Arrastoak
Ainara Gurrutxaga
Arrastoak
Ainara Gurrutxaga
EHAZE, 2016

 

3. mugimendua:
Bittori

 

 

Bederatzi

 

(Garbiketa enpresa. bittorik lurri emandako eskutitza irakurtzen duen bitartean, marga negar zotinka ari da labadora gainean. lur iristen da maindirez betetako saski batekin.)

 

LUR: Oraindik horrekin?

MARGA: Hain da hunkigarria. Erromantikoa. A ze istorioa, gerrak banatutako maitasun bat! Manolori ez zaio okurritzen horrelako bat bidaltzea, ezta, ezta... hemen tiroka hasiko balira ere! Bueno, ez dut esan nahi horrekin...

LUR: Marga, berriz Manolo?

MARGA: Bai neska! Beste aukera bat eman diot. Azkena. Orduan, zure amonak eman zizun gutun hau?

LUR: Bai, esan dizut...

MARGA: Baina nola eman zizun?

LUR: Esan dizut. Urduri bezala jarri zen, kutxa nahi zuela eta bertatik gutun hau atera zuen. Begiratu ninduen eta...

MARGA: Ze fuertea!

LUR: Marga, emakume horrek hamar urte baino gehiago daramatza ospitale psikiatrikoan. Beste norbaitekin nahastuko ninduen edo nik zer dakit!

MARGA: Zu hara joan zinen amaren lepokoa eramatera...

LUR: Ez zen amarena, lepokoa amonarena zen.

MARGA: Bueno, joan zinen zure amonari bere lepokoa itzultzera eta berak zuri gutun hau eman zizun. (lurri misterio aurpegiarekin begiratuz) Zergatik? Pentsatu.

 

 

Hamar

 

(roberto bere kontsultan dago, loreontzi barruan dagoen lagun berriarekin hizketan.)

 

ROBERTO: Badakizu, Willy? Pentsatzen aritu naiz eta uste dut batzuetan gizakiok arrainen antza izan nahiko genukeela. Beno, badakizu, Willy, zuk hor zure arrain ontzian buelta bat ematen duzunerako, ozeano berri bat deskubritzen duzu. Eta guk hemen, Willy, batzuetan izkinan bira eman orduko ikusi duguna ahaztu nahiko genuke. (lur eserita dago aulkian) vos que pensás?

LUR (lurrek ez dakiela adierazten du): Hasiko gara?

ROBERTO: Oso ondo. Nahi duzun bezala. (robertok irrati-kasete grabagailu bat gerturatzen du mahaira) Lur Gutierrez, laugarren saioa. Ongi da, Lur, hitz egidazu zure amari buruz. Si quiere háblele a Willy. (roberto gelatik ateratzen da)

LUR: Nire amak, Lurdesek, talde batean abesten omen zuen. Maketa bat atera zuten. Bueno, kopia gehienak aitak ditu etxean. Yonki bat zen. Eta hori da dena. (Grabagailua gelditzen du) Roberto!

ROBERTO (gelara sartuz): Hemen nago, Lur. Zurekin.

LUR: Eta orain, zer?

ROBERTO: Orain zer? Hori da, oso ondo! Begira, Lur, bidaia bat proposatzen dizut. Bidaia honetan ni zure alboan izango naiz, como en un tandem. Baina kontua da hemendik aurrera galdera garrantzitsuak zuk erantzun beharko dituzula. Beraz, Lur, zer egingo duzu orain?

 

 

Hamaika

 

(Abesti baten lehen akordeak entzuten ditugun bitartean, lurren aita ikusten dugu etxeko baineran sartzen. aitak irrati-kasetea uzten du bainera ondoan. Gortina ixten du. Off ahots bat entzuten da orduan, eta koruak itzal jolasa egiten du gortinan islatzen den aitaren gorputzarekin.)

