Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Uztailaren laua, Renon
Javi Cillero
Kutxa, 1999

 

HIRUGARREN ESZENA

 

(john billarrean ari da, garagardo bat duela billar-mahaian. gaztea aulki batean eserita dago johnen jokaldiak ikusten. Berriz ere, tabernako argi ahula dute inguruan)

 

GAZTEA: (Koadernoa atera eta oharrak begiratuz) Orain arte ez didazu emakumerik aipatu zure kontakizunean... tabernako neskak gorabehera.

JOHN: (Jokoan etenaldia eginez) Hobe ez aipatzea. Leok ez dizu kontatu nola sartu ginen partida hartan? Hainbat urtez Kaliforniako potolo batekin ezkonduta ibili eta iaz dibortziatu zen. Dirurik gabe geratu zen dibortzioarekin eta partida hartan sartu zen dirua eskuratzeko. Hortik etorri zitzaizkigun kalteak.

GAZTEA: Horren errua ez diozu leporatuko Kaliforniarrari.

JOHN: Nahi dudanari leporatzen diot emia, ulertzen? Gainera, zuk ez zenuen Kaliforniarra ezagutu.

GAZTEA: Oker zabiltza. Leo bisitatzen ibili zen ospitalean. Oso andre jatorra, zinema munduan ibilitakoa.

JOHN: Denok gara jatorrak ospitalean. Oso jatorrak gara besteak gu baino izorratuago daudela jakitean.

 

(Berriz ere jokoan hasi da. Hozkia eman dio, eta makila erortzeko zorian egon da. Ondoren, atera hurbildu da eta astiro ireki du: zaratotsak, suziriak, musikarekin batera. Une batez, hantxe geratu da john, arnasa hartuz, atea erdi irekita. Atea itxita, mahaira itzuli da)

 

            Sutautsez beteta dago eguratsa.

GAZTEA: Badakizu Renok jota naukala?

JOHN: Horretarako dago hiri hau. Lur jotakoen hiria da eta.

GAZTEA: Astebete daramat hemen, baina jende pilo batekin hitz egin dut. Denak doaz behera, ihesi, bere buruaz beste egitera... Ez dauka Las Vegasko kolorea ere.

JOHN: Zertara etorri zara hona orduan?

GAZTEA: Lan bat burutzera. Leorekin hasitakoa zurekin amaitzera.

JOHN: (Asaldaturik) Esan! Nork bidali zaitu hona?

GAZTEA: Inork ez.

JOHN: Oraindik ez da epea amaitu.

GAZTEA: (Besoak zabalduz) Ez daukat armarik, lasai.

JOHN: Zer nahi duzu nirekin?

GAZTEA: Benetan jakin nahi duzu?

JOHN: (Apalago) Ez dio ardura.

 

(Kanpoko atea ireki dute, eta berehala itxi: suziri hotsak kanpoan, haurren oihuak, ujuiak)

 

GAZTEA: Alaitasun pixka bat espero nuen Renon.

JOHN: (Kanpora seinalatuz) Hortxe duzu alaitasuna. Horregatik osatzen dira familiak. Cuatrojulion bolanderak ikustera irteteko.

GAZTEA: Eta besteok zer?

JOHN: Tabernara biltzen gara, baten batekin hitz egitera. Ez kezkatu. Zeu ere joango zara bolanderak ikustera.

GAZTEA: Lehen joaten nintzen, aitarekin. Baina ez ditut berriro ikusiko.

 

(Etenaldia)

 

            Ama eta lau anaiok bakarrik bizi izan ginen, aita joan zenetik. Gero ama hil zitzaigun, eta nor bere aldetik joan zen. Lau anaiok elkartu ohi ginen uztailaren lauan jaia ospatzeko. Rodeoaren ondoren elkartu ohi ginen. Baina jadanik bakoitza bere aldetik bizi gara. Dena hautsi zen duela hogei urte. Aita joan zenetik.

JOHN: Ez duzue harremanik senideok?

GAZTEA: Posta-txartelen bat, telefonozko hitz labur batzuk... Badakizu, ez garela hil jakiteko. Baina elkartzeak ez dauka zentzurik. Ez dakigu zertaz hitz egin eta azkenean beti amaitze'n dugu aitaz hitz egiten.

JOHN: Uztailaren lauan alde egin zuena.

GAZTEA: Eta orain badakit gau honetan galduta egongo dela jendetzaren erdian, mozkortuta edo. Bere burua ospatu nahian. Zein gizon handia den, dammit! Inori ez dio ezer zor.

JOHN: Zergatik ez duzu bilatzen?

GAZTEA: Saiatu ginen behin, baina ez zen ondo irten.

JOHN: Eta etsi egin duzu.

GAZTEA: Ez. Oraindik ere aukera daukat berarekin aurrez aurre egiteko.

JOHN: Zer esango diozu?

GAZTEA: Ezer ez. Oso mingarria da iragana gogoratzea.

