Sar hitza
ehaze-Antzerkizale elkartea
Zerk iraunaraz dezake bikote artistiko bat urteetan zehar? Akaso egiten denarekiko maitasunak eta, esan gabe doa, pasioak? Nola eutsi, ordea, pasioari hogeita bost urtez? Adiskidetasunaren haritik da burura datorkigun erantzun posible bat.
Ane Zabala eta Galder Perezen izenei loturik ezagutu dugu urteotan Gilkitxaro, nahiz eta, hasiera batean, talde bultzada zabalago bati erantzunez jaio izan. Obratik obrara, berdin zion ze pertsonaiaren azalean sartzen ziren, zer-nolako maskara janzten zuten, oinarrian beti sumatzen genituelako Galder eta Ane, Ane eta Galder, komiko onak bezala bere clown propioa sortu eta edozein azaletan sartuta egokitzeko kapaz. Aneren Mafalda urduria, beti bila, beti galdetzen, beti proposatzen, autoparodiaren beldurrik gabe; Galderren kontrapisua, despistea, inozentzia eta edozerekin ilusionatzeko gai den haur begirada. Komediara loturik ezagutu ditugu haien presentzia eszenikoak, batik bat, eta liburu honetan irakurri daitezkeen hiru obrak lagun paregabea dira: Honolulu, leku bat, 8 begi eta Adarretatik zintzilik. Bien artean sortuta izanik ere, Galder Perezen eskutik pasa ohi dira testuak. Zentzu horretan, lan honekin borobiltzen da Galderrek dramaturgo gisa dituen erregistro ugarien argazkia: Hiru geltoki lurrun liburuan ahots dramatikoa ikuspegi sozialagoei lotuta zegoen, umorea bistaz galdu gabe izan arren; Gilkitxaroren bilduma honetan, berriz, komedia betea topatu dezakegu.
Ez dira gutxi, hala ere, Gilkitxaro beste abentura batzuetara eraman duten hautu artistikoak: Txuma Murugarren, Rafa Aceves eta Edorta Jimenezekin atondutako Mirande kabareta datorkigu burura, kasu, edo Gaizka Sarasolaren testu bat oinarri hartuta taularatutako Urak ttiki dire (Edo!-k 2016an argitaratutako Erleak, satorrak, beleak liburuan irakurri daitekeena).
Liburu honetara esperientzia artistikoekin batera, bizi esperientzietan lagun izan dituzten hamaika lagun gonbidatu dituzte, oroitzapenak partekatzera. Emaitzak argazki albumaren emozioa puskaz gainditzen du: liburu honen bitartez Gilkitxaroren memoria jasotzeaz gain, garai oso baten erretratua egitea lortu dute.
Ez da edonolakoa Gilkitxarotarrek egin diguten oparia. Orain, gozatzera gonbidatzen zaitugu, irakurle.