25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
EHAZE, 2021
25 gau eta bat gehiago
Ane Zabala / Galder Perez
EHAZE, 2021
[aurkibidea]

 

25 GAU ETA BAT GEHIAGO

 

 

 

Urte hauetan guztietan etorri eta
joan zaizkigunei, bihotzez.
Bereziki gure fan sutsuena
izan den Osaneri, amari.

 

 

 

1. Lehenengo gaua

 

            Musika taldea izan nahi genuen eta osatu genuen musika taldea. Sekula instrumentu bat ia hartu gabe talde sortu berriaren kartelez josi genituen Bilboko kaleak. Talde ezberdinak izan genituen gainera. Musika talde asko, ilusio asko eta kartel asko. Herri honek kola, papera, hormen eta ilusioen arteko konexioaz badaki zeozer. Guk uste genuen musikarekin konexioa bagenuela, baina gauak ziren gure benetako konexioa. Kontziente egin ez bagenuen ere, antzerkiarekin ere konektatzen hasiak ginen ordurako. Periodiko zaharrak hartuta beltzez jantzi eta iluntzean, gaua etorri orduko, kalera ateratzen ginen jende artean mugitzera, dantzatzera eta hitzak asmatzera. Asmatutako hitz horietako bat Gilkitxaro zen. Garai horretan oraindik ikastolan ginen. Angel Zelaieta literatura irakasleari esker Gabriel Arestiren obra bat antzeztu genuen, Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua. Ziurrenik lan hori aukeratu genuen putak eta abadeak agertzen zirelako testuan. Gero jakingo genuen horiek izan zirela idazleak ere testua idazteko arrazoiak. Abadeak eta putak. Gero jarraitu gaituzten pertsonaiak, gorpuztu ditugun pertsonak. Gauak berak biltzen dituen putak eta abadeak. Eta infernuak.

            Ikastola bukatu eta Deustuko Gazte Lokalean entseguak egiten hasi ginen. 1995ean egin genuen estreinakoz In portis infernorum izeneko antzezlana. Gilkitxarok gazteleraz egindako lan bakarra. Gaupasa batean konturatu ginen ez geundela eroso gazteleraz antzezten, eta handik hilabete gutxira Infernuko atarian estreinatu genuen. 1996ko martxoa zen. Orduan jaio zen gaurko Gilkitxaro. Infernu bateko kabareta zen eta bertan bizi ziren Deabrua, alperrik galdutako aktorea, moja sasi-ekologista, trabesti-jonkia, Pinotxo eta kazetari morbosoa. Oso txarto dantzatzen genuen, baina dantzatzera ausartzen ginen. Antzezlana cava edaten bukatzen genuen, ziurrenik hori genuelako helburu. Kritika ere egin nahi genion kazetaritzari, sasi-ekologismoari, elizari eta botereari, esate baterako. Antzerkia umoreaz eta parrandaren dramatizazioaz uztartzen genituen. Ze gazte ginen Marlen, Kanuta, Lupis, Gemi, Herzia, Golfi eta Prentsa anderea.

            1999ko ekainean Donostiako Ikatz kalean azkena egin arte berrogei emanalditik gora egin genituen Infernuko atarian eskaintzen. Ez genekien eskailerak behera gauez egindako emanaldi hura azkena izango zela, eta eskerrak,jantzitegi erdia gau horretako parrandan galdu baikenuen. Korrika Kulturalari esker, gure kabuz sekula iritsiko ez ginen tokietara joan ginen. Guardia Zibilak gaupasan Lasartetik Lesakarako bidean gure teatro karabana geratu zuen A-8ko medianan buelta eman genuelako. Mirariz bizirik atera ginen halako gau askotatik. Euskal Herri osoko infernu eta kabaret ederrenak ezagutu eta konpartitu genituen orduan kolektibo handia zen Gilkitxaro antzerki taldearekin.

 

 

—gonbidatua—

 

Josu Camara
(Antzerki Zuzendaria,
Kukubiltxo taldearen sortzailea)

 

            Duela 25 urte, 1997an, esperientzia berri eta pozgarri bat bizi izan nuen. Larrabetzuko gaztetxeak —Hori Baik— ate berri bat zabaldu zion halako guneetan orduan nagusi zen rock programazioari. Ate horretatik poesia eta antzerkia kolatu ziren, hori bai, gazteek eginak eta euskaratik sortuak. Poesia errezitaldietara eta antzerki emanaldietara gazteak hurbiltzen ziren gogoz eta interes handiarekin.

            Garai hartan, antzerkiaren eguna zela-eta edo antzeko ospakizunetan, kazetarien ohiko galdera izaten zen ea antzerkia krisian zegoen. Gaur bezala. Orduan ematen genuen ohiko erantzuna izaten zen baietz, antzerkia beti bizi izan dela krisian, gizatasuna bera krisi iraunkorrean bizi den neurri berean, baina bizirik dirauela. Gaur bezala.

            Krisi horri atxikitzen genion ezaugarrietako bat zen gazteek antzerkiarekiko zuten interes faltaren sentsazioa. Gazteek ez zuten antzerkirik sortzen-egiten-ikusten... Eta, halako batean, Larrabetzun, Hori Bain Deustuko Gaztetxeko gazteek sortutako antzezlana programatu zuten Infernuko Atarian izenburuarekin. Joan eta gaztetxea gaztez lepo, Larrabetzu eta Deustukoaz gain, Euskal Herriko leku anitzetakoak. Aire berri freskoa zetorren infernuko atari horretatik, “antzerkiak badu itxaropenik” aldarrikatzen zuena.

            Egun horretan talde berri batez erditu zen euskal sorkuntza, 25 urte geroago gazte dirauen taldea: Gilkitxaro.

            Zorionak eta eskerrik asko, Gilkitxaro.

 

 

 

2. Txosnetako gauak

 

            Gauza mordoa gertatzen ari zen 1990eko hamarkadan, kulturalki eta politikoki. Dena den, batzuek ezer gertatzen ez zela sinetsarazi nahi zioten iritzi publikoari. Gerora, antzezlan batean esango dugun bezala, “ez dago ikusi nahi ez duen itsua baino okerragorik”. 1999ko uda zen Bilbon, itxi berriak ziren Consulado eta Astoria zinemak, beste hainbeste bezala. Milurteko berriaren atarian, mehatxu informatikoez berba egiten zen hedabideetan. Ordenagailuek ezingo zuten 2000. urtea kodifikatu, zoratu egingo ziren eta denak eztanda egingo zuenaren beldurra hedatzen zen. Horren guztiaren atarian geundela, entseguetako ideiak, dialogo zatiak eta zirriborroak eskuz apuntatzen genituen koadernoetan. Ordenagailu eramangarria luxua zen garai horretan. Eskuko telefonorik ere ez genuen. Internet bai, kristoren zarata egiten zuen modem bati konektatuta. Horrela, taldera elkartu berri zen Mentxurekin batera, paper zatiak batuz sortu genuen Aki no pasa nada kale-ikuskizuna.

