2. mugimendua:
Roberto
Bost
(Beste egun bat da lantokian. marga eta lur zintzilik dauden oihalak lisatzen ari dira. lur oso nekatuta dago. marga, ordea, hitz eta pitz ari da.)
MARGA: Yoga irakaslea da.
LUR: Yoga?
MARGA: Bai, lehengo astean apuntatu nintzen. Ikusiko bazenu irakasleak nola estutzen duen ipurdia kobraren postura egiten duenean...! Ez begiratu horrela, Lur. Badakizu zer den Manolorena ahazteko hoberena? Astinaldi on bat! Solteras Hoy aldizkarian irakurri nuen. Errepaso on batek gleukozitoen % 20 aktibatzen omen ditu...
LUR: Gleukozitoak?
MARGA: Bale, nik ere ez dakit zer diren gleukozitoak, baina zientzia alde dugun baterako ez naiz ni kontrajarriko! Ba, kontua da irakaslea eta yoga eskolako beste batzuk gaur arratsaldean gelditu direla konferentzia batera joateko, ‘Cuerpo - mente’ ez dakit zer rollo. Gero afaldu, pote bat hartu... Eta nik esan nion, “Cuerpo - mente? Ze kasualitatea, ni ere banoa lagun batekin...” Eta, klaro, gelditu gara han beraiekin, ni eta nire laguna... (lurri begiratzen dio irribarre inuzente batekin) Zuri gustatzen zaizkizu konferentziak? (lurrek, etsituta, baiezko keinua egiten dio) Ai, ze salada! Bostetan pasako naiz zure bila.
Sei
(Argiak beltzera doaz. Soinu zatar batzuk eta robertoren ahotsa entzuten dugu madarikatzen: zerbait ez dabil ondo. Bat-batean diapositiba baten proiekzioa ikusten dugu oihal zuri batean. Bertan ‘Hostoaren parabola egungo psikologian’ dakar. roberto diapositibaren argiaren aurrean jartzen da publikoak ikus dezan. Hitzaldi batean gaude.)
ROBERTO: Hara, badabil. Eskerrak! “Hostoaren parabola egungo psikologian”, por Roberto Swedski. Hori ni naiz. Jaun- andreok, arratsaldeon. Hosto batzuk bildu ditut honako bidean. Begira, hau Urkiarena da. Bonito, ¿verdad? Ongi begiratzea nahi dut zeren gela honetatik irtetean, agian, ezberdin ikusiko duzue.
Ongi, sarreran eman dizueten gutun-azala hartzea nahi dut eta bertatik hostoa ateratzea. No se piensen que fue fácil recoger tanta hojita y explicarle a ese municipal qué es lo que hacía metido en aquella rotonda... Gero eta zailagoa da hirietan natur arrastoak topatzea.
(Ikusle bakoitzari antzokirako sarreran eskuorri gisa gutun azal bat eman zaio. Gutun azal bakoitzak lehortutako hosto bat du barnean.)
Ariketa bat proposatzen dizuet elkarrekin egiteko. Eta norbait ariko da pentsatzen: “O, ez! Publikoaren parte hartzea!” Lasai. Ariketa hau norberarentzat da soilik. Esperientzia txiki bat. Intimoa.
Tira, orain hartu hostoa esku artean eta itxi begiak. Memoria ariketa bat egingo dugu.
Haurtzarora egingo dugu jauzi. Sei urte dituzu orain. Udako egun goxo bat da, hondartzan zaude edo mendian... Begiratu paisaia zure begi txikiekin. Nabaritu haizea edo olatuen talka. Orain irudikatu zure atzean, ezkerraldean, zure ama. Esku bat jarri du zure sorbaldaren gainean. Zure eskuin aldean orain irudikatu zure aita. Ezkerreko sorbaldan bere eskua jarri du. Hor zaudete zure ama, zure aita eta erdian, zu.
Orain irudikatu zure amaren atzean, sorbaldan esku banarekin, haren gurasoak: zure aitona-amonak. Eta ezkerrean, zure aitaren atzean, haren gurasoak ere bai. Zure aitaren ama. Zure aitaren aita. Sei pertsona daude orain zure atzean. Denak zuri begira. Orain, irudikatu zure aitona-amonen atzean beren gurasoak: zure birraitona-amonak dira. Eta jarraitu horrela. Zure zortzi birraitona-amona pare bakoitzaren atzean irudikatu beren gurasoak, haien atzean beren gurasoak, eta haien atzean beren gurasoak..., eta horrela etenik gabe.
Horrela jarraituz gero, mendeetan jauzi egiten ari zara, oso azkar. XIX. mendean 256 arbaso dituzu atzean. XVIII. mendean 4.064. XVII. mendean 64.000, eta XVI. mendean milioi bat eta erdi arbaso.
