Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Utriusque Vasconiae, 2008

 

4. Indusketen atea

 

MIRENEK: Orduan juduak, erromatarrak, frantsesak, errusiarrak, turkiarrak, edota britainiarrak bezala, Palestinara joandako konkistatzaileak besterik ez dira...

ANDEREŅOAK: Historikoki begiraturik, ez aipatu dituzun haiek bezain berandu, baina erromatarrek, esaterako, hango biztanleei “filisteo” deitu zietenean, palestinarrak zirela ari ziren adierazten. Dena den, lehen esandakoaren arabera, zibilizazioaren hastapenetatik lurraldeaz borroka egin den neurri berean, hizkuntza eta historia arloetan ere eman izan da liskarra eta bertan egotearen antzinakotasun-eskubidea aitortzean ere, iritzi desberdinen arteko eztabaidak daude.

JOSUK: Eta horregatik aritu al dira gerran betidanik Palestinan?

ANDEREŅOAK: Palestinako Historia Europakoa ere bada, eta era berean, Munduko Historia ere horretan islatzen da. Erdi Paleolitoan, hemen bezala, “homo sapiens sapiens” delakoa Karmel mendiko harpeetan eta Judeako basamortuan zebilen...

JOXEK: Eta haiek zer ziren, juduak ala palestinarrak?

ANDEREŅOAK: Batek daki...

JOXEK: Nork?

ANDEREŅOAK: Hitz egiteko modua da. Bakoitzak bere iritzia duela esan nahi nuen...

JOSUK: Juduek lurralde haietan Paleolitotik juduak daudela diote eta palestinarrek, aldiz, palestinarrak zirela arrapostu egin ohi dute.

JOXEK: Beren arteko elkarbizitza ez al zuten onartzen iraganean ere?

ANDEREŅOAK: Ez, baina eztabaida bera antzua zen orduan eta hala da orain ere.

JOXEK: Zergatik?

ANDEREŅOAK: Paleolitoan juduen eta palestinarren arteko bereizketarik ez zegoelako.

JOSUK: Egun bai, ordea.

ANDEREŅOAK: Bai eta horretarako borroka egin behar dute, gerran bezainbeste, arkeologian, antzinako historian edo erlijioan, kasu...

JOXEK: Baina Jerikon, esate baterako, zeintzuk bizi ziren lehenago?

ANDEREŅOAK: Esan dizuet kanaandarrak..., baina gaurko palestinarrek haiek senidetzat aldarrikatu arren, hori frogatzeke dago. “Itsaso Hilaren” bidea darama horrek.

JOXEK: Nola Itsaso Hilarena?

ANDEREŅOAK: Genesiak (Hasiera liburuak) “Gatzaren Itsasoa” deitu zion, eta Jose profetak “Arabako Itsasoa...”

JOSUK: Araban al dago?

ANDEREŅOAK: Ez. Jerikotik gertu dago eta egun munduan dagoen geologiako bitxikeriarik handienetariko bat da. Bertan Jordan ibaiak aspalditik daraman ura bildu eta geratu egiten da irteerarik gabe. Gaur egungo ur-emaria urtean 6,5 miloi litrokoa den arren, gero eta txikiagoa denez, gero eta gaziagoa da. Litro bakoitzaren laurdena mota desberdinetako gatzez osatua da eta orain ur haietan bizidunek tokirik ez izan arren, behinola itsasontziek arrantza eta garraioa egiten zituzten. Moises profeta juduak ikusi zuenean, gaurko mailatik hogei metro gora omen zituen ezpondak. Egun, berriz, gero eta ur gutxiago du eta apenas bizitzarik dagoen. Gizakiak haren uretan ezin dira murgildu eta murgildutakoen gorputzak, gorpuak bailiran, azala belztuta geratzen dira...

JOSUK: Zeinen ondo... urperatzeko beldurrik gabe itsasoan ibili ahal izatea!

ANDEREŅOAK: Asko dira ur eta lur haietan galdu direnak... Jordandik horra iritsitako arrainak, adibidez, edo Moises zena, esaterako, zeinak ezin izan zuen handik aurrera joan eta bertan hil zen bere Jainkoak Jerusalemerainoko bidea eragotzi ziolako. Joan Bataiatzailearen burua soinetik bereizi zuten hemen Salome dantzariak Herodes Handiari horixe eskatuta. Itsaso Hilaren lurretara joan zen Kristo bera ere barau egin ahal izateko...

JOXEK: Baina hango arrantzaleak eta marinelak zer ziren juduak ala palestinarrak?

ANDEREŅOAK: Aurkitu dituzten, ainguren, ontzien eta abarren arabera, egiptoarrak, greziarrak edota erromatarrak...

