Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Utriusque Vasconiae, 2008

 

11. Ate berria

 

ANDEREŅOAK: Hori ez, zuk esan bezala, betiko jarrera izan da.”Nihil novi sub caelo”...

JOSUK: Hara bestea!

ANDEREŅOAK: Alegia, ez dagoela, horretan behintzat, inolako berritasunik zerupean...

JOSUK: Zeropean? Horrela hitz egiten du Bart Simpsonek...

ANDEREŅOAK: Bai, alajaina, horrela mintzatzeagatik ezagutzen dituzue zuek bai Biblia baita oinarrizko kultura klasikoen erreferentziak... Simpsondarrenean ikusi dituzuelako telebistan!

JOXEK: Baina herri bakoitzaren aldarrikapena egin ohi duten idazleek, artistek, antropologoek edota historialariek, ez al dira, era bertsuan, ikertzaileak eta sortzaileak? Ez al dira konturatzen betiko eskemak errepikatzen ari direla beren esparruetara egokituta?

ANDEREŅOAK: Ez al dira konturatzen berak direla, gizaki bezala, gizarteak moldatuak eta, beraz, berrikuntza eta berritasuna ezin direla berdinak izan .

JOSUK: Igarkizuna al da?

ANDEREŅOAK: Ez, noski! Ezaguera memorian oinarritzen den bitartean berrikuntzak ahaztura dakarrelako. Berritasuna, aldiz, ezin du inork asmatu gertatu aurretik, erabat berria dena inoiz suertatuko ez balitz ere ez bailuke inortxok ere haren falta sentituko, hura sortu arte haren beharrik edo izateko aukera bera ere ez zen aintzakotzat hartzen eta.

JOXEK: Iragarkizuna ez bada ere, ulertzen zaila bada, gero!... adibiderik?

ANDEREŅOAK: New Yorken irailaren hamaikan gertatu zena.

JOXEK: Dorre Bikien aurkako atentatua?

ANDEREŅOAK: Huraxe bera!

JOXEK: Baina aurretik makina bat atentatu izan ziren... baita dorre bikien aurkako saiakerak ere!

ANDEREŅOAK: Baina azkeneko hura ez zuen inork espero!

JOSUK: Hura ekintza armatu bat gehiago izan zen, besterik ez...

ANDEREŅOAK: Eta non daude armak? Hegazkin zibilak ziren. Haien gidariak herritarrak eta helburua ere ez zen militarra izan...

MIRENEK: Ekintza terrorista izan zen!

ANDEREŅOAK: Israelgo armadak pertsona multzo bat Gazan akabatzen duenean zer da, ekintza armatua ala ekintza terrorista?

            (...)

ANDEREŅOAK: Eta palestinarrek misilen bat edo beste lehergailu motaren bat Israelen aurka jaurtitzen duenean, zer dugu?

JOSUK: Ekintza armatua!

MIRENEK: Terrorista, faborez...!

ANDEREŅOAK: Zergatik?

MIRENEK: Israel, haren aurka edozein iritzi edukita ere, estatu demokratikoa delako eta palestinarren ekintza horiek gehienak, berriz, herri xehearen kontra burutzen dituztelako.

JOSUK: Israel okupatzailea da eta palestinarrak, ahal bezala, baita armaz ere, haren zapalkuntza arintzeko jarkitzen direlako.

ANDEREŅOAK: Biok daukazue arrazoia...

JOSUK: Baina palestinarrei ezin diegu terroristak deitu...

ANDEREŅOAK: Simetriaren arabera, bederen, israeldarrei izendapen bera ezarriz gero, biek mereziko lukete deitura...

JOSUK: Edo inork ez!

MIRENEK: Baina Israelen demokrazia badago, egon.

ANDEREŅOAK: Egia esanda, Palestinan ere hauteskundeak burutu zituzten baina palestinarrek aukeratu zituztenak ez dituzte errespetatu ez Israelek, ez Europak, ez Amerikako Estatu Batuek ez eta bertako palestinar askok ere...

JOSUK: Ez da horren urrutira joan beharrik... galdetu bestela Nafarroan edota Ondarroan, esaterako...