Ongi da, zabaldu begiak. Atzera begiratzen jarraituz gero, berehala neolitikora egingo genuke jauzi. Y aunque parezca increíble, soilik zuetako baten arbasoak kontatuta, 30 zifrako zenbaki batean jarriko ginateke. Soilik zuetako baten arbasoak kontatuta, inoiz munduak izan duen biztanle kopuru guztia gainditu egingo genuke. Ezinezkoa, ezta?
Agian, atzean irudikatu duzuen horri zuhaitz baten tankera hartu dio zuetako baten batek. Nik, ordea, uste dut antz gehiago duela baso batena. Me explico. Zure arbasoak eta oraintxe zure alboan eserita dagoen pertsonaren arbasoak, punturen batean, arbaso berdinak dira. Es que si no, ¡no nos salen las cuentas! Horregatik defendatzen dut basoaren ideia. Baso horretako zuhaitzen adarrek topo egin dute elkarrekin behin eta berriz... eta zu baso horretako azken hostoa zinateke!
Orain imajinatu ezazue sute bat. Suteak guztia desegin du. Desegin ditu adarrak, zuhaitzak, hostoak... dena. Lur azpiko sustraiak dira bizirik gelditu diren bakarrak. Baina, egun batean, sustrai horretatik zurtoin txiki bat jaioko da. Lurrazalera heldu eta bertatik kimu berri bat jaioko da. Eta kimu horretatik, egun batean, oraintxe esku artean duzuen bezalako hosto bat .
Hartu hostoa esku artean. Hartu denbora.
Ez al du hosto horrek aurreko hosto guztien ukipen bera? Ez al ditu aurreko hostoen zain gihartsu berberak? Ez al du suak suntsitu zuen basoko hostoen forma bera?
Hauxe da nire teoria, ‘hostoaren parabola’: norberaren baitan basoaren memoria inprimatuta dagoela.
Oso ondo aguantatu duzue nire sarrera. Impresionante! Hau, besterik gabe, nire liburua irakurri ez duenarentzat introdukzio txiki bat egitearren zen. Eta orain bai, ikusten ditut lanbideko hainbat kolega konferentziarako agindu nuena ikusteko irrikan.
Hellinger-ekin landutako zenbait ariketa partekatu nahiko nuke zuekin. Nik terapian erabiltzen ditudan teknikak hobeto ulertzeko zirkulu batzuk marraztu ditut lurrean. Kromletx neolitikoak bailiran, sistemak hobeto ulertzeko. Konstelazio familiar bat egiterakoan taldean egiten dugu lana, beraz, publikoko norbaiten laguntza beharko nuke orain.
(Ikusle batek eskua altxatzen du eta eszenatokira doa.)
Bai? Zu! Oso ongi. Igo, mesedez.
(Bitartean, marga eta lur aretoan sartzen dira hitz eta pitz. robertok ariketan parte hartu nahi duten bi pertsona direla uste du eta igotzera gonbidatzeko keinua egiten die.)
ROBERTO: Zuek biak! Oso ondo. Bai, noski! Igo, igo. (Lehen igo den ikusleari) Zure izena?
IKUSLEA: Miel. Miguel Rodriguez.
ROBERTO (margari): Zure izena, faborez?
MARGA: Margarita Biurrun Aldekoa.
ROBERTO: Eta zurea?
LUR: Lur.
ROBERTO: Lur. Tierra, ¿verdad? Precioso nombre. (robertok oholtzara igo den hirukotea zirkuluan ezartzen ditu eta publikoari zuzentzen zaio) Tira, orain imajinatu ezazue beraietako baten batek, nolabait, arazo pertsonal bat landu nahiko lukeela taldean...
MARGA (bat-batean zeharo hunkituta): Manolo! Asko igartzen zait, ezta? Es que... esan duzu eta pum! Bai, egia da, momentu oso konplikatua ari naiz pasatzen, Manol...
ROBERTO (margaren jarioa moztuz): Barkatu, señorita, este..., hemen suposizioekin besterik ez dugu lan egingo. Como una pequeña muestra.
MARGA (lotsatuta, ariketaren funtsa ulertu ez duela-eta): A, klaro! Ya, muestrita.
ROBERTO: Oso ongi, orduan, hobeto agian Lurrekin egingo dugu ariketa. Pentsatu dezagun Lurrek...
(roberto hizketan ari den bitartean lur itota sentitzen hasten da. Ez daki nola iritsi den oholtza horretara. Larrituta, ihes egiten du.)
ROBERTO (robertok gertatu dena oraindik ulertu ezinik): Este..., ¡señorita Lur! Itxaron! (Ikusleei) Barkatu, ez dakit zer... (margarengana gerturatu eta ahapeka hitz egiten dio) Zuek bazenekiten zeri buruz zen konferentzia.