 

ROBERTO (off ahotsa): Gure gorputza aurrekoen arrastoez beterik dago. Guk jakin ez arren, gure nortasuna ere aurrekoen arrastoez beterik dago. Gatazka baten ondorioz isildutako gauza guztiek uzten dituzte beren markak. Eta haiek ere, guk jakin ez arren, gure gorputzeko txoko ilunenetan geratzen diren arrastoak dira. Eta guk jakin ez arren, galdera moduan azaleratzen dira.

 

 

Hamabi

 

(lur sartzen da komunean.)

 

LUR: Aita! Aita!

 

(aitak ez du erantzuten. lurrek irrati-kasetea gelditzen du, musika eteten da. Gortina ireki eta aita lo dagoela ikusten du.)

 

LUR: Aita!

AITA (esnatzen da tupustean): Joder, Lur! Zer nahi duzu?

LUR: Zuk Bittori ezagutu zenuen?

AITA: Ze Bittori?

LUR: Ze Bittori izango da, ba! Lurdesen ama, aita.

AITA: A... bale! Bitoriana! Bai, bai. Baten batean ikusi nun. Hire amak ez zinan atso horretaz deus jakin nahi. Pasaidan esponja.

LUR: Eta Lurdesen aita?

AITA: Nik zer zekinat, ba! Lurdesek ez zinan bere aita ezagutu.

LUR: A, ez?

AITA: Ez, ba. Bittorik ez zionan inoiz ezer kontatu nahi izan Lurdesi bere aitari buruz. Ta Lurdesek atso horrek zerbait ezkutatzen ziola esaten zinan. Beti zebilenan horrekin bueltaka eta bueltaka. Etzionan hori inoiz barkatu.

LUR: Zergatik?

AITA: Ta nik nola jakin behar dinat, ba! Hi, Lur, ekarri eidan metxero bat sukaldetik, hau busti egin zaidan.

LUR (bainerako ura ukitzen du): Hotza dago, aita, atera hortik.

 

(lur badoa. aitak play botoia sakatzen du bainera ondoan duen irrati-kasetean. Kantu bat entzuten dugu. aitaren ametsetan murgiltzen gara, berriz itzal jokoekin. Kontzertu batean gaude. Kearen artetik, itzaletan, lurdesen silueta agertzen da. Abestian zehar lurdesek itzalen gortina zabaldu eta bere egiten du eszenategia. Momentu berean lur robertoren kontsultan ikusten dugu, bittoriren gutuna eskuetan duela, pentsakor.)

 

LURDES:

                        Ezagun dut kaiola erori bat.

                        Ezagun, mila bider hila

                        eta hezurretan dudala habia

                        ez dut zuhaitzik zutik utzi.

 

                        Luma bustien usaineko haur

                        hodei joka ibilia nago

                        lehen aldiz ehizara bere kasa

                        doan piztia izutua bezala.

 

                        Ez, ez dakit ezer txoriez,

                        ez dakit haizearen historia,

                        baina nago nire nor izanak

                        hegoduna behar lukeela.

 

                        Nork, zerk naukan jakin asmoz,

                        lehertuko dut naizenen segida.

                        Sortu dudan amaren alaba.

                        Erditu ninduen ezezaguna.

 

                        Zer gezurrekin ez dut dantzatu,

                        zein amets gaixora ez naiz jaiki,

                        zintzoki maitatzeko era abandonua balitz bezala.

 

                        Zer dabilkit sabelean hozka,

                        oinazeak beste ezerk baretzen duen erra baizik,

                        zer doakit odoletik barrena.

 

                        Esadazu hitz bat eta sendatuko naiz,

                        esadazu hitz bat...

 

                        Zer dabilkit sabelean hozka,

                        oinazeak, ez beste ezerk,

                        baretzen duen erra baizik?

                        Zer doakit odoletik barrena?

 

 

Hamahiru

 

(roberto zubi baten gainean dago. Soka batekin lotutako botila batjaurti du uretara. lur agertzen da.)

 

LUR: Kaixo, Roberto.

