Kaukasiar kreazko borobila
Bertolt Brecht
Kaukasiar kreazko borobila
Bertolt Brecht
Artezblai, 2006

 

4. IPARREKO MENDIETAN

 

KANTARIA:

                        Zazpi egunez hola ibili ondoan

                        Hormak eta mendiak zeharkatu ditu.

                        Anaiaren etxean sartzean, musuka

                        “Hor zara arrebatxo?” erranen dit berak

                        “Aspaldian nagozu zure beha hemen

                        Hara neure andrea, hara baserria,

                        Hamaika zaldi eta behi gehiago,

                        Ezkontzaz erdietsi dudan lurraldea.

                        Haurrarekin jar zaite jan zazu gurekin”.

                        Gogoa alai zuen ongi etorria

                        Asmatzean ibiltzen zela elurrean.

                        Anaiaren etxea haran ederra zen.

                        Ibiltzeaz eri zen arreba gaizoa.

                        Anaia zutitu zen.

 

(LABORARI LODI BIKOTE BAT, doidoia mahainean jaten hasiak. LAURENTI VACHNADZEEk trapuajada lepo inguruan dauka, GROUCHA MUTIL BATez lagundurik, HAURRA besoetan sartzen denean.)

 

LAURENTI: Nondik zatoz Groucha?

GROUCHA: (Ahots ahulez) Laurenti, Janga-Tauko lepoa zeharkatu dut.

MUTILA: Belar-metaren maldan kausitu dut. Ume bat badu berarekin.

ERRAINA: Isabel, zoaz zaldiaren kardatzera.

 

(Ateratzen da.)

 

LAURENTI: Hara Aniko. Ene andrea.

ERRAINA: Uste genuen Nukhan sehi zinela.

GROUCHA: (Doidoia dago zutik) Bai, han nintzen.

ERRAINA: Ez zena leku ona? Ona zela errana ziguten.

GROUCHA: Gobernadorea erahila izan da.

LAURENTI: Bai, nahasmenduak gertatu omen ziren. Zure izebak ere kontatu zigun, ez zara oroit Aniko?

ERRAINA: Hemen dena lasai dago. Hiriko jendeek beti zerbait gaizki badute. (Atera doa deika.) Sosso, Sosso, entzun, taloak ez atera labetik oraino? Non sartua zara?

 

(Jalgitzen da deika.)

 

LAURENTI: (Laster eta ahapez) Aitarik ba ote du? (Buruaz ez ihardesten duenez.) Banengoen bai. Zerbait asmatu beharko da. Debota da arras.

ERRAINA: (Sartuz) Mutil horiek! (GROUCHAri.) Haur bat baduzu?

GROUCHA: Neurea da.

 

(Lehertzen da eta LAURENTIk bermatzen laguntzen du.)

 

ERRAINA: Jesus Maria, eri da, zer eginen dugu?

 

(LAURENTIk GROUCHA berogailuaren ondoko zuzulura eramaten du. Izuaren izuaz ANIKOk buruaz ezetz, hormaren maldako zakua erakutsiz.)

 

LAURENTI: (GROUCHA hormarantz gidatuz) Jar zaitez. Jar zaitez. Flakezia une bat baizik ez da.

ERRAINA: Ez bedi elgorria!

LAURENTI: Turrunpiloak balitezke. Flakezia da, lasai, Aniko. (GROUCHAri.) jarririk hobe ez?

ERRAINA: Bere haurra da?

LAURENTI: Senarrarengana doa.

ERRAINA: Ongi. Haragia hozten ari zaizu. (LAURENTI mahairatzen da eta jateari ematen.) Hotza ez da on zuretzat, ez duzu gurin hotzik jan behar. Estomaketik pairatzen duzu, badakizu. (GROUCHAri.) Senarra ez duzu hirian, non dago?

LAURENTI: Dionaren arabera mendiaren bestaldean ezkondua da.

ERRAINA: Ongi, mendiaren bestaldean.

 

(BERA ere mahaian jartzen da.)

 

GROUCHA: Laurenti, etzanik hobeko nukeela uste dut.

ERRAINA: (Galdezketa segituz) Biriketako mina balitz, xahu gara denak. Zure senarrak baserririk ba ote du?

GROUCHA: Soldadu da.

LAURENTI: Bere aitaren baserria badu, txiki-txikia.

ERRAINA: Ez da gerlan? Zergatik ez?

GROUCHA: (Nekez) Bai, gerlan da.

ERRAINA: Zertarako orduan baserrira lehia duzu?

LAURENTI: Gerlatik itzuliko denean hara zuzenduko delako.

ERRAINA: Jadanik joan nahi duzu?

LAURENTI: Bai, haren aiduru han egoteko.

ERRAINA: (Ahots zorrotzez) Sosso taloak!

GROUCHA: (Sukartsu marmaraz) Baserria. Soldadua. Igurika. Jar zaitez, jan ezazu.

ERRAINA: Elgorria da hori.

GROUCHA: (Jauzi batez) Bai, baserria badu.

LAURENTI: Aniko, flakezia da. Emazte maitea taloa zertan ikustera ez zenuke joan nahi?

