25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
EHAZE, 2021
25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
EHAZE, 2021
[aurkibidea]

 

Honolulu, leku bat

 

 

Honolulu, leku bat antzezlana
2007ko martxoaren 13an estreinatu zen
Bilboko Kafe Antzokian,
Korrika Kulturalaren programaren barruan.

 

 

Lantaldea

 

Testua: Galder Perez

Antzezleak: Ane Zabala eta Galder Perez

Zuzendaria: Kerra Gabikagogeaskoa

Argien diseinua: Zigor Gorostiola

Musika: Nino Monero

Musika moldaketak: Ekaitz Hernandez

Pertsonaien diseinu estetikoa: Gontzal Gutierrez

Jantziak eta atrezzoa: Asierito

Teknikariak: Axi & Ales (The Kuñaus)

Kartela: Gontzal Gutierrez

 

 

(lulu eta elmer maletekin sartuko dira. Pertsonaia koloretsuak dira. Ez dute pertsonen ohiko itxura, marrazki bizidunetatik ateratakoak dirudite. Linternaz lagunduta sartuko dira, espeleologoak bezala. Kobazuloa antzeztokia da; pertsonak, bertako harriak. Behaketa egin ondoren bertan geratzea apropos irudituko zaie.

 

luluk maleta lurrean utziko du. elmerrek lupa eta karpeta aterako ditu. luluk egunkaria atera eta iragarkiak ozen irakurriko ditu, saltzaile modura.)

 

LULU: Leku bat: apartamentu modernoa salgai. Duela gutxi berrituta. 45 metro karratu. Sukalde altzari berria, labea eta vitro.

            Beste leku bat: 94 metro karratu. Hiru logela, komuna eta sukaldea. pvc leiho bikoitzak eta, hegoaldera begira, balkoi ederra.

            Baserria salgai Hernanin. Hamahiruan goizeko hamaiketan eta notario etxean enkantean aterako da Unanuagoiako puskarik handiena. Donostiatik hurbil dago. Salneurri edo prezio eta gainerako gauzak, notarioari galde.

            Berrogeita hiru metro karratu, bostehun mila euro!

            Beste leku bat: ganbaratxo ederra, argirik gabekoa, baina ederra. Laurogeita hemeretzi mila epetan lasai asko ordaintzeko aukera. Baina ederra.

            Logela, komuna eta... o, sukalderik ez.

            Sukalde, komuna eta... o, logelarik ez.

            Arronan baserri bat salgai. Sokolo baserria bere bazter edarrekin aterako da zeñek gehiago demanari Arronako Udaletxe edo Ayuntamientuen, Agostuen 6ko igandean, goizeko hamaiketan.

            Aparteko aukera: hiru logela, zazpi komun eta sukalde bakarra. Bakarra?

            Beste leku bat: terraza paregabea, igogailurik ez. Obra behar du.

            Egongela, sukaldea, logela txiki eder paregabea eta

            udarako berogailua.

            Zenbat urte?

            Zenbat epe?

            Zenbat fase?

            Zenbat puntu?

 

(Eszenatokira iritsiko dira. Bertan banku bat dago.)

 

LULU: O, ene, ezinezkoa lortzea. Pisua! (elmerrek ulertu gabe begiratzen du) Pisua! Pisua!

ELMER: Hirurogeita bost!

LULU: Hirurogeita bost. euro? Hirurogeita bost mila euro? Hirurogeita bost milioi euro?

ELMER: Kilo, kilo.

LULU: Metro? Metro koadro?

ELMER: Koadro?

LULU: Karratu?

ELMER: Kilo, kilo.

LULU: Kili-kolo?

ELMER: Kilo, kilo. (Bere buruari ikaraz) Kilo, kubiko!?

LULU: Kubiko?

ELMER: Gramo, kilogramo.

LULU: Pisua?

ELMER: Pisua.

LULU: Zuk ez duzu pisurik, baina.

ELMER: A, ez?

LULU: Ez.

ELMER: Eta grabitatea eta kontu hori guztia...

LULU: Grabea, bai, oso grabea.

ELMER: Grabea al da, doktorea?

LULU: Izan daiteke, bai.

ELMER: Ai, ene. Zer da?

LULU: Ez jabetza.

ELMER: Ez jabetza?

LULU: Ez daukazu.

ELMER: Ez daukat?

LULU: Ez daukazu. Eta, gainera,jarraian egingo dugu esperimentua. Proba!

ELMER: Baskula batekin, nahikoa izango da, ezta?

LULU: Aizu, motel. Benetako pisuaz ari naiz.

ELMER: Bene-benetan ari naiz ni ere!

LULU: Balio duen pisua... etxebizitza, bizilekua!!! Gu bion esperimentua, lagun!

ELMER (lasaituaz): A... etxebizitza... bizilekua...

LULU (harrotasunez): Bizilekua. Etxebizitza.

ELMER (baieztatuz): Bizilekua. Etxebizitza. (Ikaraz) Eta beharrezkoa al da?

LULU: Bizilekua?

ELMER: Esperimentua.

LULU: Horixe baietz. Ezinbestekoa! (Ikusleei berriz ere) Bizilekua. Etxebizitza. Pisua. Apartamentua. Txaleta.

ELMER (proba ekiditeko zerbait berria proposatu nahian): Maleta!

LULU: Maleta?

ELMER (maleta erakusten du, harro): Maleta!

LULU (hausnartzen): Bai, bai... Maleta ere izan zitekeen, bai. Baina ez dakit balioko ote duen. (Ikusleei) Zuetako inor maleta batean bizi ote da?

ELMER (luluri): Eta txalet batean?

LULU: Ez da galdera makala. (Ikusleei berriz) Eta txaletean? Zuetako inor txaletean bizi al da?

ELMER (pozik): Egotekotan, ni horrekin joango naiz.