ROBERTO: Hombre, Lur. ¿Qué haces vos por acá?

LUR: Zer ari zara?

ROBERTO: Willyrentzat ura biltzen, bere habitat berrira egokitzen joan dadin. Badakizu? Willy eta bere espezieko guztiak errekaren hondoraino joaten dira elikagai bila. Interesante, ez? (Willlyren pitxerrera errekako ura botatzen ari den bitartean willyri zuzentzen zaio) Oso ondo, Willy, begira, poliki-poliki ohitzen joan behar zara. (Lurri orduan) Eta esango didazu zer dabilkizun bueltaka burutxo horretan?

LUR (Lurrek bittoriren gutuna ateratzen du poltsikotik): Gutun hau nire amonak eman zidan.

ROBERTO: ¡La del hospital?

LUR: Bai, eta eman zidan moduagatik uste dut zerbait esan nahi zidala.

ROBERTO: Agarre. (willyren pitxerra ematen dio lurri eta eskutitza irakurtzen hasten da) Impresionante, vaya historia. Eta gutun hau beste norbaiti zuzenduta dago gainera. (Orriaren beste aldea begiratuz) A un tal A. M. Jauregi. Zure aitona, supongo.

LUR: Ez dakit.

ROBERTO: Ez dakizu? Ba, agian hori da esan nahi zizuna.

LUR: Zer?

ROBERTO: Nor den zure aitona, Lur! Beno, galderak sortzen bazaizkizu, ba, galdetu. Ez dizu txarrik egingo. (Eskutitza seinalatuz) Hor badaukazu hainbat pista. El tal A. M. Jauregi eta gero hor jartzen duen herria... Ergoien. Hara, justu erreka hau hasten den lekua.

LUR: Oiartzun?

ROBERTO: Klaro. Seguru bertan oraindik zerbait topatu dezakezula: erregistroan begiratu edo, noski, zaharrei galdetu. (Pitxerretik willy arraina hartu eta errekara botatzen du) Bueno, chico, fue un placer! Ongi ibili, Willy.

LUR (zur eta lur): Baina, zer ari zara?

ROBERTO: Arrain hau ez da pitxer batean bizitzeko jaioa, Lur. Errekan bizi behar du. Willlyrentzat orain bidaia zoragarri bat hasten da. (Errekan behera begiratuz) Mira, mira que feliz con los corcones.

            Ez da hain zaila izango. Seguru pistaren bat topatzen duzula. A. M. Jauregi. (Pentsakor) Antonio Molina Jauregi, Antonio Mercero Jauregi, Armando Maradona Jauregi... No, muy argentino...

 

 

Hamalau

 

(Oiartzungo udal artxiboan daude lur eta marga. marga kaxa batzuetan kuxkuxean dabil. Artxiboko arduradunaren zain daude.)

 

MARGA: Alejandro Maria Jauregi, Antonio Muñoz Jauregi, Anarkardo Miguel... Hau oso emozionantea da, Lur! Jessica Fletcher bezala sentitzen naiz, ‘Se ha escrito un crimen’ telesaileko kapitulu batean, artxiboetan arakatzen, pista ezkutuen bila, inork ikusi gabe datuak lapurtzen...

 

(Momentu horretan artxibozaina sartzen da.)

 

ARTXIBOZAINA: Artxiboan dauzkagun dokumentu bakarrak hauek dira. Gehienak gerran desagertu ziren.

MARGA (artxibozainarekin ligatu nahian): Ze pena, ez? (artxibozainak ekarritako karpetak hartzen ditu)

ARTXIBOZAINA: Zaindu, bai?

MARGA (ligatzeko saiakerarekin temati): Zu ere bai, majo.

ARTXIBOZAINA (lehor): Dokumentuez ari nintzen. (Badoa)

MARGA (guztiz lotsatuta): Aiba! Es que... oiartzuarren umorea, hain da... Gustatzen zait. Mmmm... nik bai dokumentatuko nukeela tipo hori ezker-eskuin eta goitik behera...

