Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Kutxa, 1999

 

FLASH-BACK (4)

 

(emakumea eta john antzeztokiaren txoko batean daude, elkar besarkatuta. Argi foku batek inguratzen ditu biak. Bat-batean, john mugitu egin da, besarkada hautsiz)

 

EMAKUMEA: Hitz eman zenidan.

JOHN: Gorrotatzen nauzu.

EMAKUMEA: Ez zaitut gorrotatzen.

JOHN: Begietan daukazu.

EMAKUMEA: Ez, etsita nago.

JOHN: Lagunduko dizut etxea ordaintzen, hori behintzat zor dizut.

EMAKUMEA: Moldatuko naiz. Lehen ere moldatu ginen.

JOHN: Ez didazu zertan leporatu lehengoa.

EMAKUMEA: Ezta oraingoa ere. Ez dizut ezer leporatzen, baina etsita nago.

JOHN: Badakizu maite zaitudala.

EMAKUMEA: Bai, nik ere maite zaitut.

JOHN: Baina ezin dut hemen etsi.

EMAKUMEA: Ez da zuk behar bezain handia.

JOHN: Ez da hori.

EMAKUMEA: Zer da orduan?

JOHN: Ez dakit. Denak hil dira mendian, edota herrian lotu dira, erdi etsita. Ez ditut aurpegi horiek ikusi nahi tabernan.

EMAKUMEA: Ez duzu taberna zaindu beharrik. Hori aspaldian amaitu zen.

JOHN: Bidaliko dizut dima bankura.

EMAKUMEA: Badakizu? Ez dugu horren beharrik. Ostatuak dexente ematen du, gainera...

JOHN: Zerbait bidaliko dizut, behintzat.

EMAKUMEA: Oso eskaintza ona egin didate eta saldu egingo dut. Hirira joango naiz, mutilak hirian daude eta hemen ez zait ezer geratzen.

 

(Etenaldia)

 

            Gustura egongo zinateke hirian. Oso etxe politak egiten ari dira bailaran.

JOHN: Bai.

EMAKUMEA: Lana ere badago ugari.

JOHN: Ni ez noa berriro gasolindegi batean sartzera edota etxegintzan, oholak garraiatzen.

EMAKUMEA: Ezin zara horrela ibili bizitza osoan.

JOHN: Oraindik ere soka luzea daukat.

EMAKUMEA: Txikia etortzekoa da datorren astean.

JOHN: Badaki hemen nagoela?

EMAKUMEA: Behingoz, zuek elkartzea espero nuen.

JOHN: Oraindik ez da garai ona.

EMAKUMEA: Orain bazoaz, ez duzu berriz ikusiko.

 

(john argifokutik kanpora irteten hasi da)

 

            Zerbait prestatuko dizut biderako.

JOHN: Ez dio ardura. Zoaz ohera.

EMAKUMEA: Berdin dio, ez naiz logura. Ez dut lorik egiten baten batek etxetik alde egiten duenean.

 

(john eta emakumeak elkar besarkatu dute argi fokuaren barruan. Honenbestez, argiak amatatu dira)