Kaukasiar kreazko borobila
Bertolt Brecht
Kaukasiar kreazko borobila
Bertolt Brecht
Artezblai, 2006

 

6. KREAZKO BOROBILA

 

KANTARIA:

                        Entzun orain lagunok Abaschvilitarren

                        Haurraren auzia nola iragan zen;

                        Egiazko amaren izendatze latza,

                        Kreazko lur borobil famatuarekin.

 

(NUKHAN, auzitegiko gortean. ARMA-GIZONEK MIKEL barnera ekartzen dute eta, gortea zeharkatuz gibeletik jalgi arazten. ARMA-GIZON BATEK, bere lantzarekin, GROUCHA atean zaintzen du, HAURRA agertu arte. Haren ondoan, ABASCHVILI gobernadore ohiaren KOZINERTSA dago. Harrabots urrunak eta sute gorri aieruak.)

 

GROUCHA: Tematsua da, berak bere burua garbitzen daki jada.

KOZINERTSA: Suertetsua zara, ez baita zinezko juje bat, Azdak da. Zintzurra patar du, ez du ezer ulertzen, eta harekin ebasle handiak libre atera dira. Dena nahasten duenez, eta aberatsek nahikoa eskupeko ematen ez diotenez, gertatzen da gu, ez gaituela hain gaizki tratatzen.

GROUCHA: Egun suertearen behar gorria dut.

KOZINERTSA: Ez erran hitz hori. (Zeinatzen da.) Uste dut hobe nukeela halabiz batean kundera bihikatzea, jujea mozkor arraila dadin. (Otoitz egiten du, ezpainak mugituz isiltasunean, GROUCHA debaldetan HAURRA ikusten saiatzen den artean.) Ez dut konprenitzen aro uher hauetan, zergatik atxiki nahi duzun atsolutuki, zurea ez baldin bada.

GROUCHA: Neurea da: nik dut hazi.

KOZINERTSA: Ez al duzu nehoiz pentsatu zer pasatuko zen sekula berriz agertzen balitz?

GROUCHA: Hastapenean, pentsatu dut itzultzea eta gero pentsatu dut ez zela inoiz itzuliko.

KOZINERTSA: Eta mailegatzen den aterkiak bero datxika ezta? (GROUCHAk buruaz bai ihardesten dio.) Honesta zirelakoan, nahi duzuna zin eginen dut. (Irakasgaia errezitatuz.) Etxean neukan, bost piastraren truke, eta Grouchak Bazko Egunez bereganatu zidan, arratsean, nahasmenduak ziren garaian. (Hurbiltzen den CHAUVA SOLDADUAZ ohartzen da.) Baina Simonekin gaizki ibili zara, mintzatu nitzaio, ez da egoerari moldatzen.

GROUCHA: (Ikusten ez duela) Uneon ez naiz gizon hortaz axolatzen ahal, ez baldin badu ezer ulertzen.

KOZINERTSA: Konprenitu du haurra ez zela zurea, herioak bereizi arte libre ez eta ezkondua zarela, hori ezin du entelega.

 

(GROUCHAk SIMON ikusten eta agurtzen du.)

 

SIMON: (Aurpegia ilun) Nahi nioke andereari jakin arazi zin pean mintzatzeko prest nagoela. Haurraren aita ni naiz.

GROUCHA: (Eztiki) Ongi da Simon.

SIMON: Nahi nioke ber denboran andereari jakin arazi ez dela neholazko ondoriorik neuretzat, ez eta anderearentzat.

KOZINERTSA: Ez du balio. Ezkondua dela ongi badakizu.

SIMON: Bere afera da eta tematzeak ez du balio.

 

(ARMA-GIZON BI sartzen dira.)

 

ARMA-GIZONAK: Non dago jujea? —Norbaitek jujea ikusi al du?

GROUCHA: (Inguratzen eta begitartea gordetzen duela) Ene aitzinean planta zaitez. Ez nuen Nukhara jin behar. Burutik behera eman diodan arma-gizona gurutzatzen baldin badut...

ARMA-GIZON BAT: (HAURRA ekarri duenetarik bat aurreratzen da) Jujea ez da hemen.

 

(BI ARMA-GIZONEK bilatzen jarraitzen dute.)

 

KOZINERTSA: Espero dut ez zaiola gaitzik gertatu. Beste batekin, hortzik ez duen oilo bat baino suerte gutxiago duzu.

