3. IPARREKO MENDIETARA IHES
KANTARIA:
Groucha Vachnadzee hura hiritik kanpora
Georgiako bidera atera zenean
Kantari bazebilen, mendiz iparrera
Eta erosten zuen esnea nasaiki.
(GROUCHA VACHNADZEE ibiltzen da, HAURRA bizkar-zakuan, esku batean puskak eta bestean makil handi bat datxizkala.)
GROUCHA: (Kantuz)
Iranera joan ziren
Lau gerla izar handi.
Ez da gerlan lehena
Bigarrenak ez du ez
Ezertxo irabazten
Hirugarrenak aldiz
Aro txarregi dauka
Azkenak soldaduak
Nagiegi ditu.
Debalde dira gerlan
Lau gerla izar-handi.
Sosso Robakidzee bat
Iranera joan da.
Guda gogorra egin
Zuen aroa alde
Irabazi beharrez
Soldadu ausartekin.
Sosso Robakidzee hau
Gure gizona baita.
(Laborari borda bat agertzen da.)
GROUCHA: (HAURRAri) Jendeak bazkariten daude eguerditan. Orduan, hor belarrean jarririk igurikatuko duzu Groucha gaizoak esne xorta bat atzeman artean. (HAURRA lurrean ttotto arazten du eta bordako atea jotzen du; LABORARI ZAHAR BATek irekitzen dio.) Attatta, esne pinta bat eta artozko talo bat ukan dezaketa?
ZAHARRA: Esnea? Ez dugu esnerik. Hiritik etorri soldaduek ahuntzak eroan dizkigute. Esnea nahi baldin baduzu zoaz soldaduengana.
GROUCHA: Baina attatta, esne pinta bat haurrarentzat, hortarik baduzu oraino ez?
ZAHARRA: “Zerua saritzat” soil baten truke?
GROUCHA: Nork aipatu du “zerua saritzat”? (Moltsa jalgitzen du.) Hemen printzeen etxeetan nola sosez ordaintzen da. Burua lainoetan, ipurdia uretan! (Murmuzikan, ZAHARRA esneka doa.) Eta zenbat duzu pinta?
ZAHARRA: Hiru piastra. Esnea goititu da.
GROUCHA: Hiru piastra? Xorta bakarrarentzat? (ZAHARRAk, hitzik gabe, atea aurpegira hersten dio.) Bazauzu Mikel? Hiru piastra? Ez da guretzat. (Itzultzen da, jartzen eta HAURRAri bularra ematen dio.) Horrela entseiatuko gara behingoz. Murtxa ezazu, hiru piastrak gogoan. Agorra naiz, baina egoxten ari zarela pentsa ezazu, ez da gutxi. (Burua altxatuz, ohartzen da HAURRA ez dela gehiago bularrean. Zutitzen da, bordaratzen eta berriz atean jotzen du.) Attatta, ireki, ordainduko dut behar dena! (Ahapez.) Leher egin bazeneza. (ZAHARRAK borta zabaltzen duela.) Uste nuen piastra erdi bat aski zela, baina haurrak zerbait behar du. Piastra bat, nahikoa?
ZAHARRA: Bi.
GROUCHA: Ez itxi atea otoi. (Moltsa luzaz miazkatzen du.) Hara bi. Bide luzea dugu egiteko eta esneak ona beharko du. Jendeen urkatzea bekatua da.
ZAHARRA: Esne lehia baldin baduzu hil itzazu soldaduak.
GROUCHA: (HAURRA edan araziz) Plazer garestia da. Irents ezazu Mikel, aste erdiko ene izerdia. Hemengotarrei izterrez-izter dirua irabazi dugula iruditzen zaie. Mikel, Mikel, ez dakizu nolako zama zaren niretzat! (HAURRA troxatzen duen urrez apaindutako zetazko aterkiari beha.) Mila piastra balio dituen aterkia ba eta esnearentzat, deus ere ez. (Atzera begiratzen du.) Adibidez, aberatsez bete karro haren gainera hupatu beharko genuke.
(Karabana-sail baten aurrean. Urrez apaindutako zetazko artekiaz beztitu HAURRA besoetan GROUCHA ikusten da, BI EMAZTE panpoxengana hurbiltzen.)
GROUCHA: Andere hauek ere gaua hemen pasatzeko xedea dukete ez? Ikaragarri da ohartzea nola guztia betea den eta ezin den laguntzarik harrapa. Ene karro-gidaria itzuli da, sinpleki. Legoa erdi batez ibili naiz oinez. Oinutsik! Ene Persiako ozkiak... badakizue, aztal luzeekin! Zergatik ez dator inor?
