Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Kutxa, 1999

 

BIGARREN ESZENA

 

(john juke-boxaren ondoan dabil musika ipini nahian. Makina ez dabil ondo eta john dirua sartu eta sartu ari da. Tabernako argi ahula dago inguruan)

 

JOHN: Baduzu quarterik? Nireak ez ditu irensten.

GAZTEA: (Jaiki eta makinaren ondora doa) Utzi niri. (Dirua sartu eta makinak irentsi egin dio, baina ez dabil) Kaka zaharra! (Kolpeka hasi zaio makinari. Gogor-gogor jotzen du makina, john aldamenean duela, harrituta. Azkenean, johnek eutsi egiten dio)

GAZTEA: Utzi niri.

JOHN: Erotuta zaude? (Makina aztertuz) Makina puta bat baino ez da.

GAZTEA: Kablea deskonektatuta dago.

JOHN: Utzi begiratzen.

GAZTEA: Fuck! Neure onetik atera nau tramankulu horrek.

 

(Makinaren kablea askatu du eta tabernako argia joan da)

 

JOHN: Ondo jaioak gaude.

 

(Isilunea. Argitzaletan geratu da gaztea juke-box-aren ondoan, eskua makinaren atzetik pasatuz kablearen bila. Orduan, kriskitin soinua irten da makinaren atzetik, gaztea ustekabean harrapatuz)

 

            Fuck! Sugea dabil hor! (Arin-arin jaiki eta makinatik urrunduz)

JOHN: (Kablea konektatuz argia emateko) Lasai. (john makinaren ondotik agertu da eta eskua luzatu du gaztearen belarriaren aldera: suge-kriskitin bat dauka eskuan eta eragitean zarata egiten du) Honek ez dizu kosk egingo, mutiko.

GAZTEA: Kaka zaharra! Ez dauka graziarik.

 

(john eta gaztea mahai ondoan eseri dira, kandelaren argitan. Kartak alde batera utzita daude, sakabanatuta)

 

JOHN: Lehen esan dizut, ez itsutu jokoan. Etxea suak hartzen badu ere, adi jokoari. Jende urduriak ez du zereginik lantegi horretan.

GAZTEA: Lezioak ematen ari zara, baina lehenengoan huts egin duzu.

JOHN: Ez izan buruiritzia. Behin irabazten duenak ez du beti irabazten.

GAZTEA: Hizki handietan idatziko dut aipua. (Grabagailua poltsatik atera eta piztuz)

JOHN: (Kriskitinarekin jolasean) Gure aitak zaku bete kriskitin zeukan arrantxoan. Suge-kaskabelei kenduak. Txikitatik erakusten zidan zakua, kanpora jolastera nindoala. Zulo guztietan zeudela esaten zidan. (Kriskitina erakutsiz) Txikitan ez nintzen arrantxotik aldentzen, badaezpada ere.

            (Arnasa hartuz) Sugezuloak dira desertuan, sugez beteak. Neguaroa ematen dute hor kikilduta. Behin aitak halako bat aurkitu zuen eta kupidagabe kalitu zuen sugea bere botatzarrez zanpatuz. Harrezkero, kanpora irteten hasi nintzen.

GAZTEA: Erreserbako eskolara joan zinen?

JOHN: Nik ez nuen egun asko eman eskolan. Desertura alde egiten nuen, bakarrik edota zaldiarekin. (Kriskitina patrikan gordez) Ama handik gutxira hil zitzaigun. Aitarekin gabe, indiju lagunarekin egiten nuen bizimodua.

GAZTEA: Horregatik izan zenituen istiluak aitarekin?

JOHN: Aitari ez zion axola zaldiagatik ez bazen.

 

(Etenaldia)

 

            Behin arazo bat izan nuen zaldiarekin. Estarta batean erori eta belauna kraskatu zitzaion... (Alkondara barruan hatz eginez) Hau hazkurea!

GAZTEA: Berriz ere orbaina?

JOHN: Aitak bazekien gerrikoa astintzen.

GAZTEA: Gorrotoa zenion aitari?

JOHN: Ez dio ardura. Denborarekin memoria makaldu zitzaidan. Orain aitaz akordatu eta ez dut bere aurpegia argi ikusten ere. Desertuko hauts artean galdu zait.

GAZTEA: Nik oso ondo daukat gogoan aitaren aurpegia. Txikitan ni besotan hartu, eskua bihotz ondoan ezarri eta istorioak kontatzen zizkidan.

JOHN: (Urduri) Denok kontatu izan ditugu istorio berberak... Ardiak, txakurrak, behizainak...