 

(Beste ARMA-GIZON BAT sartzen da.)

 

ARMA-GIZONA: (JUJEA galdatu zuenak bere txostena aurkezten du) Jujea eskapatu da. Hemen daude bakarrik bi zahar eta ume bat.

BESTE ARMA-GIZONA: Segi ezazue bilatzen!

 

(BI LEHEN ARMA-GIZONAK tarrapataka jalgitzen dira, HIRUGARRENA ez dela higitzen. GROUCHAk oihu bat luzatzen du. ARMA-GIZONA inguratzen da banpez. BRIGADIERRA da, aurpegia orbain erraldoiak histen diola.)

 

ARMA-GIZONA: (Atarian) Zer dela eta Chotta? Ezagutzen duzu elkar?

BRIGADIERRA: (GROUCHA luzaro fitsatu ondoan) Ez.

ARMA-GIZONA: (Atarrian) Abaschvili umea ebatsi omen du. Chotta, hortaz zeozer baldin badakizu, aberats okitzen ahal zara.

 

(BRIGADIERRA laidoka urruntzen da.)

 

KOZINERTSA: Hori zena? (GROUCHAk buruaz bai ihardesten dio.) Uste dut xarboa bezain mutu geratuko dela. Edo haurraren hatzetarik zebilela aitortu beharko du.

GROUCHA: (Lasaiago) Kasik ahantzia nuen haurra horien aztaparretarik funtsean salbatu nuela...

 

(Sartzen da gobernadorearen EMAZTEA, BI ABOKATU eta LAGUNTZAILEAREKIN.)

 

GOBERNADOREAREN EMAZTEA: Jainkoari eskerrak, jende-hasik bederen ez da. Ez dut urrin hori patitzen ahal, buruko mina ematen dit.

LEHEN ABOKATUA: Otoi anderea, zure hitzak neurtu itzazu, beste juje bat dugun artean.

GOBERNADOREAREN EMAZTEA: Baina ez dut deus ere erran, Illo Schouboladzee. Jende-hasak maite ditut, beren izpiritu soil eta zuzenekin, urrinak bakarrik buruko mina erauzten dit.

BIGARREN ABOKATUA: Ez da ikusle anitz izango. Jende-hasen gehiengoa etxe hertsietan dago, basa-hirian dauden nahasmenduengatik.

GOBERNADOREAREN EMAZTEA: Hori da?

LEHEN ABOKATUA: Otoi, Natella Abaschvili maitea, laidoak bazter itzazu, duke-handiak juje berria izendatu duela segurtatu eta gaurko epailea, nehoiz juje arropetan ikusi den apalena da, kanpo eman arte. Eta gauzak, itxuraz, mugitzen ari dira, so egizu.

 

(ARMA-GIZONAK gortean sartzen dira.)

 

KOZINERTSA: Emazte kuttunak bertan larrutuko zintuke, Azdak apalenen alde ari dela ez baleki. Begitartearen arabera jujatzen du.

 

(Zutabeari soka bat lotzen hasten dira BI ARMA-GIZONAK. AZDAK orain estekaturik, gortera ekarria da. Haren gibeletik CHAUVA, hura ere estekatua. Honen atzetik, HIRU LABORARI ABERATSAK.)

 

ARMA-GIZON BAT: Ihesari eman nahi zinen ezta, hori zenuen egin nahi, ein?

 

(AZDAK jotzen du.)

 

LABORARI ABERATS BAT: Juje arropaz biluz ezazue hagara hupatu aitzin!

 

(ARMA-GIZONEK eta LABORARI ABERATSEK juje arropa eranzten diote. Bere jantzi zarpailak agertzen dira. Eta batek ukamilkada-lerro bat ematen dio.)

 

ARMA-GIZON BAT: (AZDAK beste bati botaz) Justizia meta gotor bat nahi duzu? Hara hemen!

 

“Har ezazu zuk!” eta “Ez dut beharrik!” oihuen artean AZDAK bata besteari artikitzen diote, leher dadin arte, gero gogorki zutik ezartzen dute eta urka-biluraren azpira herrestatzen.

 

GOBERNADOREAREN EMAZTEA: (Baloi partidu denboran histeriaz joa bailitzan txaloka) Lehen begi xixtatik beretik gizon hori ez zitzaidan gustatzen.

AZDAK: (Odoletan eta hatsanka) Ez dut ezer ikusten, emaidazue trapu zahar bat.

