FLASH-BACK (1)
(john eta aita antzeztokiaren txoko batean daude, aurrez aurre. Argi foku batek inguratzen ditu biak, baina bestela ez da ezer ikusten antzeztokian. john betiko moduan dago jantzita. aitak arrantxoko lanjantziak daramatza eta gerrikoari eusten dio esku artean)
AITA: Zaldiaren ilajea hi baino garestiago ordaindu nian, ez ahaztu.
JOHN: ...
AITA: Ez egon hor kokolotuta. Gehiago nahi duk ala? (Mehatxuka, uhalari eraginez)
JOHN: ...
AITA: Gehiago nahi? Esan, gizonak legez.
JOHN: Ez.
AITA: Horixe. Bostehun dolar xahutu duk zaldiarekin. Bost urtez ibiliko haiz lanean, musutruk, dena ordaindu arte.
(john fokutik kanpora irten da)
AITA: Nora hoa, eskupetaren bila? (john atzera itzuli da. aita eta john foku barruan daude eta aurrez aurre paratu dira) Hartu, hartu! Zaldia akatzeko kemenik ez duk izan, nola botako didak tiroa niri? (Barrez)
JOHN: Ez zenuen zertan hil.
AITA: Hanka apurtuta ez zuan ezertarako gauza. Eta hemen ez diagu inor alferrik elikatzen.
JOHN: Ez duzu horregatik akatu.
AITA: Bostehun dolarrak ordaindutakoan jakingo duk zergatik bota dudan.
(john geldirik dago, mutu)
AITA: Hoa ohera, bihar goizeko bostetan nahi haut hemen, zamalanak egiteko.
JOHN: ...
AITA: Aditu duk? (john bultzatuz) Bostetan.
JOHN: Eskolako lanak ditugu bihar Sam eta biok.
AITA: Zer eskola? Hemen jaten duk, ezta? Ba, hemen lan egin behar (uhalari eraginez)
JOHN: Ah!
AITA: Eta ez ibili indijuekin gehiago! Hortik ikasi dituk amarrukeria horiek.
JOHN: Egunen batean ez zara hain indartsua izango.
AITA: (Uhalaz zigortu du john) Madarikatua! Ez diozu errespeturik aitari! (john argi fokutik irten da) Nora hoa?
JOHN: Banoa hemendik.
AITA: Hoa, hoa!
(Etenaldia)
Eta ez itzuli beste zaldi bat uhaletik ekarri arte.
JOHN: (Burua itzuliz) Ez naiz itzuliko.
(Aurrez-aurre geratu dira une batez. Argiak amatatu dira)