LULU: Txaleta, maleta eta txankleta. Imajinatzen dut, txalet batean bizi denak, gure artean txaleten bizi den inor izatekotan, ez lukeela inoiz hori onartuko hemen, gu denon aurrean.

ELMER: Eta maletan bizi denak bai?

LULU: Joan gaitezen harira. Bizilekua!

 

(Musika.)

 

LULU: Bizilekua!

ELMER: Bizitzeko lekua.

LULU: Etxebizitza. Etxe-bizitza.

ELMER: Bizitzeko etxea.

LULU: Etxea bizitzeko.

ELMER: Etxerako bizi.

LULU: Etxea, leizea.

ELMER: Egunon, gabon, nor bere etxean egon.

LULU: Etxe txikia, bake handia.

ELMER: Etxean otso, kalean uso.

LULU: Gaztetxea, gure etxea.

ELMER: Kale bero, etxe hotz.

LULU: Etxeko lapurra, lapur maltzurra.

ELMER: Ezkonberri, etxe berri.

 

(Musika moztuko da.)

 

LULU: Guk izango bagenu, ez genuke gaurkoan hona etortzearen beharrik izango.

ELMER: Ezkongaia?

LULU: Etxea. Lekua.

ELMER: A. Ezta bihar edo etzi ere.

LULU: Ezta inoiz gehiago ere.

ELMER: Baina hemen gaude.

LULU: Hemen gaude, bai. (Diskurtso moduan banku gainean zutik) Jaun-andreok, iritsi da behar bezala hitz egiteko unea. Argi!

ELMER: Argi eta garbi.

LULU: Bai, garbi ere bai.

ELMER: Eta argi.

LULU: Oso argi.

ELMER: Argia eta garbia, beraz.

LULU (haria galduz, etxean balego bezala): Garbia behar du izan, noski. Eta ahalik eta argitsuena. Horixe baietz.

ELMER: Argia eta garbia, beraz. Ondo.

LULU (diskurtsora bueltan): Bizitza bera da gure etxea. Bizilekua.

ELMER: O, o... bai, bai, bai.

LULU: Oso erraza da. Teoria sinplea.

ELMER: Bai, bai, bai.

LULU: Oso erraza da. Teoria sinplea.

ELMER: Bai, bai, bai.

LULU: Bizitza bera da gure etxea. Bizilekua.

ELMER: Bizitza bera da gure etxea. Bizilekua. Teoria sinplea.

LULU: Ze inporta dute teilatu batek, lau hormek eta moketa batek?

ELMER (zer esaten ari den jakin gabe): Ze inporta du?

LULU: Ezer ez.

ELMER: Ezer ez!

LULU: Hutsaren hurrengoa.

ELMER: Ezer ez!

LULU: Hutsaren hutsa.

ELMER: Hautsaren hautsa.

LULU: Elmer! Elmer!! Elmer!!! Gera gaitezen hemen bizitzera.

ELMER (harriduraz): Hemen?

LULU: Hemen, bai.

ELMER (ziurregi egon gabe): Hemen...?

LULU: Esperimentatu dezagun hemen.

ELMER (onartuz): Ederto, ba, hementxe bertan.

LULU: Bizi gaitezen hementxe bertan, bai!

ELMER: Hementxe bertan, ba... (Maletatik zerbait atera eta bizitzeko prest jesarriko da. luluk ere bere bizitzarako zerbait aterako du maletatik) E, Lulu...

LULU: Utz nazazu lasai, bizitzen ari naiz eta.

ELMER: Bai, noski, barkatu. (Isilunea. luluk bitartean “bizitzen” jarraituko du) Aizu, Lulu. Hemen bizi behar dugu orduan?

LULU: Bai, zergatik ez?

ELMER: Ez dakit.

LULU: Gauden tokia da. Gure bizilekua.

ELMER: Bai, baina... (Ikusleria seinalatzen du) Begira iezaiezu.

LULU (ikusleei begira): Zer dute?

ELMER: Ez dakit zer duten. Eta badaezpada ere, ezta jakin nahi ere!

LULU: Zaude lasai orduan, eta... bizi, bizi! Bizi-bizi bizi!

ELMER: Bizi, bizi.

 

(Bizitzen egoteko saiakera berria egiten dute.)

 

ELMER: Aizu, baina hor daude!

LULU: Hor daude, bai. (Ikusleak agurtzen ditu) Kaixo, ni Lulu naiz. Urte askotarako. Iepa, zer moduz? Kaixo, guapo... (elmerri) Zer dute? Gure esperimenturako aproposak dira. Nik ez diet ezer txarrik sumatzen.

ELMER: Nik ere ez, baina...

LULU: Baina zer?

ELMER: Ba, hemen, hauen denen aurrean bizitzea, ba. , ez dakit.

LULU: Zer.?

ELMER: Ba, hori.

LULU: Zer da hori?

ELMER: Etzan eta lo egitea tira, bai, ados, ondo. Baina txiza eta kaka egin, eta... larrua jo!

LULU: Zer!?

ELMER: Ba, zera, ez dakit gai izango ote naizen.

LULU: Nola ezetz? Txollo bat da! Pribilegioa!!!

ELMER: Pribilegioa?

LULU: Pribilegioa. Zer egin ez dakizunean, begira ezazu besteak nola bizi diren. Pribilegioa da hori! (luluk bere akzioari ekiten dio)

ELMER (aulkian eserita denbora eman duela ikusleei begira): Pribilegioa.

 

(Isilune luzean ikusleei begira geratuko dira. Komentario bat edo beste egin dezakete ikusleei buruz, nolakoak diren adibidez...)

 

LULU: Konturatu al zara?

ELMER: Zertaz?

LULU: Gu bezala bizi direla.

ELMER: A, bai?