ERRAINA: Baina noiz itzuliko da, gerla diotenaz hasi berria da? (Trinkili-trankala ateratzen da eta deitzen du.) Sosso non sartua zara? Sosso!

LAURENTI: (Brauki zutituz eta GROUCHArengana) Bertan ukanen duzu ohe bat. Bazkal ondoan, baina bestela ere arima ona da.

GROUCHA: (HAURRA emanez) Oizu!

 

(Begi-ukaldika alde orotara, HAURRA hartzen du.)

 

LAURENTI: Ez zarete luzaz egoten ahalko hemen. Badakizu, debota da arras.

 

(GROUCHA trenpu-txartzen da. ANAIAk harrapatzen du.)

 

KANTARIA:

                        Arreba eriegi zen eta anaiak

                        Herabe izanarren aterbetu zuen.

                        Larrazkena joan zen, negua etorri.

                        Negua luzea zen. Negua labur zen.

                        Jendeek ez zuten ezer jakin behar.

                        Saguek ez zuten ausikirik behar.

                        Primaderak ez zuen nehoiz heldu behar.

 

(GROUCHA selauruan, ehuten. Estalietan bildurik daude bera eta lurrean kukubilko dagoen HAURRA.)

 

GROUCHA: (Kantuz ehulari)

                        Maitea partitzear zen

                        Emazte gaia atzetik

                        Negarrez eta auhenez:

                        Maitea ene maitea

                        Gerlara bazoaz orain

                        Etsaien kontra bazoaz

                        Ez joan lehen lerrora

                        Ez egon azken lerroan:

                        Lehen lerroa sutan da

                        Eta azkena dena ke.

                        Zaude gerlaren erdian,

                        Banderaren magalean.

                        Lehenak hor hiltzen dira

                        Eta azkenak kolpatzen,

                        Erdikoak bai bizitzen.

 

            Abilki josta gaitezen Mikel. Kakamarroen gisa txiki baldin bagaude, errainak etxean garela ahantziko du. Orduan, elurrak urtu arte egoten ahalko gara. Eta ez negarrik egin hotzagatik. Hotza pobreziaren gainera ez da ongi ikusia.

 

(LAURENTI sartzen da. ARREBAren ondoan jartzen da.)

 

LAURENTI: Zergatik zaudete hor orgalariak bezala trapuetan bilduak.

GROUCHA: (Estalia brauki kenduz) Ez da hotzik, Laurenti.

LAURENTI: Hotzegi balitz ez zenuke hemen egon behar haurrarekin. Anikok ez lioke bere buruari barkatuko. (Isiltasun une bat.) Apezak haurraz agian ez dizu deus galdatu?

GROUCHA: Galdezkatu nau baina ez diot ezer erran.

LAURENTI: Ongi da. Anikoz hitzegin nahi nizun. Arima ona da, baina izugarri delikatua. Jendeek ez dute gure baserriaz bereziki hitzegitearen beharrik eta jada beldurrez dago. Badakizu, dena hain barna hartzen du. Behin, elizan, behizainak bere galtzetan zuloa bazuen; geroztik ene Aniko maiteak elizara joateko bi galtza pare janzten ditu. Ezin sinetsia da baina familia zaharrak horrela dira (Belarria luzatzen du.) Segur zara hemen ez dela arratoirik? Balitz, ez zarete hemen egoten ahal. (Ur-xortak hegatzetik erortzean bezalako herots bat aditzen da.) Zer da isurtzen?

GROUCHA: Upela daiteke..

LAURENTI: Bai, upela daiteke... Badu orain sei hilabete hemen zarela ez? Anikoz mintzo nintzen? Bistan dena ez diot jandarmearen istorioa kontatu, bihotzez ahula baita. Horregatik ez daki ez duzula sehilekurik bilatzen ahal eta horregatik atzo ohar haiek egin dizkizu. (Berriz ere urtzen doan elurra xortatzen behatzen dute.) Asma ote dezakezu zure soldaduarentzat noraino kezkatzen den? Erraten du: “Itzultzen baldin bada eta ez badu harrapatzen?” eta lo gabe geratzen da. Ihardesten diot: “ez da udaberria baino lehen itzultzen ahal”. Emazte gaizoa. (Xortak gero eta lasterrago isurtzen dira.) Noiz uste duzu itzuliko zaizula, zer diozu? (GROUCHA isilik dago.) Udaberria baino lehen ez, zuk ere horrela uste duzu? (GROUCHA isiltzen da.) Bai, ez duzu uste itzuliko denik ere. (GROUCHA mutu dago.) Baina udaberria datekeenean eta hemen mendiko bideetan elurra urtuko denean ez zara gurekin egoten ahalko, zure bila etorriko baitira eta aitarik gabeko haur batek jendeak erasa arazten ditu.

 

(Isurtzen doazen xorten soinua gero indartsuago eta segituago bihurtzen da.)

 

LAURENTI: Groucha elurra hegatzean urtzen ari da eta udaberria da.

GROUCHA: Bai.

LAURENTI: (Hatsanka) Erranen dizut zer eginen dugun. Leku baten beharra daukazu, eta haur bat duzunez (Hasperenka.) jendeak erasa ez dezan senar baten premia duzu. Orduan, kontu handiz zuretako senar baten atzemateko bidea ikertu dut zuhurki. Groucha, bat atzeman dizut. Mintzatu naiz seme bat duen emazte batekin, han justo mendiaz bestaldean, baserri txiki bat, akort dago.