LUR: Marga, baina ez al zinen Manolorekin bueltatu, ala?

MARGA: Manolo? (Hunkidura disimulatu ezinik) Manolo historia da, Lur. Gurea jada bukatu da, definitivamente. Kotxea itzuliko diot, bere galtzontzilo guztiak bertan sartu eta hala! Kitto. (Malkoei ezin eutsiz) Ez zitzaidan komeni. (lurrek laztan bat egiten dio bizkarrean) Lasai, ondo nago. Zergatik da hain zaila maitatuko zaituen norbait topatzea? Gehiegi eskatzen dut? Hori da? Bai, agian bai...

LUR (lotsatuta): Marga... Zu kriston tipa zara.

MARGA (margari irribarre bat eskapatzen zaio lagunaren hitzak entzunda. Besarka handi bat ematen dio lagunari): Exagerada, ¡hombre! Eta orain lanera, Lur, horretara etorri gara eta! (margak karpetak ematen dizkio)

LUR: Dagoen guztia hau baldin bada, ez dugu denbora askorik beharko.

MARGA: Eta zure aitona topatzen duzunean, zer egingo duzu?

LUR: Ez dakit. Nor den jakin nahi dut. Eta bizirik baldin badago... gutuna eman.

 

(lurrek lepokoa ematen dio margari.)

 

MARGA (margak harrituta begiratzen du lepokoa): Hara, baina ze polita! Zer zen, zure amonarena? Ospitalean dagoenarena? (Ireki egiten da bat-batean lepokoak zintzilik daraman kutxatxoa. Argazki zahar bat du bertan) Baina ze guapa zen!

LUR: Ireki egiten da?

MARGA: Eta ze elegantea! Pentsatzea gero nola amaitu duen, ospitalean hor, barazki baten par... (lurrek begirada zorrotza botatzen diola konturatuta) Tira, esan nahi nuena da, ba, ez zaizkiola egun asko geldituko, gaixoari...

            Begira, a ze lazito. Aingerutxo bat ematen du eta. (Kutxatxoaren tapa azpian begiratuz) Hara, inskripzio bat!

 

(Bi lagunek lepokoaren kutxatxo barruan idatzita dauden hizkiak irakurtzen dituzte, zailtasunez.)

 

LUR eta MARGA: A-na-Ma-ri... Jau-re-gi.

 

(Momentu horretan konturatzen dira biak bilaka zebiltzan inizialak lepokoan idatzita daudela. Zur eta lur gelditzen dira. Galderaz gainezka.)

 

MARGA (aurkikuntzaren garrantzia azpimarratu nahian):

            A. Ana..., M. Maria... Jauregi... Ana Maria. Hara! Emakume bat?

 

 

Hamabost

 

(Aurreko irudia desegin egiten du antzezleen koruak. Igerilekuan gaude orain. lur, bainujantzia jantzita, txapela eta betaurrekoekin igerilekuaren ertzean dago. Urari begiratzen dio, salto egin ala ez egin. Zalantzan.)

 

ROBERTO (off ahotsa): (Igerilekuaren irudia ikusten den bitartean robertoren grabagailuaren ahotsa entzuten dugu) Iraganari egiten diogun galdera bakoitza zure orainean zabaltzen den ate bat da. Galderak egiten hasteak zera dakar, espero ez genituen erantzunak jasotzea. Ate bat zabaltzea bezalakoa da. Orduan, kontua da atearen beste aldean zer dagoen jakin nahi ote dugun. Edo ausardiarik badugun.

 

 

Hamasei

 

(Oiartzun. lur iritsi berri da. Ingurura begira dabil, nora jo ez dakiela.)

 

ATTONA: Eguraldia erotuta dabil. Udazkenean jada eta begira kimuak hasi dira ateratzen, e?

LUR: Barkatu, Oiartzungoa zara?

ATTONA: Bai, oiartzuar peto-petoa.