LULU: Bai. Haiek guri begira bizi dira eta gu haiei begira bizi gara.

ELMER: A.

LULU: Hori da etxea izatearen abantailetako bat.

ELMER: Ez al zen pribilegioa hau, bada? Ez dut etxearen abantaila zein den ulertzen orduan.

LULU: Leihoak edukitzea.

ELMER: Leihoak, noski. Hotzaz eta haizeaz babesteko.

LULU: Haizeaz?

ELMER: Bai. Haizea: the wind. Lehioa: window. Wind ouuuuuu...!

LULU: Ez, ez, ez. Begiratzeko. Leihoak begiratzeko dira. Dena gertatzen da leihoaz beste aldera.

ELMER: Dena?

LULU: Den-dena.

ELMER: Eta barruan, orduan?

LULU: Barruan gertatzen dena sekretua da. Horregatik nahi izaten du jendeak etxearen jabe izan.

ELMER: Sekretuak gordetzeko, jakina.

LULU: Ez. Besteen sekretuak ikusteko.

ELMER: A. (Konfidentzialki orain) Aizu, eta guk orduan, ez dugu sekreturik...?

LULU: Horixe ezetz! Ez dugu sekreturik. Sekretuek poltsikoan kili-kili egiten dute. Beraz, atera beharra dago.

ELMER (bere poltsikoari begira): Nik ez dut kili-kilirik.

LULU: Jakina. Sekreturik ez duzulako.

ELMER (pikatuta): Ez sekretu, ez pisu, ez kili-kili!!!

LULU: Harira! Gure eginbeharra esperimentua azaltzea da. (Ikusleei azalduz) Bai, bai, horretan ari gara gu: etxeko den-dena trapuak lez aireratzen.

ELMER: Aizu, etxeak ere aireratzen dira.

LULU: Etxeak bentilatzen dira.

ELMER: Eta gizakiak ere bentilatzen gara. (Bentilatzen hasiko da amantalarekin)

LULU: Ondo, Elmer, ondo. Bete-betean asmatu duzu! Azkenean, jo duzu puntuan.

ELMER: Eskerrik asko. Bentila zaitez zeu ere, bada.

LULU: Ez naiz puntu horretaz ari.

ELMER: A. Ba, ondo dago, e?

LULU: Elmer, Elmer! (Ikusleak seinalatzen ditu) Elmer...

ELMER: Ikusi ditut, bai. Aupa! Gure etxe-kideak dira, ezta?

LULU (haserretzen hasia): Badira, bai... Baina, Elmer...!

ELMER (luluri emozioz, deskubrimendua egin baitu): Badakit! Ez diegu baimenik eskatu...! Lasai, lasai. (Ikusleei) Aizue, arazorik balego, guk alde egin eta kito! Je, je, je! (luluri) Ondo egin dut, ezta?

LULU: Baita zera ere! Guk ez dugu sekula alde egin. Ezta egingo ere. Gure esperimentuaren arauak hautsiko genituzke.

ELMER: Egia da. Esperimentua. Ahaztuta nuen. Gustutxoa hartu diot leku honi.

LULU: Lanari ekin behar diogu.

ELMER: Ondo esana!

LULU: Ekin diezaiogun, bada, lanari!!! Lehen puntua. Txantatatxaaan... lehen puntua!!!

 

(Musika.

luluk maletatik pote batzuk aterako ditu. Airea gordetzen hasiko da poteetan. Jendeari pote barruan arnasa botatzea eskatuko dio.

elmerrek bitartean probak egingo ditu giltzekin. Zer ireki, norena ireki eta itxi.)

 

ELMER: Laginak gorde ditut.

LULU: Nik ere, hartu ditut bai. Nahikoak izango al ditugu?

ELMER: Ez dakit, ez dakit.

LULU: Arraro samar begiratzen gaituzte.

ELMER: Azalpenik eman ez diegulako izango da.

LULU: Ez al dugu azalpenik eman?

ELMER: Ez dugu azalpenik eman.

LULU: Azalpenak eman beharko orduan. (Aurkezpen esajeratua egingo dute banku gainean biek) Elmer eta Lulu gara gu!

ELMER: Gu gara. Lulu eta Elmer!

LULU: Nous sommes Elmer et Lulu!

ELMER: We are Lulu and Elmer.

LULU: Somos Elmer y Lulu.

ELMER: De Honolulu.

LULU: Honolulu?

ELMER: Zergatik ez?

LULU (hawaiiar antzean dantzan): Honolulu, Honolulu...

ELMER (luluren mugimenduei jarraituz): Honolulu, Honolulu.

LULU: Polita da, bai. Honolulu, Honolulu.

ELMER (hawaiiar antzean dantzan): Honolulu, Honolulu...

LULU (oso pozik): Elmer!

ELMER: Lulu! From Honolulu... Je,je!!! Lulu (ideia bat kontatu nahian): Elmer!

ELMER: From Honolulu.

LULU: Elmer!!!

ELMER: Hemen nago, bai...

LULU: Elmer! Horixe izango da gure izena!!!

ELMER: Elmer eta Lulu!!

LULU: Ez, ez, ez...! Honolulu!!!

ELMER: Honolulu? From Honolulu!

LULU: Ez. Honolulu.

ELMER (hawaiiar antzean dantzan): Honolulu, Honolulu...

LULU: Gaurtik aurrera, beraz, zu Hono izango zara.

ELMER: Je, je. Eta zu, Lulu?

LULU: Hori da, Hono eta Lulu.

ELMER: Horrek ez du balio. Zu bazara Lulu!

LULU: Marketina. Marketing kontua da. Ez hasi pitokeriekin, Hono!

ELMER: Ondo da, ondo da...

LULU (ikusleei): Honolulu gara gu!

ELMER: LuluHono gara gu!

LULU: Ez, Honolulu eta kito.

ELMER: Eta kito...?