 

 

            Milurtekoaren azken urte hartako uda beroan jaso genuen Errekalde auzotik proposamena: euskal preso politikoen sakabanaketa ikusarazteko jaietan kale-antzerkia sortzea. Erronkari gustura baietz esan genion taldeko hiru kideok, ez genuen udarako plan hoberik. Umoretik eta ironiatik heldu genion gaiari eta telebista lehiaketa baten parodia sortu. Plazako ikusleak lehiakideak izango ziren eta gu aurkezle eta azafatak. Errekaldeko lagunek Europako mapa irudikatzen zuten panel erraldoiak eraiki zituzten. Plano koloretsu haiek diana modukoa islatzen zuten eta kilometroz kilometro kartzelen izenak agertzen ziren bertan. Irudiak lehenengo begiradan Europako mapa soila ematen zuen. Begiak zabaldu eta aurrean zegoenetik haratago begiratu behar zen han gertatzen zena ulertzeko. Ulertu nahi zuenak lehiaketa horretan kartzeletara, etxetik urrunera, bidaiak banatzen genituela ulertu zuen. Bizitzako beste gauza askorekin bezala, umoreaz komediara eraman genuen euskal presoen sakabanaketaren auzi mingarria eta bidegabea. Sinetsita geunden afera hau muturrera eramanik, ikusleen barrenak mugituko genituela.

            Gau bakar baterako ikuskizuna zena Euskal Herriko txoko askotako jaietara eraman genuen uda horretan. Trasteak hartuta plazaz plaza, gaurik gau eta txosnarik txosna ibili ginen Aki no pasa nada kantatzen. Gauza pila gertatu zen: senide batzuek minez jaso zuten gure umorea eta ezer ulertu nahi ez zutenek saria erreklamatzen zuten. Elorrioko emanaldian, esaterako, lehiaketan parte hartu zuen bikotea gure atzetik ibili zen ustez irabazitako saria eskatzen. Elorrioko buzkantza feriako gauaren parrandan jakin genuen Fleury-Merogisera hain tematsu bidaia erreklamatzen zuen horietako bat Espainiako alderdi bateko zinegotzia zela. Sekulako arrastoa utzi zigun uda hark, antzezlaneko aferak, oraindik ere, Euskal Herriko hamaikatxo lagun eta senideengan arrastoa utzi bezala.

 

 

—gonbidatua—

 

Goizane Aizpurua
(Idazlea eta
Goaz antzerki taldeko kidea)

 

Itsas porno gauak

 

            Gau batean Oikiako gazte bat ezagutu genuen. Kalakari taldeko oikiar antzerkilari infiltratua zen. eataeren berri eman zigun, Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkartea. Mila kalimotxo eta txupito ostean konbentzitu gintuen Elgoibarren egin behar ziren jardunaldietan parte hartzeko. Askatasuna eta intentsitatea ziren gure taldearen ezaugarriak. Itsasoan gure barkuan bakarrik nabigatzen genuela sentitzen genuen, baina topagune hari esker zeharkaldi honetarako pirata mordoarekin bat egin genuen. Elgoibarren asteburu pasa egiteko guztiz prest zihoan lagun koadrila bezala agertu ginen Gilkitxaro. Ez zuten sinetsi teatroa egiten genuela eta farsante profesional izendatu gintuzten. Ekekei taldeak antolatu zituen Elgoibarreko jardunaldiak. Han ezagutu genituen betirako bihotzean ditugun Txotxe eta Elgoibarreko beste antzerkilari guztiak. Goaz, Lakrikun, Karrika, Mairu eta talde gehiagorekin batera nabigatzen hasi ginen 1995ean sortutako elkarte hari esker.

            Ondorengo urteetan saretzearen garrantzia ikasi genuen. Itsaso zabalean gu bezalako lagun eta teatrero asko zebilen. Buru-belarri elkartean sartu eta Bilbo aldetik sarea zabaltzen saiatu ginen, topaketen antolaketan murgildu eta elkartean militantziaz lanean hasi. Topaketak Deban, Mutrikun, Bermeon eta, memorian azkena, Ataunen izan ziren, patxaranez ederki bustiak. Bidelagun diren Lesakako Mairu taldeko Gaizka Sarasolarekin ere bat egin genuen hori guztiari esker. Agian oraindik ilea zeukan Oier Guillanek Javi Barandiaranekin batera sortu zuen Gorria proiektua. Denen arteko fletxazoa izan zen ozeano hura, itsas teatro orgia paregabea.

            Gauza askoren balioaz ohartzen gara desagertzen direnean. eataerekin antzeko zerbait gertatu zen. Zenbat alditan aldarrikatu dugun geurea amateurra dela, baina horrek ez du esan nahi profesionalaren kontrakoa denik, edota gureak kalitaterik bako lanak direnik. Funtzionamenduan eta askatasunean bizi dugu sormenaren gakoa. Gainera, pentsatzen jarrita, ez al da, ba, gure kulturaren funtzionamendua amateurra, eta profesionalizazioak, berriz —instituzionalizazioak—, ur ilunetan itotzen gaituen korrontea? Horregatik, nahiago dugu amateur terminoa pornorako utzi. Guk geurearekin igerian flotadore barik jarraitzen dugu, elkarren arteko olatu orgia dramatiko afrodisiakoan taula gainean dantzan.

            Hamasei urte dituzunean, inguruan duzun guztiaz elikatzen saiatzen zara, detaile txikiena ere galdu gabe. Oraindik ez zara heldua, baina jakin-mina zure haurtzaroa baino indartsuago bilakatzen da, detaile txiki horiek zure bizitzako motor bilakatu arte.

            Hamasei urte eta edozer posible zela irakatsi zidan inguru oparo bat izan nuen. Trokaolatarrak inguruan nituela, Honolulu, leku bat leku bat zela, eta hara edonoiz bidaiatu zitekeela ikasiz. Hanka-palu batzuek eman zidaten ikusmira zabalaren gainetik eta, Gilkitxarotarren babesean, Elektrotunak jarri zion soinu banda Bermeon inoiz ahaztuko ez dudan fantasiazko asteburu hari.

 

 

 

 

3. Baserriko gauak

 

            Kaletarrak bagara ere, Gilkitxaroko denok umetan baserriarekin kontakturen bat edo beste izan genuen. Gau hau ilundu ordurako, espazio kontua zela-eta gaztetxetik atera behar izan genuen. Deustuko Gazte Lokala utzi eta Deustuko Erriberako Blokin etxe okupatura eraman genituen traste guztiak. Etxe hark bazuen baserriaren trazurik. Sukaldea edota ukuilua ziren baserrietako gure txokorik gogokoenak. Taldera Txomin batu zen, gu baino baserrikumeagoa. Antzezlan berri hau prestatzen ari ginela ez genukeen sinetsiko han inguruan Bilboko Off Teatroa deitu nahi izan dioten hori etorriko zela. Are gutxiago oraindik Deustuko Erribera uharte bilakatuko zutela, zer eta ustezko Manhattan berri bat sortzeko. Komedia dirudi, komedia beltza. Baina gaur eguneko egia baino ez da, errealitate beltza.

            Familia xelebrea ginen orduan Gilkitxaro. Antzezlanerako ere familia sortu genuen: Aligiri-Otumetxu baserriko Trokaolatarrak. Emakumeek osatzen dute familia eta gerturatzen zaizkien gizon guztiak hil eta txarribodarako jaki bihurtzen dituzte. Etxeko txerri parea ezin zoriontsuago bizi da baserri horretan, gero eta lodiago, gero eta zitalago. Komedia beltzerako osagai asko bildu genituen. Infernua berriz ere agertzen zen. Aurreko lanean intsentsu usainez aretoak girotzen bagenituen, honetarako txorizo errea aukeratu genuen. Oso metro gutxitan aldatu behar genituen pertsonaien azalean sartzeko arropak, eszenatokian bertan, oihal berde baten atzean, eta bitartean, txandaka txorizoak frijitu eta abaniko batekin lau haizetara txorizo usaina zabaltzen saiatzen ginen. Nola ez, txosna itxura ere bazuen antzerkirako sortutako baserri honek. Aurrekoan cava edaten genuen eta oraingoan ardo botilak. Eta botila nahikotxo, zortzi antzezle baikinen taulan, inoizko gehien.