GROUCHA: Baina ez naiz ezkontzen ahal, Simon Chachava igurikatu behar dut.

LAURENTI: Eiki. Hori guztia gogoan datxikagu. Ez duzu oherako senar baten beharrik, bakarrik papererako. Horrelako bat harrapatu dizut. Adostu naizen laborarisaren semea hiltzen ari da justuki hiltzen. Ez dea bada zoragarria? Azken hatsetan da. Eta dena erran dugunaren ildotik doa: “mendiaz bestaldean senar bat!” Eta etxera heldu zarenean, zendu da, eta alargundu zara. Zer diozu hortaz?

GROUCHA: Zigilu batekiko paper baten beharra ba nuke Mikelentzat.

LAURENTI: Zigiluak bideak irekitzen ditu. Zigilurik gabe Persiako Shah delakoak ere ez lezake Shah dela berma. Eta zuk non aterbe badukezu.

GROUCHA: Emazte hark zertako egiten du hori?

LAURENTI: Lau ehun piastraren truke.

GROUCHA: Nondik dituzu zuk?

LAURENTI: (Ahalke) Aniko, esnearen dirua.

GROUCHA: Han, nehork ez gaitu ezagutuko... Bai, banoa.

LAURENTI: (Zutituz) Laborarisari zure adostasunaren berri ematera noa agudo.

 

(Presaka ateratzen da.)

 

GROUCHA: Mikel istorio frankoren zutabe zara. Zureganatu naiz udaretzea xoxoetara nola. Eta giristinoak apaleta ogi azalak biltzen dituen bezala, ezer ez dadien gal. Nukhan, bazko igande hartan, hobeko nuen Mikel ihes joan banintz. Orain ni naiz tipulina.

KANTARIA:

                        Senargaia hil zori zen emaztegaia

                        Etorri zenerako eta ama bortan

                        Laster egiteko dei ozenez ari zen.

                        Emaztearen haurra gorde behar zuten

                        Ezteien denborako, han sasietan.

 

(Bitan banatu gela bat: alde batean ohe bat. Eltxokari baten gibelean, gogor-gorra, gizon bat eri. Beste aldetik lasterka sartzen da AMAIZUNA, GROUCHA eskutik duela. Haien ondotik LAURENTI haurrarekin.)

 

AMAIZUNA: Laster, laster edo ezteiak baino lehen hilen zaigu. (LAURENTIri.) Baina ez genuen aipatu haur bat bazuela jada.

LAURENTI: Eta zer? (HILTZEAR DENA erakutsiz.) Berdin zaio honi ez, dagoen plantan.

AMAIZUNA: Honi ez! Baina ni ahalkez erreko naiz. Jende errespetagarriak gara. (Negarrez urtzen da.) Ene Youssoupek, jada haur bat duen emazte bat ezkontzeaz besterik ez du beharrik.

LAURENTI: Ongi, berrehun piastra gehitzen dizkizut. Baserria zurea dela idatzia duzu, baina hemen bizitzeko eskubidea bi urterentzat dauka.

AMAIZUNA: (Negarrak lehortuz) Doidoia, ehortzetaren prezioa da, pentsa. Agian lanetan egiazki lagunduko nau. Eta orain non dago abadea? Sukaldeko leihotik ihes joan zait. Jainko ona, herri guztia hor ukanen dugu jakiten baldin badute Youssoup azken hatsetan dela! Bila banoa, baina ez du haurra ikusi behar.

LAURENTI: Behar dena eginen dut ikus ez dezan, baina futxo zergatik abade bat eta ez apez bat?

AMAIZUNA: Berdin balio du. Zeremonia aurretik primaren erdia ordaintzeko hutsa egin dut, ostatura joan bide da. Espero dut...

 

(Lasterka badoa.)

 

LAURENTI: Miserableak apezarekiko sosa baztertzen du. Abade merke bat hartu du.

GROUCHA: Simon Chachava noizbait etorriko balitz, igor iezadazu.

LAURENTI: Bai. (ERIA erakutsiz.) Ez diozu apur batez begiratu nahi? (GROUCHAk, MIKEL besoetan dakarrela, burua ezezka inarrosten du.) Ez da higitzen ere. Agian ez gara beranduegi heltzen.

 

(Belarria luzatzen dute. Beste aldetik AUZOAK sartzen dira, soa barrandan eta hormaren itzalean kokatzen dira. Otoitzak marmarikatzen dituzte. AMAIZUNA ABADEArekin heltzen da.)

 

AMAIZUNA: Hara. (GONBIDATUEN aitzinean makurtzen da.) Igurika ezazue amini bat. Ene semearen emaztegaia hiritik etorri dela urgentziazko ezteiak ospatuko ditugu. (ABADEArekin lo-gelaratzen da.) Berria hedatuko zenuela banekien. (GROUCHAri.) Zeremonia bertan hasten ahal dugu. Hara paperak. Ni eta emaztegaiaren anaia... (LAURENTI zokoan gordetzen saiatzen da GROUCHAri MIKEL hartu ondoan. AMAIZUNAk jestu batez baztertzen du) Ni eta emaztegaiaren anaia lekuko gara.

