1. mugimendua:
Lur
Zero
(Ikusleak antzokira sartzen direnean eszenategia argiztatuta dago. Errekaren soinua eta zelai urrun bateko txorien kantua entzuten dugu. Antzezlanean erabiliko diren eszenografia-elementuak eta antzezlaneko pertsonaia nagusiak oholtza gainean daude, denak geldirik, paisaia antzeko bat osatuz. Irudi horrek, bodegoi horrek, lurren inkontzientea, barne mundua, irudikatzen du. Zoruan tizaz eginiko zirkulu handi batzuk daude marraztuta. Beltzera. Off-ahots bat entzuten dugu.)
Bat
ROBERTO (off ahotsa): (Grabagailu baten zarata entzuten da) 1989. Urriak 5. Lur Gutierrez. Lehen saioa. Ongi da. Aurkeztu zure burua.
LUR (off ahotsa): (lur jokatzen duen antzezlea eszenan aurrera dator, emeki) Nire izena Lur da. 26 urte dauzkat. Arropa garbitzen egiten dut lan. Ikasketak nahiko goiz utzi nituen. Betidanik, nire kabuz moldatu behar izan dut. Haur bat nintzela, gurasoek drogekin arazoak izan zituzten eta nire amak etxetik alde egin zuen. Ezezagun bat izan da beti niretzat. Kontua da, duela gutxi bere gorpua errekonozitzera joan behar izan dudala. Banekien egun hau iritsiko zela, baina ordutik ezin dut lorik egin.
(Off ahotsarekin batera, lurren azken egunak irudikatzen ditu antzezleen koruak. Nola doan trenez, nola joaten den ehorztetxera, nola ikusten duen bere amaren gorpua, nola sinatzen dituen paperak, nola mediku batek bere amaren objektuak dituen plastikozko poltsa bat ematen dion. Jada etxean, ohe gainean ikusten dugu azkenik lur. Plastikozko poltsari begira dago. Bertatik lepoko bat ateratzen du eta hari begira gelditzen da. Ezin du lorik egin.)
Bi
(lur lanean dago, garbiketa enpresa batean. Zarata handia dago. marga, lurren lankidea, telefonoz ari da ingurura begira, zelatan, inork ikus ez dezan. Lanean telefonoz hitz egitea debekatuta dago)
MARGA: Zenbat aldiz esan dizut lanera ez deitzeko. Begira, Manolo, ez dut aitzakia gehiagorik nahi. Kriston katarroa harrapatu dut zure kulpagatik. Eta ez etorri berriz emaztearen kontuarekin! Hiru ordu egon nintzen zure zain, euripean. Kuleroak eta dena busti zitzaizkidan. Eta hori oso desagradablea da. Begira, Manolo, gurea bukatu da. Oraingoan betirako. Entzun? Zer? Kotxea? Hori da inporta zaizuna? Nik ez dut zure oparirik gehiago nahi. Sartu zure kotxea... (Konturatzen da lur lanera etorri dela, eta, harrituta, presaka agurtzen du Manolo) Ale, Manolo. Ez zaitut gehiago ikusi nahi.
(Telefonoa eskegi eta badoa lurrengana, larrituta.)
Baina, Lur, zer egiten duzu hemen? Gertatu zaizuna ta gero...
LUR: Zer?
MARGA: Amarena, Lur, zer izango da ba?
LUR: Marga, esan nizun ez nuela ia ezagutzen.
MARGA: Ya, baina zure ama zen. Eta ama bat ama bat da.
LUR: Ondo nago, Marga.
MARGA: Ba, badaukazu aurpegi bat... Ai, ama! A ze begi-zuloak!
LUR: Ez dut lorik egin. Hori da.
MARGA: Ikusten? Zu ez zaude ondo. (Ingurura begiratzen du, nagusia ez dagoela ziurtatzeko) Begira, zu etxera joango zara oraintxe. (Laneko mantala kentzen diola) Dutxa bero bat hartu, zure gauzetan pentsatu... Lasai, nik kubrituko zaitut. Ale!
Hiru
(Ekaitza entzuten da. Euri-jasa. lur ikusten dugu etxerantz joaten euripean. lurren aita ikusten dugu orduan, eszenara sartzen. Etxean dago, kartoizko kaxa handi bat eskuetan daramala. Kaxa lurrean jartzen du nahiko modu traketsean. lur sartzen da.)
LUR: Aupa, aita.
AITA (harrituta eta kezkatuta, lanetik bota ote duten): Jada hemen?
LUR: Bai... (Zer esan ez dakiela) Plantxa izorratu da eta etxera bidali gaitu nagusiak...
AITA: A, bale, bale..! Ein...? (aitak kaxatik gauzak ateratzen jarraitzen du alabari arreta handirik jarri gabe) A, bai, pilak! Joder! Lur, pilak behar dizkinat! Begira! (Irrati-kasete zahar bat erakusten dion bitartean hainbat zinta erortzen zaizkio lurrera)
LUR (harrituta): Ze ari zara zinta horiekin? (aitak berean jarraitzen du) Aita, zer egingo dugu Lurdesen gauzekin?
AITA: Amaren gauzekin? Ezer ez! Zer egingo deu, ba!
LUR (haserre): Ba, orduan, tori! (Amaren lepokoa ematen dio)
AITA: Hori nik ez dut nahi.
LUR: Ezta nik ere.
AITA: Hori bere amarena zen. Nahi badezu, eramaiozu berari. (Harmonika jotzen hasten da aita, hizketaldia saihestu nahian)
LUR: Eraman zuk. (Baina aitak ez du alabak esaten diona entzun nahi) Aita, ez zaizu ezer gertatuko behingoz etxetik ateratzeagatik. Bale, aita... Emakume horrengana joango naiz, nire burua aurkeztu eta, bide batez, esango diot Lurdes, bere alaba, hil egin dela.
AITA: Bale. Norbaitek esan beharko dio. (lur badoa, etsituta) Nora zoaz?
LUR: Buelta bat ematera. (Badoa)
AITA: Lur! Ekarriko al didan tabakoa bueltan?
Lau
(Koruak eszena berri bat sortuko du. lur igerilekuko kafetegiko leihoan dago orain, begirada galdua, pentsakor. Igerilariak entzuten ditugu kafetegiko kristalaren beste aldean. Orduak aurrera doaz.)
LUR (off ahotsa): Ikusezina banintz bezala sentitzen naiz. Fantasma baten moduan. Banoa, banator. Lanetik etxera, etxetik lanera. Barruan zulo ilun bat dudala sentitzen dut, etengabe handitzen dena. Eta batzuetan iruditzen zait bertan galduko naizela betiko.