GAZTEA: Familiarekin biltzen zinen uztailaren lauan?

JOHN: Nik ez dut familiarik, ulertzen? Zaldia daukat lagun bakarra.

 

(Etenaldia)

 

            Esku-pultsuan jokatzen nion aitari txikitan, eta amorrua ematen zidan berak irabazten zidalako. Behin irabaztear egon nintzen, eta halako sua ikusi nion begietan, utzi egin niola irabazten. Baina gero konturatu nintzen ziria sartu zidala, berriz ere ni mendean hartzeko.

GAZTEA: Uztailaren lauan gure aita beti etortzen zen etxera saski handi batekin. Denetarik ekartzen zuen jateko eta festa egiteko. Kristoren festa egiten genuen ostatuan.

JOHN: Ostatuan biltzen zineten?

GAZTEA: Ostatuan bizi ginen. Eta gauez su-festak ikustera joaten ginen. Baina gero aitak alde egin zuen. Amak atera gintuen aurrera. Etxeko hipoteka berreskuratzeko zazpi ahalak eginez. (Jakako patrika haztatuz) Aldean daramat, oroitzapen gisa. Ikusi nahi duzu?

 

(gazteak kartak bota ditu mahai gainera)

 

JOHN: Ez dio ardura. Zerbait duzu aitarekin?

GAZTEA: Mundu guztiak du zerbait aitarekin. Ez duzu Ediporen istorioa ezagutzen?

JOHN: Ez.

 

(johnek zurrutada hartu du botilatik. Mahai gainean lehen baino botila gehiago ageri dira, erdi hutsik, erdi beteta)

 

GAZTEA: Segi istorioa kontatzen. Zer esan behar duzu artzain bizitzaz?

JOHN: (Zurrutean) Oso lagun onak nituen mendian: Leo Arriaga eta Luciano Egia, gixajoa. Oso bestelakoak, bata bestearen aldean. Leo txikia eta potoloa, prakerre galanta. Luciano handia eta argala, ixil-ixila.

GAZTEA: Nola ezagutu zenituen?

JOHN: Ugazaba berberarentzat ari ginen lanean. Negu partean ez zegoen apenas mendian ibiltzerik. Herrira jaitsi eta tabernara jotzen genuen. Ez zegoen beste tabernarik herrian. Ez zegoen beste herririk handik berrehun miliatara. Leoren zain egoten nintzen. Handik him egunera bizi zen. Luziano geroago etorriko zen. Bitartean, bizarra kendu, bainua hartu, logela errentatu, arropa berriak erosi eta tabernara joan.

GAZTEA: Edo neskatara.

JOHN: Tira.

GAZTEA: Lertxun-marrak ikusi dituzu?

JOHN: Hobe erreko balira!

GAZTEA: Ez izan zakarra, eta esan zertxobait neskei bumz.

JOHN: Zer esatea nahi duzu?

GAZTEA: Pasadizoren bat, benetako pasadizoren bat, eta ez istorio melenga horiek. Apustuan ari gara, eta legea bete behar duzu.

JOHN: Hamabost minutuko tartea eginda, errebantxa eman behar didazu.

GAZTEA: Eman egingo dizut... (erlojuari begiratuz) hamabost minutuak igarota.

JOHN: Oraindik ez dakit nola irabazi didazun.

GAZTEA: Hasiberriaren zortea.

JOHN: Agian praketan erori zaizun garagardoak ekarri dizu zortea.

GAZTEA: Horixe. Ez egon egonean, hasi kontatzen.

JOHN: Okay. Neskak... orain ez dituzu halakoak ikusiko, ez horixe. Lola, Cindy eta Maria. Ez dakit zergatik, baina beti dago Mariaren bat halako saltsan sartuta. Bidaianten zain ibiltzen ziren, eta neguan, artzainen peskizan. Denek zeuzkaten betiko gizonak, jakina, eta batzuetan, arropak eta guzti zaintzen zizkiguten... Ondo garbituta gordetzen zituzten armairu zahar haietan, hurrengo urtera arte.

GAZTEA: Uste nuen euskal ostatuan gordetzen zenutela arropa.

JOHN: Leo eta biok ez.

GAZTEA: Eta Lucianok?

JOHN: Leo eta biok Luciano eraman genuen neskatara, baina epelepela zen, gixarajoa. Beti zebilen errezatzen, etxera noiz itzuliko.

GAZTEA: Luciano urrun bizi zen?

JOHN: Itsasotik etorri zen, Europatik.

GAZTEA: Eta Leo?