 

(GROUCHA ABADEAren parrean makurtu da. TALDEA ohearen ingurura biltzen da. AMAIZUNAk eltxokaria saihesten du. Latinezko testu liturgiko baten irakurtzeari ekiten dio ABADEAk. Bitartean, AMAIZUNAk LAURENTIri keinuka eskatzen dio zeremonia begistatu nahi duen HAURRAren gordetzea negarrik egin ez dezan. Behin, GROUCHA itzulikatzen da haurraren ikusteko eta LAURENTIk haurraren eskutxoa airean erakusten dio.)

 

ABADEA: Onartzen ahal duzu zure espos-lagunarentzat emazte ona, fidela eta prestua izatea, halaber herioak bereizi arte hari loturik egotea?

GROUCHA: (HAURRAri so) Bai.

ABADEA: (HILTZERA DOANAri) Eta zuk onartzen ahal duzu espos-lagunarentzat senar ona izatea, halaber herioak bereizi arte haren amoltsuki gerizatzea?

 

(Hiltzera doanak ihardesten ez duela, ABADEA bere galdea errepikatzen du, eta ingurura begiratzen.)

 

AMAIZUNA: Bistan dena onartzen duela. Ez ahal duzu “baia” entzun?

ABADEA: Ongi, ezkonduak deklaratuko ditugu beraz; baina azken gantzadura batez zer zeniokete?

AMAIZUNA: Ez. Ezteiak aski karioak izan dira. Orain ehortzetako gonbidatuetaz axolatu behar naiz. (LAURENTIri.) Zazpi ehun piastra, erran dugu ez?

LAURENTI: Sei ehun. (Pagatzen du.) Eta ez naiz gonbidatuekin geratuko, ezagunak egin beldurrez. Orduan Groucha adios, eta alargundu arreba noizbait ene etxeko atean agertzen baldin bada, neure andrea ongi-etorrika adituko du, bestela arras gaizto nintzateke.

 

(Badoa. Pasatzen delarik, ehortzeterako GONBIDATUEK so egiten diote axolarik gabe.)

 

ABADEA: Eta eska daiteke haur hori hor zer den?

AMAIZUNA: Haur bat, non? Ez dut haurrik ikusten. Eta zuk ere ez duzu ikusten. Ulertzen? Nik ere gauza anitz ikusi dut, ostatu gibelean. Zatoz orain.

 

(GROUCHAk haurra lurrean pausatu eta lasai egoteko erranik, gelaren beste aldera pasatzen dira. Auzoei aurkeztua da.)

 

AMAIZUNA: Hara neure alabaizuna. Youssoup maitea bizirik aurkitzeko orduz heldu da.

EMAZTEETARIK BAT: Badu urtea etzanik dela ez? Vassili soldadu hartu zuten agur-ekitaldian zen oraino.

BESTE EMAZTE BAT: Baserri batean, artoa zutik eta laboraria etzanik, ez da ez egokia. Luze ez baldin badu pairatzeko, hiltzea libratze izanen za date. Hara zer diodan.

LEHEN EMAZTEA: (Kukuska) Eta guk hastapenean uste genuela etzanik zegoela armadari ihes egiteko, endelegatzen duzu? Azkena du orain.

AMAIZUNA: Jar zaitezte otoi eta arroskila zenbait klika.

 

(AMAIZUNAk GROUCHAri keinu bat bidaltzen dio eta BI EMAZTEAK lo gelara abiatzen dira, arroskilaz kargatu labeko bi plaka lurrean hartzeko. GONBIDATUAK, ABADEA barne, jartzen dira eta elkor eleka hasten.)

 

LABORARI BAT: (ABADEAk sotana azpitik tiratu botila eskaintzen diola) Ume-muku bat badela diozu? Nola eta non gertatu zaio hori Youssoupi?

HIRUGARREN EMAZTE BAT: Dena dela, hain gaizki dagoela, ezkontzeko suertea ukan du neskak.

AMAIZUNA: Jadanik esamesaka eta ehortzetako arroskilak irensten ari dira, bihar ere eginen ditut ez baldin bada semea gaur hiltzen.

GROUCHA: Nik eginen ditut.

AMAIZUNA: Barda arratsean zaldunak pasatu direnean atera nor zen ikusteko eta sartu naizenean, hor zen, hila bezala etzanik. Horregatik norbait igorri dut zure bila. Ez du iraunen.

 

(Belarria luzatzen du.)

 

ABADEA: Ezteietako eta ehortzetako gonbidatu maiteak! Ezkont eta hil ohearen inguruan beratz gaude, ezen espos-andereak iranjatzearen azpiko lekua beretzen duela espos-jaunarentzat arroila gelditzen da. Espos-jauna ikusia da eta espos-anderea gaitzeko fleitean. Ezkontohean testamentu bat bada eta testamentu horrek laztankor moldatzen gaitu. Helas, anaia maiteok, zeinen nahasiak diren jendeen destinuak! Bat hiltzen da hegatz baten truke eta bestea ezkontzen haragia hauts bilaka dakion, halabiz.

