Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin
Alaitz Olaizola
Euskaltzaindia , 2002
[aurkibidea]

 

“Laguna, lagun zakidaz intxaur berdiak jaten”

Esaera zaharra

 

 

Izenburua

            “Zereko zera zertzen delako, zereko zerarekin”. Esaeran, “zer dela?” galdera darama esaldi honek aurretik. Nik hemen galdera kendu diot, jarraipenarekin nahikoa badugula ulertuta. Jakinmina landu nahi bada lan honekin, izenburua horretarako aproposa bilatu da, hau da: ezer ez du adierazten eta era berean, ari garenaren arabera, guztia agertzen du. Atsotitza izanik, eta asmakizun itxura duela ikusita, guri baliagarri gerta dakigukeela baloratu da.

 

 

Helburu semantiko-gramatikoak

            Euskara hizkuntza gisa landu nahita, esaera zaharren erabilera berreskuratu nahi izan da. Lan honen ezaugarri nagusi eta garrantzitsuenetako bat, esaera zaharrez beteta egotea da. Horixe bultzatzea du helburuetako bat lan honek. 142 esaera zahar dauzka, gutxi gora behera

 

 

Helburu orokorra

            Jakinmina eta ikuslearen irudimena landu nahi dira. Usteak, sentsazioak, pentsamendu ezberdinak eta ugariak... izan ditzala ikusleak. Guk ez diogu dena eginda emango, berak atera ditzala bere ondorioak: pertsonaia bakoitzaren historia edo iragana, oraina, arazoak... topatu ditzala hariak lotuz eta irudimena erabiliz. Bakoitzaren pentsamenduaren arabera, nork bere istorio propioa egin dezake, beraz: interpretazio ezberdinak atera daitezke hemendik!

            Lanaren zati handienetako bat, esaera zaharrei jarraikiz idatzia izan da. Alegia, esaera zaharra aztertu ondoren sortu da ideia, eta ez alderantziz. Beraz, beraiei esker da lan hau. Batzuren batzuk ikasiko ditugu, merezi du eta.

 

 

Sinopsia

Hizkuntza aberasten gabiltza jaiotzetik, eta askotan dioguna ulertzeko gai ez!

Egunero metroa hartzen dutenei hori axola zaielakoan? Egunero metroa hartzen dutenek, badute nahikoa lan goizean argitu eta gauean iluntzen den eguna antolatzeko.

Eugeniok baizik ez ditu berauen penak uxatuko eta alaitasunak zapuztuko. Egeniok bai baitaki esatetik egitera aldea badagoela, egitetik esatera bezalaxe.

Kontuak kontu... ezetz asmatu zein den errepikatzen den esaera zaharra?

 

 

Pertsonaiak

EUGENIO: Metroan bizi den gizona. Hizkuntza aberatsa du eta lasai aritzen da berriketan: Haserretu? Batere ez. Pazientzia galdu? Batere ez. Denei entzun, denei hitz egin, eskaintzen dioten ia edozer hartu... Gustura bizi da metroan, guk ordea ez dakigu zergatik bizi den han, eta ez dugu jakingo, une batez pistaren bat emango badigu ere. Guztientzako aurpegi ona jarriko duen gizon azkarra, beraz, Eugenio.

METROZAINA: Bere lanaz aspertuta dago, Eugenioz ere bai, askotan elkarri konpainia egingo badiote ere. Eugeniori pasatuko dizkio marroi gehienak. Ez dugu bere bizitzaz ia ezer jakingo. Eugeniorekin harreman azalekoa badu ere, metrozainak ez du Eugenio laguntzat, ezta Eugeniok metrozaina ere.

DRAG-QUEEN: Dotorea, heldua. Pozik denarekin, baina eguneroko bizitzara hurbildu behar duenean, nahiko agobiatua. Batzuetan emakumea: ibilera, hizkera, mugimenduak... Besteetan mozorro azpian ezkutatzen den gizonezkoa.

TELEFONISTA: Maiteminduta dago, horretan ez dago inongo dudarik eta bere telefono elkarrizketen bitartez argi geratuko da hori. Nortaz? Noiztik? Hori berak baino ez daki eta ikusleak gera daitezela jakinminarekin. Metroan agertuko diren beste pertsonaiekin ez du inolako harremanik izango.

ANDREA: Dirua nahi adina du, gordeta edukitzeko. Zuhurra, besteengatik pezeta bat gastatzeko gai ez den emakumea, ezta metroko bilete bat bere buruari ordaintzeko ere. Oso hiztuna da eta batez ere, lotsagabea. Gauzak berak dioen bezala dira eta kitto.

ESAERA ZAHARREN GIZONA: Dotorea itxuraz, uste handikoa. Pazientziarik batere ez ordea, eta haserretzeko ere oso gutxi behar duten horietakoa: Atsotitzak inork baino hobeto dakizkiela frogatu nahi, eta etsi-etsi eginda ihes egin behar metroko eskalea menderatu ezin duela ikusita.

NESKA (Aintzane): Begirada sakona, haserretia. Oso haserre dago eta mendekatu egingo da. Batere damurik ez duen emakumea, ustekabean gaizto itxura har dezakeena. Oso arin hitz egiten du eta berak aipatzen dituen pertsonaiei bizia ematen die. Eugeniorekin, bere barrua hustuko du.

XELEBREA: Izutua denbora guztian, keinu arraroak egiten dituena. Sekula ez zaio barrerik ikusiko, ero begirada du. Urduria da, oso urduria, eta bere hizkera erabat inkoherentea da, zentzurik gabekoa. Eugeniori hurbiltzen ere ez dio utziko. Berataz ezer ez dakigula esango du behin eta berriz, eta ez dugu jakingo gainera.

EMAKUME NEGARTIA: Barre algarak sortu beharko lituzkeen etengabeko negarraren jabea da emakume hau. Batere maliziarik gabea, bere zein besteen zorionek eta zoritxarrek negar egitera bultzatuko dute. Batzuetan soinu handiko negarra, besteetan isilagoa. Batzuetan barrez arituko da negar egitean, besteetan ez. Arrazoirik gabe ere negar egiteko gai da.

EUGENIOREN GAZTETAKO LAGUNA: Eugenio ez du urteetan ikusi, beraz, orain, topo egitean, errepaso labur bat egingo diote beren bizitzari. Gizon alaia, jatorra. Eugenioren egoeraz errukia sentituko du eta laguntza eskaini nahiko dio.

LIERNI: Liemi egunero pasatzen da metro pasabide horretatik. Eugeniok eta Liernik aspaldidanik ezagutzen dute elkar eta berriketaldi luzeak izan ohi dituzte. Bakoitzak eguneko berri ematen dio besteari baina ez diote elkarri batere jaramonik egiten, bakoitza bere kontuetara. Utzi xamarra, bromista, txoro tankerakoa. Eugenio inor baino hobeto ezagutzen du.

MEDIKUA: Pastelak jan dituen emakumearen etxetik dator, erabat aluzinatua han ikusi duen panorama eta jendearekin. Antzerkian zehar zatika aurkeztu den senitarteko liskarra hasieratik amaierara berak dituen datuekin kontatuko dio Eugeniori, jende horrek zenbat izutu duen adieraziz. Orduan, eta orduan bakarrik, jabetuko da Eugenio, istorioaren hariaz, berak uneoro bizitako istorioaren hariaz. Ordurarte ez bait du pertsonaia desberdinen artean inongo loturarik bilatuko.