ANDEREŅOAK: Beraz, demokrazia-ezak ahalbideratzen du beste mota bateko erantzunik, baita bortitzenak ere...

JOXEK: Hor behintzat ez dut ikusten ez berrikuntzarik ezta berritasunik ere...

ANDEREŅOAK: Arrazoi duzu baina ez da zalantzarik irailaren hamaikak mundu osora egoera berri bat ekarri zuela esatean.

MIRENEK: Eta mundu berri horretan nolakoa izango da elkarbizitza?

ANDEREŅOAK: Hori da galdera hori!. Shakespearek asmaturiko Hamletek bere buruari itaundu zionean: izan ala ez izan?; funtsezko galdera bat paratu zuen bezala, zurean, gurean, ezin taxuzko ebazpenik eman zeren galdera egin ahal izatean baita funtsa. Izan ala ez izan dugu heriotzaren nahiz bizitzaren aurrean gizaki orok egin ohi dugun galdera. Eta hala herriek nola nazioek ere ez dute inoiz kontzientzia gehiagorik eskuratzen ez eta borroka handiagorik egiten galdera hori egitea debekatzen dietenean baino. Galdera tragikoa, pertsona zein kulturentzat, hil ala bizikoa...

MIRENEK: Ez al dago, bada, erantzuna jakiterik?

ANDEREŅOAK: Ezin da jakin, borondatezkoa edo gogozkoa baita galdera eta adimenak ezin dio horri irtenbiderik eman.

JOXEK: Hori al da arazoa?

ANDEREŅOAK: Ez, hori ez da arazoa, galdekizuna baizik. Hamlet ez zen existitu, fikziozko pertsonaia da, eta galdetzen duen horri berak bakarrik erantzun diezaioke...

JOXEK: Eta bere buruari galdetzea ere galaraziko baliote...

ANDEREŅOAK: Hor has daiteke arazoa...

MIRENEK: Eta arazoa konpontzeko...

ANDEREŅOAK: Norberari galderak egiten, erantzuten, erabakitzen uztean eta gauzatzeko bermeak eman ahal izatean datza, jakina.

JOSUK: Hamaika ikusteko jaioak gara!

ANDEREŅOAK: Beno, nik alde egin behar dut.

JOXEK: Berriro bakarrik geldituko al gara?

ANDEREŅOAK: Laster da etxera joateko garaia eta norbait etorriko da zuen bila.

MIRENEK: Agur andereņo.

JOXEK eta JOSUK: Gero arte Artizarne.

            (...)

IRAKASLEAK: Kaixo neska-mutilak. Nahiz eta zigorturik egon, gainerakoei bezala, etxeratzeko sasoia heldu zaizue. Jaso zuen gauzak, jantzi berokiak eta zoazte jaisteko ate nagusira.

JOXEK: Artizarne berriro etorriko al da?

IRAKASLEAK: Zein Artizarne diozu? Izen hori ez da existitzen, edo nik horrelako izenik duen inor ez dut ezagutzen, behintzat...

JOSUK: Eta hona etorri zaigun andereņo berria?

IRAKASLEAK: Ez ibili berriro bazterrak nahasten, arren. Niri ez didazue ziririk sartuko. Zuek gelatik kanporatuak izan zarete eta goiza bakarrik pasatu duzue hemen. Zuengana, nik dakidala, ez da inor etorri. Eta gainera, zernolako izena asmatu duzue... Artizarne! Norbait Venus deitu al daiteke egun?... Isildu eta joan zaitezte jaisten ateraino zeuen etxeetara joaten hasteko. Hurrengoan, bestela, zigorraren berri eman behar izango diet zuen gurasoei.

 

 

 

“Idaztera eseriko naiz, zer idatziko dut?

Zertarako balio du nire hitzak?

Zertarako balio dute nire senideek, nire herriak, nire nazioak?

Zein nazkagarria naizen idaztera eseri naizenean!

Hitzak nire herria babestuko al du?

Hitzak nire herria salbatuko al du?

Gaur hitz oro gatz da, gau honetan

Ezer ernetzen ezta loratzen ez duen gatz...”

                                                                                          Fawa Tuqan (Nablus)