hitzaurrea
Prezintoari gorazarre
egiten diotenei gorazarre
Oier Guillan
Gilkitxaro dioenak etxea dio. Nire kasuan, behintzat, hala da. Kuriosoa da. Batzuetan iruditzen zait teatrerook, oro har, topiko guztiak betetzen ditugula. Baten batek esango luke argilunez beteak garela, maskara etengabeak, egozentrikoak, beldurtiak. Baina, itsustasun horretan bertan, bada halako kode etiko (etiliko?) bat, nahiko orokorra eta nabarmena dena, teatroarekin maitemintzean arnasten dugun airearekin kontratua sinatuko bagenu bezala: Itsustasunaren Internazionalaren parte izatera pasatzen gara, berehalakoan. Ideia erromantikoa iduri lezake eta, zinez, hala da; baina erreala, era berean. Teatroarekin maitemintzen dena ez da soilik oholtza gaineko jardunarekin lotzen, bizimodu oso batekin baizik: nomadismoa, gutxirekin asko egiteko gaitasuna, aldiro guztia emateko prestutasuna, orainaren artea bizitzea, The show must go on etengabe bat, perfekzioarekiko mesfidantza, hala intelektualarekiko nola boterekeriaz blai denarekiko mesfidantza politiko —bide batez, sarri— intelektual bat, bufoien harrotasuna... eta itsusiarekiko maitasun sendoa, eta nork bere-buruaz-barre egitea, eta enpatia, eta elkartasuna. Azken horiek, agian, bestearen azalean sartzeko bokazio horrengatik izango dira: ez da usurpazioa, ulertzeko nahia baizik. Norberaren zokondo intimoenetik bestea ulertzen saiatuta, norbere burua ulertzeko nahia.
Horregatik guztiagatik esango nuke Gilkitxaro entzuten dudanean etxea diodala, eta guztiz sinesgarria iruditzen zaidala hogeita bost urtez iraun izana. Nomadak inork baino gehiagok ments duelako, agian, etxea: etxerik zabalena den mundua, errepidea, antzoki unibertsala.
Baina agian horregatik guztiagatik, Gilkitxaro dioenak familia ere badio.
Hau ere kuriosoa da. Anek, Galderrek eta hirurok partekatzen dugun beste zerbait kazetaritza da. Unibertsitateko gela berean egon ginen, egun haiek lauso ditudan arren. Gerora, medio ugaritan ezagutu ditugu esatari, informatzaile, baina neuk benetako lehen akordua, bihotzaren memoriako lehen unea, Bermeokoa da. Itsustasunaren Internazionala borborka sentitu nuen lehen aldia: eatae elkarteak (Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkartea) antolatutako antzerki jardunaldiak. Hura zoramena! Hura edertasuna! Hura bizitzeko grina, hura! Eta zenbat izen egun haiei kateaturik. Beti izan dut sentsazioa eataerena euskal kulturaren ikuspuntutik geuk geure buruari kontatu ez diogun istorio ugari horietako bat dela. Noizbait zehaztasunez kontatu beharrekoa. Bada Itsustasunaren Internazionalaren euskal adar oso sendo bat, nire esperientziatik, eataen elkartu zena: Gilkitxarorekin batera Ekekei taldea, Goaz antzerki taldea, Mairu antzerki taldea, Karrika antzerki taldea. Nire kultur paisaia politikoaren ezinbesteko izenez eta aurpegiez beteak, talde izen haiek; kasu, oraindik ere eskuak dar-dar egiten dit Karrika taldeko Jose Martin Urrutia Txotxe-ren izena izkiriatzean, maitasunez, miresmenez, elkartasunez. Haren omenezko ekitaldian elkartu ginen Durangon, kasu, Gilkitxaro eta Orereta aldeko senideak, burkideak, lagunak. Itsustasunaren Internazionalak heriotzaren aurrean eztarriak kantuz itotzera garamatza, eta Bermeoko gau hartan ere halaxe egin genuen. Mikelazuloren izenpean joan ginen gu garai hartan, eta inoiz baino presenteago sentitu genuen maitasunaren bide-orri bat, euskarazko teatrogintzari estuki lotutakoa. eatae lausotzen joan zen, baina ez han ehundutako sarea eta, esan gabe doa, adiskidantza.
Izan ere, Gilkitxaro dioenak pasioa baitio.
Nola ez, ba. Euskal Herria txikia da, sarritan ezinikusiak handiak diren proportzio berean, baina itsustasunarekiko maitasunak, uneren batean edo bestean, saretu egiten gaitu teatrerook. Gilkitxarorekiko haria ez da sekula eten. Oraindik ere gogoan dut Ane eta Galderren presentzia Oreretako Eztena jaialdi ugaritan, orain Hono eta Lulu kaletik paseatzen kale-performance kolektiboan, orain 8 begi eta Adarretatik zintzilik Mikelazuloko argilunen artean antzezten, orain Urak ttiki dire sortze prozesuan erakusten, orain sariketa parodiko batean bigarren eskuko trofeoa jasotzen... Eta, bai, bizitza biharrik ez balego legez ospatzen, Itsustasunaren Internazionalarekin beti bat. Zenbat kemen, zenbat sormen, zenbat pasio, Gilkitxarotarrok!
Eta bai, agian asmatu duzue, Gilkitxaro ispilu bat da.
Sentsazio horrekin geratu naiz jarraian doakizuen liburua osorik irakurri eta hitzaurre hau idazten jartzeko unean. Ispilu bat. Ez soilik teatrogintzan, umoregintzan, pareko belaunaldigintzan. Gilkitxaro garai oso baten isla da, bai behintzat liburu honetan. Orrialde hauetara gonbidatu dituzten lagunen ahotik denbora baten erretratua egin dute, Gilkitxaroren esentzia ezin hobeto jasotzeaz gain, belaunaldikide garenon oroitzapenak piztuko dituzte etengabe: hasiera kolektiboak, kale-performance politikoak, gaztetxeak, formatu txikiko eztandak, bizipenak. Nori bururatu ahal zaio, bestela, Adarretatik zintzilik obran bezala, Prezintoaren gorazarre-rako eguna antolatzea? Ez dakit nola egin duten, baina memoria-liburu hutsetik harago joatea lortu dute, eta Itsustasunaren Internazional hori bizirik, sasoitsu eta eder transmititzea. Haien testuak irakurrita ere, Ane eta Galder bizirik sentitu ditut, begien aurrean xuxurlaka. Bertako hiru obrak ikusi ditudan aldi guztiak etorri zaizkit burura, baina zorte hori izan ez duen irakurleak ere ez dut zalantzarik gozatuko dituela: testuotan suma daitekeena bikote artistiko ezohiko baten garapena eta heldutasuna da era berean, autoironia osasuntsu eta ezinbestekoaz zipriztindua, jokorako beti prest. Testu hauek berdin funtzionatzen dute oholtza gainean zein paperean, eta seguru nago haiek berriz ere antzezteko edota moldatzeko hautua egingo luketen aktore berriek sorpresa atsegina hartuko luketela. Hala bedi.
Izan ere, Gilkitxaro adiskidetasuna da, eta maitasuna, eta besarkada, eta denboraren erraietan barre egiteko jarrera ezinbestekoa. Topa egin dezagun, lagunok, bizitzaz gaixo gaudenon osasunaren alde!