BESTE ARMA-GIZONA: Zer nahi duzu ikusi?

AZDAK: Zuek, zakurrak! (Atorrarekin begiak idortzen ditu.) Jainkoak benedika zaitzatela, zakurrak! Nola zarete, zakurrak! Nola doa mundu-zakur hau, dena urrin? Milikatzeko ozki berririk atzeman al duzue? Elkarri ausikika hasi al zarete berriz, zakurrak?

 

(BRIGADIERRArekin, errautsez estali ZALDUN BAT sartzen da. Larruzko zaku batetik miratzen dituen paper batzu atera ditu. Mintzo da orain.)

 

ZALDUNA: Aski, hara duke-handiak egin izendatze berrien zerrenda.

BRIGADIERRA: (Oihuka) Geldi!

 

(DENAK geldotzen dira.)

 

ZALDUNA: Juje berriari dagokionez, errana da: herriko bizidun bereziki prezios baten salbatzea zor zaion gizon bat izendatzen dugu, Nukhako Azdak delako bat. Nor da?

CHAUVA: (AZDAK erakutsiz) Urka-hagaren pean dagoena, Zure Ontasuna.

BRIGADIERRA: (Orroaz) Zer pasatzen da hemen?

LEHEN ARMA-GIZONA: Otoi, zilegi bekit zuri agertzea Bere Grazia jada Bere Grazia zela eta hemen dauden laborari aberatsen salaketaren ondorioz Duke-Handiaren etsai deitua dela.

BRIGADIERRA: (LABORARI ABERATSAK erakutsiz) Eraman itzazue! (Eramaten dira; konkor-agurka sakonez badoaz.) Kasu orain, Bere Grazia traba ez dadin.

 

(ZALDUNArekin ateratzen da.)

 

KOZINERTSA: (CHAUVAri) Txalotu du. Espero dut ikusi duela.

LEHEN ABOKATUA: Izugarrikeria bat da.

 

(AZDAK trenpu-txartu da. Hagatik jausten dute, berera dator, juje arropaz berriz beztitua da eta hinki-hanka ARMA-GIZONEN taldetik urruntzen da.)

 

ARMA-GIZONAK: Aiherkunderik gabe, Zure Grazia! —Zure Graziak zerbait nahi luke?

AZDAK: Ezer, zakurreriako anaiok, oski bat milikatzeko, noiztenka. (CHAUVAri.) Barkatua zara. (CHAUVAri estekak desegiten dizkiote.) Zoaz ardo gorri haren bila, sukratu hartarik! (CHAUVA ateratzen da.) Desager zaitezte, lana badut nik. (ARMA-GIZONAK jalgitzen dira. CHAUVA ardoz bete pitxer batekin itzultzen da. AZDAKek kluka luzez edaten du.) Zerbait ene ipurdi-hezurrarentzat! (CHAUVAk Kodea ekartzen eta alkian pausatzen du. AZDAK jartzen da.) Hartzaile naiz!

 

(Eztabaida grinatsuan ari diren JAUKITZAILEEN aurpegiak atsianartze irri batez argitzen dira. Marmarak aditzen dira.)

 

KOZINERTSA: Ai.

SIMON: Erraten da “Putzu bat ez da erraz izar ihintzez betetzen”.

ABOKATUAK: (So dagokien AZDAKi hurbiltzen dira, esperantzaz hantuak) Arras afera xoxoa, Zure Grazia! —Kontrako alderdiak haurra ebatsi eta ez itzuli nahi.

AZDAK: (Bere eskua zabalik aurkezten die, GROUCHAri beha dagoela) Neska zinez erakargarria. (Gehiago ematen zaio.) Eztabaidak zabalik dira eta zintzotasun osoa galdatzen dizuet. (GROUCHAri.) Batez ere zure partetik.

LEHEN ABOKATUA: Justizia Gorte Ohoragarria! Erranak dion bezala odola ura baino lodiago da. Arorik gabeko zuhurtzia horrek...

AZDAK: Gorteak jakin nahi luke zenbat ordaintzen zaizun abokatu gisa.

LEHEN ABOKATUA: (Harritua) Mantxut? (Maitekor airez, AZDAKek behatz tipila erakuslearen kontra torratzen du.) A bai! Bost ehun piastra, Zure Grazia, gortearen ezohizko galdeari ihardesteko.