JOHN: Nik zer dakit, txamizo artean jaio zen, nire moduan.

GAZTEA: Ez zenuen etxea gogoan?

JOHN: Aitaren zigorkadak nituen gogoan.

GAZTEA: Ondo moldatzen zinen Leorekin.

JOHN: Begira (Ahoa ireki eta hortzak erakutsiz) Behin tabernan matrakan ibili eta hortzak erdi apurtuta atera nituen. Dentistak neuk emandako txanpon batetik atera zuen urre pixka bat hagina egiteko. Nik ez nuen txakur txikirik ordaintzeko, baina Leok ordaindu zizkidan denak. (Gero eta zurrutada handiagoak eginez)

GAZTEA: Eta Las Vegasen bakarrik utzi zenuen gero?

JOHN: Aizu, dena sinistu behar diozu agure txatxar horri?

GAZTEA: Zuri bezainbeste, behintzat.

JOHN: Nik ez nuen bakarrik utzi. Beti tranpetan ibili, lehen ere hala egin zigun...

GAZTEA: Nortzuei?

JOHN: Ez dio ardura, mendiaz ari ginen.

GAZTEA: Beti haize zabalean. Ez zinen bakarrik sentitzen?

JOHN: Ondo eramaten nuen bakardadea. Txakurra eta zaldia aldean, ez zion ardura.

GAZTEA: Denek ez zuten gauza bera esango.

JOHN: Bai, badakit zertaz zabiltzan. Lucianoren kontua dela-eta.

GAZTEA: Ez duzu horretaz hitz egin nahi?

JOHN: Zergatik ez? Lehendik ere arraro zebilen. Ez zen gurekin sartzen neskatara.

GAZTEA: Jokoan ere ez zen sartzen?

JOHN: Luciano oso gazte jatorra zen, baina makala.

GAZTEA: Zertan ematen zenuten denbora kanpamenduan?

JOHN: Bagenuen zeregin franko. Koioteak inguruan, edota hartzak. Eta okerrena, amorrazioa sartu zitzaigula artaldean. Inoiz ikusi duzu ardi bat amorrazioa hartuta? (Keinuka) Ur bila sartu zitzaigun bat dendan, buru makur, adurra zeriola, hinki-hanka, batetik bestera ibili eta kanpora irten zen. Horrelako itxura zeukan Lucianok neskekin joan zen egun hartan.

GAZTEA: Inoiz ez dut entzun ardiak kosk egiten duenik.

JOHN: Hilabete pare bat eman nuen behin ardiak amorraziotik begiratzen. Botikan bainatu eta guzti egin behar izan nituen.

GAZTEA: Irakurri dituzu Lucianoren lertxun-marrak uztailaren laua zela eta?

JOHN: Utzi bakean uztailaren laua.

GAZTEA: Erakutsiko dizkizut.

 

(Koadernoa atera eta johni eman dio)

 

JOHN: (Koadernoa aztertuz) Hori ez da Lucianorena.

GAZTEA: (Koadernoa jasoz) Leori entzundako oharretatik atera dut.

JOHN: Ez zuen hori esan beharko. Eta zuk ez zenuke apuntatu beharko. Zorte txarrekoa da hildakoen esanak biltzea.

GAZTEA: Zer gertatu zen uztailaren lauan?

JOHN: Elkoko cuatrojulion ibili ginen, errodeoan.

GAZTEA: Zer gertatu zitzaion Lucianori?

 

(johnek ahotsa meheago jarri du)

 

JOHN: Lucianok bere buruari tiro eman zion, Ruby Mountainsen.

GAZTEA: Uztailaren laua aldera?

JOHN: Agian geroago. Memoria txarra dut.

GAZTEA: Luciano pattal xamarra zen. Ez zineten neskatara ibiliko jai eguneko parrandan?

JOHN: Eta zer? Beti ibiltzen ginen parrandan errodeoaren garaian. On egiten zigun ardo pixka batek.

GAZTEA: Lucianok higuina zien neska tratuei.

JOHN: Ez zuen horregatik bere burua hilko. Andre batekin ibili zelako... elizkoia bazen ere. Burtzoratorik zegoen gizona, demonioak hartua.

GAZTEA: Lucianok bere bizitza salatu zuen arboletako marretan. Diru piloa galdu omen zuen jokoan. Lagun arteko partida omen zen, baina baten batek kaskoa berotu zion Lucianori eta dena galdu zuen, hiru urteko aurrezkiak.

JOHN: Hori kontatu dizu Leok?

