25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
EHAZE, 2021
25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
EHAZE, 2021
[aurkibidea]

 

Adarretatik zintzilik

 

 

Adarretatik zintzilik antzezlana
2015eko azaroaren 13an estreinatu zen
Berako Bidaxka ostatuan.

 

 

Lantaldea

 

Testua: Galder Perez eta Ane Zabala

Antzezleak: Ane Zabala eta Galder Perez

Zuzendaria: Kerra Gabikagogeaskoa

Argiak & teknikariak: The Kuņaus

Jantziak: Gilkitxaro

Off-eko ahotsa: Joxe Juan Ugalde

Kartela: Gontzal Gutierrez

 

 

 

(Eszenatokiko ezkerraldean adar beltzak eta, haietatik zintzilik, argazki zaharrak. Erdian, XM2 kohetea, astronauta kaskoak eta aulki espazialak. Eskuman, mahaia, ardo botila eta bi baso.

ane eta galder sartuko dira, astronauta antzean jantzita.)

 

ANE: Aupa denoi!

GALDER: Arratsalde on!

ANE: Tira, ba, iritsi da abiatzeko momentua...

GALDER: Lehenengo euskal espedizioa gara. Ohorea, itzela, handia.

ANE: Eta ardura, e! Ardura itzela eta handia. Ez pentsa sateliteak garenik.

GALDER: Gure orbitan zaudetelakoan gaude,jakina.

ANE: Ea ez garen hegaldian gehiegi desbideratzen.

GALDER: A, portzierto, berri txarrak...

ANE: Ez dugu Sold out kartela eskegi?

GALDER: Hainjustu.

ANE: Ja, gu ez gara mainstream?

GALDER: Kohete esperimentala, badakizu...

ANE: Enfin. Gure bidean joateko prest?

GALDER: Motorrak martxan jartzeko prest, bai!

ANE: Pilotu automatikorik gabe?

GALDER: Eta kontrolik gabe!

ANE: Etxekoei dedikatuta!

GALDER: Hemendik, Bilbotik, agur Lur zahar maiteari!

ANE: Bagoaz!!

 

(Play sakatuko dute. Astronauta kaskoak jantziko dituzte.

Musika galaktikoa entzungo da. Espazio-ontziekin jolastuko dira. Halako batean, musika moztu eta “Zorionak zuri” entzuten da.

Isilune baten ostean, kaskoak kendu eta serio egingo diete berba ikusleei.)

 

ANE: 1975. urtean jaio ginen.

GALDER: Bai, 1975, urte historikoa... Hain zuzen ere, e... Zera hil zen urtea, e...

ANE: Gabriel Aresti! Aresti hil zen urtea.

GALDER: Hori da. Bera joan eta gu etorri.

ANE: Portzierto, antzeztu genuen lehenengo obra, Arestirena.

GALDER: Egia da. Zenbat urte pasa dira?

ANE: Gehiegi.

GALDER: Nik abadearena egiten nuen lan hartan.

ANE: Nik putarena.

GALDER: Nik, gerora, askotan egin dut abadearena.

ANE: Nik aldi horretan izan dut soilik putaren pertsonaia.

GALDER: Ez naiz antzerkiaz ari, esan nahi dut bizitzan askotan egin dudala abadearena.

ANE: Bai, zera, nik... Bueno... 1975. urtean jaio ginela da kontua.

GALDER: Eta kontuak ateratzen badituzue, aurten... berrogei urte bete ditugu.

ANE: Eta,jakina, krisian gaude.

GALDER: Krisialdi sakona.

ANE: Atzo goizeko lorea ez zarela ohartzen zara.

GALDER: Ispiluan begiratu eta kopeta izugarri hazi zaizula ohartzen zara.

ANE: Zu gazte-gazte geratu zinen burusoil.

GALDER: Bai, baina orain dudan hau burusoiltasun existentziala da.

ANE: Ja, eta horretarako pelukarik ez.

GALDER: Ba, ez...

ANE: Pena.

GALDER: Pena handia, bai. Gaur, gustura mozkortu eta gero, opari, aste osorako aje itzela duzu.

ANE: Orain obulu sanoak dituzula, horiek ahalik eta azkarren kongelatzeko azken aukera duzu.

GALDER: Sartu dituzu kongeladorean?

ANE: Ez. Purea eta izotza soilik daukat.

GALDER: Pena.

ANE: Pena handia. Umetatik kontrakoa esan baziguten ere, ez gara deus.

GALDER: Berrogei urte eta ez senar ez emazterik ere.

ANE: Hori bai, bide eredugarriari jarraitu genion. Dena gure esku izango genuen belaunaldikoak gara.

GALDER: Berrogei urte eta lan finkorik ez.

ANE: Lizentziatura lortu genuen arren, ezer ez.

GALDER: Berrogei urte eta seme-alabarik ez.

ANE: Lizentziatura eta diplomaturak, ordea, bai.

GALDER: Berrogei urte eta ez hipoteka ezta auto propiorik bez.

ANE: Eta baita masterra ere. Ongi prestatu gintuzten, antza, baina.

GALDER: Baina ereduarentzat, gureak alferrikako berrogei urte. Ez gara ezta bankuarekin ezkontzeko kapaz izan. Atera kontuak, hortaz!

ANE: Eta orain hementxe, holantxe, ustezko etorkizun perfektua planifikatu eta gero, ba, bizitza honetan, besterik gabe, egonean gaude, aizue.

GALDER: Eta bitxia da; amaren titia berrogei urte atzera geratzen zaigun honetan, txikitako garaiak argitasun berezi batez agertzen dira.

ANE: Bai, ezta? Inoiz baino hobeto gogoratzen ditut ume garaiak.

GALDER: Bizitzaren azken atalerako bidean gaudelako.

ANE: Hain ondo gogoratzen dut, adibidez, gure etxera koloretako aurreneko telebista nola iritsi zen. Eta garaiotan horrek ia pentsaezina dirudi, denok plasma telebista laua baitugu.

GALDER: Tira, gaur egun denak izan behar du laua.

ANE: Lautasunaren garaia, bai.

GALDER: Telebistak, telefonoak, eta ordenagailuak, eta etxeko lurzoruak eta hormak eta... eta baita giltzak ere, lauak!

ANE: Denak izan behar du ispilua bezain laua.

GALDER: A, eta tripak ere, noski. Tripak telebista bezain laua izan behar du ezinbestean!

ANE: Biribiltasuna zen lehen edertasuna.

GALDER: Eta botoiduna. Lehen guzti-guztia botoiez beterik zegoen.

ANE: Orain, ordea, botoirik ez, dena da ukitzeko eta ez gogoz sakatzeko.

GALDER: Beitu, botoiak ere aspaldi borobilak ziren.

ANE: Botoi karratuak iritsi zirenean, akabo biribiltasuna.

GALDER: Dena eta denok bilakatu ginen karratu eta lau.

ANE: Beste garai haietan 70eko eta 80ko hamarkadetan, botoiak sakatzen genituen... taka-taka-taka! Olivetti belaunaldikoak gara.

GALDER: Nik olivettiarekin idatzi nituen eta gero kalko orriekin banatu lehenengo antzerki testuak. Fotokopiagailua luxua zen orduan!

ANE: Horiek benetako kopiak ziren! Ez gaurko inprimagailu hotzek inongo sentimendurik gabe botatzen dituztenak.