JOXEK: Eta itsasaldean bizi zen jendea?

ANDEREŅOAK: Garaian garaikoak. Nabateoak bolada batean, Juda leinukoak beste batean..., hantxe omen zeuden Sodoma eta Gomorra hiriak.

MIRENEK: Sodoma eta Gomorra?

ANDEREŅOAK: Ez al duzue inoiz “sodomitak” hitza aditu?

JOSUK: Nik bai.

ANDEREŅOAK: Eta zer esan nahi du?

JOSUK: Iraina da.

ANDEREŅOAK: Zer adierazteko?

JOXEK: Horrela deitzen zaie lizunkerietan aritzen direnei

ANDEREŅOAK: Zer-nolako lizunkerietan?

JOXEK: Ez dakit..., atzelariak edo marikoikerietan dabiltzanak omen dira sodomitak.

ANDEREŅOAK: Hona hemen beste hizkuntza-borroka bat..., hitz egiteko modua baino gehiago adierazten duena. Bibliak dionez, Gatzaren Itsasotik gertu, Sodoma eta Gomorra hirietan, jendea askea omen zen sexu-ekintzak egiterakoan eta plazera besterik ez omen zuten bilatzen beren harremanetan. Hori elkarbizitza arautzeko kaltegarria zelakoan, Jainkoak, aipatu bi hiriak birrindu egin zituen Lot izeneko bat eta bere familia izan ezik. Beno, haren emaztea, atzera begira geratzeagatik, gatz bihurtuta gelditu omen zen...

JOSUK: Hara ze Jainko gaztuna bera ere! Hobe Lot-an gelditzea sexuan jardutea baino, beraz ...

ANDEREŅOAK: Lot-en emazteari jakinminak jo zion eta hantxe galdu zen betiko.

JOXEK: Jakin-mina ere txarra al da?

ANDEREŅOAK: Ez dut uste, baina juduen Jainkoak ez omen zuen egin behar zuenaren lekukorik nahi...

JOSUK: Esaten duzunaren arabera, bada, Sodoma eta Gomorra betirako desagertuko ziren. Ez al da horrela?

ANDEREŅOAK: Haietaz zabalduriko jakinminak, behinik behin, beste aurkikuntza batzuk ahalbideratu zituen...

JOXEK: Zeintzuk?

ANDEREŅOAK: Kumran eta Masada, adibidez...

MIRENEK: Eta hiri haietako biztanleak zer ziren, juduak ala palestinarrak?

ANDEREŅOAK: Haietaz ez dago arrastorik. Bai, ordea, Kumran herriaz edota Masada gotorlekuaz, eta haiek judutarrak zirelakoan daude.

JOSUK: Nik Sodomaz eta Gomorraz gehiago mintzatzea nahi dut. Zer-nolako likiskeriatan aritzen ziren jakin nahi dut...

ANDEREŅOAK: Jakina, orain ez duzu esaten hori erlijioa dela...

JOSUK: Elkarbizitzaz hitz egin behar zenigula esan diguzu!

ANDEREŅOAK: Ba al dakizu nola deitzen zieten Gomorrako hiritarrei? Ez dakit zu sodomita izango zaren baina gorra bai behintzat, gomorrakoak bezala...

JOSUK: Ez du balio. Gomorratarrak behar dute izan, eta ez gorrak...

ANDEREŅOAK: Ez dakizu ezer. Hispalisetik Sevillarainoko biderik ez al duzu oraindik ikasi?

JOSUK: Hispalisetik nora?

ANDEREŅOAK: Begira, adibidez, nondik datorren Donostia izena. Donostia, Done Sebastian izango zatekeen eta garapen fonetikoen bitartez honako bihurtu zaigu: Done Sebastian, Donebastian, Donebastia, Donastia, Donostia... Beraz, gomorratarrak, gomortarrak, gortarrak, gorrak...horra zure jatorria!

JOSUK: Utzi hori!

ANDEREŅOAK: Ados... utz dezagun!

MIRENEK: Baina, aurretik, Kumran herriaz edota Masada gotorlekuaz esaten zenuen horretara itzuliz..., haiek juduak ala palestinarrak ziren? makabearrak ala kanaandarrak?...

ANDEREŅOAK: Egun Kumran eta Masada aztarna arkeologikoak besterik ez dira eta, jakina, ikerlariaren arabera, erantzun desberdina eman daiteke horren aurrean. P.R. de Vaux, Jerusalemgo San Esteban Biblia Eskolakoak edo Albright senar-emazte arkeologoek edota J.O'Callaghan hizkuntzalariak ez dute gauza bera esaten...