GAZTEA: Arboletan irakurri omen zuen.

JOHN: Eta irakurri zuen nork eman zuen dirua Lucianoren gorpua eta bere gauzak etxera eramateko? Txamizoak jota zegoen gizona. Horixe suertatu zitzaion. Lur haiek handiegiak ziren Lucianorentzat.

 

(Atea ireki dute ustekabean: suziri hotsak kanpoan, tximist antzeko argiak eta guzti. Berehala itxi dute atea, inor sartu gabe. john kartak hartu eta bakar-jokoan hasi da. Kartak banan banan aztertu eta gero mahai gainera bota ditu, mutilari buruz)

 

            Hori da uztailaren laua, ezta? (Topa eginez botilarekin) Libreak gara heriotza aukeratzeko.

GAZTEA: Luciano bezala. (Topa eginez) Gora!

JOHN: (Eskumuturrari begira, baina ez dauka erlojurik) Zer ordu da?

GAZTEA: Lasai, denbora pixka bat badugu.

JOHN: Nola dakizu? Herri puta honetan ez dago erlojurik.

GAZTEA: Oraindik ere uztailaren laua da. Eta gauza asko kontatu behar dizkidazu.

JOHN: Zer duzu uztailaren lauarekin? Ez duzu besterik aipatzen.

GAZTEA: Txikitan, aitarekin joaten nintzen suziriak ikustera. Mendian, ostatuan, edonon egonda ere, herrira agertuko ginen, ni lepoan hartuta, suziriak ikustearren.

 

(Mutilak botilatik edan du)

 

JOHN: Ez duzu aita aspalditik ikusi?

GAZTEA: Ez nuke oraingoz ikusi nahi.

 

(Etenaldia)

 

            Ezagutzen duzu Edipo erregeren istorioa?

JOHN: Ezetz esan dizut lehen.

GAZTEA: Etxetik kanpo bizi zen Edipo eta aita hil zuen ustekabean.

 

(Etenaldia)

 

            Utz dezagun kontua, oraingoz. Kontatu beste zerbait.

JOHN: Ekarri kartak. (Kartak hartuz) Denbora joan zaigu. Errebantxa eman behar didazu. (Kartak nahasiz)

GAZTEA: Horixe eskuairea, profesionala ematen duzu.

JOHN: Zer dakizu zuk horretaz?

GAZTEA: Hiru moeta daude kartak emateko. Liburuak dioenez, lehena da eskumatik eskerrera botatzea, gatza pittin bat botako bazenu bezala...

JOHN: Isilduko zara? Ezin dut pentsatu.

GAZTEA: Zer pentsatu behar duzu, ba?

JOHN: Kontatu didazun kontu hori, Ediporena.

GAZTEA: Edipok asko jakin nahi zuen eta zoritxarra aurkitu zuen. Hortik dator Ediporen konplexua.

JOHN: Ezagun duzu eskolatua zarela.

GAZTEA: Ez nuen Unibertsitatea amaitu.

JOHN: Eta zer uste duzu, neuk ere aita hiltzeko gogoa nuela?

GAZTEA: Ez nintzen zutaz ari. Agian neure buruaz ari nintzen. Amesgaiztoak izaten ditut. Taberna batean nago. Borrokan hasi naiz gizon helduago batekin eta hil egiten dut. Orduan, gizonaren paperak aztertutakoan aita hil dudala jakinarazi dit poliziak.

JOHN: Ez nuke nahi zure aitaren larrutan izan.

GAZTEA: Neuk ere ez.

JOHN: Baina ezinbestean daramazu zeurekin, mutiko. Neuk ere hala daramatzat aitaren cicatrizak. (Kandela jo du nahigabe, eta amatatu egin du)

GAZTEA: Lasai, utzidazu kandela.

 

(johnek kandela eman dio)

 

GAZTEA: Hau eralgita dago. Beste baten bila noa. (Jaiki egin da)

JOHN: Ekarri karta berriak, denbora pasa egin da. Prest nago dirua irabazteko. Tuj! Tuj! Tuj! (Paparrera eramaten ditu eskuak, eztulari eusteko, baina gogor egin zaio)

GAZTEA: Ongi zaude? (Eskuz laztanduz)

JOHN: Inoiz baino hobeto! Kendu atzaparra.

 

(gaztea juke-boxaren ondotik igaro da kanpora irteteko, eta iragaitzean edo, txanpona sartu du makinan. Honenbestez, musika jotzen hasi da. gaztea atetik irtetearekin batera, johnek buruari heldu dio esku biez eta tabernako argiak amatatu dira)