GALDER: Beroa behar genuen, gerra hotzaren mehatxupean bizi baikinen. Estatu Batuak eta Sobietar Batasunaren arteko konfrontazioaren erruz, bazirudien egunen batean denak eztanda egin behar zuela. Bum!

ANE: Benetako eguneroko eztanda, hiria zen. Bilbo gure kasuan, eguneroko eztanda grisa eta marroia.

GALDER: Errekak egunero kolore eta usain ezberdina zeukan.

ANE: Usain eta kolore aluzinagarria zutenak erreka ertzean Euskaldunako langileek egindako barrikadak ziren!

GALDER: Baina agintarien lasaitasunerako, koloretako telebistan egunero Juan Pablo ii.a zuri-zuri agertu ohi zen, lurrari muxu ematen.

ANE: Ai, Loiola bisitatu zueneko irudiak grabatuak ditut.

GALDER: VHSn? Edo Betan?

ANE: Ez, memorian. Momentu ahaztezinak. Une baketsu eta lasaigarriak.

GALDER: Baina Juanpari esker lasai lo egiten hasi ginenean, Michael Jacksonekin amesgaiztoak izaten hasi ginen.

ANE: Michael beltz sanoa zen oraindik, ordurako ez zen erreka bezala bere kolorearekin gauza arraroak egiten hasi.

GALDER: Bai, Nocilla kolorekoa zen oraindik, egia. Baina bere bideoklipaz ari naiz, Thriller. Ikusten genuen aldiro praketan kaka egiten genuen.

ANE: Niri Margaret Thatcherrek eta Felipe Gonzalezek beldur handiagoa ematen zidaten...

GALDER: Eta Ronald Reagan, Jose Antonio Ardanza... Eta Gremlinsak?

ANE: Txorrada!

GALDER: Beno, igual, baina haiei esker pizzak ezagutu genituen. Orduan filmetako jaki esklusiboa zen pizza, oso gauza modernoa, kiwia bezain modernoa.

ANE: Eta umetan txapak eramatea? Hori zen, bai, moderno sentitzea! NATOren kontrako txapa paparrean eta Geyperman soldadua eskuan.

GALDER: Nuklearrik ez kamisetan, eta karpetan Tele Indiscretaren pegatak.

ANE: Euskaraz eta kitto oihukatu, eta Parchisen abestiak ondo ikasi gero.

GALDER: Lemoiz gelditu esan, baina benetan Nocilla gura.

ANE: Herri bat gara aldarrikatu eta Super Popen azken alea korrika erostera joan.

GALDER: Alde hemendik behin eta berriz errepikatu, Magia Borrasek horretarako balio ez zuela ohartu arte.

ANE: Martxa eta borroka, eslogan onena! Praktikatzen jarraitu izan dugun bakarra, behintzat.

GALDER: E, eta jaiegun guztiak?

ANE: Nola jaiegunak, Olentzero? A, ez, la Constitucion y la Pilarica?

GALDER: Ez, ez. Ikastoletako jaiez gain, beste egun horiek guztiak. Euskarari bai!

ANE: Egin Eguna.

GALDER: Aek Eguna.

ANE: Aberri Eguna.

GALDER: Gazte Eguna.

ANE: Emakumeon Eguna.

GALDER: Dantzari Eguna.

ANE: Gudari Eguna.

GALDER: Alfabetatze Eguna.

ANE: Euskal eskolen Eguna.

GALDER: Sexu askapenerako Eguna.

ANE: Nafarroaren Eguna...

GALDER: Intsumisio Eguna.

ANE: Langileon Eguna, Kili-kili Eguna... Denetarako egunak.

GALDER: Zertarako balio dute egun horiek guztiak, baina?

ANE: Mozkortzeko!

GALDER: Orduan, egun bat falta da zerrenda horretan.

ANE: A... Alderdi Eguna.

GALDER: Ez, ez... Gure historiak akats historikoa izan du. Merezimendu guztia merezi duenari ustezko euskal jendarte solidarioak ez dio sekula egunik eskaini.

ANE: Juan Pablo ii.aren Eguna?

GALDER: Ez! Prezinto Eguna...!

ANE: Egia da...! Zer litzateke herri honetaz prezintorik gabe.

GALDER: Nola eutsi hainbeste pankarta, kartel eta balderi?

ANE: Horrenbeste txosna, soineko eta kaņerori?

GALDER: Herri honek prezintoarekin daukan zor potoloa kitatu beharko luke ahalik eta azkarren.

ANE: Egin diezaiogun behingoz prezintoari gorazarre.

GALDER: Gaitzesgarria guztiz iruditzen zait orain arte herri honek prezintoarekiko izan duen jarrera mutua.

ANE: Etsigarria erabat. Prezintoari egia zor diogu.

GALDER: Espero dugu Ezenarro andereak gure eskaria kontuan edukitzea.

 

(“Gora eta gora Euzkadi” entzun eta prezintoari omenaldia egingo dute. Dantzan egin eta prezintoarekin ahoa estali.)

 

GALDER: Zelan?

ANE: Askoz hobeto bibotea kenduta.

GALDER: Baina hau ez da gure lehenengo dezepzio potoloa izan. Tira, gauza batzuetan asmatu zuten, etxean esaten baitziguten ez genuela derrigorrezko soldadutzarik egin behar izango. Eta asmatu zuten, intsumisioari esker. Baina.

ANE: Baina etxean ere esaten ziguten eztei-bidaia Ilargian ospatuko genuela. Ilargian...!

GALDER: Ilargian!

ANE: Helmuga: Ilargia!

GALDER: Eta horrek zer esan nahi zuen? Ezkontzeko adina genuenerako espazio-ontziek ohikoak izan behar zutela! Ryanair to the Moon.

ANE: Hori bai benetako Honey Moon.

GALDER: Espazioko piratak izango ginela sinetsi genuen.

ANE: Atomikoa pentsatze hutsa! Irentsi genuen Jupiterren gaupasa egingo genuenaren kontua.

GALDER: Martera joango ginen Gorrien Eguna ospatzera!

ANE: Orionen estropada espazialetan arituko ginen!

GALDER: Adonis asteroideari, yeah, eta zuri, Pluton, hor konpon!

ANE: Saturnoko eraztunen maratoietan parte hartuko genuen!

GALDER: Inozook, sinetsi genuen...

ANE: Eta suposatzen dut horregatik ez garela ezkondu. Eztei-bidaia Kanarietan edo Balin egiteko... Ilargiaren aldean.

GALDER: Eta ezer ez. Hementxe jarraitzen dugu, ezkongabe eta espazio-ontzirik hartu gabe, Lurra deitzen zaion planeta ziztrin honi iltzatuta.

ANE: Ziria sartu ziguten.

GALDER: Etsigarria. Gure ametsak sinpleegiak ziren beharbada, eta horregatik ez ginen pertsona bezala duintasunez garatu.

ANE: Bai, ze, imajina ezazue; garai batean nire amets eta obsesio bakarra kromo bildumak garaiz bukatzea zen. Lulú y sus amigos eta beste bildumetako kromoak... Igande eguerdi guztietan Plaza Berrira joaten ginen kromoak aldatzera.

GALDER: Hara, nik izan dudan lagunik onenetakoa Plaza Berrian egin nuen.

ANE: Kromoak aldatzen?

GALDER: Ez, maskoten postu batean, zera... Rufino Palmera.

ANE: A, Rufino.

GALDER: Bai, arrain laranja horietako bat erosi zidaten gurasoek. Arrainontzi borobilean.