            Esplotatu eta esplotatzaileen gaineko antzezlana zen, baserri giroan, umorez, alaitasunez eta lotsagabekeriaz. Aurreko lanetan dantzatzera ausartu baginen, honetan kantatzera. Horretarako, aspaldiko laguna dugun Fredi Paiak koplak idatzi zizkigun. Eta horrela bildu zitzaigun tropara bertsolaria. Etxetik antzerkia ezagutzen bazuen ere, ama aktorea du Fredik, orduan ezagutu zuen euskal antzerki talde basati baten gautegia. Nola egiten genuen emanalditik emanaldietara restopetan poteoa, zenbat negar, segurtasun gabezia eta ego nagusitasun elkarrekin dantzan, giro onean, baina terapia beharrean. Horrela bihurtu zen bertsolaria psikiatra.

 

 

—gonbidatua—

 

Fredi Freud
(Bertsolaria eta psikoanalista)

 

Trokaolatarren dibana

 

            Herritarrek gizarteko boteretsuak txarribodara gonbidatuko zituzten; mozkortu, akatu, odolosteak egin eta txerriek koplak abestuko zizkieten. Plan bikaina zen. Eta da.

            Deustuko Erriberako entseguetan, hurrengo hileetan, nire familia izango zena ezagutu nuen. Pertsonaiak maitatu nituen lehenik, antzezleak ondoren. Ez da gomendagarria. Oraindik ere Aita Domeka! eskapatu ohi zait Galder ikusten dudan batzuetan...

            Deustuko Gazte Lokala jendez gainezka zegoen estreinaldiaren gauean. Garai hartan “distantzia soziala” oximorona zen, edo bata edo bestea, ezin ziren biak batera izan. Eta ni guztiz kontziente nintzen, debut ostean, Deustuko Izangoan pubetik etxera nindoala, koplak idatzita zeudela; hau da, beste aitzakia bat behar nuela jende maitagarri harekin denbora igarotzen jarraitzeko. Izan nintekeen trokolo, txorixo kearen atzean ezkutatzen zen trokaolatarra. Baina hori begi-bistakoa zen, beraz, sotilagoa zen zerbait (bai, gezurren bat) asmatu behar nuen ke atzean egoten jarraitzeko, beste ezer ere egin beharrik gabe, jakina. Trokaolatarren psikologoa izango nintza-ta-ta-txann!!! (emotikonoren bat beharko litzake orain, agian, baina ez dakit emotikonoz hitz egiten. Gure txandal fosforitodun haurtzaroan debekatuta zegoen testuetan aurpegi biribilak marraztea, batez ere irakaslearena.

 

 

 

4. Igogailu gauak

 

            Gilkitxaroren entseguak espazio okupatu eta autogestionatuetan egin izan genituen ordura arte. Halako apustuek, ordea, ez dute boterea eta agintea aldeko izaten. Milurteko berriaren hasieran desalojoak ohiko kontua ziren Bilboko Manhattan sortu nahi den eremu ederrean. Traste asko galdu genuen Blokin etxearen hustuketan. Gazte Lokalak gure esperimentazioen erakusleku izaten jarraitzen zuen. Jolastu ginen txotxongiloekin eta sortu genuen Galindo lindo pieza. Ausartu ginen musikarekin, eta Peņita ye ye taldearekin kontzertu parea eman genuen. Baina nekea sumatzen ari zen orduan jende askok osatzen zuen taldean. Garai horretan, gainera, gutako batzuk hasi ginen antzerki eskolak jasotzen. Azkenean bazen garaia, bai. Talde handien dinamikak zailak izaten dira eta norbanakoen konpromisoak aldatzen doaz. Herri honetako errealitate politikoak ere eragina izan zuen talde handia zen hura txikitzen joateko. Horrela iritsi ginen inoiz izan dugun entsegu lekurako espaziorik txikienera, garai zaharretan bakailaoak saltzen zituen lokal zaharra, artista plastiko baten tailerra izandako lonjara. Eta hantxe sortu genuen gure antzezlanik txikiena, tamainan txikia, igogailu batean gertatu behar zen komedia.

 

 

            2003ko martxoan estreinatutako Elevator antzezlanak Bilbo zahar bateko igogailu publikoen inspirazioa zeukan. Zerbitzu publiko horiek ere Bilbo berriarekin desagertzen joan dira. Bilboko grisak eta marroiak desagertzen zihoazen, ordura arte bilbotarrentzat ezezagun ziren kolore eta tonalitateak gailentzen hasi ziren. Dena aldatzen zegoela zirudien eta gu trikuak ginen, baina eztenik gabeko trikuak. Hirukote bilakatu zen Gilkitxaro, Kafe Antzokiko ostegun parranda gau batean ezagutu genuen Bergarako Axi, antzezlan berrian igogailuzain izatera animatu zenean. Eszenatokira igo behar ginenak gero eta gutxiago baginen ere, beste modu batean taldea sendotzen joan zen. Kerra antzezlanen zuzendari bilakatu zen, Nino Monero eta Gontzal Gutierrez agertu ziren, orain arteko irudigile eta zenbat gauetako lagun. Gauza bera, jaio berria zen The Kuņaus bikote artistikoarekin, bihar arteko gure emanaldien eta gauen bikote elektrikoa. Anek desmaiatzen zen emakume izatea aukeratu zuen, eta ordutik bere pertsonaia guztiak zorabiatu eta lurrera ziplo erortzen dira. Galder gazte sentitzen zen, trikua zuen lagun, eta bisera jantzi zuen, gero kalean gaur arte jantzita mantentzen duen bisera. Eta abiatu genuen bidaia berria, goranzko bidaia amaigabea. Igogailuak horixe omen baitira, igotzeko gailuak. Ez dakigu noraino igo, baina gora beti, handik goitik dena ezberdin ikusten baita.

 

 

—gonbidatua—

 

Jon Gerediaga
(Antzerkigilea eta poeta)

 

            Artean oso gazte eta osasuntsu ginela, Elevator antzezlana ikusi nuen Deustuko Gazte Lokalean. Galder, Ane eta Gilkitxaroko aspaldiko lagunak igogailu batean harrapaturik, mugitu ezinik. Ez gora, ez behera. Emanaldi ederra.

            Harrezkeroztik, artean zein bizitzan, zenbat gorabehera, zenbat gailur eta zulo. Oraindik ere halaxe gabiltza: gora eta behera ibiltzearen artea dominatzeko ahaleginean. Ez gara aspertuko behintzat. Agian, hobe horrela. Nietzschek esan zuen: “Kontuz zure deabruak uxatzen dituzunean, ez itzazu haiekin batera zeure jainkoak ere kanpora bota”.

            Animo eta aupada handi bat, Galder, Ane, Gilkitxaroko sateliteak. Oraindik ere zuekin batera noa, igogailuan gora eta behera, aspaldiko bidelagunok.

 

 

 

5. Gau bat Honolulun

 

            2004ko gau batean gertaera ederra bezain potoloa bizi genuen. Sekula izan dugun leku aldaketarik handiena. Taldearentzat lokal erraldoia alokatzea erabaki genuen. Pilatutako material mordoa gordetzeko espazioaz gain, entseguak egiteko sekulako tokia aurkitu genuen. Otxarkoagako Alderdi Komunistarena izandako lokala zen. Bilboko punta batetik bestera, Deustutik Otxarkoagako Arbolantxa auzora joan ginen. Bidea erraztu zigun Txekhoven alaba ezkutu eta bertako bizilagun zen Maxak. Horren leku handia izanik, taldeko asko bueltan batu ziren ilusioz beterik. Zenbat zerbeza, gominola eta kanuto lokal eder horretako arratsalde eta gau ahaztezinetan. Ilusio kolektiboa berpiztu zen.

