LEHENENGO ESZENA
(Taberna baten atzealdeko gela txiki bat dugu aurrean. Mahai bat, aulki bana, aurrez aurre jarriak, zenbait garagardo botila, edalontziak eta kandela bat, itzalita. Ondoan billar mahai bat dago, eta Estatu Batuetako mendebaldean ageri diren tabernetako osagarriak: neonezko idazkuneak, txanpon-makinak, telebistako pantailak, telefono-kabina eta juke-box bat. Noizean behin, ustekabeko zaratak aditzen dira, eskuinaldean dagoen atetik datozenak. Argiak nahikoa motelak dira, taberna girokoak. john paper bat irakurtzen ari da, telefono kabinaren barruan. Nekez bereizten zaio adina, baina antzematen zaio aspaldian galdu duela sasoia. Cowboy arropak darabiltza, bai eta botak ere. Gora eta behera ari da paperarekin, sinetsi ezinik, zerbait ondo ulertuko ez balu bezala)
JOHN: 3.000 transaminasa... 2.000 kreatini... Zer kristo da hori? (Paperari eraginez, haserre) Zer demonio dakizue zuek? Kaka zaharra! Kaka zaharra! Hau da hau cuatrojulio ederra!
(Zenbakia markatzen ari da)
Washoe County ospitalea? Bai, Gonzalez doktorearekin, mesedez... Hortxe egon behar du, nik zer dakit non? baten bati hesteak ateratzen edo.
(Etenaldia)
Badakit, badakit, baina gau eta eguneko zerbitzuan dago, eta deitzeko esan dit. Bai... Ez, ezin dut geroago deitu, ez daukat quarter bat baizik... Ezta. Ezin naiz zain egon, zer uste duzu bulegotik deitzen dizudala? Atera ezazu gizona operazio salatik, ziurrenik zure kideren batekin ibiliko da txortan eta!
(johnek telefonoari eusten dio, ea besteak eskegi duen egiaztatzeko. Aldi batez, zain dago)
Gabon, doktorea.
(Etenaldia)
Bai, badakit ez dela ordua, baina deitzeko esan didazu. Ez dut ulertzen paperean jartzen duena. 3.000 ez dakit zer eta 2.000 ez dakit ba, zuk esango didazu ezta? Zeu zara medikua...
(Zain, erne, aditzen)
Fuck! Argi eta garbi esateko eskatu nizun!
(Etenaldia)
Barkatu. Ez daukat ezer zure aurka.
(Etenaldia)
Bai, nik ere ulertzen dut. Zure lana egiten ari zara. Baina hor dago, ezta?
(Etenaldia)
Zenbakiak, zenbakiak, hau ez da erruleta jokoa besterik... Damu dut telefonoz aritu beharra, pentsatu nuen errazagoa izango zela zuretzat. Horrela ez didazu zertan begiratu aurpegira, behintzat.
(Etenaldia)
Lasai, lasai! Ez da zure errua, esan dizut. Baina jakin egin behar nuen.
(Etenaldia)
Bai, horixe. Nik ere damu dut. Ez kezkatu. Ez duzu zertan arduratu... Ez, ez. Ez daukat seniderik hemen inguruan.
(Etenaldia)
Berdin dio, ez kezkatu. Bai, zenbakia tokatzen zaizunean, kitto.
(Etenaldia)
Bai, happy fourth of july zuretzat ere... eta barkamena eskatu nire partez erizainari.
(Etenaldia)
Ez daukat aitzakiarik, ez, zaunkaka ibili naiz.
(john mahaira eseri da. Eskuaz burua laztandu, ilea atzera eraman, eta berriz irakurtzen hasi da. Bat-batean, atea ireki eta gaztea sartu da, eskuan bi botila garagardo duela. gazteak arropa ilunak darabiltza, larruzko jaka beltza eta kiroletako zapatilak. Eskuko poltsa edo zakutoa dauka aldean. johnek presaka gorde du papera, baina lurrera joan zaio. Berriz hartu eta patrikan gorde du, ordea)
GAZTEA: Hementxe ditut. (Garagardo bat eman dio johni)
JOHN: Ongi, ongi. Gau osoan edango dut zure lepotik, horrela jarraituz gero.
GAZTEA: Ez dakit. (Garagardoa mahai gainean utzi eta poltsa lurrean kokatu du) Uste dut tranpa egin didazula joko horrekin...