ANE: Ikusten? Gauza onak borobilak ziren. Orain arrainontziak karratuak dira.

GALDER: Gurea borobila zen, eta hantxe zebilen gure arraintxoa, igerian pozik, bere estilo propioarekin, Rufino Palmera handia! Tira, txikitxoa, baina handia.

ANE (nabarmen gaiaz aldatu nahian): A, beno eta akordatzen naiz ere nola behin...

GALDER (mozten dio, berearekin jarraitu nahi baitu): Eta ez pentsa edonolako arraina zenik, e? Ondo zaintzen jakinez gero, arrain laranja horiek urte mordoa bizi daitezke.

ANE: Beno, ez dakit nik, ba... Halako arrainontzi laranja txiki batean.

GALDER: Bai, bai. Gure Rufino Palmerak, bederatzi edo hamar urte eman zituen gure artean!

ANE: Ai, Galder...

GALDER: Zer, inbidia, ala? Ondo zaintzen nuelako da hori. Maitasuna ematen nion.

ANE: Galder...

GALDER: Konfesioa egin behar dizuet. Begira, nik batzuetan, ezkutuan, gurasoek jakin gabe, urez betetzen nuen bainera eta hantxe, urez betetako bainera handian askatzen nuen Rufino Palmera, ozeanoan igerian bezala libre senti zedin.

ANE: Galder, baina nola beteko ditu bederatzi urte...

GALDER: Igual hamar, e? Ez dakit ziur.

ANE: Beno ba, hamar urte. Nola beteko ditu hamar urte Plaza Berrian erositako arrain laranja ziztrin batek?

GALDER: Aizu, Rufino ez zen ziztrina, e?

ANE: Beno, barkatu, baina hamar urte?

GALDER: Inbidia duzu.

ANE: Zerena?

GALDER: Ba zuk ez zenuelako arrain laranjarik izan.

ANE: Izan nezakeen eta gure amak edo aitak ere urtean behin aldatuko luke.

GALDER: Aldatu zer, kromoak?

ANE: Ez! Arraina!

GALDER: E?

ANE: Ba, horixe. Zure gurasoek urtean behin-edo aldatzen zizutela arrain laranja!

GALDER: Zer ari zara esaten?

ANE: Egia.

GALDER: Inbidiak akabatuta zaude, gero, e!

ANE: Ze inbidia eta ze... Denok dakigu Rufino Palmera bederatzi urt.

GALDER: Hamar...!

ANE: Beno ba, hamar. Hamar urtetan, hamar Rufino Palmera egon ziren. Arrain laranja guztiak berdin-berdinak dira. Hortaz, bata hil eta jarraian gurasoek beste batengatik ordezkatzen zuten. Horrela bederatzi urt.

GALDER: Hamar!

ANE: Hamar urtez, bale! Eta hamazazpi urte bete zenituenean, hamazazpi!, ba, gurasoek Rufino Palmeraren galera gainditzeko prest zeundela uste zutenean, Plaza Berrian arrain laranja berriak erosteari utzi zioten!

 

(Isilunea.)

 

GALDER: Broma da, ezta?

ANE: Ez, ez da broma.

GALDER: Uff...

ANE: Benetan ez zenekiela?

GALDER (lurjota): Esan ez dela egia.

ANE: Egia da, bai. Baina zelan ez zara orain arte konturatu?

GALDER: Joder, flipatzen ari naiz. Oseake, gezur handi batean bizi izan naiz beti.

ANE: Ba, bai. Espazio-ontzia, Marte eta Ilargiko kontua bezala, dena gezurra.

GALDER: Hau, igual, gogorragoa da, e?

ANE: Benga, benga, ez gaitezen orain horrekin nahastu... Joe, bazenekiela imajinatzen nuen, benetan.

GALDER: Ba, ez, ez.

ANE: Zure kabuz konturatuko zinela edo.

GALDER: Ba, ez, ez.

ANE: Hobe egia jakin gezur handi batean bizitzea baino, ezta?

GALDER: Zer dakit nik zer den hobea...

 

(Isilunea.

galder minduta aldenduko da.)

 

ANE (laguna laztanduz): E...

GALDER: Bueno, intimitate pixkatxo bat, arren!

 

(Isilunea.)

 

ANE: Hau, hau bai, ona! Begira zer ekarri dudan.

 

(anek walki-talkie funtzioa egiten duten hariari lotutako jogurtak aterako ditu.)

 

GALDER (pozez zoratzen): Ala! Yoplait!

 

(Zazpi urte bete berri dute biek. Jogurt-talkiekin komunikatuko dira.)

 

ANE: Eo!

GALDER: Eo. Zorionak, e!

ANE: Zuri bebai.

GALDER: Zer oparitu deutsue?

ANE: Bolak irensten dabezan hipopotamo batzuk, Enredos... Hori da lurrean ipinten diren koloretako borobil pila eta hor eskuak eta oinak jartzen dira. Eta kroketak, palotek, txorizo pamplona... eta Alpino margoak.

GALDER: Nik nahiago dot Plastidecor. Ba, niri, azkenean, Kliken pirata barkua. Hori ya apurtxo txikerrentzako da. Nik nahiago neban He-Man eta Skeletorren gaztelua.

ANE: Ya. Nik bebai Monopoly gure neban, baina...

GALDER: Zer ingo dozu gaur?

ANE: Igual zinera joango gara.

GALDER: E,joan E.T. ikustera!

ANE: Ondo dau?

GALDER: Pasada bet da. Heltzen da espaziotik E.T., espaziontzi super handien eta Ellioten lagune egiten da.

ANE: Baina zer da martxianoa?

GALDER: Bueno, beste planeta batekoa.

ANE: Ala... Ta espaziontzian?

GALDER: Super handie eta argi pilo bategaz...

ANE: Baina beldurre emoten dau?

GALDER: Keba, super polite. Ta barregarri. Bueno ta apur bet negar.

ANE: Negar?

GALDER: Gitxi, gitxi...

ANE: Jope... Ba igual esangotzat amari, bai. Baina nire aiztak seguru Madonana ikusi nahi dauela.

GALDER: Ja,ja! Ze peruka zure aizpa!

ANE: Bai, peruka bat da.

GALDER: Bihar ikusiko gara Plaza Barrian? Nik arrain laranja erosi gure dot.

ANE: Ez! Bihar Busturire noa. Komunioa egin behar dot.

GALDER: Ala, egie! Nik datorren astean.

ANE: Bueno, ala, agur.

GALDER: AGUR!

 

(Jogurtak eskegita utzi. Abadea eta ostia jana, zuhaitz beltzean adarretatik zintzilik dagoen komunioko argazkia ahoan sartzeko baliatuko dute.)

 

ANE (komunioko argazkia ikusleei erakusten): Hementxe nago, ezin guapagoa, soineko zuri dotorearekin. Ahizpak erabilitakoa zenez, amak lan ederra izan zuen soinekoa nire tamainara atontzeko.

GALDER: Nik uste nuen gure etxean oso modernoak ginela, berdez jantzita egin nuen.

ANE: De pikoleto?

GALDER: Ez, de calle.

ANE: Pikoleto de paisano?

GALDER: Ez, joe, berdez jantzita, en plan moderno de calle egin nuen jaunartzea.

ANE: Jaunartzea... Jauna hartzea. Hori ere esan behar da, gero.

GALDER: Har gaitzazu jauna, zureak gara, mmm...