LULU: Honolulu gara eta kito. Honolulu da esperimentuaren egileon izena, talde izena, korporatiboa, gure marka.

ELMER: A. oso izen pazifikoa.

LULU: Horrela guk ere propaganda lau haizetara zabalduko, aireratuko dugu!

ELMER(gustua hartzen dio): Propaganda!

LULU: Gure berri zabalduko dugu koloretako paperetan!

ELMER: Koloretako paperak, bai!

LULU: Ezin dugu gure esperimentuaren emaitza etxean gorde.

ELMER: Ez, ez, arren. Ui! Baina zein etxetan, baina?

LULU: Hementxe. Hauxe da gure etxea eta.

ELMER: Egia da, bai.

LULU: Hauxe da gaurko gure laborategia.

ELMER: Laboratzeko tokia.

LULU: Esperimentua gauzatzeko lekua.

ELMER (ikusleei): Eta zuek gure sagutxoak.

LULU: Kaiolan bueltaka dabiltzan sagutxoak.

ELMER: Norabide bakarrean bueltaka eta bueltaka.

LULU: Bueltaka eta bueltaka.

ELMER: Bueltaka!

LULU: Bueltaka!

 

(Biak bueltaka hasiko dira sagutxoak bezala, baina bat-batean zerbaitek geldituko du elmer, ikaraz berriz ere.)

 

ELMER: Aizu, gu ez gara sagutxoak, ezta?

LULU: Ez, arrazoi duzu, gu ez gara sagutxoak.

ELMER: Izan ginen, baina, sagutxoak.

LULU: Sagutxoak izan ginen, bai.

ELMER: Gogoan ditut garai haiek.

LULU: Baina sagutxo izatearen kontua... bukatu da! Akabo!!!

ELMER: Finish! The mouse moment is finished!

LULU: Adimenak bideak zabaldu dizkigu.

ELMER (super interesgarri antzera): Inteligentziak, alegia.

LULU: Jar gaitezen martxan. Ekin diezaiogun lanari. Hori bai, inteligentziaz.

ELMER: Adimenaz, alegia.

LULU: Lagin nahikoa jasota?

ELMER: Sagutxoei dagokionez, baietz uste dut. Eta zuk?

LULU (poteak harturik): Kontuz ibili. Ez dezala probetako bakar batek ere alde egin.

 

(Poteak usainduko dituzte.)

 

ELMER: Zer? Badugu nahikoa, beraz? Bagoaz hemendik?

LULU: Ez eta ez. Ezta pentsatu ere. Proba gehiagoren beharrean gaude. Pasa gaitezen hurrengo puntura!

ELMER (ezustekoa jasota): Beharrezkoa al da!?

LULU: Funtsezkoa, ezinbestekoa.

ELMER: Ai, ama...

LULU: Egin behar bada, egingo dugu.

ELMER: Baina gogora ezazu aurrekoetan gertatutakoa...

LULU: Ba, bai, ez dizut ukatuko. Ez da kontu goxoa inondik inora. Baina bigarren proba egin beharra dago.

ELMER: Baina plantoiarena gogora ezazu!

LULU: Onartzen dut, bai. (Ikusleei azalduz) Esperimentazioa hasi genuen lehen egunean plantoia eman ziguten.

ELMER: Hala da.

LULU: Leizean sartu ginen. Hura baitzen gure hitzordurako aukeratutako tokia.

ELMER: Leku hotza, hezea..., iluna., luzea..., etengabea., sakona.

LULU: Gure aurreneko sagutxoak alde egin zuen. Plantoia eman zigun.

ELMER (ikaraz): Ez edonola, gainera...

LULU: Sarrerari begira geunden biok, beldurrez.

 

(Musika. Argi aldaketa. Kobazuloa.

Momentu hartako eszena antzeztuko dute. Egoerarako prestatuko dira, buruko linternak piztuta.)

 

ELMER: Ba, ez dator.

LULU: Hala dirudi. Hemen behar zuen.

ELMER: Ba, ez dago.

LULU: Badakit.

ELMER: Zer?

LULU: Ez dagoela badakit.

ELMER: Nik ere bai.

 

(Kobazuloko sarrerari begira.)

 

ELMER: Ba, ez dator, e?

LULU: Hori ere lehen esan duzu. (Etena) Baina arrazoi duzu. Oso berandu da eta ez dator.

ELMER: Alde egingo dugu orduan?

LULU: Ezta pentsatu ere. Laginak behar ditugu.

ELMER: Baina, ez badator?

LULU: Ez dakit... Ba, pentsa ezazu beste zeozer! Ezin dugu esperimentuaren lehen ekinaldian esku hutsik alde egin. Pentsa ezazu zerbait.

 

(Biak urduri bueltaka pentsatzen hasiko dira. Orduan, ezustean, argi aldaketarekin haien itzal erraldoiak agertuko dira.)

 

ELMER (beldurrez): Ene! Begira! Begira ezazu!

LULU (sustoa hartzen du): Zer da hori?

ELMER: Ez dakit.

LULU: Zer ote da...? Ez diot itxura onik hartzen...

ELMER: Nik ere ez.

LULU: Mamuak dira?

ELMER: Dragoiak?

LULU: Munstroak...!!!???

ELMER: Ai, amatxooo...!!!

LULU: Abia gaitezen horra!

ELMER: Ez dut nahi!!

LULU: Goazen, bada. Ausardiaz egin behar diegu aurre.

 

(Beldurrak jota, kobazuloko sarrerara hurbilduko dira. Haien itzaletara gerturatu ahala desagertu egingo dira eta hasierako argiztapena bueltatuko da.

Hasierako tokira bueltan, musika mozten da.)

 

LULU (ikusleei): Eta horrela jaso genuen gure lehenengo plantoia. Itzal batzuen beldur... Gure itzalek ikaratuta.