MARGA: Ze konferentzia? A, konferentzia hau, klaro! (Denbora irabazi nahian) Ba, bai... ‘Del cuerpo hacia la mente’ edo horrelako zerbait, ez? (Iñaki bere yoga-irakaslea ikusten du ikusleen artean orduan. Agurtu egiten du) Iñaki!
ROBERTO (burua esku artean hartuz): ¡La madre del cordero!
Zazpi
(Antzezleen koruak tren baten barnealdea irudikatzen du lurrekin batera. lurrek bere amaren irudia ikusten du ametsetan, treneko kristalean islatuta. Bitartean, off ahots bat entzungo dugu.)
ROBERTO (off ahotsa): Noren aurpegia da ispiluan ikusten dudana?
Gure aurrekoen arrastoa ikus dezakegu gure aurpegian?
Gure aurrekoen beldurrak, izuak, isiluneak, kezkatzeko moduak, gozatzeko moduak islatzen al ditu?
Iraganeko jendearen arrastoak, norberaren aurpegia, gorputza, keinuak osatzen.
Noren oihartzuna da nire aurpegia. Noren oihartzuna naiz ni?
(roberto ikusten dugu bere bulegoan off-aren azken hitzak grabatzen. Antzezlanean entzuten ditugun off ahots guztiak robertok bere grabagailuan jasotakoak dira. Terapia saioez gain, bere gogoetak ere bertan grabatzen ditu. Atea jotzen dute. Bere bulegoko atera zabaltzera doa. Juanita da, bere bezeroetako bat. Ez dugu ikusten atearen beste aldean.)
ROBERTO: Hombre, Juanita, zer moduz? Ze poza zu ikustea. (Juanitak urez betetako plastikozko poltsa bat luzatzen dio. Barruan arrain laranja bat du) Oso polita, bai. Niretzat? Ez, eskerrik asko, benetan, nik nire lana besterik ez nuen egin, no se tome la mo... (Juanita badoa) Eskerrik asko, Juanita.
¡La concha de su madre! (Arrainari hizketan) Perdone, ez da zuregatik. Vamos a entendernos. Nik ez nuen pentsatzen nire bizitzara ailegatuko zinenik. Pixka bat “de improvisto” harrapatu nau honek guztiak. Baina ez arduratu, bizitza horrelakoa da... (Konturatzen da ez dakiela lagun iritsi berriaren izena. Ondo begiratzen du, izena asmatu nahian) Willy. Willy, ¿verdad? Begira, Willy, nik esan diot emakumeari “pues si no tiene plata, ¡pues no me pague!”, nik nire lana besterik ez nuela egiten eta, noski, ez zeukala ezer oparitu beharrik. Si, Willy, es triste, fuiste regalado. Baina ez arduratu, Willy. Vos vas a salir de acá. Usted se va a ir al río, baina pazientzia beharko dugu. Prestatu egin behar gara horretarako. Bizitzarako prestatu, Willy.
(Tarte honetan willy non jarri pentsatzen ari da roberto. Loreontzi bat topatu du azkenean eta bertan jarri du arraina. Atea jotzen dute. robertok ordularia begiratzen du, berandu da eta ez du inor gehiago espero.)
¡Este día parece que no se acaba nunca! Aurrera!
(lur sartzen da gelan.)
ROBERTO (harrituta): Hombre, señorita... Lur! ¿Qué hace usted por acá?
LUR: Laguntza behar dut. (robertoren konferentziako esku-orria ateratzen du) Eta hemen jartzen du psikologoa zarela.
ROBERTO: Noski. Aurrera, eseri, faborez. Eta esadazu, Lur, zer da gertatzen zaizuna?
LUR: Ezin dut lorik egin.
ROBERTO: Entiendo. No logra descansar. Deskantsatzea oso gauza garrantzitsua da, ezta? Eta, esadazu, zerbait berezia gertatu zaizu azken aldian?
LUR: Ez. Bueno, duela egun batzuk nire amaren gorpua agertu zen. Gaindosi bat. Urteak dira ez nuela ikusten. Ez nekien bizirik zegoenik ere. Arazoak zituen, ulertzen duzu?
ROBERTO: Ulertzen dut. Bai, noski. Eta uste duzu horrekin zerikusi izan dezakeela, lo ez egitearen kontuak diot.
LUR: Ezezagun bat zen niretzat. Ez nuen harremanik berarekin, eta ez dakit orain zergatik bat-batean...
ROBERTO: Lasai, Lur. Poliki-poliki joango gara. Un, dos, tres, responda otra vez. Egitea gustuko ditugun gauzak. Por ejemplo, a mí me encanta la pelota. (Bere koadernotxoan apuntatzen du)
LUR: Bakarrik egotea.
ROBERTO: ¡Barbaro! Oso ondo, Lur. Bakarrik egoten jakitea oso gauza garrantzitsua da, hori bai, noizbehinka. Ea, nire txanda. (Keinua egiten du, esatera doana willyk entzun ez dezan) La merluza en salsa me encanta. Lur, ¡te toca!
