Arrastoak, dramaturgia oharrak
Ideiak dramaturgia bateko bidean
Dejabu panpin laborategia
1. Amets bat
Ur azpi sakon bat. Ozeanoa dela esango nukeen. Eguzki izpiek ur azala ozta-ozta argitzen zuten. Ur azpian nengoen ni. Nigandik behera, metro batzuetara, argia desagertuz zihoan infinitu ilunera, ozeanoaren zokondo beltzera. Esku hura ikusi nuen orduan, han behean, urrunean. Kanporako keinua egiten zuen, baina gero eta hondorago zihoan. Zainez betetako eskua zen, aitzur formakoa, lurra landu izanaren forma zuena. Igerilari ona naiz eta beherantz egin nuen azkar. Behatzak punta-puntarekin ukitu genituen. Gertutik, eskuak atzean zuen gorputza intuitu egin nuen, itzal baten moduan. Jakin nuen nor zen. Ametsetan edukitzen den ziurtasun absolutu horrekin. Igeri egin nuen indar guztiekin, eskua harrapatzeko, ondo heltzeko. Baina joan zen irristean eskua. Zulo beltzak irentsi zuen, isiltasun handi baten erdian. Esnatu egin nintzen, izerditan.
Londresen bizi nintzen orduan. Biharamunean gurasoei deitu eta atautxirekin izandako ametsa kontatu nien. Orduan esan zidan aitak, nola juxtu aurreko gauean, ametsaren gauean, atautxi koman sartu zen Zubietako ohean. Medikuek ez omen zuten itzuliko zenik uste.
Orain dakit egun hartan ate bat zabaldu zela nire barneko ozeano ilunean.
2. Orientazioak
“Eszena batek amestu dugun hori azaldu dezake, eta inoiz ez bat egin pentsatuta zenuen horrekin. Artearen sekretu handienetakoa aurkikuntza horrek eragiten duen ezustekoan datza”.
Orientaciones en el desierto (2012), Eusebio Calonge. Artezblai argitaletxea.
3. Berrirakurketa bat
La mujer habitada, Gioconda Belli (1988).
4. Irudiak
Basoa, amona, ospitalea, rave festa, lurra, zakur zaunkak, beleak, erreka.
5. Margarita eta sagar erreak
Amamaren postre gogokoena sagar erreak dira. 91 urte dituen arren, eta gorputza ahul, begiek dir-dir egiten diote sagar errea mahai gainean ikusten duenean. Eskuaren dardara eten egiten zaio bat-batean, koilaratxoari tinko heltzeko. Azken urte honetan, bisitan joan natzaionetan, bere gaztaroaz hitz egiten hasi zait estreinakoz. Sagarra azal eta guzti dastatzen ari dela kontatu dit nola gaztetan, bere lagun batekin Xoxote mendian jolasean ari zela, kamioi bat iristen ikusi zuten. Kamioi hartatik gorpu pila bat zulo batera botatzen ikusi zituztela. Sagar errea trabatu zait eztarrian. “Zer ziren, fusilatuak?”, galdetu diot. Ez dit erantzun. “Guk pasa genituenak, ez dizkiot inori desio”. Eta nahiago izan du sagar goxoaren zuztarrarekin jarraitu.
6. Antzezlan bat
Wajdi Mouawad (Libano, 1968). Forets.
7. Artista plastikoa
Sophie Jodoin.
8. Isil
Harluxet: 1. Izond. Hotsik edo soinurik egiten ez duena, hotsik edo soinurik gabe gertatzen dena. 1.1. Izond. Ezkutua, gordea.
9. Off ahotsetarako ideiak
Der Himmel uber Berlin. Zuzendaria: Wim Wenders.
La grande bellezza. Zuzendaria: Paolo Sorrentino.
10. Lekuak, formak
Oialekuko Mairubaratzea (Kromletxa), Aiako Harria, Oiartzun. Artikutza basoa, Oiartzun.
