4. mugimendua:
Ana Mari
Hamazazpi
(lur robertoren kontsultan dago, aulkian eserita. Burumakur.)
ROBERTO: Oso ondo ulertzen dut nola sentitzen zaren, Lur. Pertsona batek halako berriak jasotzen dituenean, uno se queda un poco conmocionado. Baina ikusiko duzu nola, egun batzuk pasata, nola gauzak beste modu... (robertok bizkarrean jartzen dio eskua. lurrek kentzeko keinu bat egiten du, nahastuta dago) Dena den, Ana Mariren kontuarekin...
LUR: Ya, Roberto. Nire amona bortxatua izan zela enteratu naiz. Nire ama min horren alaba dela. Eta zertako balio dit horrek guztiak, Roberto? A, ya, nire familia desgraziatua izatera kondenatuta dagoela jakiteko. Eta orduan, noski, ni ere bai.
ROBERTO: Ez, Lur. Justu kontrakoa. Hori besteen bizitza izan zen. Zuk ez duzu zama hori guztia eraman beharrik. Horregatik da garrantzitsua zure familiari gertatu zitzaiona ezagutzea.
LUR: Orduan hau da bukaera, ezta?
ROBERTO: Edo hasiera, Lur! Segun eta nola nahi duzun zuk ikusi! Baina, Lur, Ana Mariren pista horri jarraitzen badiogu...
LUR: Ana Mari gerran desagertu zen. Bukatu da, Roberto. (Badoa)
ROBERTO: Lur. Ondo gogoratu hau: inor ez da desagertzen.
(roberto bakarrik gelditzen da gelan. Hartzen du kasete kaxa zahar bat, bat hautatu eta irakurgailuan jartzen du ozen. Berak bere buruari eginiko grabazioa da, duela hamar bat urtekoa. Entzuten den grabaketan nabari da roberto mozkor dagoela. Zinta martxan jarri orduko robertok bere apaletik petaka bat hartu eta zurrutean hasten da. Oso urduri dago.)
GRABAZIOA: Oíme, Alicia. ¿Me oís? Yo ya no puedo más. Yo ya me lo acabo de demostrármelo a mí mismo: nadie desaparece. A vos la desaparecieron. Aunque lo intentemos con todas nuestras fuerzas no vamos a desaparecer. Es muy difícil desaparecer, Alicia. Quizás buscar un nuevo camino, como si quisieramos romper un mapa, huir. Y aún así nos veríamos pisando las mismas huellas, los mismos caminos, Alicia. Llenos de dolor. A lo mejor intentar olvidar. La cuestión es si lo logramos y cómo, cómo tratamos de olvidar.
Hemezortzi
(lur aitarengana joan da, etxera, nahiko aztoratuta.)
LUR: Aita, eman giltza.
AITA: Ze giltza?
LUR: Lurdesen gelako giltza.
AITA: Zertarako?
LUR: Amaren gauza guztiak gure etxetik ateratzeko.
AITA: Lur. Nik ezin dinat.
LUR: Nik bai.
(aitak giltza ematen dio. lur bere amaren gelan sartzen ikusten dugu. Gelako objektu guztiak maindireekin estalita daude. lur armairu gainetik maindirea kendu eta bertan dauden amaren arropak kartoizko kaxa batean sartzen hasiko da. Bat-batean amaren berokia, beti soinean zeramana, topatzen du. Ezin du mugitu. Zoruan esertzen da, armairu alboan, arnasa ezin ongi hartuz. Buru gainera lur zatiak erortzen hasiko zaizkio, orduan, armairu barrutik. Izututa oihuka hasten da.)
Aita. Aita!
(Iraganeko eszena bat. lurren antz handia duen emakume bat —antzezle berak jokatzen du— sute batetik ihes egiten ikusten dugu haur bat besoetan duela. Tiro hotsak eta zakur zaunkak entzuten dira. Emakumea ihesean doa. Ez daki zer egin, aurrera jotzeko irteera bakarra errekan sartzea da. Erabakia hartzen du.)
Hemeretzi
(lur ohean dago begirada galduarekin. aitak zopa ekartzen dio katilu batean. Kontu handiz zaintzen du alaba. Eskua jartzen dio kopetan, sukarrik ba ote duen jakiteko. lurrek ez du ezer esaten, ez du erreakzionatzen.)
AITA: Lur, lasaitu hadi, susto bat besterik ez den izan. (Zopa katilu bat gerturatzen dio) Hartzan hau. (Alaba mantarekin tapatzen hasten da)
LUR: Zapatak jarrita dauzkat.
AITA: Hotza den?
LUR: Ez dakit. (aita zapatak kentzen hasten zaio) Aita, amak maite gintuen?
AITA: Amak asko, Lur. Ikaragarri. Edan ezan zopa, ondo egingo din eta.
LUR: Amaren antza daukat, aita? (aitak, urduri, isilik, lurren gaineko maindireak atontzen jarraitzen du) Ez dut burua galdu nahi.
AITA (alaba laztantzen duela): Zer esaten ari haiz, Lur. Hori ezta aipatu ere. Hik ez dun bururik galduko. Tira, etzan hadi, deskantsatu egin behar dun.
LUR (altxatzen da bortitz): Ez dut lokartu nahi.
AITA: Lur!! Ni hemen nagon. Hirekin. Hago lasai. (lurri ohean etzaten laguntzen dio) Etzan lasai.
LUR: Aita, kantatu zeozer.
(aitak eskutik goxo hartzen du alaba eta Far Westeko abesti triste antzeko bat abesten hasten zaio. aitak alabak lo hartu duela ohartuta, eskua bere lekuan jarri eta badoa gelatik, oraindik kantuan.)