EMAZTEETAN ADINDUENA: Hostalerraren aiduru gaude. Hiri-nagusian gertatu nahasmenduetarik landa, ez da nehon gehiago manera egokirik.
(HOSTALERRA, bizar luzearekiko gizon zahar eta duina, ateratzen da MUTILA gibeletik duela.)
HOSTALERRA: Andereak, gizon zahar bati zuen denboraz baliatzea barka iezaiozue. Arto-landen haraindiko malda hartan semeatxiak mertxikatzea lili erakusten zidan. Frutatzeak landatzen ditugu han, gerezi ondo batzu. Sartalderatako (Erakusten du.) lurra harrizuago bilakatzen da eta laborariek ardiak hara daroatzate. Mertxikatzeak nola lili diren miretsi beharko zenukete, dena arrosa kolore xotil.
EMAZTEETAN ADINDUENA: Eskualde emankorra duzue.
HOSTALERRA: Jainkoak benedikatua. Eta, andereak, zertan dago arbolen lilitzea hegoratago? Hegotik etortzen zarete menturaz?
EMAZTEETAN GAZTEENA: Erran beharra daukat ez naizela bazterrei finki so egona.
HOSTALERRA: (Ongi ikasi plantan) Badakit, errautsagatik. Gure bidehandian, non ez zaren presatua, hobe da emeki ibiltzea.
EMAZTEETAN ADINDUENA: Maitea, ezar ezazu oihala lepo inguruan. Irudi luke hemen arratseko haizeak fresko direla.
HOSTALERRA: Janga-Tau izoztegitik datozkigu.
GROUCHA: Beldur naiz ene semea hoztuko dela.
EMAZTEETAN ADINDUENA: Karabana-sail handia duzu! Sartzen bagina?
HOSTALERRA: O, andere horiek gela zabalak nahi dituzte ala? Zorigaitzez karabana-saila mukuru dago eta sehiak ihes joan zaizkigu. Pena dut, baina ezin du nehor gehiago har, gomendio-hitzak lituzkeen arren...
EMAZTEETAN GAZTEENA: Baina ez dugu gaua kanpoko bide likits honetan pasatzen ahal.
EMAZTEETAN ADINDUENA: (Idor) Zenbat?
HOSTALERRA: Andereak, erraz konprenituko duzue, hainbeste jende ihes dabilan gaurko garaian, segur aski denak onak baina botereen begiko ez direnak, kontuz ibili behar dela etxearen fama zaintzeko. Horregatik...
EMAZTEETAN ADINDUENA: Jauna, ez gara iheslariak. Mendietako gure udako egoitzera bidean gara, bakar-bakarrik. Ez bagina premian... ez genezake sekula aterberik eska.
HOSTALERRA: (Buruaz baiestuz) Pentsatzen dut ezetz. Nago libre dagoen gela txikia andere hauen gustuko izango denez. Hirurogei piastra jendekal. Andere hauek elkarrekin al dira?
GROUCHA: Molde batez bai. Nik ere gaueko aterbea bilatzen dut.
EMAZTEETAN GAZTEENA: Hiruhogei piastra? Jendeen moztea da hori.
HOSTALERRA: (Hotz) Andereak, jendeak ez ditut moztuko, halaz...
EMAZTEETAN ADINDUENA: Moztea aipatzea ere? Arren zatoz.
(Sartzen da MUTILA ondotik duela.)
EMAZTEETAN GAZTEENA: (Etsitua) Ehun eta larrogei piastra gela txarpil batentzat! (GROUCHAri.) Haurrarekin ezin da! Oihuka hasten baldin bada zer gertatuko da?
HOSTALERRA: Gelak ehun eta larrogei piastra balio ditu, bi edo hiru jendeentzat.
EMAZTEETAN GAZTEENA: (Doinua aldatuz GROUCHAri) Gero, ez nuke jasanen gaua kanpoan pasatzen duzula jakitea. Zatoz otoi.
(Karabana-sailean sartzen dira. Taularen beste aldetik MUTILA agertzen da, puska zenbaitekin gibeletik datorrela. Haren atzetik, emazteetan ADINDUENA, bigarrena gero eta GROUCHA haurrarekin.)
EMAZTEETAN GAZTEENA: Ehun eta larrogei piastra! Igor etxera ekarri zidaten egunaz geroztik, nehoiz ez naiz hain nahasia sentitu.
EMAZTEETAN ZAHARRENA: Igor aipatzea ere?
EMAZTEETAN GAZTEENA: Egia erran, lau gara, haurra ere norbait da ez? (GROUCHAri.) Gastu erdia ez zenuke zuregain hartzen ahal?