            Denborarekin ohartu gara inoiz baino esperimentalagoak izan ginela orduan. Aharrausika izeneko antzezlana sortu genuen. Poesiatik eta espazio jokoetatik sortutako pieza. Uraren faltagatik modafilinoarekin sekulako engantxea zuen herriaren kondaira sortu genuen. Hitza eta mugimendua nagusi ziren. Jose Luis Raymond irakasle izan genuen garai horietan. Espazioaren estetikatik drama sortzen erakutsi zigun. Ordura arte egindako guztiarekin alderatuta, oso gauza ezberdina zen. Duela urte pare bat, kasualitatez eta ezustean agertu zen entsegu baten grabazioa. Izugarri harritu gintuen, lana borobila iruditu zitzaigun. Baina bere garaian beldurrak eta konplexuak gailendu ziren eta Otxarkoagako lau pareten artean geratu zen sorkuntza kolektibo esperimental ausart hura.

 

 

            Aharrausika lanaren ezintasunarekin berriz ere gutxitzen joan zen taldea. Baina bidea ireki genion gauza askori. Poesiari, esaterako. Lehenengoz izan genuen sormenerako gure etxea, gure paradisua, gure Honolulua, non eta Otxarkoagan. Eta ekin genion leku idealaren bila dabiltzan bihotz handiko bi pertsonaien pasartea sortzeari. Poesiaz gain, clown-arekin jolasten hasiak ginenez, biak uztartu genituen. Lorca sudurgorri parea, naif itxurakoak, baina odoletan blai beti. Antzezlan horretan gure altxorrik handiena eszenaren erdian jarri genuen: bizitza, bizitza bera baita gure bizilekua, gure bizitokia. Elmer eta Lulu bereziki maite ditugun pertsonaiak dira. Maleta zahar batekin agertzen ziren eszenatokiz eszenatoki. Bizipozaz betetako maleta, bihotz handiek bidaian eramaten duten maleta. Maleta bakarra. Bi izan zitezkeen, hiru edo lau. Baina maleta bakarra zen, biena.

 

 

—gonbidatua—

 

Ander Lipus
(Aktorea eta antzerki zuzendaria)

 

            Akordatzen naiz ezagutu ginen egun hartaz. Baina zehazki, non izan zen? Bilbon? Honolulun? Ilargian? Auskalo! Ez dakit. Baina badakit gauza batek baino gehiagok batu gintuela. Horietako bat, antzerkiak. Hogeita bost urte daramazue, Ane eta Galder, antzerkian leku bat egiten, antzerkizaleei leku bat eskaintzen, antzerkia maitatzen. Eta antzerkiaren gure lur honetan... ez gara izarrak, sateliteak baizik, Ilargia bezala. Honolulutik zein Bilbotik, Ilargia beti ilargi. Eskerrik asko!

 

 

 

6. Miranderen gauak

 

 

—gonbidatua—

 

Edorta Jimenez Ormaetxea
(Idazlea)

 

            Behin Radio Euskadiko 7 calle del Trinkete saiotik hots egin zidaten. Maite nuen saio hura. Izan ere, kultura eta entretenimenduaren saski-naskia zen Ane Zabalak eta Galder Perezek asteburuetan egiten zutena. Zein libururi buruz hitz egin genuen ahaztua badaukat ere, gogoan dut dei hark guztiz poztu ninduela.

            Oroimena ahula da, ez dakit Korrika Kulturalari izan zen Mirande kabareta izango zenaren proiektua aurkeztu nuena. Dakidana da Ane eta Galder hari esker ezagutu nituela, antzezpenaren aldetik proiektua bideratzea haiexen esku lotu baitzen. Musikaren arloa Txuma Murugarren aspaldiko lagunak hartu zuen; Rafa Aceves hautatu zuen pianorako. Boskotea ginen. Denok ekarri genuen nork bere alea, edo aleak. Talde lana izan zen.

            Ane eta Galderren Gilkitxarok —berori da taldearen izena— Otxarkoagan zeukan entsegu lekua. Garaje erdi galdu batean. Auzune hartan lan egin ahal izana txundigarria izan zen, sinbolikoa bezain. Estreinaldia El balcón de la Lola izenekoan egin genuen. Euskarari gune berriak ematearren erabaki genuen han izatea.

            Haren ostean ni neu ordura arte inoiz bizi gabe nengoen bizimodua egin nuen zenbait astez eta hilez. Lokalean puskak bildu, autoan sartu, antzezpenaren lekura iritsi, eszenatokia atondu eta gero itxaron. Publikoa sartu arte. Eta emanaldiaren ostean, Otxarkoagara!

            Alde batean Txuma eta Rafa, eszenarako jaiotako musikari itzelak; beste aldean Ane eta Galder, antzezleak sortzez. Eztabaidak, gogoetak, ekarpenak, tragoak eta abar tartean zirela, dialektika ederra sortu zen. Une ahantzezinak bizi izan nituen, nirea bai zortea.

            Irratiko hartatik gaur arte beti harritu nau Anek eta Galderrek lanerako duten gaitasuna. Biak ari dira irrati lanetan eta aldi berean antzerkigintzan. Sortzen eta ekartzen. Euskaraz gehienbat. Nondik ateratzen duten astia ez dakit. Parrandei denbora kenduta ez behintzat. Horrexegatik segitzen du ia-ia misterioa izaten Gilkitxaro taldea nondik nora iritsi den taula gainean hogeita bost urte egitera.

            Misterioa ulertzeko bide bakarra maitasunera jotzea da. Anek eta Galderrek antzerkia muin-muinean bizi dute, eta halaxe maitatu. Horrexek ematen die indarra. Eta indar hori ingurura zabaltzen ere badakitenez, besteoi ere maitasun antzeko bat sentiarazten digute. Ane eta Galder, Galder eta Ane, bihotzez, urte askotarako.

 

 

—gonbidatua—

 

Txuma Murugarren
(Musikaria)

 

            Edorta Jimenezek hots egin zidan telefonoz kabaret itxura izango zuen antzezlan baterako musika egiten ausartuko ote nintzen galdetzeko. Hizketan ari ginela, Rafa Aceves ikusten nuen nirekin batera, pianoa eta ahotsa soilik, zenbait melodia ere dantzan hasi ziren buruan. Dei hura bukatzerako oso argi neukan nola egin. Hala sartu nintzen Mirande kabaretaren abentura motz bezain bizi horretan.

            Edorta, Rafa, Ane eta Galderrekin lan egitea aberasgarria izan zen oso. Ikuskizuna antolatzen Otxarkoagan pasa genuen denbora gogoan dut, eta baita gerora etorri ziren emankizunetan izandako bizipenak ere. Lagunarte ederra sortu genuen tarte batez, eta badakizue, askotan gogoratzen naiz horrekin eta faltan daukat. Mirande kabareta-n edo nahi duzuen erokeria egiteko behar banauzue, ez ibili zalantzan, ni irrikaz nago.