(Bat-batean, argia joan da)
Hara! Zer dugu?
JOHN: (Garagardoa mahai gainean utzi eta kandela piztu du) Cuatrojulioko kohetekin batera amatatzen dituzte argiak. Edo uztailaren lauan, zuk diozunez. (Aulkian eseriz) Kontuz! Ez isuri garagardoa. Bizitza honetan hiru gauza menderatu behar dituzu: edaria, dadoak eta...
(Etenaldia)
Mila kaka zahar! Ez naiz akordatzen hirugarrenaz.
GAZTEA: (Aulkian eseriz) Uste nuen Renon argiak ez zirela inoiz itzaltzen. Ezta uztailaren lauan ere.
JOHN: Hori kasinoetan bakarrik. (Eskua alkandora barruan sartu eta hatz egin du) Hau hazkurea! Berriz ikusi nahi duzu cicatriza, ala? (Zerrenda gorrixka bat erakutsi dio gazteari alkondara azpian)
GAZTEA: Istorioa kontatzen ez badidazu...
JOHN: Sano izutuko zinen.
GAZTEA: Min ematen dizu?
JOHN: Ez dio ardura.
GAZTEA: Elkoko jaialdian ikusi zintudan harria jasotzen. Lan gogorra, batez ere zahar batentzat.
JOHN: Esku-pultsuan jokatuko nizuke eta erraz irabazi ere.
GAZTEA: Uste handia duzu zeure buruaz, ezta?
JOHN: Apustu kontuan beti. Apustua egin nahi duzu?
GAZTEA: Ez naiz apustuzalea.
JOHN: Baina muturra inoren apustutan sartzeko zale bazara.
GAZTEA: Oker bat izan da.
JOHN: Hurrengorako ikasi mutu egoten.
(Etenaldia)
Ekarri kartak, errebantxa emango dizut.
GAZTEA: Pokerrean berriro?
JOHN: Ez dut beste jokorik ezagutzen. (Kartak hartuz) Katu zaharrarena irakatsiko dizut.
GAZTEA: Katu zaharra?
JOHN: Katu zaharra esaten diote poker jokalariek.
GAZTEA: Zer dela eta?
JOHN: Nik zer dakit: Katu zaharra, lollapallooza, horrela esaten diote. (Jokoa emanez) Hartu kartak, hartu.
GAZTEA: Hau ez dabil ondo. (Grabagailua poltsatik atera eta konpontzen ari da) Ez duzu labanarik?
JOHN: (Alkandorako patrikak haztatuz) Zu bai kazetari kaxkarra!
GAZTEA: (Grabagailuarekin lanean) Esan dizut ez naizela kazetaria.
JOHN: Zer zara ba?
GAZTEA: Sano izutuko zinateke, jakinez gero. (Grabagailuari eraginez) Berdin dio. (Poltsatik koadernoa aterata) Oharrak hartu behar ditut.
JOHN: Okay. (Kartak aztertuz) Zenbat?
GAZTEA: (Kartak aztertuz) Bi.
JOHN: (Kartak emanez) Ez zara itoko hain zuhur jokatzen baduzu. (Kartak aztertuz) Beste bi niretzat. Jokatuko duzu?
GAZTEA: Bai. Beste trago bat jokatuko dizut. (Dolar bat atera eta mahai gainean ezarri du)
JOHN: Beste trago bat! Gaur oso egun aproposa da apustua egiteko eta tranpa batekin topo egin dut. Nola lortuko dut dirua patrikan zuloa besterik ez baduzu?
GAZTEA: Uztailaren laua da gaur. Zer dauka aproposa altxaferoak eta mozkorrak kenduta?
JOHN: Urtero-urtero egiten dut apustua cuatrojulion, eta beti irabazten dut.
GAZTEA: Beti?
JOHN: Ia beti.
GAZTEA: Ikusiko dugu orain.
JOHN: Zer duzu?
GAZTEA: (Kartak mahai gainean jarriz) Lau bateko.
JOHN: Erakutsi.
GAZTEA: Hona hemen familia guztia, gorriak eta beltzak.
JOHN: Ikusi nireak. (Kartak erakutsi dizkio)
GAZTEA: (Banan-banan begiratu ditu kartak) 2-3-4-10 eta erregina. Gaur ez da zure eguna, nonbait.
JOHN: Oker zabiltza. Uztailaren laua nire eguna da.