AMAIZUNA: (Behari) Mendekatzen da. Ez nuen hain merkea hautatu behar, merkeak merke-lan. Kario pagatzen denak badaki nola egon. Souran saindu bat bada, baina fortuna bat eskatzen du. Berrogeita hamar piastrako apezak ez du duintasun izpirik, debozionea bai, hara, berrogeita hamar piastrarena baizik ez. Ostatura bila joan natzaionean mintzo zen oihuka “Gerla bururatua da, bakeaz lotsa zaitezte!” Gelara goazen.

GROUCHA: (MIKELi arroskila bat ematen diola) Jan ezazu biskotx hori eta perestu egon. Jende errespetagarriak gara gaur egun.

 

(BI EMAZTEAK arroskilez hanpatu plakak eroaten dituzte GONBIDATUEI. Eltxokariaren atzealdean hilzorian dagoena altxatzen da eta burua agertzen du BI EMAZTEAK begiz jarraitzen dituela. Eta erortzen da.)

 

(Sotana azpitik ABADEAk bi botila jalgi ditu, saihetsean duen LABORARIAri emateko. ABADEAk irriz keinu batez agurtzen dituen HIRU MUSIKARI sartu dira.)

 

AMAIZUNA: (MUSIKARIEI) Zertara zatozte honara tresna horiekin?

MUSIKARI BAT: Anastase anaiak (ABADEA erakusten du.) erran digu ezteiak bazirela hemen.

AMAIZUNA: Beste hiru jartzen dizkidazu bizkarrean? Ez al dakizue hor barnean hiltzear dagoen bat kausitzen dela?

ABADEA: Eginkizun ederra da artista batentzat. Biribilketa airosa ala hil-baltsa ikaragarria izan daiteke.

AMAIZUNA: Jo ezazue bederen; jatea gutxienez ez dizuegu debekatuko.

 

(MUSIKARIEK porru-salda bat jotzen dute. EMAZTEEK bixkotxak banatzen dituzte.)

 

ABADEA: Haur-txioen pare ozen dabil tronpeta, eta zer atabalkatzen duzu atabalari?

LABORARIA: (ABADEAren ondoan) Zer zeniokete andere-esposak zangoak mugiarazten balitu?

ABADEA: Zangoa ala zango-hezurra?

LABORARIA: (ABADEAren ondoan kantari)

                        Andere papunak senar zaharra du.

                        Ezkontzea dio, oroz gainetik on.

                        Nahi duelarik noiztenka jokatu

                        Kontratu-hodia nahikoa zaio.

                        Ezkargiak segur eztiago dira.

 

(AMAIZUNAk MOZKORTIA kanporatzen du. Musika banpez gelditzen da. GONBIDATUAK gaizki sentitzen dira. Isiltasuna.)

 

GONBIDATUAK: (Goraki) Entzun al duzue? Duke Handia itzuli dela? Printzeak aurka ditu alta. —O Persiako Shah delakoak omen armada erraldoia prestatu dio Georgian barna bakea jar zezan. —Nolaz litezke? Persiako Shah delakoa Duke Handiaren etsaia delarik! —Bai eta desordrearen etsai lehena. —Dena dela gerla bukatu da. Gure soldaduak jada etxeratzen ari dira.

 

(GROUCHAk bixkotx-plaka erortzera uzten du.)

 

EMAZTE BAT: (GROUCHAri) Ez zara ongi? Zure Youssoup maitearengatik da. Jar zaitez neska eta pausa.

 

(GROUCHA zutik dago, trenputxar.)

 

GONBIDATUAK: Orain dena lehen bezala itzuliko da. —Salbu zergak goratu direla, gerla ordaintzearren.

GROUCHA: (Ahots ahulez) Norbaitek ez ote du erran soldaduak etxeratzen ari zirela?

GIZON BAT: Nik.

GROUCHA: Ezin da.

GIZONA: (EMAZTE BATi) Erakuts ezazu bizkar-estalkia! Soldadu bati erosi diogu. Persiatik dator.

GROUCHA: (Bizkar-estalkiari beha) Hor dira.

 

(Isiltasun luzea hedatzen da. GROUCHA bixkotxak biltzeko bezala belaunikatzen da. Bere atorreko sakelatik, katearen puntan daukan zilarrezko gurutzea ateratzen du, musukatzen eta otoitzean hasten da.)

 

AMAIZUNA: (GONBIDATUAK isilik GROUCHAri so daudela) Zer duzu? Ez duzu gure gonbitez axolatu nahi? Hiriko zozokeria horietan zer dugu guk ikusteko?

GONBIDATUAK: (Ahots goraz solasak ehunez, GROUCHA kopeta lurrean dagoen artean) Soldaduei persiar zaltokiak erosten ahal zaizkie, zenbaitek makulu truk ematen dituzte. —Handikien artean, alde bakarrekoek gerla irabaz dezakete, soldaduek aldiz bi aldeetarik galtzen dutela. —Gaurkoan, bederen, gerla bukatua da. Zerbait da gero, ez gaituzte horrela bortxaz zerbitzura deituko. (LABORARIA ohea jeiki da. Xerrent beha dago.) —Bi aste eder gehiago, horixe da beharko genuena. —Aurten udare-ondoek ez dute pilik emanen.

