7. AGERRALDIA
(xelebrea pasabidetik pasa ez denez, blokeatua jarraitzen duela suposatzen da. Telefonoko neska sartuko da)
TELEFONISTA: Arratsalde on.
EUGENIO: Baita zuri ere. (neskari begira beti bezala)
TELEFONISTA: Zer moduz? Lan eta lan, e, pentsatzen nuen, eguberriak datozela eta lanez gainezka... Bai, etxean nengoen, ama gaizki jarri da eta hantxe. Ez, ondo ez dago... Ez dakit ba; zerbait jan du eta erabat zorabiatuta zegoen... Medikuaren zain gaude orain. Ez, ez da bakarrik geratu. Nola ba? Aita, izeba han daude... Izeba? Osaba Xabinen emaztea, Bartzelonakoa... Bai, halakoxea da gure ama, dena barrura, bestela poltsikora... Ea zer dioen medikuak, zaindu, bai, zer erremedio.
...Ez, hemen barruan ez, baina kanpoan bai sekulako hotza... Zure ondoan banengo... biok, biok bakarrik... biluzik, edonon eta edonoiz... Ja, ja! Elkar ikusten dugunean musurik emango al didazu? Ezpainetan... Bai, beti esaten duzu baietz eta gero...
...Maite nauzu, baietz? Bidali postaltxoren bat, deitu noizean behin... Gurasoenera, nora bestela? Bale, bale... Ala, bueno, medikua berehala helduko da eta banoa etxera. Zaindu zaitez, maitea, oso maite zaitut, oso, oso. Agur, elkar ondo ulertzen jarraituko dugu. Agur... Zuk eskegi... agur a...
(neskak telefonoa eskegiko du eta jaka eta eskularruak jazten ari den bitartean, eugenio kantuan hasiko da)
EUGENIO: “Gigi, gigi amoroso, conquistador...” (neska lotsatuta korrika batean joango da. eugeniok abestea amaitzen duenean, kabinara hurbilduko da, telefonoaren aurikularra hartu eta keinu exageratuak eginez...) Kaixo maitea, laztana, bihotza, oso maite zaitut, oso, oso. Ja, ja! Gure Gigi, ja!
(eugenio oraindik kabinan dela, emakume negartia sartuko da eszenategian. Atera hurbildu eta irekitzen ez dela ikustean, negar batean hasiko da, ozen, mukizapiarekin mukiak kenduz, desesperatuta balego bezala. eugeniok hori ikustean, erabat harritutako aurpegia jarriko du. Poliki berarengara hurbilduko da.)
EUGENIO: Ondo al zaude?
EMAKUME NEGARTIA: Ez!! (Negarrez)
EUGENIO: Min hartu duzu?
EMAKUME NEGARTIA: Ez! (denbora guztian negarrez)
EUGENIO: Zerbait galdu duzu? (lurrera begira)
EMAKUME NEGARTIA: Ez! (negarrez fuerteago)
EUGENIO: Galdu egin zara agian?
EMAKUME NEGARTIA: Ezetz ba!
EUGENIO: (Desesperatzen hasita) Zer duzu ba horrela negar egiteko?
EMAKUME NEGARTIA: Atea, ez dela irekitzen (negarrez)
EUGENIO: Emakumea. Konponduko dugu, baina ez ezazula negarrik egin.
(Emakumea, eugeniori jaramonik egin gabe kabinara hurbilduko da.
Kartera aterako du, barrura begiratu eta berriro negar batean hasiko da)
EUGENIO: Baina zer duzu orain?
EMAKUME NEGARTIA: Ez daukadala txanpon sueltorik! (negarrez)
EUGENIO: Tira, lasai bale? Ea, nik badudan. (Eta eskuak poltsikoetan sartuko ditu)
EMAKUME NEGARTIA: Zer diren gauzak (negar-barrea) Ez duenak duenari dirua eskaintzen.