GAZTEA: Hobe duzu tabernara itzultzea edari bila. Karta hobeak ditut.
JOHN: Bai. (Barrez) Baina ez didazu irabazi.
GAZTEA: Gizon, nik lau bateko ditut-eta...
JOHN: Katu zaharrak jan dizkizu bateko guztiak, mutiko.
(Keinu batez hormako idazkune bat erakutsi du. Haraino joan eta argia piztu du)
Irakurri.
GAZTEA: old cat: “2-3-4-10-Queen, it’s an old cat, mahaiko jokaldirik onena”. Baina nolatan?
JOHN: (Aulkira itzuliz) 2, 3, 4, 10 eta erregina... It’s an old cat. Beste jokaldi guztiak gainditzen ditu. Erregelak jakin behar mutiko...
GAZTEA: Nondik atera duzu erregela hori?
JOHN: Horixe diote galtzaileek jokoaren legea ez dakitenean.
GAZTEA: Legea, legea... tranpa egin didazu.
JOHN: Oso jokalari txarra zara. Zeuk egin behar zenidan tranpa irabaztekotan.
(gazteak argazki makina atera du poltsatik)
GAZTEA: Zu bai azeri zaharra! (Barrez) Neure kontu edango duzu gau guztian. Merezi duzu-eta. (Argazkia egiteko keinua eginez) Egin irribarrea, irabazle.
JOHN: Kendu traste hori!
GAZTEA: Senideek ikus dezaten zein ederra zaren.
JOHN: Zer senide eta senideondo! Jota zaude!
GAZTEA: Ez izan zakarra (argazki makinaz keinua eginez)
JOHN: (Eskua aurrean ipiniz) Zoaz cowboyarengana argazkia egitera! Mesedea eskertuko dizu.
GAZTEA: Oraindik ere haserre zaude?
JOHN: Ez, bat Egunero daukat inozo bat kartetan egiteko prest, kasinoko txanponak barra-barra botatzen ari dela.
(Etenaldia)
Nirekin ez fidatzeko esatea ere!
GAZTEA: Txantxetan ari nintzen. (Mahai gainean utzi du argazki makina)
JOHN: Cowboy hori goxo-goxo neukan, kapela eta guzti irensteko prest, eta nork eta zuk ahoa ireki behar...
GAZTEA: Horri ez zenion aterako bostehun dolar ere.
JOHN: Zer jakingo duzu zuk horretaz? Ez dakizu zenbat karta dauden multzoan ere.
GAZTEA: Barkatu.
JOHN: Hitzak hobetu neurtu hurrengoan. Nirekin ez fidatzeko! Horixe behar genuen apustua izorratzeko.
GAZTEA: Barkatzeko esan dizut.
JOHN: Zer barkatu? Neuk daukat emia, tranpa batekin ibiltzeagatik. Badakizu zenbat balio duen zaldi batek?
GAZTEA: Inoiz ez dut zaldirik ukitu.
JOHN: Eta nik inoiz ez dut perlazko iduneko bat jantzi, baina badakit zenbat balio duen.
GAZTEA: Ez dakit. 1.000-2.000 dolar?
JOHN: 3.000tan saldu nuen. Eta berreskuratzeko, beste horrenbeste eta interesak pagatu beharko.
(gaztea jaikitzen hasia da)
Egon.
GAZTEA: Garagardo bila noa.
JOHN: Zertarako hitz egin nahi duzu nirekin?
GAZTEA: Jende askorekin hitz egiten ibili naiz.
JOHN: Hitz egiten. Horixe maite duzue kazetariok.
GAZTEA: (Eseriz) Ni ez naiz kazetaria.
JOHN: Eta ni ez naiz kasinoaren jabea.
GAZTEA: Ez nabil horren bila.
JOHN: Badakit zeren bila zabiltzan. Familia ederra hazitakoekin hitz egiten duzu, edota negozioa jarri dutenekin. Lepoa egingo nuke ez zoazela tabernako tranpen istorioak aditzera.
GAZTEA: Zure bizitza kontatu didate. Oso interesgarria da.
JOHN: Nork kontatu dizu nire bizitza?
GAZTEA: Zure lagun batek.
JOHN: Zaldia daukat lagun bakarra.
GAZTEA: Arrantxoan ibilitakoa zara. Horregatik maite dituzu zaldiak.