ANE: Jogurtekin komunikatzen ginenean, gure fedea ez zen zeruan bizi zen jaun batekikoa. Espazioan bizi diren izakienganakoa baizik.

GALDER: Nahiago nuke orain ere jogurtarekin komunikatzen jarraituko bagenu. Ni behintzat sare sozialekin galdu egiten naiz. Jogurtaren beste aldean zegoen hura nor zen bazenekien. Orain, ordea, nire lagunen lagunen lagunak, nire lagun-lagunak baino askoz hobeto ezagutzen ditut.

ANE: Egia, ze, zuetako nork ez ditu ordu luzeak ematen hortxe, Facebooken, ezagutzen ez duen jendearen argazkiei begira? Ai, begira hori, ze txerria dan! Buf, ze nazka... Ostia, hori horrekin dabil? Kefuerte dena, ez da hemen erakutsi behar. Jode itzel loditu da, e?

GALDER: Laburbilduz: gure lagunen lagunen lagunen lagunen argazkiak ikusten Telecinco, Neox eta Netflix ikusten baino ordu gehiago ematen ditugu.

ANE: Eta hori, benetan, kezkatzeko kontua da.

GALDER: A, beno, nik behin Agurtzane Gabikagogeaskoa kontsolatzen hilabete luzea pasatu nuen. “Lasai, Agurtzane, aurkituko duzu beste inor”. “Agurtzane, bizitzan tren asko pasatzen da, ez kezkatu”. “Eutsi goiari, Agurtzane, bihar ere eguzkia aterako da berriz!”. “Egun ederra izatea espero dut, Agurtzanetxu maitia”. Agurtzanetxu maitia? Agurtzane Gabikagogeaskoa nire lagunen lagunen lagunen laguna zen, ez nirea!

ANE: Argi dago halako kasuetan zer egin: itxi Facebookeko kontua.

GALDER: Saiatu egin nintzen, baina ezinezkoa da.

ANE: Are ezinezkoagoa da sare sozialetatik kanpo bizitzea. Eta zein da cool izateko ezinbesteko sarea?

GALDER: Twitter! 140 karaktereko mezutxoak...

ANE: mezuak, barkatu, letra larriz, Twitter serioa eta intelektuala baita oso. Hain da serioa, euskaldunok rankinga eta guzti baitaukagu.

GALDER: Nor doa lehenengoa aste honetan, portzierto?

ANE: Rotulki gorria, nor bestela.

GALDER: Ezinbesteko Twitter eta bere txoritxo jakintsuak.

ANE: Txoritxoak ederrak dira, aizu...

GALDER: Bai, gainetik kaka egiten dizuten arte.

ANE: Hori da Internet, zoologiko erraldoia; eta ondorioz, kakaz beterik dago.

GALDER: Zenbat animaliatxo sarean... Non geratu dira Bolantarik ez moduko kontsignak?

ANE: Pertsona basatiez gain, hortxe daude: Twitterren txoria...

GALDER: Emuleren astoa...

ANE: Firefoxen azeria...

GALDER: Linuxen pinguinoa, Rastreatorren txakurra...

ANE: Baina Twitter zerbait izatekotan, tanatorio erraldoia da. Bertan egunero izan dezakezu ouijarik gabeko kontaktua hildakoekin: Francisco Franco, Sabino Arana Goiri, Hugo Chavez, Xabier Arzalluz, Mahatma Gandhi...

GALDER: Ui, Arzalluz noiz hil da, ba?

ANE: Bueno, Galder, ez izan inpertinentea, e! Aizue, baina Twitter sakelakoan jarrita duzunean, e? Horrek kalera ateratzeko beste duintasun maila bat ematen dizu!

GALDER: Bai, bai... “Facebook... Ho, ho, a zer arrunkeria!” Eta zu hortxe, harro-harro, “Barkatu, baina, Twitterrekin super liatuta nabil...” Txio-txio. Baina paradisuan zaudenean, beti dago estasia izorratzen duen inor.

ANE: Eta zenbat follower dituzu, ba?

GALDER: Follower...? Nola follower?

ANE: Jarraitzaileak, Twitterreko jarraitzaileak!

GALDER: A... jarraitzaileak! A, hori bai... Euskara hutsez daukat Twitter, badakizu. Txio-txio, bertxio!

ANE: Jarraitzaileak, ez dakizu, ala?

GALDER: Bo, bo, bo... Ezin jakin! Jarraitzaileak!!! Bat bera ere ez! Zero!

ANE: Koitadua...

GALDER: Ba, ez ze, azkenean, miraria! Argitxo bat piztu eta “jarraitzaile bat duzu” esaten du Twitterren txoritxoak. Uau, jarraitzaile bat, zera, one follower! A, nor izango da...

ANE: Agurtzane Gabikagogeaskoa. Nor, bestela?

GALDER (pozik telefonoari): Agurtzane maitia...

ANE: Akordatzen zara? Gure klasean, eskolaurrean, bazen Agurtzane bat.

GALDER: Bai, baina ez zen Gabikagogeaskoa. Lopez zen.

ANE: Bai. A, ze garai politak haiek.

GALDER: Oso. Hortxe orduak, egunak eta asteak puntzoiarekin zuloak, dunba-dunba eta listo! Zuk orduan zer izan nahi zenuen? Hau da, zer izan nahi zenuen txikitan?

ANE: A, gauza asko.

GALDER: Baina, zerbait zehatz.

ANE: Txarkutera... Torero.

GALDER: Ole...

ANE: Abade...

GALDER: Abadea?

ANE: Bai.

GALDER: Abadea... Beno, komunioko argazkia ikusita, normala.

ANE: Edo bestela, tren txutxuko pailazoa izan nahi nuen.

GALDER: Uau! Ze ona!

ANE: Bai, hortxe erratzarekin zunba-zunba eman eta gero puxikak oparitu. Sekulako txolloa iruditzen zitzaidan.

GALDER: Izan behar du, bai.

ANE: Eta zuk, zer nahi zenuen izan?

GALDER: Semaforo.

ANE: Semaforoa?

GALDER: Bai.

ANE: Semaforoa.

GALDER: Bai. Semaforo.

ANE: Interesgarria.

GALDER: Lasaia bai, behintzat.

ANE: Beno, trafiko handiko egunetan beharbada...

GALDER: Semaforoarentzat beti da berdin. Lasaia. Lasai-lasaia.

ANE: Bai, lasaia. Lasaiegia igual?

GALDER: Bai. Baina interesgarria.

ANE: Oso. Baina aspergarria.

GALDER: Zuk uste?

ANE: Ez dakit, ez naiz sekula semaforo izan. Baina ematen du. Erantzukizun handiko lana, gainera. Hain lasaia bada ere, erabateko arduraldia eskatzen du. Egunean hogeita lau ordu. Astean zazpi egun. Hilabeteko hogeita...

GALDER: Egin! Txikitan izan nahi nuen semaforo. Gaur ez. Hori ere ikasi genuen txikitan, aste duinak nolakoa behar duen izan! Sindikatuek ikasteko asko dute oraindik. Listen to. Astea!

ANE: Astea? Hit parade horretaz ari ote zara?

GALDER: Korrekto!

ANE: O! Hura bai abesti puska. Gerora Oskorrik hartu....

BIEK: Goian bego!

ANE: Gerora Natxo de Felipek hartu eta alferra hitza gehitu zion. Zergatik, baina, alferraren astea? Bere jatorrian, kanta Astea zen, eta kito.

GALDER: Haiek bai alperrak, musika eta kontzertuak emateari utziko diotela y tal y cual...