 

 

 

 

7. Gau itsuak

 

            Lulu eta Elmer bereziki maite ditugun pertsonaiak direla aipatu dugu. Mirande kabaretako gauak itzelak izan ziren, berriz ere taldean, ezin talde xelebreagoa, gainera. Esperientzia izugarri ederra izan zen idazle handi estimatua eta musikarien artean egindakoa. Baina bagenuen etxeko lasaitasunera bueltatzeko beharra. Elmer eta Lulu ziren orduan guretzako etxea. Hasi ginen Honolulu, leku bat lanaren bigarren partea izan zitekeena sortzen: Tokio toki bat. Euskararen eta japoniarraren hoskidetasunean oinarritutako zenbait eszena sortzen eta jolasten aritu ginen. Baina pauso bat haratago eman nahi genuen, ez zedila besterik gabe bigarren partea izan. Bideoarekin saiatzea pentsatu genuen, proiekzio ospetsuak. Bogan zegoen orduan antzerki-pertsonaiak pantailan agertzea. Eta abiatu ginen Tokiora bideo-kamerarekin. Hezur-haragizko anime izarrak sentitu ginen, Arale eta Doraemon izango bagina lez. Tokioko kaleetara Lulu eta Elmer atera eta tokiotarrek haiekin batera argazkiak egiteko eskatzen ziguten. Grabatu genituen Elmer eta Luluren eszenak, biak japoniar kale handietan dantzari edo bakarka penaturik Tokion galduta, bata bestearen bila. Inork ikusi nahi baditu, erraz aurkituko ditu irudiak YouTuben; garai zaharretan bezala, musika taldeekin kartelak hormetan inkatu bezala, sekula antzeztuko ez genuen Tokio toki bat lanaren teaserra sareratu genuen. Tokioko Narita aireportuan Pariserako hegaldia hartu behar genuenean ohartu ginen: ez geneukan oso argi nola osatu ustezko antzezlan berri hura. Beharbada bizitako esperientzia nahikoa zen. Tokioko kaleetan gure bihotzeko pertsonaiekin inprobisatzen aritu ginen. Bilbon gaztetan bezala egunkari orriekin kalean dantzan, Tokion performatzen ibiliak ginen. Eta gainera, ohartu ginen maleta betaurrekoz betea genuela! Tokion modan zeuden betaurrekoak, paparrean txapa edo ilean txoritxoa jartzen duenak bezala, antiojoak modako osagarri ziren. Beharbada itsuegi geunden Elmer eta Lulurekin eta hegazkin bidaia luzean argi ikusi genuen, betaurrekoekin osatu behar genuen gure hurrengo antzezlana. Hamaika betaurreko, hamaika pertsonaia eta hamaika istorio sortzeko, nahikoa zen. Horrela abiatu genuen 8 begi proiektua.

 

 

            Garai horietan Brechtekin erabat txolinduta geunden eta hari esker iritsi ginen Karl Valentinen testuetara. Egile alemaniar kabareteroa zen Valentin. Oso eszena bizi eta komikoak zituen, laburrak, guk hainbeste maite ditugun bezalakoak. Haietako zenbaitekin jolasean aritu, itzuli eta gorpuztu genituen. Behar genuen dena begien aurrean genuen. Antzezlan berria natural sortu zen eta atera ginen betaurreko pilarekin maletan herriz herri optikaren teoria azaltzeko prest. Emanaldi mordoa egin genuen betaurrekoak jantzita. Eta ileordeak, ados. Gogoangarria eta ametsa betetzekoa izan zen Gasteizko Mendia optikaren erakusleihoan antzeztu genuen hura, benetan ikustekoa.

 

 

—gonbidatua—

 

Mikel Martinez
(Aktorea eta antzerki eragilea)

 

            Ez dut gogoratzen noiz izan zen lehenengo aldiz. Aspalditik ezagutzen ditut Ane eta Galder. Betidanik. Izan ere, edonon jaiotako Bilbotarrak gara hirurok, betidanik, euskaldunak eta teatreroak, euskaltzaleak eta antzerkizaleak. Betidanik.

            Betikotasun horretako unetxo bat gogoratu nahi dut hemen. 2010eko maiatzaren 20an 8 begi antzezlana estreinatu zuten Cafe Bar Bilbaok —nik neuk— antolaturiko Bilboki ekimenaren barruan. 8 begi antzezlanak arrakasta handia izan zuen eta leku eta eszenatoki ugaritan egin zuten. Arrakasta horretan zeozeeeeeertan lagundu nuelako susmoak poztu egiten nau izugarri.

            Ane, Galder, mundialak zarete, eskerrik asko zuen lanagatik.

 

 

 

8. Ur handietako gauak

 

            Gauak berari ezer eskatu gabe asko eman digu, baina lagunekin bizitako gauek gau hutsek baino gehiago eman digute. Ordu txikiak esaten zaien horietan —handi direnean txiki esatea be, zeren seinale ote— saltoka berba egitea maite dugu, zer eta gure ustezko txiste eta teoriak zabaltzeko. Ustez taberna zuloetan galduak diren ordu horietako asko izan dira hamaika proiekturen abiapuntu. Haietako gutxi batzuk gogoratzeko gaitasuna bagenu, hori bai drama faktoria. Bakarrik gogoratzearekin zenbat alditan sinetsi dugun egingarriak zirela. Haietako gutxi batzuk, zorionez, benetako bilakatu dira.

            Ilargik eta Willik urak handi direla erakutsi ziguten. Lesakako emanaldi osteko gau zoragarri batean, emanaldia egin eta geroko afalostean, patxaran mordoxka baten artean, Gaizka Sarasolak guretzako testu bat idatziko zigula esan zigun. Patxaran zaleak ez bagara ere, zer egin bertako denek edaten denekin xurrut gorria egitea ez bada. Biharamunean, telebistak eskaintzen zuen bertso final bati kasu gehiegi egiten ez geniola, bezperakoak atera ziren, baina guk ez genuen lar ondo gogoratzen. Bada, handik hilabete gutxira, hara!, postontzian lagun batek egin diezazukeen oparirik ederrena jaso genuen: Urak ttiki dire antzezlanaren testua.

            Gaizkak erronka jarri zigun: ustezko gure konfortetik ateratzeko pertsonaiak eta drama sortu zituen. Poesian eta maitasunez beteriko istorio gogor bezain xamurra eraiki zuen. Guk biok, ordura arteko bikote komiko zen horrek, gure testua ez zen obra batekin lan egin behar genuen. Umore itzela ezkutuan bazuen ere, kontatutakoa drama gardena zen. Bihotzean barneratuta genuen drama zen, baina oholtzara eramateko zaila. Erronka bikoitza genuen, hortaz: gauaren edertasunean egindako promesa bete eta gure konfortetik atera, beste bide batzuetara eramango gintuzten pertsonaia eta unibertsoetara salto egin. Oso luze jo zigun, hamaika forma probatu genituen Ilargi eta Willi bizi ziren baso hura gorpuzteko, pertsonaiak izateko leku eta zentzu bila. Gure betiko teatroa pobrea baina alaia izan da, eta lan honek, itxuran, espazio ikusgarria eta hotza eskatzen zuen. Galduta geunden kalekumeak basoan. Elgoibarko Txotxeri eskatu genion antzezlana zuzen zezan. Ezin dotoreago pikutara bidali ostean, zenbait pista eman zizkigun lana aurrera atera ahal izateko. Bi edo hiru bider izan ginen proiektua bertan behera uztekotan, baina lanean urte eta erdiz jardun ostean, aurkitu genituen Ilargi eta Willirentzat bidea eta basoa.