AZDAK: Entzun duzue? Galdera ezohizkoa da. Hori eskatzen dizut, zeren oso ezberdin behatuko baitzaitut, ona zarela baldin badakit.

LEHEN ABOKATUA: (Konkortuz) Milesker, Zure Grazia. Justizia gorte ohoragarria! Denen artean odol-loturak dira indartsuenak. Ama eta haurra, badea lotura hurbilagorik? Haur bat bere amari kentzen ahal ote zaio? Justizia gorte ohoragarria! Amodioaren estira sainduetan kontzebitu du, bere sabelaren zokoan ekarri, bere odolez ase, dolore-minetan munduratu. Justizia gorte ohoragarria! Ikusi da tigre eme salbaia bera umeak ebasten zaizkionean nola ibiltzen den herrestan oihanean barna, pausarik gabe, itzal bilakatzeraino mehe. Naturak berak...

AZDAK: (Moztuz eta GROUCHAri) Zer erantzungo diozu honi eta abokatu jaunak oraino errateko duen guztiari?

GROUCHA: Neurea da.

AZDAK: Besterik ez? Agian frogatzen ahal duzu. Dena den, aholkatzen dizut ager diezadazun zergatik haurra zuri eman behar dudala uste duzun.

GROUCHA: Ahal bezain ontsa eta kontzientziaz hazi dut, eta atzeman diot beti zertxobait jateko. Gehienetan, hegats bat ukan du eta ene kontu hartu ditut haren gatik jasan mila enegu, eta gastuak ere. Ez dut ene ongiari kasurik egin. Haurra hezi dut jende guztiekin gisako izaten eta ahalik hobekien lanean aritzen, txikia da oraino.

LEHEN ABOKATUA: Zure Grazia, azpimarragarria da emazte honek ez duela bera eta haurraren arteko odol-loturarik aitzinatzen.

AZDAK: Gorteak baimentzen du.

LEHEN ABOKATUA: Milesker, Zure Grazia. Zilegi bedi orain hersturen zamapean lehertzen den andere batek, senarra jada galdu eta haurraren galtzeko arriskuan dagoenak, hitza zuri luzatzea. Natella Abaschvili maitea...

GOBERNADOREAREN EMAZTEA: (Ahots ahulez) Destinurik ankerrenak behartzen nau Jauna zuri haurra itzuli dakidan eskatzera. Ez dagokit neri agertzea zein diren haurra ebatsi zaion ama baten pairamen moralak, antsiak, lorik gabeko gauak azaltzea...

BIGARREN ABOKATUA: (Zartatzear) Harrigarria da nola tratatzen den emazte hau. Bere senarraren palaziorako sarrera debekatzen zaio, ontasunen iturriak agor arazten zaizkio hozki erranez ondoregoari dagozkiela, haurrik gabe deus ezin du, ezin ditu abokatuak paga ere! (Asaldatzeagatik etsia eta keinuka isiltzea gomendatzen dion LEHEN ABOKATUAri.) Illo Schouboladzee adiskidea, zergatik ez aitor azken finean Abaschvili ondoregoaren ontasunez ari garela?

LEHEN ABOKATUA: Otoi, Sandro Oboladzee adiskide-mina! Hitzartuak ginen... (AZDAKi.) Bistan dena, egia da halaber auziaren ebazpenak Abaschvili ondorego erraldoiaren emaitzak gure bezeroak baliatzen ahalko dituen ala ez erabakiko duela, baina nahitara ahoskatzen dut “halaber”, lehen mailan baitago beti ama baten jende-tragedia, bere agerpen hunkigarriaren hastapenean Natella Abaschvilik erakustera ematen zuen bezala. Mikel Abaschvili ez balitz ontasun horien ondorego, neure bezeroaren haur guztiz maitatua geratuko liteke!

AZDAK: Aski! Jendetasun froga gisa, ontasunen ondoregoa aipatzearekin sentiberatzen da gortea.

BIGARREN ABOKATUA: Eskerrak, Zure Grazia. Illo Schouboladzee adiskidea, haurra ebatsi duena ez dela haurraren ama froga dezakegu bederen leku segurretik! Zilegi bekit gorteari gertakariak larru-has azaltzea. Ama ihesi zihoakiola, zorigaitzezko karia-kate luze batengatik, Mikel Abaschvili haurra atzean geratu zen. Groucha izenekoa, palazioan kozinertsa ofizioan ari zena, hor zen Bazko egun hartan, eta haurraren inguruan barrandan zebilela ikusi zen....