ANE: Egia borobila kanta horren letra, guztiz identifikatuta sentitzen naiz. Astelehena jai ondoko alperra, lanik ez egiteko, ez goaz lanera.

GALDER: Asteartea, euria goitik behera. Bustiko ez bagara, ez goaz lanera.

ANE: Asteazkena, osabaren ezkontza. Berak nahi baldin badu, ez goaz lanera.

GALDER: Osteguna, amamaren eguna. Hori ospatzeko, ez goaz lanera.

ANE: Ostirala, haginetako mina. Aspirina hartuta, bagoaz ohera, eta ez goaz lanera.

GALDER: Larunbata, egun erdiko lana. Egun erditxogatik ez goaz lanera.

ANE: Igandea, lantegiak itxita. Lana egin nahi baina, ezin joan lanera!

GALDER (“Ez utzi haurrei negarrez” diskoaren azalarekin): Begira, disko honetan zegoen kanta hura, beste hit puxka batzuekin batera: “Ni naiz kapitan pilotu, ni naiz kapitan pilotu...” Edo, edo, “Joan nintzanian azokara erosi nuen txakur txiki bat...” (Pena kolpea) Ai, Rufino Palmera bezala azokan...!

ANE: Beno, beno, ala, ala, lasai, polita! Ekarri hori. (Diskoaren azala irakurtzen) Ez utzi haurrei negar egiten. Ongi portatu beraiekin. Izen hori jarri behar zaio ere! 1979. urtea zen.

GALDER: Hura umeen nazioarteko urtea zen!

ANE: “Ez utzi haurrei negar egiten. Ongi portatu beraiekin”. Ongi portatu beraiekin!? Badirudi ostiaka tratatzen gintuztela, ba! Eskerrak umeen nazioarteko urtea zen 79 hura.

GALDER: Beste garai batzuk ziren, ez zegoen haurrekiko gaur egungo protekzionismo basati hori.

ANE: Zuk uste?

GALDER: Tira, egon bazegoen, baina kamuflatuta.

ANE: Garai horietan gauza asko kamuflatzeko beharra zegoen. Hautsez eta sitsez betetako armairuetatik dena ateratzeke zegoen!

GALDER: Beharbada, ezkutuan eta klandestinitatean ibili behar horrek ahalbidetu zuen musikan ulertzen ez genuen poesia.

ANE: Poesia?

GALDER: Bai. Lehengo hit horiek, “euskara putzu sakon eta ilun bat zen...”

BIAK (kantari): Euskara putzu sakon eta ilun bat zen...

GALDER: Eta gero, erdaraz egitea molon zenean, egizue euskaraz, ba! Putzutan salto egitea debekatute dekogu...!

ANE: O, bai, edota tirikitrauki, hiru ta lau dira zazpi...

GALDER: Ane, arbelera, zenbat dira lau eta hiru?

ANE: Tirikitrauki, andereņo!

GALDER: Uso zuria, uso gorria, dantzan nabil suaren gain...

ANE: “Uso zuria aurkitu dute, hotzaz dardaraz erdi hila”.

GALDER: Laboaren Lekeitioak ez aipatzearren...

 

(Biek Lekeitio oihuak, zainak moztu bitartean.)

 

ANE: Eta moralista kiratsa edonon! “Bat, bat, bat, bart parrandan ibili ta gaur ez naiz ondo ibili.”

GALDER: “Gure koadrilan mozkorra franko, eta gainera, soltero!” Txikitatik sartu ziguten buruan mozkorra, Franco eta soltero izate hori oso gauza txarra dela.

ANE: Edota neskazahar hitza. Ba al dago askatasunari deitzeko modu itsusiagorik?

GALDER: Euskaldun fededunaren Jaungoiko eta Lege Zaharraren eragina.

ANE: Eskerrak TeleKantak etorri zirela gero.

GALDER: Orduan askatu ginen sufrimenduko poesia hartatik guztitik.

ANE: Eta guk ulertzeko moduko kantak sartu zizkiguten buruan. Patri postaria, nananinoninona...

GALDER: Dota, dota, dota dubi da, dotabidu, dotabidu Dotakon.

BIEK BATERA KANTARI: Baso barruan zehar. Zaldun bakar bat doa. Tximista bezain azkar. Alboan zintzilik ezpata! Hurra! Arturo erregea, gudari zintzoena...!

ANE (ikusleei minez): Zer? A, noski. Gaurko gazteek, gu jada gazte ez garenez, ez dituzue kantuok ezagutzen. Dragoi bolaren belaunaldikoak, noski.

GALDER: Uste dut hori ere jada zaharra dela.

ANE (ikusle gazteekin haserre): Ezagutzen ez duzuenok ez dakizue zer galdu duzuen!

GALDER: Lasai, lasai...

ANE: Lasai ez! Hauek dena dakitela uste dute. Gaztetasuna eta edertasuna saritzen da gaur egun, noski! Ba, jakin ezazue: zuek ere bihar berrogei urte beteko dituzue! Iristen bazarete, noski. Gaztetasuna ez da betirako kontua. Eta edertasuna? Ja!

GALDER: Lasai, lasai...

ANE: Zergatik lasaitu behar dut? Ezin al dut nire barrena hustu, ala?

GALDER: Kili-kili?

ANE: E?

GALDER: Kili-kili dosiaren beharra duzula uste dut.

ANE: Baduzu!?

GALDER: Bai, gainera ezin garbiagoa.

ANE: Moztu gabekoa?

GALDER: Moztu gabekoa, potenteena. 1979ko ale purua!

ANE: Pasa, pasa, pixka bat mesedez.

GALDER: Tori. (Kili-kili aldizkaria ematen dio) Aldizkariarekin batera, a ze kanta puska! Kili-kili bat, kili-kili bi, milaka ume dantzan, alfabetatzen, alfabetatzen, teilabako ikastolan. Bat, bat, perrexila saltsan, bi, bi txoritxoa dantzan... Ala! Eta berriz ere, txoritxoak. Euskaldunak eta txoriak!

ANE: Txoriak, bai! Laboaren Txoria txori... Buruan goizero jartzen zizkiguten txoritxoak! Twitterren txoria! EiTBren txoria, bakearen usoa, ppren kaioa...

GALDER: Txoritxo gehiegi sartu zizkiguten buruan! Espazio-ontziek bezala hegan egiten ez zuten txoriak. Hobe horrenbeste supositorio beharrean txori eta espazio-ontzi guztiak ipurtzulotik sartu izan balizkigute halako amets inozoekin ez galtzeko.

ANE (aldizkariarekin bestea moztu nahian): Begira, hemen, hemen! 1979, umeen nazioarteko urtea. E! Gure eskubideak badatoz. Umeen eskubideak!

GALDER: Benetan?

ANE: Bai, bai, entzun. “Sei urte bete arte euskaraz bakarrik egin nahi dugu. Euskara ondo ikasitakoan erdara indartsuari gero lekua emateko.”

GALDER: Indartsuak indartsu izaten jarraitzen du...

ANE: “Etxean euskaraz egin nahi dugu. Etxekoak euskaraz egin dezatela beti...”

GALDER: Etxekoak?

ANE: Bai...

GALDER: Etxekoek da, ezta?

ANE: Halan jartzen du. “Oraindik euskaldunak ez badira, ikasi dezatela lehenbait-lehen”

GALDER: Helduentzako alfabetatzea. Orduan justu, 79an izan zen aekren lehenengo Mintegia. Segi, segi.