            Oreretako Eztena jaialdian Piezak deituriko ekimenean lagin txikia erakutsi genuen. Ilargik eta Willik ez lukete sekula ulertuko work in progress hura zer zen. Lokalean bakarka lantzen genbiltzan horrek bide ona hartu zuen Eztenako lagunekin konpartituta, nolabaiteko abiada eta konfiantza hartu zuen antzezlanak. Beharbada, ez katagorriak zuhaitzean gora bezainbeste, baina kasik. Gau hartan hasierako eszenen lehen striptease hura ederto ospatu genuen Oreretako Gaztaņo auzoko jaietan. Inork pentsa lezake, berriz ere, denbora galdu genuela teatrero arteko gaupasa eder hartan, baina merezi izan zuen lehen erakustaldi hark ekarri zigun poza ospatzea. Gaueko ospakizun hark eman zigun ur handitan sartzeko indarra, alaitasuna eta konfiantza.

 

 

—gonbidatua—

 

Gaizka Sarasola
(Antzerkilaria)

 

Urak handitzen direnean

 

            Urak handitzen direnean, emariak bere ohiko bideetan leku nahikorik ez duenean, gainezka egin eta bide berriak bilatzen ditu errekak. Normalean ez dugu gogokoa izaten, kalteak eta nekeak ekartzen baitizkigu horrek normalean guri. Normala, beraz, guk ere, gure egunerokoan, ohiko bideak gustukoagoak izatea. Etxetik lanera eta lanetik etxera, eguneroko paseoa ematera, kiroldegira zein tabernara, beti bide berdinetatik ibiltzeko ohitura izaten dugu. Baina batzuetan, kuriositatez edo halabeharrez, gure eguneroko ibilbideak aldatu behar izaten ditugu, eta sorpresa atseginak ekartzen dizkigu horrek zenbaitetan.

            Sortze lanak ere, ubidetik ateratzen den errekarekin antzekotasunak badituela pentsatzen dut. Guregan zerbaitek gainezka egiten duenean bilatzen ditugula adierazpen berriak. Ez dakit ongi kuriositatea edo halabeharra izan ote zen, 2010eko udazkenean Gilkitxarokoentzat testu bat idazteko bidean jarri ninduena. Ni ote nintzen gainezka edo beraiek erronka berrien egarri. Baina badakit Gilkitxaroko lagunekin konpartitutako proiektuak eraman ninduela antzerki testuak idazten segitzeko eta sakontzeko bidean barna.

            Beraz, nolabait ere zorretan nago beraiekin, beraien konfiantzarengatik, baina batez ere, beraien adiskidetasunarengatik. Nire kasuan, bederen, ur ttikiagorik gabe agian ez zelako izanen bertze inolako emaririk. Inportantea delako ur handietan jolastea, baina inportanteagoa ur ttikiagoekin bizirautea.

 

 

—gonbidatua—

 

Jon Basaguren
(Musikaria)

 

            Gilkitxaroren 25 urteen ospatze honek erakutsi dit ez naizela hain gaztea, edo behintzat urte batzuk badaramatzadala hemen, eta dagoeneko lauso gogoratzen ditudan gauza ugari eginak ditudala. Tartean, eta horregatik lerro hauek hemen, baita Gilkitxaroren emanaldiren bat antolatu izana ere Korrika Kulturalaren barruan (Gasteizko batzordean Gilkatxarro birbataiatu genituen...). Eta are gehiago, euren Urak ttiki dire obran telonero lanak ere egin nituen. Nik antzerkirik ez, e?, gitarra eta ahotsa eta Izaki Gardenak-en betiko kantuak —ikusten nola pasa den denbora?—. Nire memoriaren arabera, Bilboko P6-en eta Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean behintzat, bai. Enfin, urtemugek hori dute, atzera begira jartzen zarela. Gaitzerdi, kasu honetan bezala, gauza ederrez gogoratzeko bada!

 

 

 

9. Gauak zintzilik

 

            Gaztetan urteak betetzea, eta ez hain gaztetan, gauak festaz betetzeko aitzakia ezin hobea da. Mende erdira heltzen ari garen honetan, beharbada goizetan, esnatu berritan, bestelako betaurrekoekin begiratzen diogu honi guztiari. Ezinbesteko zahartzaroa gero eta gertuago dugu, guk eta denok. Ezinbestean, horrek errespetua eta beldurra dakar. Baina ez gara aurreratuko. Beharbada, horrek salbatzen gaitu eta salbatu izan gaitu; aurrera ilusioz begiratzeak eta atzean utzitako gauza ederrez gozatu izanak, hori bai, nostalgiak ito barik, oroitzapena arnas fresko bezala baliatuta.

            Konturatuta gaude hamarkadaz aldatu dugun bakoitzean ospakizun eta antzezkizun erraldoi handia egiteko baliatu izan dugula efemeridea. 30 urte bete genituenean bizitzan egin dugun performancerik handiena antolatu genuen. Gure ingurukoek eta jendarteko edonork egin bezala —alaporai!, gu ere ezkondu ginen! Deustuko Erriberan, gaur P6 eta bestelako Manhattankeriak dauden lekuan, ezkontza erraldoia antolatu genuen elizaren parean. Abadeak sermoi ederra bota zuen mezaneska poxpolin batekin. Jainkoaren odola cava zen, eta haren okela, gildak, pepinilloak eta enparauak. Dantzariak, txistulariak, etxafuegoak eta halakoak ez ziren falta izan, noski. Iturribide kalean zabor artean aurkitutako soineko zuri ederra andregaiarentzako jantzia eta kasualitatez gure lokalera iritsi zen antzerki konpainia erraldoi baten arropetatik aterata, senargaiarentzat esmokin distiratsua eta oso hortera. Zeremoniaren parodia itzela egin genuen, baita guk ere sinesteko modukoa. Eskertzekoa izan zen lagun antzerkilari, gaueko lagun, bestelako lagun, kide eta senideen parte-hartze aktiboa, nola ez.

            Hamarkada bat pasata, hau da, berrogei urte bete genituenean, dibortzioa antzeztu ala antzezlan berria sortzea zen patua. Pertsona baino bonoboago sentitzen ginen garai horietan eta erabaki genuen antzezlan batekin ospatzea Lur planeta honetako gure laugarren hamarkada. Gure eta zuen lepotik barre egiteko asmoz, Adarretatik zintzilik antzezlana sortu eta taularatu genuen. Egia, bai, oholtzan tximinoz edo astronautaz jantzita joan arren, erabat biluztu ginen. Izan ere, antzezlan horretan gure bizitza kontatzen genuen, lehenbizikoz benetakoa dena, edo ia dena. Fikzioa eta errealitatearen arteko marra zein den ikusleriak asmatu behar du beti. Sekula hegan egingo ez duen kohete espazial bati esker gure harrikadarekin herriz herri ibili ginen komedia kolpeka. Bi urtez eman genuen berrogei urte bete genituela antzezten. Oraindik ere ospatzen jarraitzen dugu. Berrogei urte bete izatea ospatzen, bai. Baina, batez ere, adarretatik zintzilik bizi garela ospatzen jarraitzen dugu gauero. Falta zaizkigunak gauetako ametsetan ordutik agertzen hasi zaizkigu. Kasurako, Kerra, Ilargitik begira azken antzezlan hau zuzendu zuena.

 

 

—gonbidatua—

 

Irati Jimenez
(Idazlea)

 

            Iruņeko Alde Zaharrean, Nafarroako Antzerki Eskolan, han ikusi genuen, euskaldunon hiri buruzagiak daukan teatrorik ederrenean, nola aireratzen zen Gilkitxaroren kohetea eta nola sartzen ziren umetako bi lagunak, astronautaz jantzita, 40 urtekoen planeta martzianora, etxe propiorik gabe, bikoterik gabe, haurrik eta autorik gabe, adarretatik zintzilik, bizitzaren abentura espaziala eta espeziala elkarrekin bizitzera.