JOHN: Eta jakingo duzu zaldiek pentsua behar dutela. Eta oso tristatzen direla jabeaz aldatzen direnean. Izugarri minberak dira zaldiak. Batez ere, hamar urtez norberarekin ibilitakoak.
GAZTEA: Leo Arriagak kontatu dit zaldiena.
JOHN: (Asaldatuta) Ezagutzen duzu Leo?
GAZTEA: Elkarrizketa egin nion joan den hilean.
JOHN: Tabernan mozkortuta aurkitu zenuen?
GAZTEA: Ospitalean ikusi nuen. Eskaileretan behera erori omen zen.
JOHN: Hori kontatu zizun?
GAZTEA: Oso partida txarra izan zenutela Las Vegasen. Hori baino ez zuen esaten.
JOHN: Leok inoiz ez zuen kartetan ikasi, gixajoa... Mesede bat eskatu zidan, diru piloa galdu zuela dibortzioarekin, eta jokolaguna behar zuela Las Vegasen partida baterako... Zaldia eta guzti galdu nuen Leori laguntzeagatik.
GAZTEA: Ez zinen oso jokolagun fina izan.
JOHN: Zer uste zuen, neuk ordainduko niola zorra? Jai dauka. Neuk ere 3.000 dolar daukat zorretan.
GAZTEA: Leok ez du horren beharrik. Sei hilabeteko epea zenuten zorrak kitatzeko. Leori joan den hilean amaitu zitzaion.
JOHN: (Asaldaturik jaiki da, eskuei eraginez, armaren bat hartu beharko balu bezala) Esan, nork bidali zaitu hona?
GAZTEA: Nork bidali behar ninduen hona?
JOHN: Las Vegastik etorri zara?
GAZTEA: Kaliforniatik nator.
JOHN: Noren partez etorri zara?
GAZTEA: Lasai, nik beste inork ez daki hemen zaudela.
JOHN: (Eseriz) Oraindik ere denbora geratzen zait zorra ordaintzeko. Cuatrojulio amaitu arte ezin diote zaldiari ukitu. Telefono dei bat egin eta kitto, dena konponduta. Horretarako daude kreditu-txartelak.
GAZTEA: Hori zeure kontua da. (Grabagailua hartu eta johni hurbildu dio) Niri aspaldiko kontuak interesatzen zaizkit.
JOHN: Gorde traste hori.
(Grabadora baztertu eta bolaluma atera du alkandoraren patrikatik, bingoko orri batekin batera)
Kendu hortik, ezin ditut zenbakiak ikusi (Telebistari begira) 7-16-24... Kaka zaharra! (Papera hartu, bolatxoa egin eta lurrera bota du) Aspaldi honetan ez dut ezer irabazten.
(Etenaldia)
GAZTEA: Kuttuna galdu duzu?
JOHN: Jokolagun txarrak aukeratzen ditut. Eta jokolaguna ez bada, beti dago katu zaharren bat. Erregelak. Edozertarako dituzu erregelak: zorrak ordaintzeko, poliziari txu ez egiteko, edota emazteari pentsioa pasatzeko. Galdeiozu Leori.
GAZTEA: Edo emazteari.
JOHN: Nork jartzen dituen erregelak, horixe da kontua. (Kartekin jolastuz) Katu zaharrarena egingo dizute behin eta berriro. Utziko dizute partidak irabazten eta apusturik handiena heltzen denean, katu zaharra egokituko zaizu. Bai, zure eskuetan edukiko duzu “mahaiko jokaldirik onena”. Eta zer gertatuko da?
GAZTEA: Erregelaren bat izango dela.
JOHN: (Barrez) Ikasten ari zara, mutiko. Begira horri (Hormako idazkunea seinalatu dio. Gero, johnek jaiki eta idazkunearen ondoan dagoen argia piztu du) Irakurri errotuluaren amaiera.
GAZTEA: “Katu zaharrak behin baino ez du balio gau bakoitzean.”
JOHN: Erregelak, mutiko, erregelak. (Aulkira itzuli da) Las Vegasko partida hartan ez genituen erregelak ezarri, eta begira zer suertatu zen. (Eztulka) Tuj, tuj, tuj!
GAZTEA: Ondo zaude?
JOHN: Utzi!