GROUCHA: Ezin dut. Begira, puskak tarrapataka bildu izan behar ditut, eta guda-mutilak ahantzi du eni sos aski ematea.
EMAZTEETAN ZAHARRENA: Hirurogei piastrarik ere ez duzu?
GROUCHA: Ordainduko dut.
EMAZTEETAN GAZTEENA: Non dira oheak?
MUTILAK: Oherik ez dago. Hara estaliak eta zakuak. Horiekin moldatu beharko duzue. Bozkaria zaitezte hainbat bezala arroila arrunt batean ez sakatuak izateaz.
(Ateratzen da.)
EMAZTEETAN GAZTEENA: Entzun duzu? Hostalerrarengana noa bertan. Baina gizon hori azotatzekoa da!
EMAZTEETAN ZAHARRENA: Zure senarra bezala?
EMAZTEETAN GAZTEENA: Latza zara.
(Negarrez ari da.)
EMAZTEETAN ZAHARRENA: Nola antolatuko duzu ohearen antza duen zeozer?
GROUCHA: Ene gain. (HAURRA lurrean pausatzen du.) Anitzen artean beti errazago heltzen gara. Karroa hor duzue oraino. (Zola erraztatuz.) Hotzean harrapatua izan naiz. “Anastasia Katarinovska maitea, erraten zidan senarrak, bazkaria aurretik, luza zaitez piska bat, badakizu buruko mina zein laster jezartzen zaizun”. (Zakuak ekartzen ditu herrestan eta gauerako antolatzen da; emazteek elkarri so egiten diote, lanean ari den artean.) “Georgi, ihardesten nion gobernadoreari, hiruhogei gonbidatuekin ez naiz luzatzen ahal, sehiengan ezin da fida, eta Mikel Georgivitchek ni gabe ez du jaten.” (MIKELi.) Ikusten Mikel, errana nizun dena konpontzen zela! (Ohartzen da bapatean EMAZTEEK bitxiki so egiten diotela eta murmurikan ari direla.) Hara, horrela bederen, ez gara lur hutsean etzanen. Estalgiak bikoitz jarri ditut.
EMAZTEETAN ZAHARRENA: (Larderiatsu) Izugarri trebea zara oheak plantatzen anderea. Erakuts eskuak !
GROUCHA: (Izutua) Zer nahi duzu?
EMAZTEETAN GAZTEENA: Eskuak erakustea eskatzen dizugu.
(GROUCHAk eskuak erakusten ditu.)
EMAZTEETAN GAZTEENA: (Irabazle) Iziotuak! Sehi bat!
EMAZTEETAN ZAHARRENA: (Atera doa oihuka) Zerbitzari!
EMAZTEETAN GAZTEENA: Zirtzil alena, harrapatua zara. Gogoan zenuena aitor ezazu.
GROUCHA: (Galdua) Deus gaiztorik ez. Pentsatzen nuen, bide apur batentzat zuen karroan hartuko ninduzuela. Otoi, ez egin azantzik, nihaur joanen naiz.
EMAZTEETAN GAZTEENA: (ZAHARRENA oihuz deika darraien artean) Bai, joanen zara, baina polizaz inguratua. Zaude hor bitartean. Ez higi!
GROUCHA: Hiruhogei piastrak ordaindu nahi nituen, hara. (Boltsa erakusten die.) Zeronek beha, baditut; hamarreko lau txanpon, eta hara bosteko bat, ez, hamarrekoa da, hiruhogei egiten du. Nahi dut haurra karroan hartua izan dadin, besterik ez, egia da.
EMAZTEETAN GAZTEENA: A bai karroan, hori da nahi zenuena! Errana da orain.
GROUCHA: Anderea, aitortzen dut, sortze-apalekoa naiz, ez joan polizaren bila otoi. Haurra sortze-handikoa da, miratu oihal fin horiek, ihesean dabil, zuek bezal-bezalaxe.
EMAZTEETAN GAZTEENA: Sortze-handikoa, ezaguna da. Aita printzea du, ezta?
GROUCHA: (Kexu errea, emazteetan ZAHARRENAri) Ez oihuka arizan! Ez al duzue bihotzik?
EMAZTEETAN GAZTEENA: (ZAHARRENAri) Kasu emazu, kolpe txar bat eginen dizu, landerosa da! Lagundu! Hiltzaileak!
MUTILA: (Etortzean) Zer gertatzen da?
EMAZTEETAN ZAHARRENA: Txarpil hau, anderetzat pasatua hemen sartu da. Ebasle bat da segur aski.
EMAZTEETAN GAZTEENA: Landerosa da gainera. Eho nahi gintuen. Afera hau polizaren esku uztekoa da. Jainko jauna, buruko mina datorkit.