KOZINERTSA: Andereak eroateko zeuzkan apaindurak baizik ez zituen gogoan!

BIGARREN ABOKATUA: (Nahasi gabe) Urte bat beranduago, gutxi gora behera, mendiko herri batean agertu zen Groucha haurrarekin eta ezkondu ...

AZDAK: Nola heldu zinen mendiko herri hortaraino?

GROUCHA: Oinez, Zure Grazia, eta haurra neurea zen.

SIMON: Aita naiz, Zure Grazia.

KOZINERTSA: Ene etxeko egoilierra zen, Zure Grazia, bost piastraren truke.

BIGARREN ABOKATUA: Groucha izendatuaren senar-gaia da gizon hau, justizia gorte ohoragarria, eta ondorioz ez da bere erranetan fidagarria.

AZDAK: Mendiko herri hartan ezkondu duena al zara?

SIMON: Ez, Zure Grazia. Laborari bat esposatu du.

AZDAK: (GROUCHAri hurbiltzeko keinua eginez) Zergatik? (SIMON erakutsiz.) Ez du balio oherako? Errazu egia.

GROUCHA: Ez gara hortaraino joan. Haurrarengatik ezkondu naiz. (SIMON erakutsiz.) Gerlan zen, Zure Grazia.

AZDAK: Eta orain berriz zurekin jarri nahi du, ein?

SIMON: Nahi nuke prozeduran idatz arazi...

GROUCHA: (Haserre) Ez naiz gehiago libre, Zure Grazia.

AZDAK: Eta haurra, lizun-mizunen ondorioa dela baiesten duzu? (GROUCHA erantzuten ez duela.) Galdera bat egiten dizut: ze haur mota da? Karrikan bildu bastart herresta bat ala familia aberatseko behar bezalako haur bat?

GROUCHA: (Gaiztoki) Besteak bezalako haur bat.

AZDAK: Erran nahi dut: izaera finik erakutsi ote du garaiz?

GROUCHA: Sudurra begitartean erakutsi du.

AZDAK: Sudurra begitartean erakutsi du. Zure partetikako erantzun garrantsitua dela kontsideratzen dut. Nitaz kontatzen da behin sententzia eman baino lehen atera naizela arrosa baten usaintzeko. Egun premiazkoak zaizkidan ofizioko tramankuluak dira. Gaurkoan, motzera noa eta ez ditut gehiago zuen gezurra behatuko (GROUCHAri.), batez ere zureak. Ene engainatzeko apailatu dituzuen (DEFENDATZAILE TALDEAri.) bihurrikeriak oro itxura ditzaket. Ohoin-txar batzu baizik ez zarete.

GROUCHA: (Banpez) Motzera zoala, hortan sinesten zaitut, zenbat hartzen duzun ikusi eta.

AZDAK: Isilik. Zerbait hartu dizut zuri?

GROUCHA: (KOZINERTSA atzera atxikitzen duen arren) Deus, ezer ez dudalako.

AZDAK: Justo. Gosaio-herrokak zuetarik ez dut ezer erdiesten, bertan gosez hil nindaike. Justizia bai, baina ordaindu nahi al duzue? Harategira joaten zaretenean, badakizue zenbat pagatu beharko duzuen, baina jujearengana ehortz-afari batera bezala etortzen zarete.

SIMON: (Ahots indartsuz) Erraten da: “Zaldiaren ferratzera etorri direnean, korrozkileak anka luzatu du”.

AZDAK: (Segidan desafioz) “Hobe da pizor-putzu batean atzeman altxor bat, iturrian harrapatu harri bat baino”.

SIMON: “Egun ederra da, goazen arrantzara, erran dio arrantzaleak zizareari”.

AZDAK: “Neure buruaren jabe naiz, erran zuen mutilak, eta oina moztu zuen”.

SIMON: “Aita batek bezala maite zaituztet erran zuen Tsar handiak bere laborariei, eta bere semearen lepoa ebaki zuen”.

AZDAK: “Eroaren etsairik handiena bera da”.

SIMON: Baina “Putzak ez du sudurrik”.

AZDAK: Auzitegiaren aitzineko solas-molde okerragatik hamar piastra gaztigu, justizia zer den ikas dezazun.

GROUCHA: Justizia polita da. Zitzikatzen gaituzu gu, ez dakigulako bera eta bere abokatuek bezain ongi hitz egiten.