ELMER (lotsaz): Je,je, panpinak edo izango ziren kanpoan zain genituenak.

LULU (segurtasun handiz): Baina gaurkoan ez da hori gertatuko, ezta gutxiago ere.

ELMER (aparte): Hala espero dut behintzat. Ez nituzke munstro horiek berriz ikusi nahi.

 

(Telefonoak jotzen du.)

 

LULU: Gure esperimentuaren hurrengo fasera goaz.

ELMER: Hurrengo fasera?

LULU: Bai horixe. Bigarren puntua!

ELMER: Ez al da goizegi izango?

LULU: Ez dugu galtzeko astirik.

ELMER: Baina, beharrezkoa al da, benetan?

LULU: Funtsezkoa, ezinbestekoa.

ELMER (ikusleei): Zuengatik sentitzen dut...

LULU: Hono.

ELMER (ikusleei): Kariñoa hartua dizuet eta...

LULU: Hono.

ELMER (ikusleei): Bai, benetan.

LULU: Honooo.

ELMER (ikusleei): Inoiz izan ditudan etxe-kiderik jatorrenak izan zarete.

LULU: Honoooo!!!

ELMER: Joooño! Ikaratu nauzu.

LULU: Hono!

ELMER: A, Hono... Eta zu Lulu.

LULU: Hono! Gupidarik gabe.

ELMER: Nola?

LULU: Ekin diezaiogun gupidarik gabe hurrengo puntuari.

ELMER: Begira, ba, ez dut nahi!

LULU: Baina, zergatik?

ELMER: Ba, izen horrekin ez naizelako kontzentratzen.

LULU: Ongi da. Elmer izaten jarraituko duzu.

ELMER (harro): Ados.

LULU: Baina gu, gu biok, gure marka, Honolulu!

ELMER (hawaiiar antzera dantzan): Honolulu, Honolulu! (luluk botatako begirada zorrotzak dantza moztuko dio) Gupidarik gabe, egia da, bai. Gupidarik gabe...

LULU (maletatik mikrofono bat aterako du): Horrela hobe. Ekin diezaiogun, gupidarik gabe, hurrengo puntuari.

ELMER: Hurrengo puntua...?

LULU: Galdeketa.

ELMER: Interrogation.

LULU (elmerri mikrofonoa emanez): Ekin!

ELMER (ekingo dio, baina geratuko da): Arazoa. The problem.

LULU: Eta orain zer duzu?

ELMER: Ezinezkoa dela.

LULU: Zergatik da ezinezkoa? Zer galdetu ez dakizu, noski.

ELMER: Ba, ez, ez dakit.

LULU: Ba, hori da funtsezkoena.

ELMER: Baina ez da hori.

LULU: Orduan, zer da?

ELMER: Hitz egiten ez dakitela.

LULU: Zer?

ELMER (ikusleak seinalatuz): Berba egiten ez dakite.

LULU: Nola ezetz? Bati baino gehiagori berbetan entzun diot.

ELMER: Edozein kasutan, sagutxoak direla esan diegu...

LULU: Eta ez dira, ala?

ELMER: Badira, bai. Horregatik. Sagutxoak direla esan diegu.

LULU: Eta?

ELMER: Sagutxoek ez dakitela berba egiten. Ez gure modura, behintzat.

LULU: Egia da, bai... big problem handia.

ELMER: Orain ezin diegu esan ez direla sagutxoak...

LULU: Ezta pentsatu ere! Bertan behera botako luke horrek esperimentua.

ELMER: Orduan? Zer? (Pozik) Joango gara beste edonora, ezta?

LULU: Nola?

ELMER: Alde egin dezakegula. ala! Beste nonbaitera!!! (Gauzak biltzen hasiko da)

LULU: Baina, zer diozu?

ELMER: Etorri bezala joan gaitezen, beste lekuren batera...!

LULU: Ezta pentsatu ere! Agian hauxe da gure lekua.

ELMER: Baina.. (luluri konfidentzialki) Sagutxoak dira...

LULU: Sagu bihurtu bezala... behi bihurtuko ditugu!

ELMER: A! Ondo, txatxi! Muuuuu! Muuuuu!!!

LULU: Arazo gainditua. Pasa gaitezen hurrengo fasera.

ELMER: Hurrengo puntua. Zein da hurrengoa?

LULU: Araketa.

ELMER: Araketa... Muuuu!! Je,je...

LULU: The exploration.

ELMER: The exploration.

LULU: Ez zaigu aurrekoan gertatutakoa gertatuko.

ELMER: Tamalez, ez.

LULU: Kobazuloan esperimentuaren saiakera egin ostean, sagardotegira joan ginen.

ELMER (kantatzen): Kupela, kupela... Muuuuu...

LULU: Sagu mordoa zegoen han bilduta...

ELMER (kantatzen): Kupela, kupela... Sagardoen hotela...

LULU: Probak hartu, galdeketa egiten hasi eta denek berdin erantzuten ziguten.

ELMER (kantatzen): Kupela, kupela... Zaindu ezan horrela...

LULU: Eta azkenean gu ere bai (Kantatzen) Kupela, kupela...

ELMER: Aizu, baina hori ez zen horrela izan.

LULU: Nola ezetz?

ELMER: Ba, ez. Kupeleko izaki hura izan zen. Kupel barnean bizi zen hura.

LULU (pikatuta): Ez zaitez zinikoa izan.

ELMER: Ez duzu gogoratu nahi.

LULU: Ez zait axola.

ELMER (Diogenesek kupelan Alejandrori lez): Tira, mugi hortik. Zu erdian egonik fokuek ezin naute ni argiztatu. Je,je...

LULU (haserre): Brrrr... aspaldiko kontuak gaindituta zenituela uste nuen. (Ikusleei, irribarrez) Baina gaurkoan toki aproposa aurkitu dugu! Eta ez dugu kale egingo.