MUTILA: Uneon, polizarik ez da. (GROUCHAri.) Ahizpa, puskak bil itzazu, eta ametsetako lukainkaren gisara desager zaitez.
GROUCHA: (Haserre, HAURRA hartzen du) Salbaiak zarete! Eta zuen kaskoak hormetan iltzatuko dituzte!
MUTILA: (Kanpora bulkatuz) Aski. Edo zaharra jinen da eta hark arraileria ez du batere konprenitzen.
EMAZTEETAN ZAHARRENA: (GAZTEENAri) Mia ezazu ez duenez jada zerbait ebatsi!
(EMAZTEAk sukartsu ebasketarik izan denez ikertzen duten artean, MUTILA eskerretik ateratzen da GROUCHArekin.)
MUTILA: Beti erraten dut, mesfidantza seguratsunaren ama da. Geroan kasu egizu eta ongi ikus norekin zoazen.
GROUCHA: Pentsatzen nuen beren lagun protximoak hobe tratatuko zituztela.
MUTILA: Ez dute pentsatzen, haiek. Sinets iezadazu, ez da alfer eta debalde baten zinominokatzeaz beste gauza zailagorik. Ipurdiak garbitzen eta eskuak erabiltzen badakizula susmatzen dutelarik, akabo! Zaude, sagar zenbait eta artozko ogia ekarriko dizkizut.
GROUCHA: Ez. Hobe dut joatea hostalerra jin aitzin. Landerretik kanpo nizateke gau osoan ibiltzetik geratzen ez baldin banaiz.
(Badoa.)
MUTILA: (Ahots elkorrez oihuka) Bide-gurutzean, eskuinera.
(Desagertzen da.)
KANTARIA:
Groucha Vachnadzee ipar aldera zoala
Kazbeki printzearen bi jandarma zoatzin.
MUSIKARIAK:
Oin-hutsik nola ihes ibil daite Groucha?
Odolez gosez diren segada egilei?
Gauez ere ihizi bilatzen dabiltza.
Ez dira ez akitzen. Lepo moztaileek
Ez dute lo egiten.
(Bide handian BI JANDARMA trostaka.)
BRIGADIERRA: Kaskogor, ez zara deusetara helduko. Ez duzu gogoa horretan, hara egia. Nagusiak xehetasunetarik iragartzen du hori. Emazte lodi hura ene egurraz zirikatu dudanean duela bi egun, manatu nizun bezala senarra atxiki duzu eta sabelean ostiko bat eman diozu, baina pozik egin al duzu ala soilik azaletik? Kaskogor, zuri beha nengoen. Lasto hutsaren edo txintxilaren pare zara, ez zara nehoiz aitzinatuko. (Isilik jarraitzen dute.) Ez pentsa zein lotsatia zaren agertzeko zio bakarren bat huts egiten duzula ohartua ez naizela. Mainguka aritzea debekatzen dizut. Hori ere egiten duzu zaldiak saldu ditudalako ez beste, ez bainuen sekulan prezio hoberik erdietsiko. Mainguka zoazenean, nahi didazu erakutsi oinez ibiltzea ez duzula maite, ezagutzen zaitut. Pilik ez dizu ekarriko, alderantziz. Kanta dezagun!
BI JANDARMAK: (Kantari) Maitaleak herrian utzi eta noa Tristerik gerla anker eta garratzera. Kidek atxik bezate itxura sanoa Itzul nadin artean bizirik atzera.
BRIGADIERRA: Azkarrago!
BI JANDARMAK: Hilerrian etzanik izanen naiz, lora;
Lurra botaz maiteak erranen du gora:
“Hara nigana laster zegiten zangoak Hara fermu laztantzen ninduten besoak”.
(Oraindik ere bulta batez isilik doatzi.)
BRIGADIERRA: Soldadu onak arima eta gorputza biak egiten duen gauzean datxizka. Nagusiarentzat zitzikatzen da. Hiltzen doan begiaz beti ikusten du brigadierra buruaz baiezka. Hori da bere saririk handiena, besterik ez. Baina zuretzat ez da buruaz baistapenik izango eta berdin hilen zara. Gurutzeaz, horrelako menpeko batekin nahi nuke jakin nola atzemanen dudan gobernadorearen bastarta.
(Ibilian darraite.)
KANTARIA:
Sirra ibaira Groucha iritxi zenean
Ihesa luzeegi eta astunegi
Zela ahula, bertan irudi zitzaion.
MUSIKARIAK:
Arto zelaietako goizaren arrosa
Hotz dakio lo ez den eme gaizoari.