ANE: “Eskolan euskaraz ikasi nahi dugu. Elebitasuna erdaldunentzat, elkarrekin euskaraz egin dezagun”.

GALDER: Hori da haustea, transgresioa. Bai horixe, ez oraingo hiru hizkuntzen kontua. Segi, segi...

ANE: “Eskolan euskara erreza nahi dugu.”

GALDER: Itxura denez, hori ez da lortu, denok ez dugu hain ondo ikasi. Begira gu, ikastola kumeak, eta oraindik gipuzkuzentrismoaren biktima.

ANE: Badakizu, bilbotarron euskara betirako kaskarra. Berdin du euskaraz ikasi izanak. Klasean entzun behar genuen, zure amak gaizki egiten duela euskara. Euskara ona eta euskara txarra?

GALDER: E, begira, 8. eta 9. puntuak ere potente zetozen, “Aberri libre batean bizi nahi dugu”.

ANE: Hori ere aspaldi gure esku zegoen! Baina...

GALDER: Eta bederatzigarrena, “Gure aberria ezagutu nahi dugu”.

ANE: Ona, ona! Esaiozu ba bizkaitar bati ea Baxenafarroa ezagutzen duen.

GALDER: Ala gipuzkoarrari nolakoa den Karrantza.

ANE: Hamargarrena irakurri duzu?

GALDER: Uau! “Mundu egile-guztialdunaren berri izan nahi dugu. Ezagutu eta eskerrak eman diezaizkiogun.”

BIEK BATERA KANTARI: Eskerrik asko, Jauna, bihotz-bihotzetik. Eskerrik asko, Jauna, orain eta beti!

ANE: Nik nahiago nuen Ipurbeltz. Amaiaren Erdi Aroko kontuak, historiaurreko Prontxio eta Martxelino, Kipe lapurra.

GALDER: E! Ba, halako iragarki ederrak galtzen zenituen orduan. “Nere aitatxoren diruak Gipuzkoako aurrezki kutxa probintzialean daude”.

ANE: Eta amatxorenak?

GALDER: Amatxok ez daukat dirurik. Azokara joateko soilik izan ohi du. Han azokan barazkiak eta... arraina. (Bajoi latza) E, Rufino, molt fort.

ANE: Begira, begira, hemen Nocillaren iragarkia! “Esnea, kakaoa, urrak eta gozokia. Ez dago hau bezalakorik!”.

 

(Isilunea.)

 

GALDER: Ui... Zenbat denbora Nocilla jan barik...

ANE: Horrek goxotzen zuen gure haurtzaroa, ezta?

GALDER: Egunero katiuskak jantzi eta soinean kaikua generaman garaien goxoa.

ANE: Benetako txoriek eta ez uso zikinek gure kaleetan abesten zuteneko aroa.

 

(Isilunea.)

 

GALDER: Yoplaitarekin batera, ziur ez duzula Nocillarik ekarri...?

 

(anek argazki bat hartuko du. Biak barrez lehertu.)

 

ANE: Gerora, bigarren haurtzaroa irratian eman genuen.

GALDER: Marisol eta Joselitori bezala gertatu zitzaigun, juguetes rotos. Ume ginela hasi ginen mikroaren aurrean berbetan.

ANE: Irratian jolasean aritzen ginen.

GALDER: Gu ginen Txifla eta Txapelon...

ANE: Azkarra oso eta izugarri gatzduna izen artistiko horiek jarri zizkigun hura.

GALDER: Hara, orain denboraren perspektiba honekin pentsatuta, intelektualki esan nahi dut, beharbada irratian aritzen ginen, ordura arte espazio-ontzia hartzeko aukerarik izan ez genuelako.

ANE: Eta?

GALDER: Ba, hura zela guretzat airean egoteko modu bakarra.

ANE: Txorrada galanta!

GALDER: Bai, ezta?

ANE (ane eta galder behi bati elkarrizketa egiten ari diren argazkiarekin): Begira ezaiozue argazkiari. Kazetaritzan aitzindariak izan ginen. Hementxe gaude behi bati elkarrizketa egiten.

GALDER: Eta handik urte batzuetara, elkarrizketa hartan inspiratuta idatzi zuen Behi euskaldun baten memoriak Atxagatar Bernardok.

ANE: Bere liburu onena, ezta? Hainbeste Obaba eta Obabakoak...

GALDER: Obabakoak idatzi behar zuen, institutuetan irakurtzeko zeozer derrigortzeko. E, institutua! Nerabezaroa ere konplikatu samarra izan genuen.

ANE: Nola ez, bada, halako haurtzaro traumatikoa eta espazio-ontzien gezur handiaz jabetuta?

GALDER: Ni erabat galduta nengoen, Hamlet sentitzen nintzen, zalantzan nabigatzen. Zer izan? Rockabilly izan ala borroka izan? Rockabilly izatea aukeratu nuen. Orduan etorri ziren musika taldeak, Cornflakes, Nevada, Pachachatutia, hilabete bakarrean hiru musika-talde! (Ikurrinarekin Moskun agertzen den argazkiarekin) Eta begira, hementxe oraindik perestroika garaia zeneko Plaza Gorrian tupe eta bogiekin. Hantxe, probokatzen, a la americana, Plaza Gorrian. Hori bai, ikurrinarekin, noski.

ANE: Ikurrinarekin, Galder, ondo, hori bai, gora ta gora beti. Borrokabily orduan, zu! Nik jeltzale izan nahi nuen.

GALDER: Hara, etorkizun handiko lanbidea. Eta ez zenuen lortu, ala?

ANE: Ezetz ematen du. Begira non nagoen. Eta saiakera egin nuen, e?

GALDER: Batzuk ezertan saiatu gabe ere lortzen dute, ba...

ANE (perla belarritakoekin dagoen argazkia erakusten): Begira. Hementxe nauzu perlita belarritakoak jarrita.

GALDER: Favorecedora, bai... Ai, ai! Nola lortuko zenuen ba? Hau jai egun erreibindikatibo horietako bat da, eta ez prezisamente Alderdi Eguna.

ANE: Bai, baina perlitekin nago!

GALDER: Ņam, Ņam, ņam! Perlita guztiak jan genituen gero! Gaztetu ginenean rokanrola, gaua eta abar guztiak gure zainetan gora eta behera dantzan zebiltzan.

ANE: Gaztetxeak, Bilbi, Kafe Antzokiko lehenengo ostegun haiek... Garai horretako argazkirik ez, arren!

GALDER: Leioako campuseko xake gaineko kafetegian, ondo!

ANE: Grebak...

GALDER: Y greko taldeak...

ANE: Juan Mari Atutxa...

GALDER: Milurteko berria eta 2.000 efektuaren ikara...

ANE: Euskal Herri osoko lagunekin parrandak...

GALDER: Ikasle pisua...

ANE: Eromena! Askatasuna sentitzen genuen gorputz osoan...

GALDER: Niretzako askatasun sinbolo itzela, askatasun adierazgarri totala izan zen... Kaixo!

ANE: Urtzen kanta?

GALDER: Ez, Kaixo loroa.

ANE: A...

GALDER: Ikasle pisuan, pisukide berezia genuen, Kaixo izeneko loroa. Ederra.

ANE: Ergela.

GALDER: Loroa, parrota, exotikoa osoa.

ANE: Kaixo deitu genion, “kaixo, kaixo, kaixo” esaten zuelako soilik.

