Arrastoak
Ainara Gurrutxaga
Arrastoak
Ainara Gurrutxaga
EHAZE, 2016

 

6. mugimendua:
Memorien Basoa

 

 

Hogeita lau

 

(lur ospitalera itzultzen da, amonarengana. Lo dago. Goxo, burua laztantzen dio.)

 

LUR: Eskerrik asko... Ana Mari. Begira zein etorri den bisitan.

 

(mixel gerturatzen da bere arreba ana marirengana. Horrek berehala ezagutzen du bere anaia, eta anai-arreben arteko besarkada ikusten dugu.)

 

 

Hogeita bost

 

(lur eta roberto kale kantoi batean daude.)

 

LUR: Ze, Roberto, bagoaz?

ROBERTO: Claro.

 

(lur, marga eta roberto auto baten barruan daude orain.)

 

LUR: Marga, ez al zenion Manolori kotxea itzuliko?

MARGA: Zer? A bai, bai. Bihar. (Autoa martxan jarri eta badoaz)

ROBERTO: Stop, stop! Itxaron, Marga. Ahí atrás viene un loco gritando.

 

(lurren aita agertzen da, autoaren atzetik korrika.)

 

LUR: Aita, zer ari zara hemen?

AITA: Hirekin joan nahi diñat.

 

(Musika sartzen da eta lau pertsonaiak ikusten ditugu autoan bidaiatzen. Mendiko bide zatar batetik sartzen dira.)

 

ROBERTO: Qué bien, un viaje en familia. En Argentina a esto se le llama excursión.

AITA (autoko leihotik burua ateraz): Hara, pagoak! Uuuaaaaa!

ROBERTO: Baina kontuz, hombre, ¡Meta la cabeza loco! (aitaren alkandoratik tiraka)

LUR: Aita! (aitari errieta eginez) Mixelek esan zidanarengatik ondo goaz. Eskubitik, Marga. Eta hortik gora, gora! Bide honen bukaeran da. Hemen, hemen! (margak autoa gelditzen du bortizki)

MARGA: Ui, ze iluna.

 

(Irteten dira kotxetik denak. Gaua da.)

 

ROBERTO: Eskerrak linternak ekarri ditudan.

 

(Basoan barrena abiatzen dira, gauez, linternekin.)

 

LUR: Marga?

MARGA (atzean gelditu da): Segi zuek, gauzatxo bat egin behar dut. Oraintxe noa!

LUR: Ondo zaude, aita?

AITA: Aspaldi ez nintzen hain ondo sentitzen. (Arnasa hartzen du sakon)

 

(roberto ezerezetik agertzen da, izututa.)

 

ROBERTO: Hemen zaudete! A ze sustoa. Uste nuen galdu nintzela. Hemendik erreka baten soinua entzun dut.

LUR: Hemen da.

 

(Basoan zehar, iraganeko eszenetan ikusi dugun errekara iritsi dira. Lurrez estalita dago eszenategia.)

 

ROBERTO: Ongi. Nik uste dut, behin honaino iritsita, ongi legokeela erritual txiki bat egitea. (aitari hizketan) Badakizu? Zuluek, si hombre los zulues, los de la caña ahi abajo, dantza egiten dute denak elkarrekin tribuko norbaiten arazoak uxatzeko, eta Yanomamiek yopoz betetako hodi batetik...

 

(aitak isiltzeko keinua egiten dio robertori. lurrek hasia du bere errituala.)

 

LUR: Bizitza eman didazuen emakumeak: zuen lekua itzultzen dizuet. Nik nirea topatu dezadan. (Lepokoa hartu eta lurperatu egiten du)

AITA: Zer moduz sentitze haiz, Lur?

 

(lurrek irribarre egiten dio.)

 

ROBERTO: ¡Oid, chicos! Ni Margaren bila joango naiz. Bada denbora bat desagertu dela. Agian galdu egingo zen. Zulo batera erori da edo basurde batek eraso egin dio, agian. (Basoan urruntzen ikusten dugu roberto) Marga? Marga?

 

(Bat-batean eztanda ozen bat entzuten da autoa utzi duten lekutik. Sute bat ageri da eta kez betetzen da ingurua. marga agertzen da zilipurdika, leherketaren indarrak bultzatuta.)

 

ROBERTO: Pero ¿qué pasó? Zer izan da hori?

 

(margak gasolina bidoi bat darama eskuan. Denek zur eta lur begiratzen diote.)

 

MARGA: Ui, igual pixka bat pasa egin naiz gasolinarekin?

LUR: Marga, ez zenion Manoloren kotxeari su...

MARGA: Ez al ginen erritual bat egitera etorri, ala?

 

(Laurak isilik geratzen dira, zer esan ez dakitela.)

 

ROBERTO: Baina... eta orain, nola itzuliko gara?

MARGA: Aibala! Igual detaile hori pasa egin zait. Egia da.

LUR: Gau ederra egiten du.

AITA: Bai, alajaina, begira zerua dana izarrez beteta.

 

(Lau pertsonaiek zeru izartsua begiratzen dute, isilean. aitak alaba besarkatzen du. margak eskua ematen dio lurri. margak robertori heltzen dio.)

 

 

Hogeita sei

 

ROBERTO (off ahotsa): Denok gabiltza gure arrastoen bila, arrastoei galdetuz zer, nork, zergatik. Iraganeko saminak isiltasuna dakar: belaunaldietan kutsatu egiten den isiltasuna, hitz oro lurperatzen duen isiltasuna. Nahikoa zait hitzak lurpetik ateratzea nor naizen ulertzeko. Biharkoen galderetan hasten delako norbera. Biharkoen galderetan hasiko naiz ni.

 

amaiera