Hitzostea
Olatz Gorrotxategi
Gilkitxaro arte eszenikoekin izan nuen lehen harremana izan zen. Gilkitxarorena izan zen oholtza gainean ikusi nuen lehen antzezlana eta baita jaso nituen lehen antzerki klaseak ere. Gilkitxarori esker igo nintzen lehen aldiz (gaztetxe bateko) eszenatoki batera.
Haiekin nire nerabezaro osoa pasatu nuen, eta antzerkiak dakarren ospakizuna, eta artea zein gizateriarekiko konpromisoa ulertzen eta maitatzen ikasi nuen.
Haiekin nire nerabezaro osoa pasatu nuen, eta gaur egun, hogeita bost urte geroago, Gilkitxaro eszenatokietan ikustea bertara bueltatzea da. Elkarrekin sortzeko plazerera, antzerkia egitearen gozamenera, lehen esperientzien grinara, festara, gure kulturara, izan nahi dugunera, garenera, erresistentziara.
Haiekin nire nerabezaro osoa pasatu nuen eta, bitartean, konpainia osotzen zuten lagunek jakintza eta esperientzia zabala eskuratzen joan ziren beste motatako proiektu eszenikoak jorratzeko haien antzerki taldetik kanpo. Baina Gilkitxaro antzerkiaren plazererako gotorleku moduan mantendu dutela pentsatzea gustatzen zait. Eszenaren teknokraziatik kanpo geratzen den uharte bezala. “Zuk egin ezazu”-aren bandera hogeita bost urtez jarrita eraman duena.
Gilkitxaro punka da,
autogestioa,
parranda,
gozamena,
artearekiko militantzia.
Zutunik jarraitzen duen azken etxe okupatua.
Gilkitxaro Uliseren Itaka dela pentsatzea gustatzen zait.
Antigona, estatuaren aurka eusten.
Dario Foren zoroa komisaldegian.
Gilkitxaro Noraren panpina-etxeko atea da.
Bertolt Brechten bidelapurra.
Komendadorearen kontra egiten duen Fuenteovejuna herria da. Gilkitxaro Adela Alba gazteak bere leihotik ikusten duen lur zabal eta mugagabea da. Askatasuna. Etortzear dagoena.
Topa. Urte askotarako.