LUR: Emakume baten bila nabil.

ATTONA: Hara! Ni ere bai! (Barrez)

LUR: Ana Mari Jauregi.

ATTONA: Ana Mari Jauregi? Ez dut ezagutzen, ez.

LUR: Begira. (lurrek lepokoa erakusten dio) Agian honekin?

ATTONA: Puf! Bittu, bittu. Gutxi ikusten det nik, la edad, badakizu. (Lepokoari erreparatuz) Hara hau elegantea da. Hara! Jauregi esan al dezu? Klaro, ba, palaziokoa seguro!

LUR: Palazioa?

ATTONA: Klaro, ba, “los Jauregi”. Los del dinerito.

LUR: Eta palazioa non dago?

ATTONA: Karrikatik gora, han da baserria. “El palazio” esaten genion. (lur badoa) Baina zer zoaz bertara? Han ez dezu deus topatuko! Urte asko pasa dira, redio!

LUR: Eta badakizu familia horretakoak non topatu ditzakedan?

ATTONA: Ez dakit, ba. Horiek gerrako kontuak dira eta ni, badakizu, gerra garaian a la Rusia bialdu ninduten, con los niños. Yo ya estaba mozo, baina...

LUR: Eta hemen nor gelditu zen?

ATTONA: Horixe, ba, hemen geratu zen baten bateri galdetu beharko diozu. A la Frantziska pregúntale.

LUR: Non dago?

ATTONA: Zahar-etxean. Senar itsusi horrekin egongo da.

LUR: Ongi.

ATTONA: Aizu, bere senarra ez badago jada ingurun, esaion Frantziskari ¡que le espero!

 

(Zahar-etxera doa lur. Zaintzaile bati galdetuta, frantziska ikusten du, anttonito bere senarra gurpildun aulki batean daramala.)

 

LUR: Frantziska?

FRANTZISKA: Bai? Hara! Zu zer zea, enfermera berria?

LUR: Ez. Herriko emakume baten bila nabil.

FRANTZISKA: Zein, ba?

LUR: Ana Mari. Palaziokoa.

FRANTZISKA: Palaziokoa? Jesus, Maria ta Jose, lekutara jun zea.

LUR: Familia hortakoak gerra ondoren nora joan ziren ba al dakizu?

FRANTZISKA: Hemen, behintzat, etzian gelditu. Eta nora jun ote zian. Hori hemen geratu zen baten bati galdetu beharko diozu. Hau eta ni exilioan ezagutu ginen, ¡en San Juan de Luz! Anttonito goatzen al zera garai haietaz, ze gauza, jesus, en las trincheras haciamos xirris, a ze garaiak! (lurri berriz) Orain desmejoratuta ikusten dezu baina en aquel entonces, honek porte ederra zeukan! Eta nor gelditu ote zen hemen? Urteak pasa dira, gero! (Gogoratu nahian) Hara, Benito harakinan semea! Ez, ba, aquel creo que tuvo tuberculosis, ta akabo!

ANTTONITO (ia ahotsa atera ezinik): Anastasio.

FRANTZISKA (anttonitori entzuten ez diola): Maria Luisa pelukera! Ez, ba, hori ere ez. Hori ezkondu egin zuten ta creo que vive en Polonia.

ANTTONITO: Anastasio...

FRANTZISKA: Nor gelditu zen hemen? Juliantxu igual?

ANTTONITO: Anastasio...

FRANTZISKA: Hara! Horixe da, ta Anastasio! (anttonitori) Nola ez diazu lehenago esan, ¡qué soso! Lagun minak zineten-ta txikitan.

LUR: Anastasio? Eta non topatu dezaket?

FRANTZISKA: Hori errexa dezu. Plazan egon zain. Hura hamar minuturo pasatzen da bertatik.

LUR: Hamar minuturo?

FRANTZISKA: Bai, horrek bai gordetzen dula sasoia. (anttonitok aurpegi txarra jartzen diola ikusita) Baina, baina, ez jarri zeloso! Hori duela asko gertatu zen, nola ez dezu hori superatu, gizona...