AZDAK: Horrela da. Sobera zozoak zarete. Zanpatzen zaituztetenean, Justizia baizik ez da azkenean.

GROUCHA: Xatarra nola aldatzen zaion sekula jakiteko panpoxegia den horri eman nahi diozu haurra! Justiziaz nik baino gehiago ez dakizula oroit zaite.

AZDAK: Egia zerbait bada horretan. Ez-jakin bat naiz, ene juje-arroparen azpian galtza zarpailak baino ez ditut, so egizu zuhaurk. Enekin, dena jateko eta edatekoetan urtzen da, fraileek hazi ninduten. Dena den, zuri ere hamar piastrako isuna ematen dizut, gortea laidostatzeagatik. Eta gainera xoxoa izan behar duzu ene zure aurka altxatzeko, begi-eztiak eta ipurdi balantzalariak eskaintzeko partez, ene onera biltzearren. Hogei piastra.

GROUCHA: Hogeita hamar balitz ere, erranen dizut nik goraki zer diotan zure justiziaz, ardo-trapu halakoa. Nola mintza zintzaizket elizako bitraileko Isai hautsi hura bezala jauntto nahiz? Zure amaren sabeletik atera zintuztenean, ogi-beltz katilutra bat ahal duen lekuan hartzen duela ez zen aipatzen behatzak jo behar zeniezaizkionik, eta ez zara ahalke zure aitzinean ikara ikusten nauzunean? Baina mutil bilakatu zaituztete, beren etxeak ebatsiak dituztelakoan eraman ez ditzazun; noiztik dira ximitxak etxe jabe? Baina zuk bista luzea duzu, ez lituzkete bestela gure gizonak beraien gerletara tiriatzen ahalko, saldua zara. (AZDAK zutitu da. Argitzenzaio begitartea. Bere mailu txikiarekin, motelki jotzen du mahai gainean, isiltasuna eskatzeko bezala, baina GROUCHAren laidoen menpe, neurria kolpekatzen baino ez du.) Ez dut zureganako errespetu izpirik. Are gutxiago ebasle ala hiltzaile batengana, nabelarekin nahi duena egiten baitu. Haurra kentzen ahal didazu, ehun xotx baten truke, baina gauza bat erranen dizut: zurea bezalako ofizio batentzat bakarrik haur-zikintzaileak eta sosez-errabiatuak hautatu eta gaztigutzeko, beren irudikoen epaitzera bortxatu beharko litezke, azken batean urka-hagan zintzilikatzea baino sordei dena.

AZDAK: (Jartzen da) Orain hogeita hamar eginen du, eta ez naiz gehiago zurekin ostatuan bezala aharratuko, zer bilakatuko da ene juje-duintasuna, ez dut zure aferarekin jostatzeko gutizia izpirik. Non dira bereizketa eskatzen duten bi haiek? (CHAUVAri.) Sar araz itzazu. Afera hau suspenditzen dut oren laurden batez.

LEHEN ABOKATUA: (CHAUVA ateratzen den artean) Ez baldin badugu ezer gehiago eransten Anderea, epaia gure alde date.

KOZINERTSA: (GROUCHAri) Zure kontra jarri duzu. Orain, haurra errefusatuko dizu.

GOBERNADOREAREN EMAZTEA: Chalva, ene gatzak.

 

(BIKOTE ZAHARKITU BAT sartzen da.)

 

AZDAK: Hartzaile naiz. (ZAHARREK ez dute ulertzen.) Jakiten dut bereiz zaitzategun nahi duzuela. Noiztik zarete elkarrekin?

ZAHARRA: Berrogei urte, zure Grazia.

AZDAK: Eta zergatik nahi duzue bereiz zaitzategun?

ZAHARRA: Ez garelako gehiago agradatzen, Zure Grazia.

AZDAK: Noizez geroz?

ZAHARRA: Betidanik, Zure Grazia.

AZDAK: Zuen nahiari buruz gogoetatuko dut eta sententzia erranen dut beste afera bukatuko dudanean. (CHAUVAk zokora eramaten ditu.) Haurra behar dut. (GROUCHAri keinu bat egiten dio, eta haren gana makurtzen da, adiskidekor.) Ohartu naiz justiziaren alderako jeinu bat bazenuela. Ez dut sinesten, zure haurra dela, baina zurea balitz, ez ote zenuke emazte, nahiko aberats izan dadin? Orduan, aski zenuke erratea ez dela zurea, eta palazio bat baluke laster, zaldiak oro korbean herrokan, eta eskale guztiak ate ondoan, soldado mila bere zerbitzuko, eta galdatzaileak trumilka gortean, ez? Zer da hor zure ihardespena? Ez ote duzu aberats ikusi nahi?