Jorge Oteizaren La esfera desocupada (version n2) eskultura (1958).
11. Zirkulua eta emakumea
“Emakumearen arketipoa ikuspuntu ezberdinetatik aztertzen dugunean elementu batekin egiten dugu topo etengabe: zirkuluarekin, zuloarekin, borobiltasunarekin. [...] Sinbologia uterinoa duen cromlecharen bitartez, leiho metafisiko baten moduan, euskalduna bere erroetara itzultzen da, lurrera, amarengana. Estatua huts honek aintzat hartzen ditu ezereza eta heriotza. Uteroa da gizakiarentzat bizitzara etortzeko bidea, ez izatetik izatera igarotzen den puntua. Izatetik ez izatera doan bidea ber-bera ez ote da? Agian, bueltarako ate hori jada duela 4.000 urteko euskaldunek zabaldu zuten, cromlecharen bidez, utero sinboliko horren bidez, estatua hutsaren bidez”.
riev. Revista Internacional de Estudios Vascos. 40. urtea. xxxvii. Liburukia. 2. zbk. (1992). Titulua: El vacío y los vascos: Interpretación estética y psicodinámica. Egilea: Cesar San Juan.
12. Hemengoaz, hainbat fikzio
Hobe isilik (2013), Garbiñe Ubeda.
Ni, Vera (2012), Itxaso Martin Zapirain.
Sua nahi, Mr Churchill ? (2005), Koldo Izagirre.
Antzararen bidea (2007), Jokin Muñoz.
Hamaika pauso (1995), Ramon Saizarbitoria.
13. Dominitxineko sutondoa
Orduak eman ditzakezu Kristianekin bizitzaz, antzerkiaz, politikaz edo osasunaz hitz egiten. Sorgina da Kristian, zentzumen berezikoa. Bere atariko belarrekin infusio bat egin ondoren, sutondoan bilduta gaudela, gure hurrengo antzezlanaren berri eskatu digu. Azaldu diogu. Berak ere aitortu digu familia sekretu bat baduela, urteetan isildutako zerbait. Baina hori beste batean kontatuko omen digu, arratsalde oso baterako emango duela-eta. Nor bere amets eta gogoez mintzatu gara orduan, ordu txikiak arte, tximiniatik gora doan kearekin batera hegan joaten utziaz gure irudimena.
14. Bi zuhaitz
Bide baten bazterrean bi zuhaixka topatu ditugu botata, Itsasun. Kotxean sartu eta entsegu gelara eraman ditugu. Juxtu behar genituenak dira, gure eszenografiaren esentzializazioa! Taldean biologiaz gehien dakitenek esan dute ezin ditugula horrela eraman emanaldietara, usteldu egingo direla eta bitxitoak sortuko zaizkiela. Alvaro Ledesma burdin arotzari eraman dizkiogu orduan. Burdinazko erreplikak egin ditu. Gainera, desmuntagarriak. Gora betiko ofizioak!
15. Galtzea
Sormenaren puntu batean ematen du ez dakigula zertan ari garen. Eta benetan, ez dakigu.
16. Familia objektuak
Denek ekarri ditugu entsegu gelara gure familien objektuak eta entzundako istorioak. Ez dakigu zer egingo dugun zehazki horiekin, baina garbi dagoena da orain entsegu gela ez dagoela lehen bezain hutsik.
17. Gaia
Rebelión aldizkarian jakin dugu Clara Valverde Gefaell-en liburuaren berri: Desenterrar las palabras. Transmisión generacional del trauma de la violencia política del siglo xx en el Estado Español. Antzezlanaren gaiari sakon heltzeko mapa bihurtu zaigu.