(Etenaldia)
Entzun. Hau ez da jolasa, jokoa baizik. Dirua behar dut, eta laster. Ezer ez baduzu trukean, alde hemendik. Bestela, ni joango naiz (Jaikitzen hasia)
GAZTEA: Badut zerbait zurekin jokatzeko.
(gazteak kartazal bat patrikatik atera eta mahai gainera bota du. Gero, kartazala ireki eta mahai gainean zabaldu du, billete berde batzuk agerian daudela. john kartazalari begira gelditu da, mahai ondoan)
Ez naiz apustuzalea, baina apustua egingo dizut. Zure istorioen truke.
JOHN: (Eseriz) Dirua eman behar didazu istorioak kontatzeagatik?
GAZTEA: Esan dut apustua egingo dugula. Neuk irabaziz gero, zure bizitza kontatuko didazu. Zeuk irabazita... (diru piloa atera du kartazaletik, ehuneko billetetan, eta mahai gainean ezarri du, zarataka) Horrekin berreskuratuko duzu zaldia, berreskuratu behar baduzu.
JOHN: Hara!
GAZTEA: (Billete bat kartazaletik atera eta bi hatzez eutsi dio johnen aurpegiaren aurrean) Kaixo esan Franklin jaunari! Ezagutzen duzu aurpegia, ezta?
JOHN: Aspaldian ikusi gabe nago adiskide zahar hori. Nondik atera duzu hainbeste ehuneko?
GAZTEA: Lan bat kobratu berria dut Kalifornian. Esan dizut, beti kobratzen dut esku dirutan. Free-lance naiz-eta.
JOHN: Jota zaude! Hainbeste diru jokatuko didazu istorioen kontra?
GAZTEA: Ziur nago irabaziko dudala.
JOHN: Uste handia duzu zeure buruaz, ezta?
GAZTEA: (Liburu bat atera du poltsatik) Liburu honetan azaltzen dituzte jokoaren arauak. Dena da matematika hutsa.
(Isilunea)
Bai ala ez?
JOHN: Hona hemen karta berriak. (Poltsatik aterata, karta multzoa eskaini dio)
GAZTEA: (Kartak hartuz) Lehenengo eta behin, kartak begiratuko ditut. Liburuak dioenez, ertzetik ukitu behar dira, ea markarik dagoen.
(Kartak banan-banan ikuskatzen ari da)
Ondo dago.
JOHN: (Kartak hartu eta multzoa nahasiz) Aizu, zergatik hitz egin nahi duzu nirekin?
GAZTEA: Mendian ibilia zara, meatzari eta arrantxoan, filmetan ikusi zaituzte...
JOHN: Leok kontatu dizu hori?
GAZTEA: Gainera, zure adinean bizirik dirauen bakarra zaitugu.
JOHN: Leo eta biok.
GAZTEA: Leo... ez dago gauza handitarako.
JOHN: Leo inoiz ez da egon gauza handitarako.
(Etenaldia)
Zalditik erori baino lehen hitz egin nahi duzue nirekin, ezta? Burutik jota amaitu baino lehen.
GAZTEA: Edota ospitaleko kamainan etzanda, tutuak sudurretik sartuta, Leo bezala.
JOHN: (Kartak mahai gainean utzita, eskuz heldu dio) Nik ez dut horrela amaituko!
GAZTEA: Zahartu ahala, denok amaitzen dugu horrela... Hasi banatzen.
JOHN: (Kartak eskainiz) Moztu. (gazteak moztu egin du) Zertara etorri zara Renora? (Kartak banatuz)
GAZTEA: (Kartak jaso eta aztertuz) Lan bat egitera.
JOHN: (Kartak banatuz) Besterik gabe?
GAZTEA: (Kartak jaso eta aztertuz) Besterik gabe.
JOHN: (Kartak banatuz) Ez zara kasinoetan ibili?
GAZTEA: (Kartak jaso eta aztertuz) Ez naiz apustuzalea. Zortea inozoen itxaropena da, liburuak dioenez.
JOHN: Zergatik sartu zara kasinoetan jokatzen ez baduzu?
GAZTEA: Jende bitxia aurkitzen da kasinoetan.
JOHN: Hori da zure lana? Ez duzu atarramendurik izango.
GAZTEA: Gauza asko ikasten dira kasinoetan. Liburu honetan...
JOHN: Jokalariek ez dizute ezer irakatsiko. Galtzaileak ez du gogoko inork jakitea tontoarena egin duela. Eta irabazleari ez zaio komeni nabarmentzea.