Ihesean denari mehatxutan ozen
Zaizkio baserriko esnez hantu bertzak.
Haurrarekin doanak zama senditzen du.
(GROUCHA baserri baten aitzinean dago.)
GROUCHA: Hara, berriz ere busti zara, eta badakizu ez dudala xatarrik zure aldatzeko. Mikel gure bideak hemen bereizten dira. Hiritik aski urrun gara. Ez dute nahikoa herrarik zure honaraino segitzeko, mununu. Laborarisak gisakoa irudi du eta usna ezazu esne usain hori. Orduan Mikel suerte on, nik gauean eman dizkidazun ostikoak ahantziko ditut, agudo ihes egitearren, eta zuk ahantz itzazu janari meheak, xedea banuen baina. Zure atxikitzeko gogoa nuen alta, zure sudurtxoarengatik, ezin dut ordea. Zure lehen kukumixa erakutsiko nizun, ez bustitzen ere, baina sartu behar dut; nire lagun handi soldadua laster itzul delakoan hura ere; eta atzeman behar ez ninduke? Ez didazu horrelakorik eskatzen ahal Mikel.
(Esnez hantu bertz batekin LABORARISA LODIA baserrian sartzen da.)
(GROUCHA barnera dadin zelatan dago eta gero zuhurki etxerantz hurbiltzen da. Ateraino lerratzen da eta HAURRA han pausatzen du. Aiduru egoten da, arbola baten gibelean, LABORARISA atera eta puska harrapatu arte.)
LABORARISA: Jainko jauna, zer dago hemen lurrean? Gizona zato!
LABORARIA: (Heltzen dela) Zer gertatzen da? Utz nezazu ene saldaren gozatzera.
LABORARISA: (HAURRAri) Non da zure ama? Ez duzu amarik? Mutiko bat da naski. Eta oihalak fin ditu, ongi-sortu haur bat da. Ate aurrean ezarri dute hola, garai bitxiak direnez!
LABORARIA: Uste baldin badute haziko dugula engainatzen dira ederki. Herrira eroanen duzu, apezarengana, eta kitto.
LABORARISA: Apezak zer egin lezake, ama baten beharra du honek. To, iratzartzen da. Ez zaizu irudi gurekin hartzen ahalko genukeela hala ere?
LABORARIA: (Oihuka) Ez!
LABORARISA: Zare bat aski nuke, ohea zuzuluaren ondoko ezkin batean orrazten banio eta eraman nezake nerekin alorretara. Soizu nolako irria duen? Gizona, hegatz bat badugu eta hori egiten ahal dugu, ez dut gehiago deus entzunen.
(HAURRA barnera eramaten du, LABORARIA kexuka atzetik daukala eta GROUCHA arbolaren gibeletik jalgitzen da irriz eta atzealdera joaten lehiatzen.)
KANTARIA:
Zergatik zara pozik herrira zoana?
MUSIKARIAK:
Libre eta bakarrik noalako segur
Den guztia ebatsi diotena nola,
Den dena galdu duen huraxe bezala.
(Une labur batez dabil, lantzak erakusten dizkioten BI JANDARMAK gurutzatzen dituenean.)
BRIGADIERRA: Neskaso, indar armatuen aitzinean zaude. Nondik zatoz?
Noiztik zoaz? Etsaiarekin harreman debekaturik al duzu? Non dago? Zein mugimendu egiten du zure gibelaldean? Eta titiak zer, zer izter-ibarrak, nola datxikate galtzek?
(GROUCHA gelditzen da izutua.)
GROUCHA: Ongi datxikate, hobe zenuke atzera joatea.
BRIGADIERRA: Nitaz fidatzen ahal zara, beti atzeratzen naiz behar orduan. Zergatik horrela begiratzen diozu lantza honi? “Kanpainan dagoen soldaduak ez du lantza laxatzen den-mendrenik ere” araudia da, ikas ezazu gogoz, Kaskogor. Orduan neskaso, nora goaz?
GROUCHA: Ene senargaiarengana soldadu jauna, Simon Chachava deitzen den Nukha palazioko zaindariarengana. Idazten baldin badiot, hezurrak hautsiko dizkizuete.
BRIGADIERRA: Simon Chachava noski ezagutzen dudala. Noiztenka zure barrandatzeko giltza eman dit. Kaskogor, denborarekin ez gaituzte anitz maite. Erran behar dizugu gure xedeak garbiak direla. Neskaso, arraileriant maskara pean gizon seriosa naiz, eta araudien arabera franko diotsut: haur bat nahi dut zutaz. (GROUCHAk oihu ahul bat botatzen du.) Kaskogor, naski ulertu gaituen. Ez dea bada hori beldur deliziusa? “Lehenik behar dut erraki hau labetik atera ofizier jauna. Lehenik behar dut atorra xehekatu hau aldatu kolonel jauna!” Arraileriaz eta lantzaz aparte haur bat bilatzen dugu hemen gaindi. Gisa hortako haur batez entzuterik ba al duzu, hiritik ekarria, ongi-sortu haur bat, oihal fin ederrean troxatua?