 

(Berriz ere, john atera hurbildu da, arnasa hartzera edo. Atea irekitzean zaratak aditu dira)

 

JOHN: Horra hor cuatrojulio ederra!

GAZTEA: Kontuz atearekin! Inor ustekabean sar liteke...

JOHN: Ez naiz horren beldur.

GAZTEA: Edo inork kanporako bidea hartu, ustekabean ere...

JOHN: (gaztearengana etorriz) Aditu ondo, mukizu. Erregelak ipini ditugu lehen eta bete egingo ditugu.

GAZTEA: Bete egingo ditugu?

 

(Etenaldia)

 

JOHN: Gainera, ez dago inora joaterik. Sutautsez basituta dago eguratsa eta zalaparta handia dago. Jende piloa dabil kalean.

GAZTEA: Ba nik gogoko dut. Horregatik maite dut hiria, zarata eta jendea ugari dagoelako. Tren hotsak, autoak, sirenotsak...

JOHN: Sirenots horiek geure bila etor daitezke egunen batean. Gauero entzuten ditut trailerhometik.

 

(john eseri egin da, nekatuta. Erritmikoki jotzen du makila eskuan)

 

GAZTEA: Kasinoetan bizi zinela uste nuen.

JOHN: Kasinoetan bizi naiz gaur geroztik. Atzo bota zuten trailerretik nire auzokoa. Antza denez, ez zitzaion heldu welfareko txekea. Zeharo mozkortu zen, pistola atera eta managerra mehatxatu zuen. Bere trailerrean bizi ginen eta ospa egin behar izan zuenez, kalean geratu naiz.

 

(Etenaldia)

 

            Tabernako istorioak, inoiz ere ondo amaitzen ez direnak.

GAZTEA: Istorio horiekin ez duzu zaldia berreskuratuko. Nik beste zerbait entzun nahi dut.

JOHN: (Keinu mehatxukorra eginez makilaz) Zer demonio entzun nahi duzu?

GAZTEA: Oraindik ere ez didazu kontatu zergatik joan zineten Death Valleyra.

JOHN: Zergatik ez nauzu bakean uzten?

GAZTEA: Apustua egin dugu, gogoratu. Eta dima behar duzu, ez baduzu zaldia okela pote batean ikusi nahi.

JOHN: Broma gutxi zaldiarekin.

GAZTEA: Okay. Segi istorioak kontatzen.

JOHN: Istorioak, istorioak! Medikuak baino astunagoa zara, beti jendearen barrenak arakatzen.

GAZTEA: Egin dizute inoiz?

JOHN: Ez nien utzi.

GAZTEA: Leori egin zioten.

JOHN: Horrek ez dauka kexatzerik. Begira nola nagoen ni!

GAZTEA: Hobeto zaude zu Leo baino. Segi kontatzen.

JOHN: (Bakea eginez) Berriz jokatu behar dugu horretaz hitz egiteko. Denbora joan zaigu.

GAZTEA: (Erlojuari begiratuz) Konforme. (Kartak hartu eta erakutsiz) Banatuko dituzu?

JOHN: Ez, oraingoan billarrean.

GAZTEA: Ez zara zorteaz fidatzen?

JOHN: Zortea baino gehiago izan da. Bi aldiz irabazten duenak hirugarren aldiz ere irabaz dezake.

GAZTEA: Ondo idatziko dut aipua.

JOHN: (Makilari eraginez) Honekin esku fina erabili behar da.

 

(Jaiki dira biak. Billarreko makilak hartu eta jokatzen hasi dira. Elkarrizketa osoan jokatzen ari dira)

 

GAZTEA: (Jokoan) Asko dakizu desertuaz.

JOHN: (Jokoan) Zenbat eta denbora luzeago egin eremuan, hainbat gutxiago ezagutzen duzu. Tuj, tuj!

GAZTEA: Gogoko dut desertua. Baina ikara ematen dit. Desertua isiltasuna da, eta isiltasuna terrorea, ikara.

JOHN: Ez zenuke egun erdirik egingo mendian ardiekin, mutil!

GAZTEA: Agian horixe gertatu zitzaion Lucianori.

JOHN: Lucianok bertsoak kantatzen zizkion bere buruari. Ezer gertatzekotan, horixe gertatuko zitzaion, hain justu ere.

GAZTEA: Zure bertsoak.

JOHN: Esan dizut ez direla nireak, konforme? (Mapako puntu bat seinalatuz) Hemen izan ginen lehenengoz.

GAZTEA: Death Valleyren erdian?

JOHN: Desertuaren erdian bertan. Ez zuen gauza onik ematen. Arsenikoa eta beruna, horixe baino ez zenuen ateratzen.

GAZTEA: Hogeigarren mendeko alkimistak bezala.

JOHN: Alkimistak?

GAZTEA: Berunetik urrea atera nahi zuten azti moduko filosofoak, antigoalekoak.

JOHN: Zaldiz ibiltzen ziren?

GAZTEA: Aukeran, kobazuloan sartuta.

JOHN: Gu ere kobetan sartzen ginen, baina urrerik aurkitu ez.