“Beldurragatik, errepresioagatik edo gainezkatze psikikoagatik hitz egin ezin izan zirenak, gure aitona-amonengandik gure gurasoengana eta ondoren guganaino transmititua izan zen, modu ez ahozko batean eta inkontzienteki hein handi batean. Konturatu gabe, eta nahi gabe, gure aitona-amonek jasandako inpaktu emozionalaren alderdi kaltegarriak jaso ditugu herentzian [...] Horren ondorioak garbi ikus daitezke egun jarrera indibidual edo taldekoetan, esaterako hitz egiteko, boterea kuestionatzeko edo salatzeko beldurrean, lotsan, biktimismoan edo mendekuan, etsaiak edukitzearen beharrizanean”.
18. Magia eta misterioa
Sormenean momentu magiko-misteriotsu asko egoten dira, zergatik eta nola gertatzen diren ezin azaldu direnak. Horietako momentu bat, dudarik gabe, pertsonaiak jaiotzen diren momentua da. Badago aktorearen teknika, badago metodoa..., baina azkenean antzezleak ekintza sortzaile intimo batetik jaiotzen du pertsonaia eta antzezlanari oparitu egiten dio. Prozesu hori oso delikatua da, ez baita egunero gertatzen. Beraz, pertsonaiak jaiotzen direnean, guk ospatu eta gure antzezlanarekin nahi dutena egin dezaten uzten diegu. Haiei jarraitzen diegu, bidea erakuts diezaguten.
19. Pertsonaia nagusiak
20. Nick Caverengandik gure kobazulora
Nick Cavek bere lehen etapan, Birthday Party taldearekin sortu zuen Jennifer’s Veil abesti hipnotiko eta indartsua. Muskulo taldeko lagunei pasa diegu, Lurdesen kontzerturako doinurako inspirazio gisa.
21. Margarita eta argazki albuma
Argazki album zaharrak ikusten pasa dugu arratsaldea amama eta biok. Erritual existentziala da: argazkiz argazki, aurpegiz aurpegi, bizitza eta heriotza bakoitzari izena jarri beharra. Amamak ez du aurpegi bakar bat ere ahazten, izen eta bi abizenak boz gora esaten ditu. Argazki batean bere gurasoak agertu dira. Nire amamaren familia azkoitiarra zen eta ela sindikatuko nazionalistak. Gerrak eztanda egin zuenean Frantziara ihes egin zuten, baina amama Tolosa inguruko baserri batean utzi zuten neskame. Argazkia eskutan duela esan dit ez zuela batere ondo pasa. Bertako nagusiak ez omen zuen batere ongi tratatu. “Konprenitzen didazu?” galdetu dit, ongi ez tratatu horrekin, imajinatzen dudan ankerkeria baieztatzeko-edo. Berriz hitzik gabe gelditu naiz. Begiradarekin baietz esan diot, badakidala zer esan nahi didan. Amamak txistulari koadrila baten argazkia topatu du orduan Azpeitiko San Inaziotan. Bere senarra zena seinalatu dit irribarre zabal batekin: “Begira, Txokolotarrak, etzaidazula esan!, ¡qué guapos eran!” Eta argazkiak ikusten jarraitu dugu, irribarre batekin.
22. Poema eragileak
Iñigo Astizen Baita hondakinak ere poema liburua ekarri dugu entsegu gelara. Inpro-etan erabili dugu. Mugimendua duten poemak dira.
23. Thanks, Lesley
Mike Leigh-en Another year filmeko Lesley Manville antzezlearen lana, inspiratzailea oso Margaren pertsonaia osatzeko.
24. Lehen euskal collage egilea
Nikolas Lekuona.
25. Ez dugu argirik behar
Ez dugu zuzendari illuminati-engan sinesten. Ez zaigu erakargarria iruditzen pertsona bakar batek buruan daukana oholtzan erreproduzitzea. Nahiago dugu taldean bidaiatu. Antolaketa burubakarreko —eta zergatik ez esan, paternalista— horren aurrean, zuzendaritza femeninoago bat nahiago dugu, zuzendaritza zabal bat, partekatua, horizontala eta konfiantzan oinarritutakoa. Zalantza egiteko eta galtzeko denbora hartzen duena.