ELMER (ikusleei): Kalera bidaltzen ez bagaituzue, behintzat.

LULU: Bizitzeko leku idealaren aurkikuntza egingo dugu gaur.

ELMER: Eta zuek, leku horren lekuko izango zarete. Lekuko.

LULU: Ez da etxetik urrunegi joan behar aurkikuntza garrantzitsuak egiteko.

ELMER: Bertan daude, zuen aldamenean. Etxean.

LULU: Aita-semeak tabernan daude, ama-alabak etxean.

ELMER: Jokoan?

LULU: Bai, baina etxean.

ELMER: Arrazoiarekin edo gabe, zu beti etxekoen alde.

LULU: Nire aitaren etxea defendituko dut!

ELMER: Bertatik?

LULU: Etxean ez bada, igogailu batean izango da.

ELMER: Edo estoldetan, iturgina lanean ari ez denean.

LULU: Edonon.

ELMER: Eta agian, hemen.

LULU: Hementxe bertan! Momentu ahaztezin eta historikoaren lekuko izango zarete.

ELMER: Leku-ko.

LULU: Bizitzeko toki idealaren aurkikuntza egingo dugu.

ELMER: Aizu, barkatu, barkatu. Gauzatxo bat... Hurrengo fasera igaro aurretik, une historiko eta ahaztezin hori bizi baino lehen, galdera bat egin diezazuket?

LULU: Zein galdera mota?

ELMER: Pertsonala.

LULU: Hemen, denen aurrean?

ELMER: Pribilegioa da, aizu!

LULU (hasperenez): Ondo da... Zer?

ELMER: Aurkikuntza egingo bagenu.

LULU: Egingo dugu.

ELMER: Ba, aurkikuntza egiten dugunean, zer egingo duzu zuk?

LULU: Nik? Bizi! Zer egin behar dut, bada... Bizi!

ELMER: Baina hara iristeko momentuan bertan, hain justu, leku idealera iritsi eta orduan,jarraian, zer egingo duzu?

LULU: Idatzi.

ELMER: A, idatzi.

LULU: Idatziko nuke, bai.

ELMER: Eta... Zer idatziko zenuke?

LULU: Gutunak.

ELMER: Gutunak.

LULU: Gutunak, bai.

ELMER: Gutunak. A. Ondo. Eta. nori?

LULU: Sekretua da hori.

ELMER: Sekreturik ez dago, baina.

LULU: Aurkikuntza egindakoan izango da.

ELMER: Sekretua bai, idatzitako gutunak botilan sartu eta itsasora botako zenituzke orduan, ezta?

LULU: Ez. Bertan itsasorik ba ote den ere ez dakit.

ELMER: Orduan?

LULU: Nire maiteari postaz bidaliko nizkioke.

ELMER (itxaropentsu): Ba, idatz ezazu orain.

LULU (pentsatu ostean): Idatziko dut, bai. Zergatik ez? Idatziko dut. (Maletatik “Olivetti”-a atera eta idazten hasiko da)

ELMER: Idatzi, idatzi lasai.

LULU: Hori da. Ezin dut orria bete gabe utzi.

ELMER: Ez horixe, ez ezazu orria bete gabe utzi. Idatzi, idatzi.

LULU: Bete gabeko orriak pisu ikaragarria du. Sorbaldan harria daramanaren zama, astoaren karga mugiezina.

ELMER: Jasanezina.

LULU: Bete gabeko orria ez delako orria. Bete gabeko orria ez delako zuria.

ELMER: Bete ezazu, orduan, lasai.

 

(luluk idazten duen bitartean elmerrek kuriositatez idazten duena irakurri nahi izango du, bat-batean luluk idazteari utzi arte.)

 

LULU: Ez dakit bere helbidea.

ELMER: Zure maitearen helbidea ez dakizula? Beno, beno, baina zu, ze maitale klase zara zu?

LULU: Hara iritsi arte ez dut jakingo.

ELMER: A.

LULU: Eta zuk?

ELMER: Nik zer? A, ez, ez. Inola ere ez! Ezta pentsatu ere, ez dut nire maitalearen helbiderik emango.

LULU: Ez. Zer egingo zenuke zuk hara iritsitakoan?

ELMER: Ez dakit. Horregatik galdetu dizut zuri.

LULU: A.

ELMER: Pixka bat pentsatu nahi nuen, besterik gabe.

LULU: Pentsatu egin nahi zenuen.

ELMER: Pixka bat.

LULU: Ni ere pentsatzen aritu naiz.

ELMER: Ez esan.

LULU: Ez dakit lekuarekin asmatu ote dugun.

ELMER: Zergatik?

LULU: Bankuekin pentsatu dudalako.

ELMER: Lapur hutsak, bai.

LULU: Beste bankuez ari naiz, kale eta parkeetako eserlekuak.

ELMER: Kaleko eserlekuak guretzat? Ze hotza. Gainera han eserita daudenek ere lekua abandonatzen dute beti.

LULU: Horregatik. Begira iezaiezu. Abandonatuta beti...

 

(lulu eta elmer orain kaleko banku baten eserita dagoen agure bikotea izango dira. Ikaratuta daudela dirudi. Aurrera begira daude, ez dakigu zeri.)

 

LULU: Joango al gara gu ere?

ELMER: Itxoin, itxaron pixka batean.

LULU: Ordu erdi daroagu itxoiten.

ELMER: Zaude pixkatxo bat gehiago.

LULU: Zenbat gehiago?

ELMER: Ez dakit, baina pixka bat gehiago.

 

(Aurrera begira jarraituko dute, urduri, biek.)

 

LULU: Ikusi al dituzu? Oso beroki dotoreak dituzte...

ELMER: Ikusi ditut, bai.

