Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Kutxa, 1999

 

FLASH-BACK (3)

 

(leo, john eta huston antzeztokiaren txoko batean daude. Hirurak makurtuta daude, zirkulu bat eginez, argi foku batek inguratuta. Dadoak botatzen ari dira, eta nahikoa berotuta daude jokoa dela eta. Bestalde, mugitzean antzematen zaienez, total eginda daude hirurak.)

 

JOHN: (Barrez) Esan dizut, Mr. Huston, esan dizut. Hauxe da nirea!

LEO: Bota berriro! Bota!

HUSTON: Itxaron, lehenengo kontuak zuzendu behar ditugu.

LEO: Non daukazu zaldia, Mr. Huston?

HUSTON: Horko zaldikorta batean. Oraintxe bertan joan gaitezke hartzera.

JOHN: Ez dugu paperik sinatu behar?

LEO: Paperak, paperak! (Oso berotuta) Nik badaukat luma ederra edozer sinatzeko.

HUSTON: Zer paper eta paperondo? Neurea da zaldia eta orain zurea izango da. Zorionak! Ekarri bostekoa! Hona hemen patua bere mendean duen gizona!

JOHN: (Bostekoa eman dio hustoni) Hori duk eta!

LEO: Goazen zaldiaren bila! Goazen!

HUSTON: Bai, nire autoa hartuko dugu.

JOHN: Itxaron, itxaron. Lehenago errebantxa eman behar dio Huston jaunari.

HUSTON: Horrela hitz egiten dute erregeek. Hau da Nevadako erregea! (johni besotik helduz) Ez, ezta pentsatu ere. (Hegal-zabaleko kapela ondo jantzi dio johni) Hartu nire dadoak, zuretzat.

JOHN: (Dadoak hartuz) Eskerrik asko, Mr. Huston.

HUSTON: Zurea da zaldia. Neure eskuz emango dizut uhaletik.

LEO: (hustoni) Autoaren bila joango gara, Mr. Huston?

HUSTON: (Argifokutik irteten, kordokatuz) Etorri nirekin. Party bat antolatu dute goiko pisuan.

JOHN: Bai, horixe!

LEO: John, goazen zaldiaren bila eta kitto.

JOHN: Zaldia ez da inora joango, ezta, Mr. Huston?

HUSTON: Zuk eramaten ez baduzu, ez.

LEO: (johni) Oso berandu da. Gogoratu aitarekin. Goizean erreserbara joan behar dugu.

JOHN: Itxaron dezala! Hogei urtez itxaroten egonda, ez dio ardura egun batengatik.

HUSTON: Bazatozte? (leori) Kaliforniako potolo hori zure bila ibili da gau osoan.

JOHN: Hementxe gaituzu!

HUSTON: Gau osoa dugu aurretik, mi amigo (john eta leori besoetatik helduz)

 

(hirurak irten dira argi fokutik, albo-alboka, txaloka eta kantuka)