Sormenaren bidaia sakonerantz egin nahi dugu, ez luzerantz.
26. Itsasoa harro dago
Itsasoa harrotuta dabil Hondarribiko itsasertzean. Terapia sistemikoan aditua den Iñaki Aranarekin etorri gara malekoian paseatzera. Terapian familia-konstelazioak erabiltzen ditu berak. Bert Hellingerrek ekarri zuen terapia mota hau Europara xx. mende hasieran, Afrikako tribuen erritualak oinarri hartuta. Ikuspegi sistemikoaren arabera, norbanako bakoitza sistema konplexuago baten parte da: familia, lagunak, lankideak, kultura eta abar. Baina kontuan hartzen dira norbanakoaren arbasoak eta euren bizipenak ere. Guztiak omen du gugan eragina.
Antzezlanaren trama orokorra kontatu diogu Iñakiri, ea fikzioa izanik ere, sinesgarritasunik ote duen galdetzeko. Baiezko borobil batekin erantzun digu. Kuriositatea daukagu jakiteko ea Gerra Zibila askotan ateratzen den terapian. “Lehenago edo beranduago, beti ateratzen da. Gaur egun gizarte bezala daukagun korapilo lodienetakoa da. Oraindik sendatu ez dugun zauri sakona”. Olatu erraldoi batek egin du arroken kontra, zapla!
27. Memoriaren parkea
Sartagudako memoriaren parkera egin dugu bisita. Bertan fusilatutakoen familiarteko batzuk topatu ditugu. Zirimiria egiten du, baina haiei ez zaie gehiegi axola. Oso pozik daude gu han ikusteaz. “Errekonozimendua. Gertatu zena gertatu zela onartzea. Hori besterik ez dugu eskatzen” esan digute duintasun handiz. Gorputzeko ile guztiak puntan dauzkagu, Bosnian Srebrenicako hilerrira bisita egin genuen hartan bezala.
28. Egun goibeletako plana
Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen —batez ere Lourdes Herrasti eta Pako Etxeberriaren— hitzaldi, elkarrizketa eta gorpuak lurpetik ateratze prozesuen bideoak ikusten pasa ditugu arratsalde euritsuak.
29. Truku bat
Oihalak eta batak horitzeko (fokuen azpian zuriegiak gelditzen dira batzuetan): te beltzean murgilduta eduki gau batez. Horituta geldituko dira, nahiz eta labadoran garbitu.
30. YouTube
El trapo y el pan bideoa. Antzezlaneko pertsonaia bat, laburra, oinarrituta dago bideo horretan agertzen den gizonarengan. Asmatu duzu zein?
31. Sormenean zehar berriz bixitatzen ditugu
Le corps poétique, Jacques Lecoq.
The empty space, Peter Brook.
Teatro de la muerte, Tadeusz Kantor.
El actor y su doble, Antonin Artaud.
32. Azetona
33. “No future”
80ko hamarkada amorruaren garaia izan zen. Familia, erlijioa eta politika errepresio-makina bihurtu ziren gazteentzat. Espainiako trantsizio politikoak ez zuen espero zen irekidura ekarri, eta diktadurako egitura zaharrak mantendu egin ziren itzalean. Langabezia tasa oso altua zen. Gazte askok ez zuen etorkizunik ikusten. Oreretan, beste leku askotan bezala, gazte asko hil zen heroina gaindosiak jota. Hipotesia: Ez ote zuen generazio hark gorpuztu aurreko belaunaldiaren isiltasunaren kontrako garrasia?
