ITZULTZAILEAREN AURKEZPENA
Bertolt Brechten Bretxatik
Badira ur xirripa lasai diren idazleak eta badira uholdeak bezala paperarean isurtzen direnak. Bertolt Brecht hauetarik da eta euskaralat, baina segur aski edozein hizkuntzetara, alemandarretik pasatzen denean, sintaxien galernari egokitu behar dio itzultzaleak, bere hizkuntza propioa duda eta ikara araziz.
Kaukasiar Kreazko Borobila-k gai epiko bat ardatz, idatz eta sorkuntza moldeak oro biltzen ditu. Zurunbilo integral bat da. Itzultzalea, lehen hitzetik azkenera zurgatzen, hurrupatzen eta irensten du. Lau hilabete higatu ditut Brechten eguneroko konpainian: ez naiz behin ere aspertu, ez naiz zailtasunen aurrean etsitu. Alderantziz, Bertolt Brechten oinarrizko testuak dakarren indarra eta kemena nigan hedatu da.
Bihar Berlinera noa.
Bertolt Brechten bidea jarraituko dut, haren etxea, haren antzokia, haren hilobia. Fetixismoa dirudi eta bistan dena ez nuke horrelakorik egingo, noizbait, duela hiru urte, neure aditzek ez baldin bazituzten Brechtenak gurutzatu.
Itxaro Borda