora dator. Bere eserlekurantz oinez, ikusiko dugu. Poltsikoak hustutzen hasiko da, ozen hitz egiten duen bitartean)
EUGENIO: Ņo, gustura hartzen duk, ba, etxearen beroa. Ardorik ez nialako, bestela gaur ez ninduan aterako. (Poltsikoetatik, lortu duen janari apurra atereaz). Rosak emandako sagar helduegi eta okinaren lizundutako opil honengatik, hemengo epelean geratu izan baninduan, askoz hobe. Beharra nagusi ona duk ordea... Gabon izpiritua galdua zegok jada, eta ez diat ulertzen. Garai batean beharra zianak ez zian faltarik izaten... Denbora beti aritzen duk ordea egur egiten... (Ardoa zorrotik aterako du). Ardoa badiat behintzat.
(metrozaina agertuko da, metrorako pasabidea erabiltzeko moduan dagoen ikustera. Itzuleran eugeniori begiratuko dio)
METROZAINA: Ze Eugenio, zenbatgarrena diagu?
EUGENIO: Zenbatgarrena? (ardo botilari begiratuz) Oraintxe erosi berria diat eta!
METROZAINA: Ez zaidak axola hik edaten duan ardoa. Hik esango hukeen moduan, ardoak salatzen, nor nor den. Gabonengatik ari ninduan, ea zenbatgarrena duan hemen...
EUGENIO: Aurtengoan ere hemen ba, motel, azken zazpi urteetan bezalaxe. Oporretara joateko gogo gehiegirik ere ez eta...
METROZAINA: Ez, baina dendako ardorik garestiena edateko moduan ba haiz, ez? (ironiaz). Ardoaren mozkorra baino urarena txarrago, ezta?
EUGENIO: Barka idak, baina ohea egiteko zeukeat eta oztopoa baino ez didak egiten.
(metrozainak mespretxuzko keinu bat egingo dio eta desagertu egingo da)
(eugenio bere manta tolestatzen geratuko da. Manta izkin batekin hortzak garbitzen dituen bitartean)