LULU: Ai, ene, eta barre egiten badigute.

ELMER: Batek daki...

LULU: Hobe genuke alde egin.

ELMER: Egon pixka batean, egon pixka batean...

 

(Aurrera begira jarraitzen dute, urduri, biek.)

 

LULU: Nor etorri den ikusi duzu?

ELMER: Ikusi dut, bai.

LULU: Eta gu, ez al gara joango...?

ELMER: Zaude, zaude pixka batean...

 

(Aurrera begira jarraituko dute, urduri, biek.)

 

LULU: Denak sartu dira. Joango gara?

ELMER: Tira, goazen, goazen, bada.

 

(Aurrera ikaraz ibiltzen doazela, agure izateari utzi eta berriz ere lulu eta elmer dira.)

 

LULU: Eta joan ziren, bai. Baina kontrako bidea hartu zuten, antza.

ELMER: Eta han utzi zuten eserlekua. Abandonatuta.

LULU: Eta joan ziren. Ez dakigu nora.

ELMER: Eserita dagoenak ere eserlekua abandonatu beharko duelako beti.

LULU: Begira, abandonatutako eserlekua.

 

(Berriz ere bankuan eseriko dira, baina orain maiteminduta dagoen nerabe bikotea dira. Parke bateko bankuan eserita, barretxo tontoekin...)

 

ELMER: Hmmmm.

LULU: Eeee...?

ELMER: Je!

LULU: Jeee!

ELMER: Je, je, je!!!

LULU: Ji,ji,ji.

 

(Etena egingo dute, aurrera begira, elkarri begira, urduri, irribarretxo tonto gehiagorekin...)

 

LULU: Ai...

ELMER: Ai!

LULU: Ai, ai, ai, ai...

ELMER: Ai, ai, ai.

LULU: Ai!

ELMER: Ai...

 

(Etena egiten dute, aurrera begira, elkarri begira, urduri, irribarretxo tonto infinituekin...)

 

ELMER: Beno.

LULU: Beno, beno.

ELMER: Beno, beno, beno...

LULU: Beno, ba!

 

(Bankutik altxatuko dira, bakoitza bere aldetik joateko. Buelta eman eta lulu eta elmer izango dira berriz ere.)

 

LULU: Eta badoaz.

ELMER: Eserlekua abandonatuta utzirik.

LULU: Ez dago abandonatu berri den banku baten moduko irudi tristeagorik.

ELMER: Hasieran batzuk eta bukaeran besteak, baina eserlekua abandonatuta beti.

LULU: Zerbait hasten da, beste zeozer bukatu delako.

ELMER: Eta zerbait bukatzen da, beste zeozer hasten delako.

LULU: Baina azkenean, badago beti abandonatuta denik.

ELMER: Eta baita abandonatutako zerarik.

LULU: Tabako pakete hutsak abandonatzen dira.

ELMER: Kalimotxo botilak ere, abandonatzen dira.

LULU: Egia da. Bart, larunbata, zabor artean, kalimotxo botila erdi hutsik bota dute. Igande goizeko eguzkiak plastikoa berotu du eta bi litroko coca-cola botila epel bat dago.

ELMER: Kalimotxoaren gasa izpien artean desegin da.

LULU: Harekin batera etiketaren kolore gorriak ihes egin du, kale gorritik, hauts artean. Zabor artean galdu da botila, abandonatuta.

ELMER: Kakarekin batera sakabanatuta.

LULU: Ahaztuta.

ELMER: Eta orduak daramatza agureak, preso bezala, hesiaren beste aldean makila eskuan duela.

LULU: Zaporerik gabeko botila hartu eta edan nahian, harrapatzekotan da, hauts artean, agurea, ahaztuta.

ELMER: Abandonatuta.

LULU: Abandonatuta utzi dugu guk hirugarren eta azken puntua!

ELMER: Botilan sartuta, zure gutunekin batera?

LULU: Ez, berton. Araketa!

ELMER: Azken puntua, bai.

LULU: Azken puntua!

ELMER: O, o... Egon, egon... Eta zuk diozun bezala, bizitzeko leku idealaren aurkikuntza gaur egingo bagenu, hauxe litzateke azken puntua?

LULU: Azken puntua, bai.

ELMER: Azken puntuaren azken puntua, orduan.

LULU: Azken puntuaren azken puntua, bai.

ELMER: Baina azken puntuaren azken puntua, azken puntua da!

LULU: Halaxe da. Punto finale!!!

ELMER: Ai, ene, puntuak, puntuak!

LULU: Zer dute puntuek?

ELMER: Lulu, gu ere puntu al gara? Esperimentuaren puntuak gara, ezta?

LULU: Jakina baietz, ezinbesteko puntuak, gainera. Sagutxoekin batera, noski.

ELMER: Ai, ama, puntuak!

LULU: Zer, Elmer?

ELMER: Oso ahulak dira puntuak, Lulu. Putz eginez soilik badoaz.

LULU: Hori da arriskutsuena.

ELMER: Oso arriskutsua, bai.

LULU: Puntuaren norabidea arriskutsua da.

ELMER: Puntuaren norabidea?

LULU: Horrek mundua alda dezake.

ELMER: Numeroak eta letrak goraipatzen dira beti. Baina zer gertatzen da puntuekin? Ez al zaio puntuari merezi duen omenaldia egin behar?

LULU: Elmer, Elmer... Puntua tirano hutsa da!

ELMER: Tiranoa?

LULU: Erritmoa behartzen du beti. Puntuen tiranian bizi gara.

ELMER (ikaraz): Puntuek esaldiei babesa ematen diete...

LULU (zakar): Puntuen tiranian bizi gara. Eta punto!

 

(Etena, isiltasuna.)

 

ELMER: Ba, ez dut nahi.

LULU: Inork ez du nahi, baina hala da!

