Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Kutxa, 1999

 

FLASH-BACK (2)

 

(leo eta john antzeztokiaren mutur batean daude, argi foku batek inguraturik. Biak makurtuta daude, eta leo gauza batzuk jasotzen ari da saku batean sartzeko. john betiko moduan jantzita dago, eta leok mendiko arropak darabiltza, mendiko botak eta hegal-zabaleko kapela)

 

LEO: (Beti ere gauzak sartzen sakuan, edota barruko gauzak ateratzen) Goazen, ez dugu astirik-eta.

JOHN: Nola utziko dugu gizona horrela?

LEO: Berehala etorriko da kanperoa. Zer nahi duzu, gu saltsan sartzea?

JOHN: Ezin dugu horrela utzi. Koioteak etorriko zaizkio, putreak ez badira.

LEO: Bere burua lehertu duenak ez du ardurarik izango begiak ateratzen badizkiote ere.

JOHN: (leok diru poltsa bat jaso du sakuan sartzeko) Egia da diruarena? Apustu ederrak ibili omen da egiten, eta ez zekien jokatzen.

LEO: Aizu, umezain ibiltzeari utzi behar diozu egunen batean.

JOHN: Bazuen familia...

LEO: Honezkero, honek ez du harrak beste familiarik. (Jaiki egin da) Goazen!

JOHN: Nola joango gara?

LEO: Badut lagun bat Death Valleyn. Mendian ibiliko gara aldi batez, eta gainera meategiak daude.

JOHN: Ezin dut andrea berriro utzi.

LEO: Lana ez da hain gogorra, eta berehala aterako duzu andreari zor diozuna ordaintzeko.

 

(Etenaldia)

 

            Ez izan txepela. Lehen ere ezer esan gabe joan zara. (Argi fokutik kanpo) Zatoz!

JOHN: Itxaron, gorpua estali behar dugu.

LEO: Erotuta zaude? Honela jakingo dute baten bat ibili dela inguruan. Txakurrak botako dizkigute.

JOHN: Baina guk ez dugu ezer egin.

LEO: Zure zorrak eta nire ibilerak jakinda, jai daukagu. (Argi fokuan sartuz) Begira, hau hil edo biziko kontua da. Nekatuta nago mendiaz eta banoa. Etorriko zara nirekin ala ez?

JOHN: Ederra egin du gizonak!

LEO: Izorratuta etorri zen, eta izorratuta joan da. Goazen! Berandu da-eta.

JOHN: Oraintxe noa. Zerbait errezatu behar dut. (Kapela kenduz)

 

(leok ere kapela kendu eta johnen ondoan jarri da)

 

            Andreari esango diot astebeteko hornidura emateko, eta horrekin Death Valleyraino izango dugu.

LEO: (Aurpegia bestaldera itzuliz) Zaldiak urduri daude, badakite norbait hil dela.

 

(john zutik geratu da, otoitz antzean. leo ere zutik geratu da, kapela kenduta. Argiak amatatu dira)