34. Bi McGuffin eta kafe bat mesedez!
Idazketan aurrera egin ahala konturatu gara antzezlanaren narrazioa thriller edo misterio kutsukoa izango dela. Idazleari deitu diogu, esku bat bota diezagun. Serio arraio aritu zaigu McGuffin-ei buruz hizketan. Guri hitz hori entzutean tripa-zorriak orroka hasi zaizkigu, hitzak txokolatezko pasteltxo bat dakarkigulako gogora. McGuffin, mmmmm. Ordea, idazleak oso kontzentratuta jarraitzen du azalpenetan. Tramak aurrera egin dezan jartzen den objektu edo elementuari deitzen omen zaio McGuffin: pertsonaia nagusiari giltza ematen dio ikerketan aurrera egin dezan. Hainbeste gustatu zaigu McGuffin-aren ideia, gure istorioan bi jartzea erabaki dugu: lepokoa eta gutuna! Idazleak hasperen egin du sakon, batekin nahiko lan ez eta orain birekin malabareak egin beharko baititugu idazketa osatzeko.
35. Linea narratiboa
36. Sua
Argi ikusten genuen antzezlanak suarekin amaitu behar zuela. Protagonistaren errituala bat-batean zartaraziko zuen zerbaitekin, eztanda batekin. Orain galderak erantzutea tokatzen da: Zerk egiten du eztanda? Auto batek? Norena da orduan autoa? Nola iritsi da horraino? Zergatik leherraraziko dute? Nork leherraraziko du? Horra hor gure idazteko metodoa.
37. Willy
Robofish. 16,95 euro. Amazon.
Ekuadorrekoa zirudien banatzaileak ekarri zuen paketea 48 orduren buruan. “Begira, Willy izango da! Willy azkenean!” egin genuen oihu, banatzailearengana korrika gerturatuz. Hark harritu aurpegia jarri zuen: “Perdonen señoritas, pero ¿cómo saben ustedes mi nombre?” Haiek algarak bota genituenak. Egun hartatik motorrarekin lanean ikusten dugun bakoitzean “Agur, Willy!” esaten diogu eta barrez erantzuten digu berak.
38. Matematika
Eskuorri bakoitzean (gutun-azal bat da) hosto lehor bat sartuko dugu. Antzezlaneko momentu batean ikusle bakoitzak bere hostoa hartuko du. Ongi. Ideia ona. Filok asko maite du hostoak lehortzea, eta esan digu lagunduko digula. Ongi. Orain Filori azaldu behar dioguna da hosto lehor asko beharko ditugula. 45 emanaldi x 200 ikusle = 9.000 hosto lehor batez beste. Nork esango dio? :)
39. Filoren koadernoa
40. Aholku bat
Ke makina on batean gastatu dirua. Merke bat erosten baldin baduzu, edozein momentutan —eta badirudi eszenarik intimoenak hautatzen dakiela makina madarikatuak— puzker luuuuuze bat botako dizu abisurik eman gabe, isiltasunaren erdian eta inongo justifikaziorik gabe.
41. Sorkuntzaren mugak
Fiat Scudo batean sartu behar du eszenografia guztiak. Horregatik orga gurpildunak (daukagun elementurik luzeenak) ezin ditu 167 zentimetroak gainditu. Sorkuntza ez da inoiz guztiz librea.
42. Amama eta zaldia (azken ahapaldia)
Talde guztia mahai gaineko lana egiten ari gara, Itsasun. Eszena batzuen ordena zehazten eta antzezlanaren titulua erabakitzen. Sutsuki defendatzen ditu bakoitzak bere argudioak. Telefonoa joka hasi zait. Erantzutea erabaki dut. Ondo harrapatzen zaitut? galdetzeko modu dardartiak nagoen gelatik ateratzera eraman nau, etxe aurreko zelaira. “Amama hil egin da”. Hitz horien ondoren, ez dut kanpoko soinurik gehiago entzuten. Burrunba bat bakarrik. Denbora eten egin da. Telefonoa gorde dut. Arnasa hartzen saiatzen ari naizen bitartean zuhaitz baten ondoan eseri naiz. Zaldi bat ikusi dut nire parean, niri begira. Poltsikoan dudan sagarra hartu eta jaurti egin diot ondora. Gustura jan du. Agur amama.
