9. Herodesen atea
ANDEREŅOAK: Bai gizabanako bakoitza eta baita gizartea ere aldatuz doaz etengabe...
JOXEK: Orduan, ikasi orduko, irakatsitakoak ez du balio izango...
ANDEREŅOAK: Ez dago ezer okerragorik batere irakatsi nahi ez izatea baino. Begira, bestela, Pinotxori ere zer gertatu zitzaion...
JOSUK: Sudurra luzatu zitzaiola?
MIRENEK: Baina hori ez al zen ba gezurrak esateagatik izan?
ANDEREŅOAK: Ez. Zuek ez duzue ipuina irakurri.
JOXEK: Nik filma ikusi dut...
ANDEREŅOAK: Ez da gauza bera...
JOSUK: Nik berari buruzko marrazki bizidunak ikusi ditut telebistan...
ANDEREŅOAK: Horrek ere ez du balio. Zapatariak egurrezko kopina egin zuenean panpinatxoa besterik ez zen eta haur bihurtu arren, bizirik ibiltzeko gai bazen ere, gizartean bizitzeko izan behar zuen portaeraz ez zen jabetzen, hori ezinbestean ikasten delako, baina bere egileari hura adierazten ausartzen ez zenez, gezurra esaten zion eta, aldi bakoitzean, sudurra geroz eta gehiago luzatzen zitzaion...
JOSUK: Beraz, nik arrazoia, porrontxoa geroz eta handiagoa zeukan...
ANDEREŅOAK: Bai, jakina. Baina hori oinarri-oinarrian, ez zitzaion gertatu gezurrak esateagatik, gai hura ikasi ez zuelako baizik.
JOSUK: Orain galdetzen baduzu “zein izan zen film bateko protagonista, jarraitzaile asko izan zituena eta aita, arotza zuena?”, gehienek Pinotxo erantzungo dute Kristo baino lehenago.
ANDEREŅOAK: Horrek berak adierazten du gure gizartearen aldaketa eta horren ondoriozko kontraesanak. Dagoeneko, erlijoak zeukan gizarte-lehentasuna galdu badu ere, hori azaleko aldarapena besterik ez da, gizartea trinkotzeko arau etiko guztiak ikusezin bihurtu den erlijiotik datoz eta.
ANDEREŅOAK: Beno, azokatik, agian...
MIRENEK: Nola?
ANDEREŅOAK: Giza moralaren jatorria behintzat truke zuzenetik datorrela diote...
JOXEK: Eta ezkutuko irizpide haiek agintzen segitzen al dute?
ANDEREŅOAK: Agintzen dutenen irizpideak izaten dira ezkutukoak...
MIRENEK: Hori ez al da aldatu?
ANDEREŅOAK: Aldatu direnak azoka eta moralaren azalpenak dira...
JOXEK: Zertan?
ANDEREŅOAK: Historian zehar sortutako nazioek beren herrien ongizatea bermatzen zutelakoan zilegi bihurtzen zituzten tokiko gizarte-egiturak, baina egun, aldiz, mundu mailako merkataritzak mendeetan zehar eraikitako tokiko ustezko berme haiek birrindu egin ditu...
MIRENEK: Jadanik ez al dago gizarte bermerik?
ANDEREŅOAK: Orain arte estatuak beren hiritarren babesaz arduratzen baziren ere, datozen garaiotan ezin esan anparo hura lehen bezala bermatzeko gauza izango direnik.
MIRENEK: Azoka ere ikusezin bihurtu al da?
ANDEREŅOAK: Ez, truke zuzena da desagertu dena eta, berarekin batera, morala eta bermeak..., zuk pentsa, zoologiko batean hesi guztiak kendu ezkero zeinen legea nagusituko litzatekeen...
JOSUK: Lehoiarena?
ANDEREŅOAK: Lehoiaren aginpidean, haren tiraniapean, bada, eskubide gutxi...
JOXEK: Estatuek ere ez dute eskubide askorik bermatu orain arte...
JOSUK: Esaiezu palestinarrei edo euskaldunoi...
JOXEK: Haiei ere mundu mailako aldaketak eragingo die...
JOSUK: Beraz, ez Palestinan, ezta hemen ere, ez dugu konponketa errazik.
ANDEREŅOAK: Inondik inora ere.
JOSUK: Ez Xalimen hirian ez eta Xabinen herrian ere...
MIRENEK: Izugarria da.
ANDEREŅOAK: Egia, izua sortzen du.
MIRENEK: Eta sufrikario horretan jendea arituko al da etengabe hiltzen?
ANDEREŅOAK: Hura nola eten batek daki...
JOXEK: Nork daki?
JOSUK: Herodesek!
ANDEREŅOAK: Ez mutiko, esamoldea da, euskaraz euria, eguzkia edo elurra egiten duela adierazteko erabili ohi duguna..
JOSUK: Behar bada euria egiten duenak jakingo du...
JOXEK: Jaungoikoek?
JOSUK: Baina, haietariko zeinek? Gaiztoenak?