GROUCHA: Ez, ez dut ezer entzun.
KANTARIA:
Egizu laster bihotz hiltzaileak datoz!
Ahulak salba beza ahula! Lasterka!
(GROUCHAk inguru-erdi bat egiten du, izuaz katestatua, etorri norabidetik eskapatzeko. JANDARMAK elkarri so daude eta laidoka segitzen dute.)
MUSIKARIAK:
Garai odoltsuetan nehork ez ustean
Bihotz onak badira bazterretan bizi.
(Baserrian, GROUCHA VACHNADZEE sartzen denean, HAURRA dagoen zarera makurtzen da LABORARISA LODIA.)
GROUCHA: Gorde ezazu agudo. Jandarmak heldu dira. Ate aitzinean pausatua nuen, baina ez da neurea. Jende ospetsu batzuena da.
LABORARISA: Nor datorrela, zein jandarma?
GROUCHA: Galderarik ez. Haurra bilatzen duten jandarmak.
LABORARISA: Ez dute deus atzemanen ene etxean. Baina zuri, ageri denez hitz bat erran behar dizut.
GROUCHA: Ken izkiozu salatuko gintuzketen oihal fin horiek.
LABORARISA: Oihalak, oihalak! Etxe honetan nik dut manatzen eta ez zaitela tua darizula ene sukaldean sar. Zergatik abandonatu duzu? Bekatu da.
GROUCHA: (Kanpora begira) Arbolen gibeletik jalgiko dira laster. Ez nuen horrela ihes egin behar, zainak nahasi dizkiet. Baina besterik zer egiten ahal nuen?
LABORARISA: (Kanpora so eta bapatean izutua) Jesus maria, jandarmak!
GROUCHA: Haurra nahi dute.
LABORARISA: Baina sartzen baldin badira?
GROUCHA: Ez diezu eman behar. Errazu zurea dela.
LABORARISA: Bai.
GROUCHA: Ematen baldin badiezu kerrenean plast ezarriko dute.
LABORARISA: Baina zer, eskatzen baldin badute? Uztaren dirua daukat etxean.
GROUCHA: Ematen baldin badiezu hemen berean kerrenean zintzilikatuko dute, zure sukaldean. Zurea dela erran behar diezu.
LABORARISA: Bai, baina ez banaute sinesten?
GROUCHA: Durduzatu gabe erraten baldin badiezu...
LABORARISA: Hegatsa erreko digute.
GROUCHA: Horregatik fermuki errazu zurea dela. Mikel deitzen da. Hori, ez nizun azaldu behar naski. (Buruaz LABORARISAk baiezko keinua egiten du.) Ez ezazula burua horrela higi. Eta ez ikara, ohartuko dira.
LABORARISA: Bai.
GROUCHA: Aski zure “Bai” horiekin, ez ditzaket gehiago jasan. (Inarrosten du.) Eta zuk ez duzu haurrik?
LABORARISA: (Marmaran) Gerlan da.
GROUCHA: Orduan agian uneon jandarma da hura ere. Haurrak kerrenez zulatzera utziko zenuke? Igeltsuaren pare joko zenuke ez, hala ari balitz. “Zure lantzarekin ene sukaldearen miazkatzeaz aski orain, horrela altxatu al zaitut. Zintza zaitez amari mintzatu baino lehen.”
LABORARISA: Egia da, ez lekidake horrelakorik egin behar.
GROUCHA: Hitz emaidazu zurea dela erranen diezula.
LABORARISA: Bai.
GROUCHA: Hara, heldu dira.
(Atean joka. EMAZTEEK ez dute ihardesten. JANDARMAK sartzen dira. LABORARISA sakonki makurtzen da.)
BRIGADIERRA: Hor da! Zer erran dizut? Dudan sudurra. Senditzen ditut. Neskaso, galdera bat: zergatik ihes egin duzu? Zer uste ukan duzu nahi nuela? Lizunkeria zerbait paria nezake. Aitor ezazu!
GROUCHA: (LABORARISAk makur darraikan artean) Sutan ahantzia nuen esnea. Oroitzen naiz.