GALDER: Alaitasuna ematen zigun.

ANE: A, beno eta “Atletiii, eup... Atletiii, eup!” ere bazekien. Astuna, benetan.

GALDER: Pipak jatea maite zuen gehien.

ANE: Nire atzamarrari haginka egiten ez zionean.

GALDER: Beno, ba, halako batean, ez dakigu nola, baina Kaixok libre izatea erabaki zuen. Tarteka kaiola irekitzen genion, sukaldean hegan egin zezan. Rufinok baņeran igerian bezala, Kaixok sukaldean egiten zuen hegan.

ANE: Hegan? Ez zekien hegan egiten. Saltoka ibiltzen zen mahai gainean sukalde osoa kakaz betetzen.

GALDER: Beno, baina halako batean, adorez, hegan egitea lortu zuen! Ihes egitea erabaki zuen. Sukaldeko leihotik atera eta hantxe abiatu zen urrunera.

ANE: Ikusi al zenuen?

GALDER: Ez, baina beti imajinatu izan dut Kaixo leihotik urrun joaten leku exotikoren batean libre bizitzera joanez. Hura bai, euskal txori librea!

ANE: Espaloiaren kontra lortu zuen askatasuna.

GALDER: Barkatu?

ANE: Loro horrek bizitza guztia kaiola batean emanda, ez zekien hegan egiten.

GALDER: Baina askatasunaren maitagarriak bere hegalak ukitu zituen eta hantxe abiatu zen bera, sukalde txiki itxitik mundu aske erraldoi batera hegalean.

ANE: Bai. Espaloiaren kontra.

GALDER: Zer???

ANE: Guk lagundu genion.

GALDER: Nor da guk?

ANE: Pisuko denak. Zuk ez ezik, noski. Inork ez zuen Kaixo jasaten, etajausten utzi genuen.

GALDER: Zazpigarren pisutik behera?

ANE: Zazpigarren pisuan bizi ginen, ezta?

GALDER: Bai...

ANE: Ba, zazpigarrenetik, bai.

GALDER: Jode! Jode, jode! Jode... Barkatu, e? Barkatu, baina badut zuretzat oso galdera inportantea. Zuk lasai egiten duzu lo? Zuek ere hiltzaileak zarete! Beste gezur bat!!!???

ANE: Ez, beste txoritxo bat zure buruan! Hori ez zen gezurra izan. Zuk asmatu zenuen hegan joan zeneko kontu hori guztia eta guk, ba, utzi genizun...

GALDER: Egia, behintzat, ez didazue esan!

ANE (so haserre): Egia? Ja! Begira ezazu! Dena izan da gezur handia, dena! Ilargira joango ginela, beste planeta batzuk ezagutuko genituela, umetan eta gaztetan saldu ziguten guztia, 79an umeen eskubide zirenak ere, txoriak, eta beste hori guztia ere kaka, kaka zaharra! Dena iruzur handia izan da! Gure ezkontza bezala, hori ere gezurra! (Ezkontza argazkia ikusleei erakutsiz. galderrek ez du erakuts dezan nahi) Ondo entzun duzue. Inuzente hori eta biok ezkondu egin ginen. Bai, duela hamar urte, hogeita hamar urterekin, ezkondu egin ginen. Por todo lo alto! Abade fartsantea eta El baile de la colita eta Paquito el chocolatero eta guzti izan genuen. Eta uste genuen horrela konfortaren bizimoduaren parte izango ginela. Ja, baina horrek ere ez zuen ezertarako balio izan. Hori ere bai kaka, kaka zaharra!

 

(Isilunea.)

 

GALDER: Ondo... Ezin argiago berba egin. Aber, orduan orain, zer geratzen zaigu?

ANE: Nik zer dakit.

GALDER: Kili-kili aloloko?

ANE: Ez, milesker.

GALDER: Ba, uste dut heriotzari itxarotea baino ez zaigula geratzen.

ANE: Nik ez daukat itxaron beharrik.

GALDER: No me jodas! Zer duzu?

ANE: Behin hil egin nintzen.

GALDER: Zer diozu?

ANE: A, ez zenekien?

GALDER: Baina, zer?

ANE: Behin hil egin nintzela.

GALDER: Gezurretan berriz ere, ezta?

ANE: Ez. Benetan ni behin hil egin nintzen eta okerrena zera izan zen: inor ez zen konturatu. Igandea zen. Sekulako gaupasa eginda, igande arratsaldez etxe batean bildu ginen lagun zonbi koadrila guztia elkarrekin. Zer egin, edaten eta erretzenjarraitu, ala filmen bat ikusi? Ba, hori dena egitea erabaki genuen.

GALDER: Klaro, porke de follar ni hablamos..

ANE: Filma zein eta El resplandor madarikatua...! Nik sekula ez ditut beldurrezko pelikulak ikusten, baina egun hartan, ez dakit zergatik, lagunartearen babesagatik edo gaupasaren inkontzientziagatik edo auskalo zergatik, baina sofan botata beste lagunekin batera pelikula ikustera gelditu nintzen. Eskerrak manta existitzen den, tarteka aurpegia babesteko. Itzelak ziren ikararen ondorioz sentitzen nituen dardarak, bihotzak ohikoa baino abiadura handiago zeukan... Tan-tan, tan-tan...

GALDER: Bezperako kili-kili eta perliten soinu banda...

ANE: Joder, hotel hartako korridoreak, 237. gela, neskato bizki zoroak... Jack Nicholson sugerik gabeko aizkorarekin hortxe, zasta eta zasta eta zast. Eta halako batean benetako zast!!! Dena joan zen; berogailua, egongelako argia eta, jakina, koloretako telebistaren irudia ere bai. Isiltasuna nagusi zen. Inork ez zuen txintik ere esan. Baina, aizue, lagunek, isiltasunean eta ilunpean pantailari iltzaturik jarraitzen zuten; pelikula segitzen ariko balira bezala begiratzen zioten pantaila ilunari.

GALDER: Gaupasa itzela zen, desde luego...

ANE: Ixo! Neu nintzen argiaren joana sentitzen zuen bakarra? Inor ez zen konturatu telebistaren etenaz? Nik ikusten ez nuena ikusten ote zuten besteek pantailan?

GALDER: Eskerrak porrorik erretzen ez duen...

ANE: Orduan izan nuen heriotzaren kontzientzia. Eta ez da egia hain hedatuta dagoen mito hori: heriotzaren momentuan zure bizitza osoa bizkor batean pasatzen dela. Neuri behintzat ez zitzaidan horrelakorik gertatu. Nire gorputzetik kanpo sentitu nintzen, gela hartatik kanpo, lagunartekoan isolaturik. Ez zeuden. Eta ez nengoen! Lagunak euren bizitzekin jarraitzen ikusi nituen, pelikularekin jarraitzen sentitu nituen. “Hil egin naz. Seguruen eurek El resplandor madarikatua ikusten jarraitzen dute eta nik ezin diet ezer esan, hilda nagoelako! Hau zerua ote da? Linboa...? Infernua...? Non dago E.T.?” (Etena) Berrogei segundoko eternitatean... hil egin nintzen.

GALDER: Kaput.

ANE: Hori omen da heriotza. Mundu honetan geratzen direnentzat bizitza aurrera jarraitzen du eta hilda dagoena horren guztiaren lekuko mutua da. Nik, baina, ez nuen hain gazte hil nahi. “Ai, ama, hor zaudete?” Galde egin nuen.

GALDER: Eta?