            Ezin esan zenbat barre egin genuen arratsalde hartan, Ane Zabala eta Galder Perez izan zitezkeen bi lagun maitagarrien txioekin eta bertxioekin, belaunaldi oso baten memoria izan zitezkeen haurtzaroko oroitzapenak entzuten eta, zer esanik ez, Rufino Palmera arrain immortalaren historia disfrutatzen. Ez da erraza elementu gutxirekin magia asko egitea, eta metrailadoreak bezala datozen dialogoekin komediak eskatzen duen arintasun hori lortzea. Barrea eragitea ere zaila da, eta ederra, baina are ederragoa da zoriona, eta momentu honetan bertan bihotzean sentitzen dugun berotasunak gogoratzen digunez, zoriontsu izan ginen Anek eta Galderrek Adarretatik zintzilik izeneko urtebetetze festara gonbidatu gintuztenean eta haien 40 urteak ospatzeko komediaren oparia geuri egin zigutenean. Akatsez beteriko geure gorputz konkortuak ikusi genituen bi lagunen arteko maitasunak konkortutako ispilu batean, eta maitasunez errenditurik konprenitu genuen geuk ere astronauta izan nahi genuela, eta ez dagoela bizitzeko modu hoberik adarretatik zintzilik ibiltzea baino, maite gaituen lagunari maitasunez oraturik.

 

 

 

 

10. Morbo gauak

 

            Gau honetan oraindik esna jarraitzen baduzue, antzerkiak gure izateko, bizitzeko eta sentitzeko eran izan duen garrantzia zein den badakizue. Baina ez da bakarra: kazetaritza, txikitatik praktikatu genuen afizioa ere, ofizioa bilakatu zen. Ofiziotik afiziora eta afiziotik ofiziora jauzi asko egiten ditugu. Urte mordoa eman genuen asteburuetako goizetan irratian, batzuetan gaupasan, nola ez, mingainari eragiten eta komunikatzen saiatzen. Ordu gutxi lo egiteak buruko min bat baino gehiago ekarri izan digu. Gaztetatik hedabide handietan ibili izan gara, haien boterea bertatik bertara ikusi dugu. Gazte ginenean ikaragarria iruditzen zitzaigun eta, nola ez, oraindik ere, harritzen gaitu mass media deiturikoek duten botere basatia eta eraginkorra.

            Sortzerako orduan abiapuntua edozein izan daiteke. Gau honetako kasuan azoka anarkista batean lortutako liburuxka eta etxeko ganbaran topatutako grabagailua izan ziren, rec eta play botoiak elkarrekin zapaldu eta grabatzen hasten den horietakoa. Botoiak sakatu genituen eta martxan jarri ginen. Bagenuen eszenikoki erronka berria probatzeko gogoa, gainera. Aiora Sedanorekin Gilkitxarotik kanpoko beste antzerki abentura askotan ibilitakoak ginen, eta bidelagun paregabea izan zen erronka berri honetarako. Ohiko italiar moldea hautsi eta borobilean antzeztuta sortu genuen lana, antzezleak erdian eta ikusleak inguruan.

            Pabiloi 6 aretoak antolatutako antzerki laburren jardunaldian erakutsi genuen sortutako pieza. Baina botere harremanetan sakondu eta handik denbora gutxira antzezlana luzatu genuen, eta Morbus operandi sortu zen. Botereak eta kazetaritzak oso eroso garatu dute haien jardun basatia. Politikariak ederto moldatzen dira era horretan, eta izugarri atsegin dute gupidarik gabe erabiltzea. Ankerkeria hori eszenara eraman genuen bi emakume aurrez aurre jarririk: enpresari politikaria eta kazetari inozoa. Borobilean bueltak eman zituzten pertsonaiak eta ikusleriak barrez eta atsekabez argiegi ikusi zuen nor ateratzen den beti garaile. Jolastu ginen barre artean mina ematen, mina ematen baitu nola tratatzen gaituzten ikusteak. Baina barrearekin ez bada, nola egin aurre horrenbesteko minari?

 

 

—gonbidatua—

 

Idurre Eskisabel
(Kazetaria eta idazlea)

 

            2017ko azaroaren 3an ostiralduta egin genuen Garbiņe lagun maiteak eta biok Hendaia eta Bera arteko auto bidaia. Ostiral iluntzeko gorputzez: astegun buruzurian baino mimo gehiagoz atonduta, ezpainak margotuta, ahotsa apur bat nerabetuta. Finean, egunerokotasun esaten diogun bezatze zamatsu —eta onartu— horretan ihes puntu —onartua— zabaltzeko desiraz.

            Hala ere, Kataku ostatu abegitsuko ateak gurutzatzean ez genuen espero hurrengo ordubetean halako bidaian abiatuko ginela. Galderrek, Anek eta Aiorak erditu berri zuten Morbus operandi antzezlana horixe izan baitzen guretzat: gure barne denboretan zeharreko bidaia bat. Lehenik, mundua mundu denetik errepikatzen den zirku zantar eta, ezinbestean, barregarrira: domatzaile ankerra zartailua eskutan oldarraren plantak egitea besterik geratzen ez zaion lehoi etsia bezatzen. Boterea eta askatasuna, erabakimena, jendeongandik hain urruti eta kapitalaren forma multipleetan (zehazki, hedabidetan) hain kontzentratuta dagoen mundu arrano honen metafora ziztatzailea.

            Beste bidaia bat ere egin genuen: 80koetako esateko modu zuzen eta eufemismorik gabekoetara, zeintzuetan gauzak baita hurbilekoenak ere- denok ulertzeko moduz, mozorroen premiarik gabe, izendatzen genituen. Eta ez dut ukatuko apur bat asaldatu ez ginela, hain baikaude bezatuta politikoki zuzenera... (Utzidazue parentesi hau sartzen: azkenaldiko bertsio aldrebestuaz bestera, politikoki zuzena ez baita feministen edota bestelako borroka emantzipatzaileen ekarpena, betiko domatzaileek aspaldi ezarritako legea baizik).

            Alegia, ostiral iluntze bateko ihes puntu espero genuen antzezlan hura barrura sartu zitzaigun iltzea izan zen, astelehenean ere ostiral gorputzez jaikitzeko eta ostiralduta ibiltzeko gonbidapen temati.

 

 

 

11. Azoka gauak

 

            2019ko abenduaren 7an pandemia aurreko Durangoko Azokan etaren agiri bulegoa antzezlan laburra estreinatu genuen bertako antzokiko bulego txiki batean. Aurreko urteko azoka osteko gau batean San Agustin aretoko Arantxa eta Karrika antzerki taldeko lagunekin parrandan sortu zen zoro zirudien ideia. Pieza laburra izatea zen asmoa, eta Durangoko azokaren ingurukoa, posible zen neurrian behintzat. Garai horietan, nola ez, bagenuen lapikoan sartzeko moduko beste zerbait. Sekula burutu ez dugun Agur, Xiberua antzezlana. Lurrunkari saltzaile xiberotar pertsonaia perfilatuta genuen. Baina zer gertatuko litzateke xiberotar biajante hori Durangon galduko balitz? Eta kulturgintzako bulegoren batean bere produktuak saltzen joatera ausartuko balitz? Bada, bulego aproposa eraiki genion: etaren agiri bulegoa. Bertan euskal artea eta euskal artista guztien planak eta trikimailuak egosten dira. Gu sortu ginen enbor beretik altxatu genuen Durangoko zuhaitza eta euskal idazle, musikari, aktore eta gure kultura txiki honen izen handiak, handiusteak eta handinahiak biltzen dituen komedia.