ELMER: Hala da, hala da. Baina noiz arte?

LULU: Lekua aurkitu arte.

ELMER: Non dago, baina? Herenegun leizean, atzo bankuan, gaur hemen, eta bihar?

LULU: Auskalo.

ELMER: Auskalo! Teoria sinplea hautsaren hautsarena.

LULU: Elmer...!

ELMER: Lulu, hala da. Puntutik puntura, baina noraezean beti.

LULU (laguna animatu nahian): Horrela da, baina, batzuetan gora eta gora egiten dugu.

ELMER (ironiko): Bai, goranzko bidaia amaigabea, ezta?

LULU: Eta lurrera ere begiratu behar da, oinak harea artean ditugula.

ELMER: Hori da, hain zuzen ere, nik esan nahi dizudana.

LULU (ez du laguna entzungo eta bere teoriarekin jarraituko du): Batzuetan mendebaldera goaz, haren bila. Eta beste batzuetan iparraldera egiten dugu!

ELMER: Lulu.

LULU (ez du laguna entzuten): Edota hegoaldera goaz gaur eta ekialdera bihar, handik hona, noraezean... (Euforiaz betetzen joango da bankura igoaz) Goazen, Elmer, goazen!

ELMER (erdi negarrez): Lulu, Lulu...

LULU: Goazen, Elmer! Tira, zatoz! Aurkituko dugu! Goazen... (elmerrek, lur jota, luluri behetik begiratuko dio) Ez etsi, bidean aurrera egin. Jarrai ezazu aurrera eta, orduan, pasabide luze bat zeharkatuz etxolak ikusiko dituzu ezkerrean eta etxe-orratzak eskuman. Aurrera egiterakoan atzera begira ezazu eta aldapan gora goazela agur egin azpian geratu direnei. Agur! Agur! Agur! Zenbait pauso eman eta topo egingo dugu etxeko ate handiarekin. Etxeko atarian gaude, Elmer! Zatoz, sartu barrura! Ongi etorri gure lekura! Ongi etorri gure bizira! Hormekin kontuz ibili, baina, kolperik jaso gabe. Hormak gogorrak dira, Elmer. Sartu, sartu barrura. Eta bagoaz eskaileran gora azken solairura. Gorako bidean zure oinen indarra ez utzi, ez galdu, Elmer. Hartu ezazu indar putzua, puztua!!! Berarekin gora egin, indarrez. Zer dago goian? Hara! Ganbarara iritsi. Hemen, ganbaran, gure zain, tximinia. Tximinia! Baina argi ibili, tximiniatik zerura irten gabe. Hodei artean hegalean zabiltzanean ez zaitez urrunegi joan. Eguzkira gehiegi hurbildu gabe, erreko zara bestela!

 

(Isiltasuna. lulu banku gainean geratu da, airean bezala, bere istorioarekin hegan egiten. elmer, berriz, lurrean etsita.)

 

ELMER (serio): Eta ez badago?

LULU: Ez badago zer?

ELMER: Lekurik.

LULU: Zer diozu?

ELMER: Lekurik ez badago?

LULU: Eguzkian ere egingo digute lekutxoa, zaude lasai.

ELMER: Lekua, lekua bera, inon ez bada?

LULU: Nola ez da egongo, ba?

ELMER: Existitzen ez bada?

LULU: Zer diozu?

ELMER: Dena da posible.

LULU: Baina hori ez da posible.

ELMER: Posible da.

LULU: Ez da posible!

ELMER: Posible da.

LULU (etsita): Posible da...? (Bankutik jaitsiz, ametsetik esnatu berria) Non gaude, Elmer?

ELMER: Ez dakit.

LULU (inguruari ikaraz begira): Sagutxoek entzuten al dute?

ELMER: Ez dakit.

LULU: Norekin hitz egingo dugu, orduan, inork entzuten ez badu?

ELMER: Ez dakit.

LULU: Bihar inork ez du atzo gogoratuko, eta gaur da inork aditzen ez duen eguna.

ELMER: Eta bihar? Inork entzuten ez duenean norekin hitz egingo dugu orduan, inork entzuten ez badu?

LULU: Ez dakit. (Lur jota) Arrazoi duzu, posiblea da...

ELMER: Dena da posible.

LULU: Posible da dena.

ELMER: Dena?

LULU: Den-dena.

ELMER: Den-dena. (Itxaropentsu) Eta Viena?

LULU: Biona!?

ELMER: Viena.

LULU: Biena?

ELMER: Bai, Viena esate baterako.

LULU (itxaropena apurka agertuaz): Viena...

ELMER: Vienako jauregi dotorea.

LULU (itxaropentsu): Nola?

ELMER: Vienako jauregi dotorea!

LULU: Zelai berdez inguratuta dagoen jauregi horietakoa?

ELMER: Besaulkian hildako liburua dagoena.

LULU: Mila leiho dituen aretoa duena?

ELMER: Bai! Eskaleak bertako teilatuetan bizi dira.

LULU: Ai, ai, ai, bertan, umeek ganbaran jolasten dira, ai!

ELMER: Pasabide ilunetik aurrera egin eta, ai, heriotzarako pianoa.

LULU: ...eta neska-mutilak urdinez margotzen ditu.

ELMER: Ilargizko ohean dortokak dantzarekin egiten du amets.

LULU: Eta disekatutako usoen basoa, ai, oso gertu dago.

ELMER: Ai, ai,joan gaitezen jauregira.

LULU: Ai, goazen dantzan, bai...

ELMER: Jantzi ditzagun mozorroak eta joan gaitezen dantzan!

LULU: Ai, ai! Goazen hara, goazen, bada.

ELMER: Goazen, bada, dantzan!

 

(Valsa dantzatzen, etorri diren lekutik doaz, badoaz,

valsa dantzatzen beste leku baten bila...)