43. Asmakizunak
Led argiak xx. mendeak eman dituen asmakizun handien artean daude.
44. Europa ekialdetik
Ilka Schonbein dantzari eta txotxongilolariak urteak daramatza gu inspiratzen.
45. Chimo
Chiquitan, chiquititantan, quetumbanban, quetumban... Azkenean ez dugu diskotekaren eszena sartu, baina taldearen animoak baxu daudenean topera jartzen dugu abesti hau eta dantzan hasten gara eroen moduan. Oso-oso liberatzailea da.
46. Zauriak
Atautxi fronte frankistan aritu zen borrokan Gerra Zibilean. Nafarroako herri txiki batekoa zen, baserritarra eta euskaldun petoa. Mendian lanean ari zela hartu zuten eta soldadutzan erroldatzera derrigortu. Bailarako herriko gizon guztiekin berdin egin omen zuten. Hiru urtez ibili zen Asturias aldean.
Askotan kontatzen zuen nola fusilamendu batean anarkista bat akabatzea egokitu zitzaion. Italiarra omen zen. Armak altxa zituztenean anarkistak begietara zuzen begiratu zuen nire atautxi eta, oso duin eta harro, behatzarekin non tiro egin behar zion adierazi. Kopetaren erdian. Atautxik anarkistaren keinu hura zehatz arraio errepikatzen zuen urte ugari pasatu ziren arren, hatz erakuslearekin kopeta seinalatuz. Ez zuen emoziorik azaltzen kontaketa egin bitartean. Ez tristeziarik, ez damurik. Gerrako batallita bat gehiago zen hura. Baina gizon haren duintasunak sakonki hunkitu zuela uste dut.
Oraindik kosta egiten zait sinestea ametsetan ozeanoan desagertu zitzaidan atautxi hura eta fusilamenduetan parte hartu zuen gizona pertsona bera izan zirenik. Biktima ala borrero? Hain sinplea balitz. Denen biloba naizela, horixe garbi daukadan bakarra.
47. Espazio hutsa eta antzezle bikainak
Antzezleok espazio hutsa eraldatu egiten dugu, deformatu, mugitu. Espazio huts hori ikusleek eta antzezleek partekatzen dugun espazio sakratua da. Hor elkartzen gara denak. Hor gertatzen da errituala. Antzezle bikainenek espazioa nahieran erabiltzen dute, kristala balitz bezala mila zatitan hauts dezakete, uholdeak eragin, argi izpi bat antzokian sarrarazi. Antzokiko paretak lehertu egiten dituzte eta bertan dauden ikusleak beste leku batera eraman, denok partekatzen dugun leku horretara, iruditeria kolektiboaren eremura.
48. Jung
“Inkontziente pertsonala beste inkontziente sakonago baten gainean etzaten da. Jaiotzetikoa dugun inkontziente horri inkontziente kolektibo deitzen diot nik. Kolektibo diot, inkontziente hori ez delako jatorri indibidualekoa, unibertsalekoa baizik. Psikearen geruza sakon horretan leku guztietako norbanakoengan errepikatzen dira zenbait eduki eta forma” Arquetipos e inconsciente colectivo. Carl Jung (1970). Paidos.
49. Zaharren matxinada
AINA: Harrigarria da nola antzezlanek nahi duten bidea hartzen duten, eta uzten badiezu, entzuten badituzu, zenituen aurreiritziak desmuntatzen dizkizuten.
URKO: Adibidez, Oiartzungo zaharren eszenarekin gertatu zitzaiguna, gogoratzen? Guk zerbait serioa nahi genuen hor, zaharrek konta zezatela gerran bizi izandako tragedia...
AINA: Bai, omenaldi antzeko bat egin nahi genien, euren testigantzak bilduz.
MIREN: Hilabeteak eta hilabeteak pasa genituen inprobisazioak egiten, eta ataskatuta geunden guztiz eszena horrekin. Ezin aurrera atera! Baina, zergatik?