 

(Herriko plazan dago lur orain. anastasio ikusten du, footing egiten. Korrika hasten da haren alboan.)

 

LUR: Anastasio!

ANASTASIO: Aupa Anastasio!

LUR: Esan didate gerra garaian hemen geratu zinela.

ANASTASIO: Bai, gerra garaian ni hemen egon nintzen, herria defendatzen!

LUR: Jauregitarren bila nabil, gogoratzen dituzu?

ANASTASIO: Nik gerra hasi zenetik ez det Jauregitarrik hemen ikusi, eta jmas les vale! Ze bestela... (Karate keinu batzuk egiten ditu korrika jarraitzen duen bitartean)

LUR: Ana Mariren bila nabil.

ANASTASIO: Ana Mari, palazioko gazteena. Pizpireta bat. Hura nora jun ote zen... egun santu guztian txutxumutxuka aritzen diren Arruabarrenaneko neskazaharrei galdetu. Haiekin estudiatu zula uste det. Iturraldeko maldan gora azkeneko baserria, sarreran badu zuhaitz bat adar oker-okerrak dituna. Ba, hantxe bertan da. Ni batzutan pasatzen naiz handik en el footing, baina harek ematen dit un mal rollo, jata buelta ematen diñat. (Badoa korrika) Suerte!

 

(lur Arruabarrenaneko neskazaharren baserriko atarian dago. Atea jotzen du.)

 

PILI: Nor izango ote da?

KONTXITA: Ordu hauetan?

PILI: Nor zea zu?

KONTXITA: Ze familitakua?

PILI: Nungua?

KONTXITA: Nobiorik ba al dezu?

PILI: Lanik itten al dezu?

KONTXITA: Zertara etorri zea zu hona?

LUR: Anastasiok bidali nau.

PILI eta KONTXITA (ez dute batere gustuko anastasio, eta espantuka hasten dira): Anastasio!

LUR: Ana Mari ezagutu zenutela esan dit. Jauregi.

PILI eta KONTXITA (pentsakor): Ana Mari Jauregi?

LUR: Palaziokoa.

PILI eta KONTXITA: Hara, Anita! Jesus, Maria eta Jose!

KONTXITA: Tragotxo bat hartuko dezu...

PILI: Etxeko ardoa degu.

 

(Badoaz bi emakumeak. Ardo botila eta edalontzi batekin itzultzen dira. lurri tragoa zerbitzatzen diote.)

 

PILI: Anita gerran desagertu zen.

LUR: A, bai?

PILI: Oso neska elegantea zen.

KONTXITA: Klaro, Palaziokoa izanda, ni ere bai!

PILI: Anitak bazun lagun bat, nola zen?

KONTXITA (gaiztakeria pixka batekin): Laguna, laguna...

PILI: Bai, beste neska hura, nola zen?

LUR: Bittori?

PILI eta KONTXITA: Bittori? Bittori al zen? A, bai, Bittoriana! Ai, Bittoriana... (Errezatzen hasten dira)

KONTXITA: Benetan, bi hauena ere...

LUR: Ezagutzen zenuten?

PILI: Bai, Bittori Palazioko neskametako bat zen.

KONTXITA: Hola in zen Anitaren laguna.

PILI: Oso laguna... (Barre gaizto batez. kontxitak isiltzeko keinua egiten dio) Herri guztiak zekin-eta haiena!

KONTXITA: Anitaren aita gaizki portatu zen.

PILI: Garai haietan, badakizu, neskameak nagusiak esaten zun guztia egin behar izaten zuen.

KONTXITA: Eta gero, gainea, bidali egin zuen palaziotik baserrira bueltan.

PILI: Klaro, egin zuna ezkutatzeko, horixe!

LUR: Zer egin zuen, ba?

PILI eta KONTXITA: (esan ala ez zalantza eginez): Haurdun utzi.