EUGENIO: (emakumearen jokabidea ezin ulertuta) Ahal duenak baina gogoa duenak gehiago egiten du. (Poltsikoetan ezer ez duela ikusita...) Baina, gogoa izanda ere, ezin eman, ez daukat eta.
EMAKUME NEGARTIA: A! Berdin dio (malkoak lehortuz) Geroago ere deitu dezaket. (Isilunea, gero, berriro negarra) Zu bai gizona... ona, ona... gutxi zu bezalakoak.
EUGENIO: Utzi iezaiozu baina negar egiteari!
EMAKUME NEGARTIA: Ezin dut baina! Atzo, gabonetako loteria bat erosi nuen, nire bizitzan aurreneko aldiz.
EUGENIO: A! Ba begira ze ondo! Agian aberastuko zara.
EMAKUME NEGARTIA: Ez ba! (negar zotinka) Senarrari erakutsi nion eta zenbaki hori ez zela saritua izango esan ez zidan ba!
EUGENIO: Hark zer daki ba? Agian bai.
EMAKUME NEGARTIA: Agian? Seguru behar nuen nik eta ez agian. Behin hartuko erabaki bat nire bizitzan eta bertan asmatu ez (negarrez)
EUGENIO: Eta horregatik daramazu eguna negarrez?
EMAKUME NEGARTIA: Bai (Barre algara batean lehertuz)
EUGENIO: Aldian behin negarra, ogia bezain beharra
EMAKUME NEGARTIA: (Barrea gutxitzen) Baietz? Horixe bera uste dut nik ere. (Berriro negar batean lehertuz)
EUGENIO: Eta orain, zergatik egiten duzu negar? (harrituta)
EMAKUME NEGARTIA: Pena handia daukat, loteria tokatuko ez zaidala eta pena handia benetan (zotinka)
EUGENIO: Nahi duenak gertatu barregarri, bere buruaz hitz egin!
EMAKUME NEGARTIA: Baietz? Egia, barregarria nago. Ez nuen eta loteria erosi behar! (Barrez, negarrez)
EUGENIO: Ai, ai, ai... eta ni, arraro bakarra neu nintzelakoan, halakorik... Aizu, atea irekitzen laguntzen badizut, negar egiteari utziko al diozu?
EMAKUME NEGARTIA: Ez, jakina ezetz (barrez)
EUGENIO: Ezetz? Ba orduan, negarrez edo barrez, zoaz, etxea ureztatuko didazu eta. (atea desblokeatuko dio eta pasatzeko keinua egingo dio eskuarekin)
EMAKUME NEGARTIA: Bai, oso ondo (minduta negar batean lehertuz) zuk ere bidali egiten nauzu. Bale, bale...
EUGENIO: Nik bidali? Ederra kontua! Non agertu, han ostatu. Nahikoa izan dut nik gaurkoz. Benga, alde ia!
EMAKUME NEGARTIA: (Metro txartela aterako du negarrez eta baita loteria ere). Ez dut ba loteria honegatik negar gehiago egingo. (Konbentzituta) Ala, tori eta hasi zu ere negarrez (loteria luzatuko dio) Ala, ala, izorra hadi! (Eta pasabidean barrena joango da negar batean, tarteka barre eginez)
EUGENIO: (Loteria eskuetan duela geratuko da, erabat harrituta) 3.000 pezetako loteria eta saritua izango den edo ez jakin gabe, ... Eta negar egingo dudalakoan al dago hori? (gezurrezko negarra eginez) Tokatuko ez den loteria eman ez didate ba! Ua... ua... ua... Ja! ja! Ikaragarria... Hiru gauza alferrik galtzen: egunezko ilargia, gizonezkoen ditiak eta itsasoko euria. Eta laster, nire pazientzia! (Atea blokeatzera doa berriro) Horrelako jendearekin topatzea baino, agian pasatzen utziko banie ere... Hala ere, berriro saiatuko naiz.