Biografiak
Gilkitxaro Antzerki Taldea
Ikastolatik atera zen lagun talde bat, eskolan hasitakoari jarraipena emanez, Deustuko Gazte Lokalean biltzen hasi zen antzerkia egiteko gogoz eta asmoz. 1996an antzeztu zuten aurreneko obra. Ordutik gaur egunera antzezlan propio mordoa sortu dute eta beste sortzaile askorekin batu izan dira. Gaztetxeez gain, bestelako herri-ekimenekin nahastuta egin dute antzerki-ibilbidea. Plaza askotan erakutsi dituzte haien lanak. Kolektibo handi bezala hasi zena, urteak pasatuta, lagun biren arteko antzerki ibilbide bilakatu da. Azken urteetan Ane Zabalak eta Galder Perezek eman diote jarraipena, hasierako helburuei helduta: askatasunez sortu, dibertimenduak gidatuta.
Obra nagusiak:
— Infernuko atarian (1996)
— Aki no pasa nada (Kale-ikuskizuna) (1999)
— Trokaolatarrak (2000)
— Porrusalda (Kale-ikuskizuna) (2001)
— Elevator (2003)
— Honolulu, leku bat (2004)
— Mirande kabareta (2008)
— 8 begi (2009)
— Urak ttiki dire (2013)
— Adarretatik zintzilik (2015)
— Off the Record (2016)
— Morbus operandi (2017)
— ETAren agiri bulegoa (laburra) (2019)
— ETAren agiri bulegoa (2021)
Ane Zabala
(Bilbo, 1975)
Aktorea eta kazetaria da. Teatro eta irratia oso gaztetatik uztartu izan ditu. Gilkitxaroko lanez gain, beste konpainia batzuetan ere izan da aktore. Umeentzako antzezlan askotan lan egin du, Glu Glu eta Eidabe konpainiekin, esate baterako. Ramon Albisturrekin batera Zuberoan sortu zuen Fernando Arrabalen Gernika. Kazetaritzan Radio Euskadin urte mordoa eman eta gero, Hamaika Telebista, Herri Irratia, Prest eta Berton aldizkarietan aritu izan da. Gaur egun, koordinazio eta kazetari lanak egiten ditu Bilbo Hiria irratian.
Galder Perez
(Bilbo, 1975)
Antzerkigile, aktore eta kazetaria da. Irratia eta teatroa oso gaztetatik uztartu izan ditu. Gilkitxaroko lanez gain, egile, zuzendari eta aktore lanak egin ditu beste konpainia askorentzat. Besteak beste, Cocidito madrileņo eta Fausto, herritar eredugarri antzezlan arrakastatsuetan ibili zen. Haurrentzako ipuinen antzerkirako moldaketa asko egin ditu. Aktore izan da pelikula batzuetan eta telebistako gidoilari ere bai. Lurrun minez da idatzi duen azken lan entzutetsuena. Gaur egun, EiTBko irratietako kultur arloan ari da lanean.