 

(GROUCHA isilik geratzen da.)

 

KANTARIA: Orain entzun haserre gorrian pentsatzen zuena baina ez ahoskatzen. (Kantatzen du.)

                        Zapata urreekin baloa

                        Ahulak lehertuko ninduke

                        Eta gaizkia egingo luke

                        Irrino bat alta ezpainetan.

 

                        Goiz eta arrats harrizko bihotz

                        Baten ekartzea pizua da

                        Akigarria baita handia

                        Izatea, eta hain gaiztoa.

 

                        Gosearen beldur beharko du

                        Baina ez gosetuarena

                        Ilunaren beldur beharko du

                        Baina ez haatik argiarena.

AZDAK: Uste dut, emakume, ulertzen zaitudala.

GROUCHA: Ez dut gehiago itzuliko. Hazi dut eta ezagutzen nau.

 

(CHAUVAk HAURRA sar arazten du.)

 

GOBERNADOREAREN EMAZTEA: Trapu zaharrez bezti da.

GROUCHA: Ez da egia. Bere atorra ederraren janzteko astirik ez didate utzi.

GOBERNADOREAREN EMAZTEA: Urdetegi batean bizi zen!

GROUCHA: (Dantzetarik jalgitzen) Ez naiz urde bat, baina badira batzu hala direnak. Non utzi zenuen zure haurra?

GOBERNADOREAREN EMAZTEA: Burutik behera emanen dizut, gaizki ikasi alena. (GROUCHAri oldartzen zaio, baina ABOKATUEK atxikitzen dute.) Hiltzaile bat da! Azotatu behar da, bertan!

BIGARREN ABOKATUA: (Ahoa tapatuz) Natella Abaschvili maite-maitea! Hitz eman zenigun... Zure Grazia, jaukitzailearen zainak...

AZDAK: Jaukitzaile eta akusatu! Gorteak zuen kasua behatu du, argitasunik kausitu gabe hargatik: zein da haur horren egiazko ama? Juje gisako ene betekizuna haur horri ama baten hautatzea da. Herstura bat antolatuko dut. Chauva krea puska bat harrapa ezazu. Borobil bat marra ezazu lurrean. (CHAUVAk kreaz borobil bat marrazten du.) Haurra sar ezazu barnean. (CHAUVAk GROUCHAri irriz dagokion MIKEL borobilaren erdian pausatzen du.) Jaukitzaile eta akusatu, borobilaren ondoan planta zaitezte biak! (Gobernadorearen EMAZTEA eta GROUCHA borobilaren ondora badoaz.) Haurra eskutik har ezazue. Egiazko amak, haurra borobiletik kanpo ateratzeko indarra ukanen du.

BIGARREN ABOKATUA: (Presaka) Justizia gorte ohoragarria, ondorego gisa haurrari hain lotua den Abaschvili ontasun-jarraipen garrantzitsua horrelako guduka zalantzakorraren menpe delako protestatzen dut. Gainera, ene bezeroak ez du, lan gogorrak egiten ohitua den neska horrek bezainbat indar.

AZDAK: Ederki bazkatua dirudit. Tira ezazue!

 

(Gobernadorearen EMAZTEAk, HAURRA borobiletik kanpora tiratzen du beregana. GROUCHAk utzi du eta harritua dago.)

 

LEHEN ABOKATUA: (Gobernadorearen EMAZTEA txalotzen duela) Zer erran nizun? Odolaren hariak!

AZDAK: (GROUCHAri) Zer gertatzen zaizu? Ez duzu tiratu ere ez.

GROUCHA: Ez nuen ongi atxikitzen. (AZDAKerantza lasterka.) Zure Grazia, zure kontra erranak oro irensten ditut eta barkamendu galdatzen dizut. Bere hitz guztiak ikasi arte bederen begiratzen ahal banu. Zenbait baizik ez dakizki.

AZDAK: Gorteari ez eragin otoi! Paria nezake zuhaurk hogei baino ez dituzula ezagutzen. Beste behin antolatzen dut herstura, behin betiko erabakitzeko. (Bi EMAZTEAK borobilaren ondoan jartzen dira oraino.) Tira ezazue!