AMAIZUNA: (Bixkotxak eskainiz) Har itzazue bixkotxak arren. Bada ausarki.

 

(AMAIZUNA lo-gelatik pasatzen da plaka hutsarekin. Ez du ERIA ikusten; bixkotxez hanpatu eta lurrean pausatu plaka batengana makurtzen da, hilotza ahots erlastuz mintzatzen hasten denean.)

 

YOUSSOUP: Noiz arte aseko dituzu jende horiek gure bixkotxekin? Uste duzu aberats okitua naizela ala? (AMAIZUNA bat-batean inguratzen da eta galdurik bezala so egoten zaio. Eltxokariaren gibeletik jalgitzen da.) Gerla bururatua zela erran dute?

LEHEN EMAZTEA: (Beste gelan, GROUCHAri eztiki) Andere gazteak bere sendiko norbait bat ote du gerlan?

GIZONA: Berri ona da hori, jakitea etxeratzen ari direla.

YOUSSOUP: Ez harrituarena egin! Non dago emaztetzat jarri didazun kreatura hura?

 

(Erantzunik ez du erdiesten, ohetik ateratzen da eta, atorra has AMAIZUNAren aitzinetik pasatzen trinkili-trankala, beste gelaratzeko. AMA ikara atzetik dabilkio, bixkotxa plaka eskuetan.)

 

GONBIDATUAK: (Ohartzen dira eta oihuari ematen) Jesus Maria eta Josepe! Youssoup!

 

(Denak izuaz zutitzen dira, eta EMAZTEAk aterantza lehiatzen. GROUCHAk, belauniko beti, burua higitzen du eta LABORARIAri so geldo dagokio.)

 

YOUSSOUP: Ehortz-apairua, gustatuko zitzaizuen ba! Kanpora, makila ukaldika haiza zaitzatedan aitzin!

 

(GONBITEK lekua husten dute tarrapataka.)

 

YOUSSOUP: (Hits eta hotz GROUCHAri) Zure xedeak peko errekara doaz ez?

 

(Ez dio deus ihardesten; LABORARIA itzulikatzen da eta AMAIZUNAk datxikan bixkotxa plakatik artozko arroskila bat hartzen du.)

 

KANTARIA:

                        Lastima! Senarra ba du andre-esposak!

                        Egunaz haurra ta gauez senarra.

                        Gau ta egun maitea etxe-bidean da.

                        Elkar neurtzen dabiltza. Ganbara hertsi da.

 

(Koba batean biluzgorri jarria da LABORARIA, eta pitxerraz AMAIZUNAk ura gehitzen dio. Saihetseko gelan GROUCHA kukubilko dago, lastozko ohetapizak konpontzen jostatzen den MIKELen ondoan.)

 

YOUSSOUP: Bere lana da, ez zurea! Non. sartua da oraino?

AMAIZUNA: (Deika) Groucha! Laborariak deitzen zaitu.

YOUSSOUP: (GROUCHA sartzen dela) Bizkarra torra iezadazu!

GROUCHA: Laborari Jaunak ez du berak egiten ahal hori?

YOUSSOUP: “Laborari Jaunak ez du berak egiten ahal hori?” Mila deabru, eskuila har ezazu! Ene emaztea zara ala arrotz bat? (AMAIZUNAri.) Hotzegi!

AMAIZUNA: Laster banoakizu ur bero bil.

GROUCHA: Utzi, joanen naiz ni.

YOUSSOUP: Zu zaude hor! (AMAIZUNA korrika badabil.) Arren, azkarrago torra ezazu! Eta ez aire mukizu hori har, gizon bat biluzik ikusi duzu jadanik ez? Zure haurra, ez da izpiritu sainduarena araiz.

GROUCHA: Laborari Jaunak jakin nahi baldin badu, ez da plazerraren haurra.

YOUSSOUP: (Inguratzen zaio trufari) Ez zara hortarako gai. (GROUCHAk torratzea uzten du, atzera jotzeko. AMAIZUNA sartzen da.) Gauza bitxia da hor sartu didazuna, hormazko emazte puska bat.

AMAIZUNA: Borondate ona falta zaio.

YOUSSOUP: Isur ezazu, baina kontu eginez. Ai! Kontuz erran dut. (GROUCHAri.) Hirian istorioak ukan baldin badituzu ez nintzateke harrituko, bestela zergatik hemen zinteke? Baina ez naiz horretaz ari. Ez dizut ere deus erran etxera ekarri didazun bastartaz, baina zurekin, ene pazientzia haustear dago. (AMAIZUNAri.) Oraino! (GROUCHAri.) Zure soldadua itzultzen balitz ere, ezkondua zara.

GROUCHA: Bai.

YOUSSOUP: Engainatzen nauzu. Ene emaztea zara eta ez zara ene emaztea. Etzaten zaren lekuan ez da ezer, alta beste nehor ez da hor etzaten ahal. Alorretara noala, goizean goizik, akitu errea naiz; gauez oheratzean deabrua bezain piztua naiz. Jainkoak alu bat egin dizu eta zu zertan ari zara? Ene pentzeak ez daut aski ematen hirian emazte bat ordain dezadan, bidea kontatu gabe. Almanakean idatzia denaren arabera, emaztea alor eta azpi arteen jorratzeko da. Entzuten nauzu?