GAZTEA: Liburuak dioenez, kasinoetan portzentaia bat dago eta...
JOHN: Kasinoak puta erraldoiak dira, mutiko. Kasinoan dirua irabazi nahi baduzu, eros ezazu bat.
GAZTEA: (Kartak hartu eta mahai gainean jarri ditu) Ez dago jokurik.
JOHN: Ekarri (Kartak nahasiz)
GAZTEA: Zer gertatu zitzaizuen Las Vegasen?
JOHN: Oso partida txarra izan genuen Las Vegasen. Autoa kenduko zidaten zorra kitatzeko, autorik izanez gero. Baina ez nuen, eta zaldia bahitu zidaten.
GAZTEA: (Kartak aztertuz) Hara.
JOHN: Horixe. Eta epea amaituz gero, zaldikia besterik ez dut izango esku artean, kobratzaileen oparia. Horrelako lezioak ikasten dira Las Vegasen.
(Bat-batean atea ireki dute. Musika, zarata eta parranda giroa kalean. john urduri jaiki da ikusteko nor den. Berehala, atea itxi dute)
GAZTEA: Lasai, ez da inor etorriko. Uztailaren lauko jaia da eta jende piloa hurbildu da parkera. Independentziaren eguna. (Ozenki deklamatzen hasi da) “Gizaki guztiak berdinak sortuak dira, eta Sortzaileak eman dizkie zenbait eskubide ukaezin, besteak beste, Bizitza, Askatasuna eta Zoriontasunaren bila ibiltzekoa.” Buruz ikasi nuen liburuaren zati hori eskolan.
JOHN: (Eseriz) Liburuak, liburuak... zertarako behar dituzu?
GAZTEA: Ezer gutxirako. Ez nituen ikasketak amaitu.
(Etenaldia)
JOHN: (Kartak mahai gainean jarriz) Zure txanda.
GAZTEA: A, bai, jokoa! Ez dugu zertan itxaroten eduki zaldia. (Kartak nahasten hasi da, eta bat erori zaio)
JOHN: Aizu, ikasi kartak banatzen. Ez duzu liburuan irakurri ala?
GAZTEA: Gure aita zenari irakatsi nion.
JOHN: Zendua duzu?
GAZTEA: Zendua balitz! Etxetik alde egin zuen.
JOHN: Neuk ere etxetik alde egin nuen. Bestela, aita hilko nuen. Eman kartak..
(Kandelaren argia bat-batean iraungi da. Ilunbetan geratu dira biak. Isilunea. john jaiki egin da atera hurbiltzeko)
GAZTEA: Geldi hor!
JOHN: (Burua itzuliz, atea irekitzearekin batera) Zer?
GAZTEA: (Korrika bizian hurbildu da johnengana) Geldi hor gizona, eta itzuli dirua! (besotik heldu dio johni)
JOHN: Zer duzu? (Ateari eusten diola esku batez, kanpoko zarata eta argi pittin bat sartzen dira) Kendu atzaparra!
GAZTEA: Ez ukitu dirua!
JOHN: Utzi bakean! (Atea askatuta, berez itxi da, john eta gaztea iluntasunean utziz)
GAZTEA: (Oraindik ere besotik helduz) Dirua ez ukitzeko!
JOHN: Jota zaude!
GAZTEA: Ihes egin nahi zenuen dirua hartuta.
JOHN: Kontuz mihi laban horrekin.
GAZTEA: (john askatuz) Erregelak bete behar dituzu.
JOHN: (Poxpolu bat piztuz) Ekarri kandela. (gazteak kandela eman dio. johnek kandela piztu eta mahaira eraman du. Ageri denez, diruaren kartazala mahai gainean dago)
GAZTEA: Barkatu.
JOHN: Ez itsutu hurrengoan. Ez zaizu komeni itsutzea, apustua jokatzen ari zarela.
GAZTEA: Gorrotoa diot iruzurrari.
JOHN: Gaztea zara ezer gorrotatzeko. Oraindik ez duzu ikasi, baina bizitza bera da iruzurra.
(Berriz ere, kandela amatatu da)
Tabernara noa beste baten bila.
(johnek poxpolua piztu eta atetik irten da. Argiak amatatu dira eta, irrintzia aditzen da, errodeoko zaldiak egina, edota basazaldiak, agian, urrutira)