URKO: Orduan ez genekien. Total, egun batean oso nekatuta geundela...
IÑI: Askotan, orduan agertzen dira gauza ederrenak!
URKO: ... hasi ginen txoroarena egiten, zaharrak tonu umoretsuagoan jokatzen eta bat-batean tapoi bat kenduko bagenu bezala izan zen, eta eszenak bata bestearen atzetik jaio ziren, arrapaladan!
MIREN: Bizi-bizirik zeuden bat-batean.
IÑI: Eta ze ondo pasa genuen gainera! Eta gerora ere emanaldietan plazer ikaragarria izan da eszena hori egitea. Barrez lehertzen ginen geu ere ikusleekin batera.
AINA: Zaharrak matxinatu izan balira bezala izan zen.
URKO: Bai. Guk ez dugu iraganean iltzatuta gelditu nahi, bizi nahi dugu! Esan ziguten nolabait.
50. Izeberga
Sortu dugun material guztiaren %40 da, gutxi gorabehera, azkenean antzezlanean gelditzen dena. Hasieran kosta egiten zaigu materiala albora uztea, hainbeste landu eta gero! Baina horretan oso zorrotzak gara: ez badio antzezlanari aurrerako mugimendurik eragiten, kanpora. Gainera, orain arteko esperientziak zera erakutsi digu: prozesuan landutako guztia, eztabaidatutako guztia, amestutako guztia... izeberg baten ur azpiko zatia bezalakoa dela. Ez da lehen begiratuan ikusten, baina antzezlana sostengatzen du du oso modu sendo batean.
51. Ikusleen irudimena
Antzezlan bat ikusleen aurrean eskaintzen den lehen aldian osatzen da. Esan daiteke ikusleen irudimenean gorpuzten dela guztiz lana. Eta orduan hasten gara gu ere pittin bat haren esanahia sakonago ulertzen.
52. Musika
Arrastoak antzezlanerako Ander Fernandezek sortutako musika https://nigarazuek.bandcamp.com gunean entzun dezakezu.
53. Iritziak
Idazle orojakin batek antzezlanaren idazketa akastuna dela badio, seinale ona. Sorkuntza bat beti izango da-eta akastuna.
Antzerki zuzendari batek jada ikusitako eszenaratzea duela badio, ez larritu. Aurreko sortzaileen herentzia errespetatzen duzunaren seinale.
Kritikariren batek “aurreko lana hobea zela” idazten badu, ez egin kasurik. Bidaiaren zentzua ez du seguru aski ulertu.
Dentista batek, zapatari batek, mekanikari batek edo aerobic irakasle batek zerbait eragin diola esaten badizu, orduan poztu zaitez.
54. Deja vu bat
Sorkuntza lana amaituta, sentsazio bitxia izaten dugu: antzezlan hori jada ezagutzen genuela, gure barruan bizi zela aurretik. Nonbait gure inkontzientean urteetan ezkutatuta egon izan balitz bezala. Horregatik gure konpainiaren izena: Dejabu. Jatorri frantsesa duen hitz honek jada ikusia esan nahi du, eta psikologian momentu bat jada bizi izanaren sentsazioa deskribatzeko erabiltzen da.
Eta orduan, Xabier Lete abesti hartan Jainkoaren bila kalera atera zen bezala, desesperatuta, besoak gorantz jasota, garrasi egiten diogu unibertsoari (ateo onek bezala): “Orduan, helmuga ezagutzen bagenuen, zergaaaaatik? Zergaaaaatik pasa behar izan dugu urtebete baino gehiago bilaketan, guztiz galduta, noraezean, lan eta lan, deskantsurik hartu gabe?”
Eta ateo onak izanda, erantzuna barruan entzuten dugu. Garbi. Eta irakurle on bezala, zuek ere badakizue honezkero erantzuna. Gora antzerkia!