GROUCHA: Bai. (Ahapez.) Ez zait zure engainatzea eder.

YOUSSOUP: Ez zaio eder! Isur ezazu arren! (AMAIZUNA isur eta isur ari da.) Ai!

KANTARIA:

                        Boketa latsen ari zela ur hegian

                        Ilargiak pasatzen zirela urean

                        Dirdira bat bi begi ikusten zituen.

                        Oihalak tinkatzeko zutitzen zelarik

                        Arbol xuxurlarian ahots bat entzuten

                        Zuen ilargi latzak pasatzen zirela.

                        Auhenak anitzago, negar ta izerdi.

                        Ilargiak aitzina, haurra handiago.

 

(Ibai txiki baten ertzean, GROUCHA boketa latsen ari da. Hurbilean haur zenbait agertzen dira. GROUCHA, MIKELi mintzo zaio.)

 

GROUCHA: Mikel, jostatzen ahal zara, baina ez utz txikiena zarelako aitzakiaz zure burua manatzera.

 

(MIKELek kopetaz bai ihardesten dio eta beste haurrengana doa. Jokoa hasten da.)

 

HANDIENA: Egun burua-motz jokoan ariko gara. (MUTIKO LODI BATi.) Irriz ari den printzea zara. (MIKELi.) Gobernadorea zara. (NESKA BATi.) Gobernadorearen emaztea zara eta burua mozten diotenean negarrez urtzen zara. Eta nik dut burua mozten. (Egurrezko bere ezpata erakusten du.) Honekin. Hasteko gobernadorea eramanen dugu loirora. Printzea aitzinean dabil eta gibelean gobernadorearen anderea.

 

(Herroka moldatzen da; MUTIKO LODIA lehen, irriz. Gero MIKEL eta HANDIENA, ondotik NESKATXA, negarrez.)

 

MIKEL: (Geldituz) Nik ere burua-motz.

HANDIENA: Ez, nik. Txikiena zara. Gobernadore, errazago da zuretzat. Belaunikatzea eta burua moztera uztea aise da.

MIKEL: Nik ere ezpata.

HANDIENA: Enea da.

 

(Ostiko bat ematen dio.)

 

NESKATXA: (GROUCHArantz deika) Ez du besteek bezala egin nahi.

GROUCHA: Erraten da: ahatearen umeak igerika daki.

HANDIENA: Printzearena egin dezakezu, irriz baldin badakizu.

 

(MIKELek burua inarrosten du.)

 

MUTIKO LODIA: Nik dut irri hobekien egiten. Utz ezazu behingoz burua motz dezan, eta gero, zuk moztuko diozu, eta gero nik.

 

(Handienak, gogoz kontra ezpata MIKELi ematen dio eta belaunikatzen da. MUTIKO LODIA jarri da eta sabela lehertzear, zintzurra larrutuz irriz ari da. NESKATXA negarrez ari da ozenki. MIKELek ezpata hegalda arazten du, burua mozten eta atzera erortzen.)

 

HANDIENA: Ai! Erakutsiko dizut nik egiazki jotzen!

 

(MIKEL ihes doa haurrak gibeletik. GROUCHA, begiz segitzen dituela, farrez ari da. Itzulikatzen dela, SIMON CHACHAVA SOLDADUA ibaiaz bestaldean dago. Armada-jantzi xehekatuak dakarzki.)

 

GROUCHA: Simon!

SIMON: Groucha Vachnadzee al zara?

GROUCHA: Simon!

SIMON: (Handikoi) Ohore eta osagarri andereari.

GROUCHA: (Zoriontsu zutitzen da eta apalik makurtzen) Ohore halaber soldadu jaunari. Eskerrak Jainkoari bizirik itzuli delako.

SIMON: Erran zuen marluzak “ni baino arrain hobeagoak atzeman dituzte, halaz ez naute irentsi”.

GROUCHA: Marmitalariak kuraia zion; suertea zion heroeak.

SIMON: Eta hemen nola zarete? Negua jasangarri izan dea, auzoa lagungarri?

GROUCHA: Negua gogorxka izan da, auzoa beti bezala, Simon.

SIMON: Eska badaiteke, delako pertsona batek atxiki ote du boketa latsen ari zela, zangoa urean sartzeko ohitura?

GROUCHA: Erantzuna “Ez” da, sasietan dauden begiengatik.

SIMON: Anderea soldaduez mintzo da. Sargentu-ordaintzaile bat dauka bixtan.

GROUCHA: Ez ote du hogei piastra egiten?

SIMON: Eta etxea.

GROUCHA: (Negarra jaukitzen zaiola) Kazernaren gibeleko datatzeen maldan.

SIMON: Han bai, zehazki. Ikusten dut bazterrak miazkatu dituzula.

GROUCHA: Eiki.

SIMON: Eta ez duzula ahantzi. (GROUCHAk burua inarrosten du.) Orduan, erraten den legez, atea beti duntzetan karranka ari da. (GROUCHAk isilik begiratzen dio eta berriz ere burua inarrosten.) Zer erran nahi du? Joaten ez den zerbait ba da?

