Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
[aurkibidea]

 

2. AGERRALDIA

 

eugenio, metro pasabidera hurbilduko da eta ikuslegoak ikusteko moduan, pasabidea blokeatuko du, edo egurtxoren batekin edo txartel batekin... Horretan ari dela, drag-queen-a sartuko da eszenategian, ibilera sentsualaz baina arin, eta pasabideraino hurbilduko da. eugenio bere presentziaz jabetuko da eta begira geratuko zaio, bere mugimendu guztiak adi behatuko ditu.

 

DRAG: (Behera begiratuko du) Ez nuen uste horrenbeste itxaron beharko nuenik. Dena dela, orain jaisten banaiz, lasaiago ibiliko naiz gero. (Pasatzen saiatuko da eta ezinezkoa dela jabetuko da)

EUGENIO: Ez dabil, eder hori.

DRAG: Ez al da, ba, berria guzti hau?

EUGENIO: Zortzi urte berria bada...

DRAG: Ene! Oraintxe bai galduko dudala!

EUGENIO: Lotsa?

DRAG: Aizu guapo, bronka bila?

EUGENIO: Batek ez badu nahi, bi haserretzen ez. Ez laztana, emakume eder baten aurrean liluratuta baino ez.

 

(eugenio pixkanaka bere eserlekurantz hurbilduko da eta besteak atzetik jarraituko dio)

 

DRAG: Benetan uste duzu emakume ederra naizela?

EUGENIO: Itxura guztietara... Baina ez dut ulertzen zer egiten duen halako emakume puskak goizeko zortzi terdietan metro zulo honetan.

DRAG: Etxera bueltan noa eta berandu gainera. (Bere ondoan eseriko da, manta tolestu gabearen gainean. Gorputza zapuztuko du). Hain nekatuta nago...

EUGENIO: Ez da atsedenik, ez bada nekerik.

DRAG: Ai, bai... (Kasu gehiegi egin gabe) Aizu, nork konponduko du atea? Laster helduko da metroa...

EUGENIO: Ezpain ederrak dituzu...

DRAG: (eugeniori zuzen begira) Ligatu nahian, ala?

EUGENIO: Egia esaten. Agure buru zuri, ollanda zale.

DRAG: Baduzu ispilurik? (Ezpainetako margoa atereaz)

EUGENIO: Ezpainak bere horretan ondo dituzu. Zure begiak dira urrunera begira ikusten ditudanak. Tapatzekotan, begi azpian dituzun poltsak tapatu beharko zenituzke.

DRAG: (Guztiz asaldatuta, zutik eta urduri) Zer diozu? Ireki dezala norbaitek ate hori!. Etxera noa berehala, hau ez da eta itxura. Ene, ene...

EUGENIO: Zer ote du gauak, egunak emango ez dizuna?

DRAG: Gutxi ateratzen zara hemendik, ezta? Ai... gazte eta eder izan nahi duen zaharra nauzu.

EUGENIO: Ederra bazara, ez ezazula dudarik egin!

DRAG: Ederrena izan nahi dut, baina gizon zahar bakarti bat baino ez naiz. Gauez naiz ni gazte, eder eta lagun artekoa.

EUGENIO: Hara! Larrosak, den politenak, azkenean ipurdian atz! Oporrak hartu beharrean nago. Zer diozu? Gizonezkoa zarela?

DRAG: Probatu bestela... (Parteetara keinua eginez)

EUGENIO: Ez, ez, ez ... Hau duk hau goiza hasteko modu bitxia! Nire begiek inoiz ikusi diaten emakume ederrena hintzelakoan eta gizona izan! Behiaren bosgarren txahalaren moduan geratu nauk.

DRAG: Ze aldatzen du horrek?

EUGENIO: Ezer ez, horixe besterik. Emakume itxurako gizona baino ez haizela.

DRAG: (Pasabideko ateari tiraka) Orain emakumea nauzu, ordu erdi barru, banketxe bateko langile bat, gaur lanera berandu helduko den langile bat, besterik ez.

EUGENIO: Ea ulertzen dudan. Gizona bahaiz, itxura hori...

DRAG: Ez al da ba ederra emakumea?

EUGENIO: Ah, bai, bai, ederregia.

DRAG: (Sentsualki, keinuak eginez) Ba horixe nahi dut nik ere niretzat, ederra izan, denetan ederrena, erreginaaa.

EUGENIO: Satorraren pare bizi nauk azken hamar urtean eta lurzoruan gertatzen ari denaren erdiarekin enteratu ez naizela susmatzen hasita negok.

DRAG: (Serioago, sentsualtasunik gabe) Zu hemen zaudelako, baina beste asko han egonda ere, enteratu nahi ez dutelako.

EUGENIO: Hi, ta zer esaten ditek hire ingurukoek?

DRAG: Zer uste duzu?

EUGENIO: Gizonezkoa ezpain margotuekin, azkazal luze eta zainduekin... Ez zakiat motel, arraro topatuko nindukek ni.