GAZTEA: Zertan ari zineten Leo eta zu Death Valleyren erdian?

JOHN: Leok negozio bat ipini nahi zuen, loradenda. Eta nik dirua bildu behar nuen lasterketako zaldia erosteko. Begira (Mapa seinalatuz) Arroila horretan aurkitu genuen urrea, kanpamenduaren ondoan.

GAZTEA: Ez didazu txakurrarena kontatuko, ezta?

JOHN: Txakurrarekin jolasean nenbilela, harri bat ostikatu eta urre hautsa harrotu nuen.

GAZTEA: (Keinua eginez aspertuta dagoela) Atsoen ipuinak...

JOHN: Ilunabarra zen. Gauez kanpamendua antolatu eta sua piztu ondoren, txakurra ziztuan abiatu zen aldapan gora. Txispari heldu eta atzetik joan nintzaion. Leo herrian zebilen janari bila.

 

(Etenaldia)

 

            Hantxe azaldu zen txakurra, adurra zeriola kokospetik. Sugeak kosk egin zion. Pozoinduta zegoen, eta tiro bat jo behar izan nion derrepentean. Min itzela eman zidan... Hantxe bertan lurperatu nuen, harri pilo baten azpian. Kanpamendura itzultzean, aztarnak ezabatuta zeuden, eta meatzea desagertua, besterik gabe.

GAZTEA: Leok esan zuen nahita hil zenuela txakurra, amorratuta zeundelako. Inoiz ez zenuela urrerik aurkitu.

JOHN: Ez zidan sinetsi kontatu nionean. Urtebete eman genuen bazterrak miatzen. Azkenean, elkarrengandik banandu ginen. Leok negozio bat jarri zuen.

GAZTEA: Loradenda?

JOHN: Taberna, Las Vegasko txoko batean.

 

(Hozkia eman dio berriro eta makila erori zaio. Honenbestez, billarreko makila eskuan hartu eta jaiki egin da, baina kili-kolo darabil)

 

            Badakizu? Barregarria da, gaur egun ere badakit non dagoen lurperatua txakurra, baina meategia betiko galdu zen. Txakurraren hezurrak desertuan ustelduko dira, zoritxarrez. Tuj! Tuj! Tuj!

GAZTEA: Hotz zara?

JOHN: Ez.

GAZTEA: Hozkia eman dizu.

JOHN: Sar zaitez zeure kontuetan...

GAZTEA: Darkarrez zaude... Jakarik nahi?

JOHN: Ez! (Ukabilkada) Zer uste duzu naizela, agure elbarria ala? (Mahaira hurbildu eta garagardoari ekin dio)

GAZTEA: Ez edan hainbeste, mihia trabatuko zaizu.

JOHN: (Billarrean hasiz) Uste duzu gau osoa edukiko nauzula istorioak kontatzen?

GAZTEA: (Makilari eraginez) Apustuaren tartea bete arte, bai, behintzat. Zer gertatuko zen Leok eta zuek urrea aurkituz gero?

JOHN: (Jokoan) Ez dut horretaz pentsatzen.

GAZTEA: (Jokoan) Ez duzu imajinatzen nola joan zitezkeen kontuak?

JOHN: (Jokoan) Ez dituzu memoriak eta ameskeriak nahastu behar. Bestela, dena batzen da desertuko hautsa legez, eta ez duzu ezer argi ikusten.

GAZTEA: (Jokoan) Aberatsak izango zineten, eta ez zinateke trailerhomen biziko, milaka akreko arrantxoan baizik. Zaldi aldra bat eta guzti.

JOHN: (Jokoan) Ixo!

GAZTEA: (Jokoan) Ezkonduko zinen, agian, Kaliforniako potoloarekin.

JOHN: (Jokoan) Kaliforniako potoloa gero ezagutu genuen.

GAZTEA: (Jokoan) Familiaz arduratuko zinen pixka batez.

JOHN: (Jokoan) Ixo!

GAZTEA: (Jokoan) Batek daki, agian dibortziatuko zinen.

JOHN: (Jokoan) Zergatik ez zara isiltzen, madarikatua!

GAZTEA: (Jokoan) Apustua galdu duzu eta ez didazu ezer kontatzen. Beraz, neuk kontatzen dizkizut istorioak.

JOHN: Ixo! Ixo! (johnek huts egin du, bola zuria sartuta) Shit! Zure errua izan da. (Makila lurrera botata) Trago bat behar dut. Horixe behar dut. (Atearen aldera abiatu da, baina bat-batean bide erdian erori da. Lurrean dago, zirkinik egin gabe)

GAZTEA: (Hurbildu da johnengana) Zer duzu? (johnen gorputzari eraginez) Zer duzu?

 

(john ez da mugitzen. gaztea atera joan da laguntza bila joateko, baina gero gelditu egin da, fidakaitz, eta mahai ondoan paratu da, kartazala hartuta. Ondoren, atetik irten da. Argiak poliki-poliki amatatu dira)