GROUCHA: Simon Chachava, ez naiz gehiago Nukhara itzultzen ahalko. Zerbait gertatu da.

SIMON: Zer da gertatu?

GROUCHA: Gertatu da arma-gizon bat hiltzera jo dudala.

SIMON: Groucha Vachnadzeek bere arrazoiak bazituzkeen.

GROUCHA: Eta, Simon Chachava, ez naiz lehen bezala deitzen.

SIMON: (Isiltasun baten ondotik) Ez dut hori ulertzen.

GROUCHA: Emazteek noiz aldatzen dute izena? Utz nezazu argi zaitzadan. Ez da deus aldatu guretzat, dena lehen bezala da, sinetsi behar nauzu.

SIMON: Guztia bestela bilakatu denean nolaz guretzat ez liteke ezer aldatu?

GROUCHA: Nola argituko dizut hori oro hain denbora gutxi eta ibaia trebes edukiz, ez duzu zubitxoa zeharkatzen ahal?

SIMON: Menturaz ez da hain beharrezkoa orain.

GROUCHA: Behar-beharrezkoa da. Zeharka ezazu Simon, laster!

SIMON: Andereak erran nahi du beranduegi iritsi garela?

 

(GROUCHAk etsituki begiratzen dio, begitartea negarrez itoa. SIMON bere aitzinera so dago zuzenki. Egur puska bat bildu eta zizelkatzen du.)

 

KANTARIA:

                        Hainbeste hitz erranik, hainbeste isilik.

                        Soldadua jin da. Ez du aitortzen nondik.

                        Pentsa eta isiltzen zuena aditu:

                        Goizez hasi borroka eguerdiz odol zen.

                        Lehena erori zen ene aitzinean,

                        Bigarrena atzean, bestea ondoan.

                        Lehenaren gainetik iragan nintzen

                        Bigarrena utz eta kapitainak eho

                        Zuen hirugarrena. Anaia burdinaz

                        Hil zen eta beste bat ke grisez itoa.

                        Lepoan jo ninduten, eskuak hormatzen

                        Zitzaizkidan, oinak ozkietan ere.

                        Zurzuri muskilak jan nituen, aztigar

                        Ura edan nuen ta harrian lo egin.

SIMON: Belarrean txapel bat ikusten dut. Ume bat agian?

GROUCHA: Hor da, Simon, nola gorde nezake, baina lasai ez da neurea.

SIMON: Erraten da: haizeak buhatzen duenean, zirrikitu guztietarik ari da. Andereak ez beza hitz bat gehiago erants.

 

(GROUCHAk burua apaltzen du eta ez du hitzik eransten.)

 

KANTARIA:

                        Nostalgiagatik ez da aiduru egon.

                        Hitza hautsi da. Ez da ageri zergatik.

                        Pentsa eta isiltzen zuena aditu:

                        Soldadu, borroketan zinela, borroka

                        Odoltsuan, borroka ikaragarrian,

                        Abandonatu haur bat atzeman dut behin

                        Eta aski bihotzik ez ukan uzteko.

                        Galduko zena zaindu behar nuen eta

                        Lurreko mami puska bildu behar nuen

                        Ene ere ez zenaz odolustu nintzen.

                        Haur arrotz batengatik.

                        Norbaitek izan behar, laguntzen duena.

                        Zuhaitz ahulak ura premiazkoa du.

                        Artzaina lo delarik miga ihes doa

                        Ta oihua galtzen da.

SIMON: Itzul iezadazu eman nizun gurutzea! Edo hobe, errekara bota ezazu.

 

(Joateko inguratzen da.)

 

GROUCHA: Simon Chachava ez joan otoi, ez da neurea, ez da neurea! (HAURRAK deika entzuten ditu.) Haurrak, zer duzue?

AHOTSAK: Soldaduak badira! —Mikel eramaten dute!

 

(GROUCHA ttattit geratzen da. MIKEL eroaten dutela BI ARMA-GIZON aitzinera heldu zaizkio.)

 

ARMA-GIZON BAT: Zu al zara Groucha? (Buruaz baiezko keinua egiten du.) Zure haurra da?

GROUCHA: Bai. (SIMON urruntzen da) Simon!

ARMA-GIZONA: Auzitegiaren manua daukagu zure gomendiopean harrapatu haur honen hirira eramateko, Mikel Abaschvili delako ustez, Georgi Abaschvili gobernadorearen eta Natella Abaschvili bere emaztearen semea. Hara zigilu ofizialekiko paperrak.

 

(HAURRA eramaten dute.)

 

GROUCHA: (Haien gibeletik oihuka) Utz ezadazue otoi, neurea da.

KANTARIA:

                        Bitan maitatu haurra armada-gizonek

                        Eramaten dutela, Groucha gibeletik

                        Doakie hirira, hiri latzeraino.

                        Egizko amak haurra eskatzen zuen.

                        Ase zuena aldiz auzitegian zela

                        Nork trenkatuko zuen kordoka itzela?

                        Haurra norendako zen, nor zateken juje?

                        Txarra ala ona nor zateken epaile?

                        Hiria sutan zela Azdak zen jujea.