LUR: Igerilekura joatea.
ROBERTO: Bien, ¿te gusta nadar? (Apuntatzeko keinua egiten duen bitartean)
LUR: Ez dakit igerian.
ROBERTO: Tira, ez du inporta. Nik ere ez dakit pilotan y no pasa nada. (robertok bere erantzuna pentsatzen du) Ea, berriz nire txanda. Hainbeste gauza ditut gustuko. Trenean bidaiatzea, Eskatergoris, ¡el ‘Enredos’ me chifla!
LUR: (Deseroso sentitzen da, ez du robertoren metodoa ondo ulertzen. Joatea erabakitzen du) Barkatu, nik... beno, ez nago ziur...
ROBERTO: Itxaron, Lur. Barkatu. Eseri momentu batez, Lur. Zer da zuk nahi duzuna?
LUR: Lo egin. Deskantsatu.
ROBERTO: Oso ondo. Nik lagundu zaitzaket. Baina, horretarako, uste dut kontu txiki bat konpondu behar dugula. Korapilo bat askatu. Eta uste dut zu jaio zinenerako korapilo hori jada hor zegoela. Iraganean. Ulertzen didazu?
LUR: Nik iragana atzean utzi nahi dut.
ROBERTO: Zure iraganaz desegin nahi duzu? Ba, desegin zaitez. Datorren asteazkenean ikusiko gara berriz? (lurrek baietz egiten du buruaz. Badoa)
(roberto willy arrainari hizketan hasten zaio.)
Si fuese tan facil, Willy. Zuentzat bai. Zuek, arrainek, hiru minuturo galtzen omen duzue memoria. Te podría cambiar el nombre y a vos te daría igual, ¿no te parece... “Naranjito”?
Zortzi
(lur ikusten dugu ospitaleko sarreran. Koruko antzezleek ospitaleko pertsonaiak gorpuzten dituzte: medikuak, gaixoak... lur igogailura sartzen da. “Barkatu, psikiatria?” galdetzen dio igogailuan gurpildun aulkian gaixo bat daraman erizainari. “2. solairuan” erantzuten dio. Korridoreetan barrena doa lur, bere amonaren gelaren bila. Koruak geletan dauden gaixoak gorpuzten ditu. lur amonaren gelara iristen da orduan. Asko kostatzen zaio bertan sartzea.)
LUR: Bittori. Lur naiz. Lurdesen alaba. Lurdes hil egin da. (Lepokoa ateratzen du berokiko poltsikotik) Hau zeukan soinean. Zurea dela uste dut. (Ohe gainean uzten du lepokoa eta, zer gehiago esan ez dakiela, gelatik ateratzera doa. Momentu horretan amonak eskutik heltzen du, ordea, tinko. Zerbait esaten hasiko zaio, dardarka ia, oso baxu)
BITTORI: Kutxa.
LUR: Kutxa? Ze kutxa?
BITTORI (ohe alboko altzaria seinalatuz): Hartu kutxa... (Gero eta premia handiagoz)
(lurrek mesanotxe azpian dagoen kutxa hartzen du. bittoriri erakusten dio.)
LUR: Hau?
(bittorik baietz dio buruaz eta irekitzeko adierazten dio. Barruan gutun bat dago. Gutun hori hartzeko keinua egiten dio amonak. Momentu honetan arnasestuka hasten da bittori. “Hartu, gutuna, gutuna...” esan nahiko luke, baina ia ez du indarrik. Itotzear dago. lur larritu egiten da. Erizainak deitzen ditu.)
LUR: Laguntza! Laguntza! Ez dakit zer gertatu zaion, bat-batean itotzen hasi da eta nik ez nek...
(Erizainek amona, ohea eta guzti, eramaten dute. lur bakarrik gelditzen da ospitaleko gelan, amonak eman dion gutuna eskuan duela. Zabaldu eta irakurtzen hasten da.)
GUTUNA: “Agurtzeko idazteizut. Frantzira ihesi guz Ergoiengo beste famili batzukin batera. Arriskutsua da hemen egotia. Zurrumurruak entzun ttugu. Zure aittak gure familiya salatu omen du, gure aitta sindikatuan arittu delako. Denak erotu dila dirudi. Espero det laxter elkartuko gala zu, ni eta Lurdes ttikia. Betirako zurea. Bittori.”
(Gutunak dioena entzuten den bitartean espazioa zeharo eraldatzen da. Mugimendu geldoan, ia dantza balitz bezala, gerratik ihesean doan emakume bat ageri da. Izututa dirudi. Besoetan haur bat darama. Jende gehiago ikusten dugu orduan, gurdi batean doazela. Emakumea gurdira igo eta badoa eurekin.)