 

(GROUCHAk haurra berriz ere laxatzen du.)

 

GROUCHA: (Etsia) Hazi eta hezi dut! Horregatik xehekatu behar ote dut? Ezin dut.

AZDAK: (Zutitzen da) Eta hara gorteak egiazko ama zein den flnkatu duela. (GROUCHAri.) Haurra har ezazu eta hemendik eraman. Aholkatzen dizut haurrarekin hirian ez gelditzea. (Gobernadorearen EMAZTEAri.) Eta zu, desager zaitez, iruzur egitea lepora dakizudan baino lehen. Ondoregoaren ontasunak hiriarentzat dira, haurrentzat baratze bat egiteko gisan, beharrarrezkoa baitute, eta ene oroitzapenez “Azdaken Baratzea” deitzen dela erabakitzen dut.

 

(Gobernadorearen EMAZTEA trenpu-txartu da eta MUTILAk eramaten du, ABOKATUAK lehenago desagertuak zirelako. GROUCHA higitu gabe dago. CHAUVAk haurra ekartzen dio.)

 

AZDAK: Juje arropa kentzen dut, jada erretzen nauelako. Ez dut nehoren alde heroe izaten segituko. Baina, jagoitik, pentzean agurrak eman estakuruz eskaintzen dudan hurrup-jautzi-aldi txiki batera gonbidatzen zaituztet. Ene mozkorrean kasik ahantzi dut zerbait: bereizketa bat badut errateko.

 

(Juje-alkia mahai moldean baliatu, paper batean idazten du eta alegia partitzen da. Dantza musika hasia da.)

 

CHAUVA: (Papera irakurri ondoan) Baina ez da zuzen. Ez dituzu bi zaharrak bereizi baizik eta Groucha bere senarrarengandik.

AZDAK: Behar ez zirenak bereizi ditut? Deitoratuko nuke, baina horrela geratuko da, ez dut berriz aztertuko, ez liteke orden egokia. Trukean, ene bestara deitzen zaituztet, dantza bat, bata besteari horrela zerbait eskainiko diozue arauz. (GROUCHA eta SIMONi.) Eta zuek biek, berrogei piastra zor dizkidazue.

SIMON: (Moltsa ateraz) Merke da, Zure Grazia. Eta eskerrak milaka.

AZDAK: (Sosa sakeleratuz) Horren beharra ukanen dut naski.

GROUCHA: Eta guk Mikel, hobe genuke gaur berean hiri honen uztea ein? (HAURRA bizkarrean hartu nahi du. SIMONi.) Gustatzen zaizu?

SIMON: (HAURRA bizkarrean pausatzen duela) Ohore dut zuri jakin araztea gustatzen zaidala.

GROUCHA: Eta orain aitorra zor dizut: Bazko-egun hartan nerekin hartu nuen, ezkontitza elkarri eman geniolako. Eta horrela, amodioaren haur bat da. Dantza dezagun Mikel.

 

(MIKELekin dantzatzen du GROUCHAk. SIMONek KOZINERTSA harrapatzen du dantzatzeko. BI ZAHARRAK ere dantzan ari dira. AZDAK aldiz bere gogoetetan galdua dabil. DANTZARIEK laster gordetzen dute. Noiz-behinka agertzen da, dantza-bikote berriak sartzen diren arau, gero eta bekanago.)

 

KANTARIA:

                        Arrats haren ondotik Azdak desagertu

                        Zen, eta ez zen nehoiz berriro ikusi.

                        Baina Georgiako jendek ez ahantzi,

                        Kasik Justiziako urre garai baten

                        Juje izan zenaz hor oroitzen zirela.

 

(DANTZARIAK ateratzen dira. AZDAK ez da ageri.)

 

                        Kreazko borobilaz sortu den ipuina

                        Behatu ezazue, zaharren elea:

                        Munduko gauzak oro joan daitezela

                        Baliatzen dakitenei; umea amari

                        Segurru izateko ongi hazten dela,

                        Kotxea trebe dugun gidatzaileari,

                        Harana ureztatzen azkar direneri

                        Frutu ugariz gero aberastu dadin.

 

2002ko apirilaren 19an

Bazko bezperan

Itxaro Bordaren itzulpena

Chimères Antzerkiarentzat