BRIGADIERRA: Uste ukan dut lotsa gabe so egin dizudala uste ukan duzula. Molde batez gure artean zeozer imajina nezakeela. Molde batez so goseti bat, ulertzen?
GROUCHA: Ez naiz ohartu.
BRIGADIERRA: Ahalezko zen ez? Onar dezakezu. Urde zikina izan naiteke. Zurekin argi geratuko naiz: biak bakarrik bagina zer nahi gauza imajina nezake. (LABORARISAri.) Ez duzu deus egitekorik loiroan? Oiloak bazkatzeko demagun?
LABORARISA: (Belauniko) Soldadu jauna, ezer ez nekien. Ez erre gure hegatsa!
BRIGADIERRA: Zertaz ari zara?
LABORARISA: Ez dut eskurik horretan, soldadu jauna. Horrek dit ate aitzinean pausatu, zin dagizut.
BRIGADIERRA: (Huxtuka HAURRA ikustean) To, so egizu puskatxoa zaretxoan, Kaskogor, ene mila piastrak. Zaharra atera zazu eta ongi atxik; irudiz galdezketa zehatz bat egitekoa dut.
(SOLDADUAK LABORARISA mutu eroaten du.)
BRIGADIERRA: Jadanik baduzu zutarik nahi nuen haurra.
(Zarerantza doa.)
GROUCHA: Ofizier jauna, neurea da. Ez da bilatzen duzuena.
BRIGADIERRA: Ene begiz frogatu nahi dut.
(Zarera plegatzen da. GROUCHAk ingurura behako etsiak botatzen ditu.)
GROUCHA: Neurea da, neurea!
BRIGADIERRA: Eta oihal fina.
(GIZONAren bulkatzeko, soinera erortzen zaio. Bortitz saihesten du SOLDADUAk eta zarera plegatzen da berriro. So desesperatuak luzatzen ditu GROUCHAk eta egur lodiaz ohartzen da. Biltzen du eta BRIGADIERRAri buruz behera ematen; hau lehertzen da. HAURRA hartzen du zalhu, brixtan kanporatzeko.)
KANTARIA:
Jandarmetarik ihes hogeita bi egun
Ibili ta Janga-Tau hormadien maldan
Groucha Vachnadzeek haurra bere egin zuen.
MUSIKARIAK:
Ahulak bere egin zuen ahul hura.
(Erdi-karroinduriko ibaiaren gainera kuxkurtzen da GROUCHA VACHNADZEE eta HAURRArentzat ura ahurreratzen du.)
GROUCHA: (Kantuz)
Nehork ez bazaitu nahi
Hartuko zaitut nik beraz
Hauturik ez da ondikotz
Urte mehe egun hitsa
Enekilan behar duzu.
Eroan zaitut hain luzaz
Oin-hutsak larrutuz eta
Esnea kario baitzen
Zuri lotu naiz bihotzez.
(Zu gabe deus ez naiz)
Bihoa zure atorra
Oihal finez moldatua,
Trapuz troxatuko zaitut
Garbituko eta horma Urean bataiatuko.
(Hori jasanen dukezu)
(HAURRAri oihalfinak kendu dizkio trapu zaharrez apaintzeko.)
KANTARIA:
Jandarmez setiatu Groucha heldu zela
Ekialde zihoan hormetan barnako
Zurubi luzera abesten zebilen:
Zurubi ustelaren kantaz bizi bi gal.
(Haizea altxatu da. Arratsean hormadiko zurubia agertzen da. Hautsia den haria holtz zuloan dilindan dago. MERKATARIAK, bi gizon eta emazte bat hor daude, dudan, GROUCHA datorrela HAURRArekin. Dilindan dagoen haria biltzen saiatzen da GIZONETARIK BAT haga batekin.)
LEHEN GIZONA: Lasai neskatxa, ez duzu berdin lepoa zeharkatzen ahalko.
GROUCHA: Baina ekialdeko ene anaiaren etxera joan behar dut txiki honekin.
EMAZTE-TRATULARIA: Behar dut! Zer erran nahi du: behar dut! Nik, anderea, Atoumera behar dut pasatu bi tapiza erosteko eta beste batek behar ditu saldu bere senarrak hil behar baitzuen. Egin behar dena egin dezaketa nik, ahal duta? Badu bi oren Andrei haria biltzen saiatzen dela eta biltzea lortzen baldin badu nago nola eta non lotuko dugun.
LEHEN GIZONA: (Adi) Isil zaitez, zerbait hautematen dut.
GROUCHA: (Azkarki) Jauztegia ez da osoki hirotua. Beste aldera pasatzen entseiatzen ahal naizela uste dut.
EMAZTE-TRATULARIA: Nik ez nezake entseia, deabrua hatzetan baldin banu ere. Arrazoia? Buruaz beste egitea liteke.