DRAG: Arraro batzuentzat, nazkagarri beste batzuentzat, baina eder, osooo-eder. (Keinuak eginez)

EUGENIO: Bai, baina hala ere ez diat neure burua imajinatzen hor, kalean zehar oinetako horien gainean paseatzen (planta eginez) halako ile tentearekin (keinua eginez) Izan ere, ze oinetako handiak dituzun!

DRAG: Hemen goitik dena primeran ikusteko.

EUGENIO: Eta azkazal luze horiek...

DRAG: Hortzetatik oilasko zatiak ateratzeko. (Azkazalak sentsualki erakutsiz eta mugituz)

EUGENIO: Aurpegiko kolore guzti horiek...

DRAG: Modemismoa, glamourra.

EUGENIO: Ezpain horiek...

DRAG: Ai bai... Musu gozo-gozoak emateko. (eugenio musukatzera abiatuko da)

EUGENIO: E, kieto, kieto hor!

DRAG: (Barre egingo du) Tori, probatu oinetakoak eta utzi galdetzeari. (Kendu eta eugeniori emango dizkio)

EUGENIO: Aizak hi! Hi bezalakorik topatzea ez zaidak inoiz suertatu eta hi, probatuko dizkiat (Jazten hasiko da. Bitartean, berriketan ari dira)

DRAG: Une batez, Drag-Queen bilakatuko zara. Zoragarria!

EUGENIO: Hi aizak! lagundu idak, ezin dizkiat eta inola ere jantzi... (Lagundu egingo dio)

DRAG: To, hartu peluka ere.

EUGENIO: (Jantzi egingo du) Ea, esaidak orain, nola ibiltzen haizen. Honela? Edo beste modu honetara agian? (Ibilera ezberdinak eginez)

DRAG: Honela. (Eta biak batera hasiko dira ibiltzen atzera eta aurrera eszenategian zehar)

EUGENIO: Jesus, Jesus! Ez naik inork ikusten! Ja! Ederra duk gero! Hemendik dena primeran ikusten duk. Neuk ere noizean behin hasi beharko nikek honela mozorrotzen...

 

(Metroaren zarata entzungo da)

 

DRAG: Metroa, badator metroa! (Zalaparta batean) Baina ez ote du inork irekiko ate madarikatu hau? Berandu iritsiko naiz, berandu gaur ere. (Pelukarik gabeko burua astinduz)

 

(metrozaina agertuko da, zalapartaz jabetu balitz bezala. eugenio berean...)

 

EUGENIO: Pelukak azkura apur bat ematen zidak...

 

(metrozainak eszenategia igaroko du eugeniori begira. drag-a, pasabidearen ondoan egongo da, urduri, beherantz begira)

 

METROZAINA: Ai... Orain ere izorratu diagu atea. Nik ez zekiat, intxixuren bat edo bazebilek hemen. (Biei begira) Hi baina, zer ikusi behar diagu hemen? (Atea irekitzea lortuko du)

DRAG: Berandu iritsiko naiz, berandu. (Agobiatuta)

EUGENIO: (Une batez paseatzea utzita) Berandu joatea hobe, sekula ez joatea baino!

DRAG: Azkenean! Mila esker, banoa.

EUGENIO: Hire mozorroa, aizak!

 

(Bestea alde eginda egongo da jada. Zerbait esatea ahaztuta, eugenio pasabidera hurbilduko da eta behera begira ozen esango du)

 

EUGENIO: Hala ere, bide zapaldua, bide segurua...

 

(Isilunea)

 

METROZAINA: Zer egiten duk hik itxura horrekin? Badakik gero eta eroagoa ikusten haudala? (Buruarekin keinu ironikoa eginez)

EUGENIO: Besteren behatzarekin muskarra zulotik ateratzea erraza duk, ez?

METROZAINA: Nik ez zekiat nola jasan haudan urte guzti hauetan... Alua haiz, gero, hi! Beti heurearekin ateratzen haiz.

EUGENIO: Hark niri nola, nik hari hala.

METROZAINA: Nahi duan bezala, baina hik, gutxienez txukundu ezak apur bat hire txoko hori. Lanetik botako naitek higatik. Hau marka!

EUGENIO: Baita zera ere! Nigatik lanetik botako hau nagusiak. Emakume ile gorriarengatik etxetik emazteak, hire galtzetako zuloengatik tabernariak...

METROZAINA: Isilduko al haiz?

EUGENIO: Bai noski. Burla gaiztoena, egia dioena.

METROZAINA: Hi...

 

(Telefonora egunero jaisten den emakumea agertuko da karteratik txanponak ateratzen ari dela. eugenio bere presentziaz jabetuko da)

 

EUGENIO: Hemen duk berriro ere.

METROZAINA: (Inguruetara begira) Nor?

EUGENIO: Emakume hori. Egunean bost-sei aldiz etortzen duk hona telefonoz deitzera.

METROZAINA: A ze... (Txirrin bat entzungo da) Bulegora deitzen naitek, banoak.

 

(eugeniok, emakumeari disimuloz eta tarteka begiratuz, bere trasteak txukuntzeari ekingo dio)