ANE: Eta barreka hasi ez ziren, bada...! Egoera dramatiko hartan, barreka!

GALDER: Normala, ez?

ANE: Ba, bai, ze nitaz barreka ari baziren ere, eskertu nituen barre algara horiek. Entzuten bainuen! Bizirik nengoen!

GALDER (sustoa ematen dio): Uuuu!!!

ANE (ikaraz): Zer?

GALDER: Bizirik gaudela ikusteko.

ANE: A...

GALDER: Kili-kili?

ANE: Ezetz, ba, ez izan astuna.

GALDER: Animoa igotzeko diot. Nocilla ekarri izan bagenu. Heriotzaren kontu hau gozotzeko diot...

ANE: Hortxe dago presente beti.

GALDER: Nocilla?

ANE: Ez, heriotza. Aurreko udan lagunen lau hileta-elizkizun eta ezkontza bakarra izan genuen.

GALDER: Hori bai benetako egia, eta putada latza. Hugh Grant eta Andie MacDowellen filmaren kontrakoa guztiz.

ANE: Eta orain, pisua erosteari kontra egin genionez, pisuaren kreditua beharrean orain hileta ordaintzea eskaintzen digute.

GALDER: Aizu, berrogei urte baino ez ditugula, a ze bihozgabeak!

ANE: Beharbada ez da plan txarra, kontuz. Hiltzea benetan garestia baita. Ez dago low cost heriotzarik.

GALDER: Ba, arraroa da, gaur denetarako baitago low cost. Hegazkinean bidaiatzeko low cost, hotel dotoretan lo egiteko low cost, gidatzeko baimena aterako low cost, limusinan joateko low cost...

ANE: Janzteko, jateko, edateko, denetarako low cost. Baina low cost heriotzarik ez dago. Ze, pentsa, pisuak garesti dira.

GALDER: Oso garesti. Horretan low cost-ik ez dago.

ANE: Baina barrukoa merke jar dezakezu, Ikearekin adibidez.

GALDER: Supertxuli eta low cost.

ANE: Horregatik Ikeak linea berria zabaldu beharko luke: hilkutxak. Bakoitzak bere hilkutxa muntatzeko aukera izan dezan.

GALDER: Allen giltza eta guzti?

ANE: Horixe! Lau panel suediarrekin erraz-erraza izan behar du.

 

(anek bere hilkutxa muntatu eta barruan sartu.)

 

GALDER: Badaezpada ere, tresna erabili aurretik, hil aurretik alegia, argibideak irakurri beti.

ANE (zutituz): Argibideak? Ja! Ja! Argibideak! Zertarako balio izan digute orain arteko argibideak, bada? Argi eta bide pila.

GALDER: Ja... Argi guztiak ilunak eta bide guztiak nahasiak...

ANE: Nahasia eta iluna dena, bai...

 

(Isilunea.)

 

GALDER: Aizu, barkatu, baina iluntasun horretan, hilik zeundela sentitu zenuen momentu horretan, esan duzu ez zenuela zeure bizitza osoa pasatzen ikusi.

ANE: Ez, hori mitoa da.

GALDER: Ja... Baina, kasualitatez, ez zenuen hortik igerian Rufino Palmera ikusiko, ezta?

ANE: Ez...

GALDER: Eta Kaixo, hortik hegalean?

ANE: Ba, ez.

GALDER: Ai, ai...

ANE: Ai, ai...

ANE (kantari): Ai, ai, ai, ihesi doa... Maitia, denbora ihesi doa!

 

(Isilunea.)

 

GALDER: Aizu... Zuk uste duzu Rufino Palmerarena egin izan ez balidate. Hau da, txikitatik hil zela onartu izan banu, gaur egun niretzat gauzak ezberdin izango al zirela?

ANE: Ezberdin?

GALDER: Bai, beharbada ni fuerteagoa, emozionalki egonkorragoa-edo. Ez dakit.

ANE: Ez, ez dut uste. Dena berdina litzateke. Hori gezur txikia baino ez da.

GALDER: A. Gezur txikia.

ANE: Gezurrik potoloena egunerokoa da. Lur hau egunero zapaltzera behartuta gaudenona, hori da latzena.

GALDER: Bai. Baina, gure planeta da, ezta? Gure etxea.

ANE: Gure etxea...?

GALDER: Bai, eta ez dugu, momentuz behintzat, hemendik ihes egiteko espazio-ontzirik.

ANE: Gure etxea?

GALDER: Bai. Lur planeta zaharra.

 

(Isilunea.)

 

GALDER: Joder, hemendik aireratu gabe, a ze lurreratze bortitza gaurkoa, e?

ANE: Ba, bai...

GALDER: Nik orain, benetan, ez dakit zein den irtenbidea.

ANE: Atzo bazenekien, ala?

GALDER: Bueno, beharbada. Baina gaur, oraintxe, hutsartean deriban sentitzen naiz. Eta une batez Dama Beltzari itxoitea baino ez genuela pentsatzen nuen. Baina zuk jada ezagutu duzunez, ba, ez dakit zer egingo dugun...

 

(Isilunea.)

 

ANE: Zer dakit nik. Mundu honetan orduak ahalik eta hobekien pasa, egunak joan egunak etorri, eta, hutsartean deriban bezala, gauez, gauero, espazioko izarrei begira jarraitu, E.T. eta bere lagunak gure bila noiz jaitsiko zain.

 

(Zeruari begira egon ostean, ane e.t. bihurtuko da. galder, berriz, Elliot.)

 

ANE: Outx...

GALDER: Outx!

 

(Elliot eta E.T.ren besarkada.)

 

GALDER: Ez joan...

ANE: Hemen izango naiz beti...

 

(e.t. badoa, loreontzia hartuta.

anek eta galderrek barreka bukatuko dute.

Ardoz basoak bete.)

 

BIEK: Janak on dagigula; edanak, gaitzik ez; gorputzak, osasuna, eta arimak, kalterik ez.

 

(Topa egiten dute.)

 

ANE: Adarretatik zintzilik, beharbada...

GALDER: E?

ANE: Bai... Igual, adarretatik zintzilik. (Isilunea) Bonobo...?

GALDER: Bonobo...!

 

(Musika. Bonobo buruak jantziko dituzte. Astronauta jantzi ziruditen horiek tximinoen azala dira.

Dantzatxo txikia eta baldarra.

Musika bortizki moztu eta irratia konektatuko da. Bonoboek eskutik helduta eserita bukatu dute.)

 

IRRATI ESATARIA: Azken ordukoa iritsi zaigu, Kongoko Errepublika Demokratikotik. Bi euskal herritar atxilotu dituzte Manbasan, herrialdeko aireportu nagusian. Ustez, Ane Zabala eta Galder Perez dira atxilotuak, biak kazetariak eta aktoreak. Kongoko Atzerri Ministerioak bidalitako oharraren arabera, atxilotuek tximino buruak zeramatzaten jantzita. Horrek polizien susmoak piztu zituen. Agenteek Zabala eta Perezen ekipajea miatu eta astronauta ekipamendua atzeman diete. Kongoko agintariek aditzera eman dutenez, gaurtik aurrera bi euskal herritarrak Manbasako zoologikoan izango dira ikusgai, kaiola batean. Giltzapetuta izango dute bikote euskalduna, Kongoko herritarrei euretaz barre egiteko aukera emateko.

            Bejondeiela afrikarrei, eta goza dezatela ikuskizunaz.

 

(Iluna.)