            Pieza labur batekin geunden berriz ere. Ikusleak oso gertu genituen, elkarri usaintzen genion ikusleok eta pertsonaiok. Baina pandemia etorri zen. Guztiak bezala, etxean geratu beharra. Emanaldi zerrenda luzea, bertan behera. Berlinen antzezteko plana ere, pikutara. Guztiak bezala. 2020ko udan tantaka emanaldiak egitera bueltatzeko aukera izan genuenean Larrabetzutik jaso genuen deia. Hori Bai gaztetxean emanaldia egitera gonbidatu gintuzten. Animatuegi sentitzen ez baginen ere, ezin ezetz esan gure antzezlan guzti-guztiak jaso duen herri eta gaztetxeari. Baina ez zen esperientzia ona izan. Ikusleak urrun genituen. Ezin haien irribarrerik ikusi. Gertuko behar zuena distantziak banatuta gertatu zen. Hutsa. Jota bueltatu ginen etxera, atsekabeak hondoratuta. Eta orduan bai, dena pikutara bidaltzea erabaki genuen. Akabo antzerkiaren abentura, ez genuen borrokan jarraitzeko ez gogorik, ez beharrik ezta indarrik ere. Guretzat antzerkia jolasa izan da beti, eta jolaserako, aldartea eduki behar da. Ez genuen.

            Zenbait emanaldiri ezetz esan genion. Baina barreneko zerbaitek dena ez lurperatzeko esaten zigun. Eta dei berria jaso genuen. Lesakako Mairu taldeko lagunek pieza laburrarekin haien jaialdira joateko gonbita egin ziguten. Azken aukera moduan hartu genuen: zirt edo zart. Egin genuen azkena izan zitekeen gure emanaldia. Gozatu genuen, gainera. Jolasera bueltatu ginen eta Gaizka Sarasolak animatu gintuen antzezlana garatzen, laburretik luzera bi pertsonaia eroen artekoa zirudien pilota sortzera. Bilboko Karmela herri-espazio autogestionatuan lanean hasi ginen, pieza laburra zena osatu, sendotu eta borobiltzeko. 2021eko ekainean gure bihotzeko beste leku batean estreinatu genuen etaren agiri bulegoa antzezlan luzea: Bilboko Bira kulturgunean. Eskerrak bizitzan begiak irekitzen laguntzen duten ezinbesteko lagunak existitzen diren.

 

 

—gonbidatua—

 

Lutxo Egia
(Idazlea eta kultureragilea)

 

            Lau bider ikusi duzu etaren agiri bulegoa. Lehenengoan, lagun artean aurrestreinaldian, Jardines kaleko egiazko bulego batera bildu zinen. Handik aste batzuetara heldu zen hiriko estreinaldia, 2020ko otsailaren 20an.

            21:00ak dira. Aretoa lepo dago. Hamaika lagun, berriz, kalean geratu dira, sartu ezinik. Kamerinora —kamerino hitz fetitxea da zuretzat, honakoa botila-biltegi hotza den arren— sartu zara eta albistea eman. Ez bat eta ez bi, Galderrek eta Anek ebatzi dute bigarren saio bat egingo dutela. Hiretzat, bada, bigarrena eta hirugarrena. Martxoan Alemaniara mugitu behar zuten bulegoa (Arantxa Tapiaren erretratua barne), baina COVID-19aren agerpenak ustekabeko erregulazio espedientea ekarri zion enpresari. Bazter utzi beharrean, pandemia baliatu zuten antzezlana berrikusteko eta bertsio luzeago bat atontzeko Bilboko Karmelan. Bertan estreinatu zuten joan den ekainean eta handik astebetera, Biran. Eta atzera ere, aretoa beterik.

            Lau bider ikusi duzu etaren agiri bulegoa, barre-malko artean guzti-guztietan. Zeure buruari galdetzen diozu nola ote den posible laugarrenean ere irriz lehertzea. Zilarrezko ospatze honek, baina, klabe batzuk eman dizkizu. Aneren eta Galderren arteko jolasak, aurpegien paisaiak, gorputzen dantza, ahots-tonuen megahertzak, irudizko aditu ezinak, absurdoa, maitasuna..., 25 urte joan ondoren dena kabitzen zaie bulego horretan. Hamaikagarrenean ere lehertuko zinateke.

 

 

—gonbidatua—

 

Aitor Garcia de Vicuņa, Gartxito

(Musikaria, Ane eta Galderrekin batera
Lutxo Egiaren Identitarteak
antzezlana sortzen ari da.)

 

            Giltxikaroko kideen bizipoza ezagutu nuen Gilkitxikaro proiektua bera baino lehenago. Orain, haien bizipoza konpartitzeko aukera emateaz gain, proiektuan nire aletxoa jartzeko aukera ere eman didate. Beraiekin jolastea, esperimentatzea, ikastea, niretzat ezezaguna den antzerkiaren mundua barrutik ezagutzea. Horiek dira datozenak, eta bizipoza ematen dit horrek. Akaso kutsakorra izango da.

 

 

 

12. Gaua argitu du

 

            Gaua argitzen duenean ameskeria da itzala sortzen duena eguzkia dela pentsatzea. Izan ere, fokuak dira, piztu dira azkenean. Argitasuna emateaz gain, fokuen azpian epeltasuna sentitzen dugu. Gilkitxaroren ohiko eszenatokietan ez da foku askorik egoten, ez teloirik, ez erregidorerik ezta orkestrarentzako hobirik ere. Baina betiere, argitasuna eta epeltasuna aurkitzen ditugu.

            Gure antzezlekuek gaztetxeak, tabernak, elkarteak eta kultur etxe txikiak izaten jarraitzen dute, duela hogeita bost urte bezala. Gure kamerinoak —janzteko eta makilatzeko tokia izateko zori ona dagoenean— komun edo biltegiak izan ohi dira, duela hogeita bost urte bezala. Lan egin izan dugu txeslondun kamerinoa edota aramu-lanpara erraldoia duten alfonbra dotoreetako antzokietan. Gure taldearen jardunarekin batera, enkarguzko teatro lan asko ere egin dugu: beste mila gauetarako emango luketen istorioak dira. Askok prostituzio edo mertzenario lana deitzen diete halakoei, baina guk izugarri gozatu eta ikasi dugu gehienekin. Argia ordaintzen ere lagundu digute halako lanek. Baina kanpoko gauen ostean, beti bueltatu gara etxera, Gilkitxarora, taldera, argitasunera eta epeltasunera. Gilkitxaro gure gotorleku eta barrikadara, duela hogeita bost urte bezala.

            25 urte itzel hauek ospatzeko lerro hauek idazten bukatu eta, lo hartu gabe, bagoaz pasioz entseatzera, duela hogeita bost urte bezala. Gure hurrengo emanaldia Deustuko Gazte Lokalaren 30. urtemugaren egitarauaren parte da. Antzerki taldea sortu genuen lekura bueltatuko gara antzeztera aspaldiko partez. Hasiberriak ginen hartan Gazte Lokalak lauzpabost urte zituen. Beharbada, inork gutxi pentsatuko zuen hogeita hamar beteko zituela. Guk mende laurdena beteko genuela sinetsi genuen. Antzerkia sortzen, dramak eta komediak eraikitzen gozatuko genuela sinetsi genuen, gaur duela hogeita bost urte bezala. Antzerki taldea izan nahi genuen, eta osatu genuen antzerki taldea. Eta ez da ameskeria. Egia da.