LEHEN GIZONA: (Ahots goraz deika) O o!
GROUCHA: Ez deitu! (EMAZTE-TRATULARIAri.) Erraiozu ez duela deitu behar.
LEHEN GIZONA: Baina zolatik norbait ari da deika. Agian beherean, bidea galdu du.
EMAZTE-TRATULARIA: Eta zergatik ez luke deitu behar? Bitxiak dira zure aferak? Atzetik dauzkazu ala?
GROUCHA: Aitor dizut. Jandarmak gibeletik dauzkat. Bati burutik eman diot.
BIGARREN GIZONA: Merkantziak gorde itzazue!
(EMAZTE-TRATULARIAk zakuetarik bat desagert arazten du harrietan.)
LEHEN GIZONA: Zergatik ez didazu bertan erran? (BESTEEI.) Harrapatzen baldin badute, zitzikatuko dute!
GROUCHA: Bazter zaiztezte, zurubia zeharkatu behar dut.
BIGARREN GIZONA: Ezin duzu. Holtza bi mila oinetakoa da.
LEHEN GIZONA: Haria atzematen ahal bagenu ere, zentzurik ez luke. Eskuz atxik genezake, baina bide berdinetik pasa litezke jandarmak.
GROUCHA: Bazter zaitezte!
(Deiak hurbilean: “hortik, igoz!”)
EMAZTE-TRATULARIA: Ez dira hain urrun. Baina zuk ez duzu haurra zurubitik eroaten ahal. Kasik segurra da hautsiko dela. Beherera so egizu.
(GROUCHAk holtzera so egiten du. JANDARMEN oihuak berriz hautematen dira.)
BIGARREN GIZONA: Bi mila oin.
GROUCHA: Gizon horiek sordei dira.
LEHEN GIZONA: Haurrarentzat baizik ez balitz ere, ezingo zenuke. Zure bizia arriska ezazu gibeletik baldin badauzkazu, baina haurrarena ez.
BIGARREN GIZONA: Pizuago da haurrarekin.
EMAZTE-TRATULARIA: Menturaz egiazki zeharkatu behar du. Emaidazu, gordeko dut eta zurubian barna bakarrik joanen zara.
GROUCHA: Horrelakorik ez dut eginen. Bidea nola, urkamendia hala.
(Kantuz.)
Holtza sakona da seme
Eta ahul zurubia
Baina ez dugu hautatzen
Segitzen dugun bidea.
Bide hori hartu behar
Duzu bakarra delako,
Ogi hortarik jan behar
Duzu bakarra delako.
Lau ahamen ditugula
Hiru zuretako dira
Askitto izanen denez
Ez dizut erraten ahal.
Entseiatzen naiz.
EMAZTE-TRATULARIA: Deabruaren tentatzea da hori.
(Deiak igotzen dira.)
GROUCHA: Haga bota ezazue otoi edo haria atzemanen dute eta segituko naute.
(Zurubi dilindarian barna abiatzen da. Zurubia haustear dela EMAZTE TRATULARIAk oihu bat luzatzen du. Baina GROUCHA aitzina doa eta parreko ezpondara heltzen da.)
LEHEN GIZONA: Beste aldean da.
EMAZTE-TRATULARIA: (Belauniko eta otoitzean ari zena) Zer nahi gisaz bekatu egin du.
(JANDARMAK agertzen dira. BRIGADIERRAren burua bendatua da.)
BRIGADIERRA: Ez ote duzue haur batekiko norbait ikusi?
LEHEN GIZONA: (Haga holtzera aurtikitzen duela) Bai. Hantxe da. Eta zurubia ahulegia da zuentzat.
BRIGADIERRA: Kaskogor, ordainduko didazu.
(GROUCHA beste aldean irriz ari da eta HAURRA JANDARMEEI erakusten die. Bidean doa zurubia ahantziz. Haizea.)
GROUCHA: (MIKELi) Haizearen beldurrik ez izan, deabru hitsa da bera ere. Hedoiak bultzatu behar ditu beti eta sekulako hotza pasatzen du.
(Elurra hasten da.)
GROUCHA: Eta elurra Mikel ez da sordei. Behar ditu pinu gazteak estali neguak ez dakizkion nola nahika eho. Eta orain zutaz mintzo den zerbait kantatuko dizut, beha!
(Kantatzen du.)
Zure aita briganta da
Zure amaso galdua
Onen bizkar plegatuak
Ikusiko dituzkezu.
Tigrearen semetxoak
Zaldiak haziko ditu
Sugearen semetxoak
Amei esne ekarriko.