JOXEK: Eta zuk, zer diozu?

ANDEREŅOAK: Nik, nire motzean, jakin badakit, Kristoren garaian Kumranen eseniarrak izenekoak bildu zirela eta nolabaiteko Hiria osatu zutela. Aipatutako eseniar haiek (aurreko asidearren antzera, Kristo bera ere talde horretakoa omen zen) erlijio-elkarte judutar bateko partaideak ziren. Ez omen zuten onartzen kanpoko aginterik eta, bizitzan bertutea bilatzeaz gain, bizia bera uzteko prest zeuden botere arrotzari men egin aurretik. Erromatarrek haien aurka borrokatu zuten (x. legio fretenseak haien aurka bidali zituzten) eta haiek Erromaren kontra. Horregatik babestu behar izan ziren Masadako harresien atzean non, erasotzaileen menpe gelditu baino lehenago, beren buruez beste egitea deliberatu zuten.

JOSUK: Eta hori nola dakizu?

ANDEREŅOAK: Horixe kontatzen da egun hango lautadetan.

JOXEK: Numantzian bezala egin al zuten?

ANDEREŅOAK: Egia esanda hura ere kontakizuna izan daiteke. Nafarroako Kalagorrin horrela egin zutela diote eta, horregatik, euskaldunak antropofagoak garela idatzi izan da, ustezko antzinako espainiar haiek edo orduko juduak heroiak zirela baieztatzen zen bitartean... Horretan ere Masadako historiak hari desberdinak ditu. Gotorleku bat baino gehiago egon zela garbi dago. Arkeologo juduek (M. Avi-Yonah, Y Ahoroni edo Yadin irakasleak) zelotak zirela diote... Flavio Josefo historialari erromatarrak ez du istorioa modu berean kontatzen...

JOSUK: Zeintzuk ziren zelota haiek?

ANDEREŅOAK: Orduko sionistak.

JOXEK: Eta nola hedatu da judu heroien uste hura hangoen artean?

ANDEREŅOAK: Basamortua arakatzen ustezko gotorlekuaren aztarnak aurkitzeko ahaleginak eta bost egin arren, ezin izan zen ezer frogatu Adolf Schulten alemaniarrak bere indusketa 1938an burutu arte.

JOSUK: Nazien garaian alemaniar batek aurkitu eta ikertu zuen juduen ikur nazional?

ANDEREŅOAK: Zuk ikur nazionala deitu duzun hori benetako arketipo bilakatzeko gizarteratu egin behar izan zen eta juduen hezkuntzan nahiz kulturan ezinbesteko erreferente bezala gauzatu.

JOXEK: Eta nola egiten da hori?

ANDEREŅOAK: Yadin jenerala izan zen Masadako mitoaren sortzailea. Arkeologia arloari gerra egiteko moduak ezarriz, Israel osoan zehar dohainik lanerako bolondresak eskatu eta antolatu zituen Masadaren arrastoak azalarazteko. Gaur, erakusten diren aztarna haiek juduen erromes-toki dira. Areago, gotorlekuaren sasoian goraino igotzeko bidea zaila bazen ere (horixe baitzen bere funtsezko balio militarra), egun teleferiko batek errazten du erromesen igoera nahiz eta gazte sionistentzat betiko bideari ekitea gustukoa izan.

JOSUK: Eta zergatik agertzen da horrenbeste istorio Itsaso Hilaren inguruan?

ANDEREŅOAK: Batek daki!

JOSUK: Batek dakiela? haatik..., zu zernolako irakasle mota zara?

ANDEREŅOAK: Erantzun borobilak ematen ez dakiena.

JOXEK: Zer erantzun mota irakasten duzu, ordea?

ANDEREŅOAK: Erantzukizuna bakarrik.

JOXEK: Baina zer erantzukizunez ari zara?

ANDEREŅOAK: Norberak daukana. Bakoitzak bilatu behar duena. Nik informazioak ematen dizkizuet, edo hobeto esanda, informazioak nola eta non aurkitu errazten saiatzen naiz..., baina ezin dizuet dena azaldu.

JOSUK: Eta Itsaso Hilaz, dena, azaldu behar duzun guztia azaldu al diguzu?

ANDEREŅOAK: Ez, oraindik Kumranekoa kontatu behar dizuet.

JOXEK: Bota, beraz...

ANDEREŅOAK: Sodoma eta Gomorraren kondaira zaharrak eragindako jakin-minak bultzaturik, jende anitz aritu zen Masada aurkitu ondoren hiri galdu haien bila berrogeigarreneko hamarkada hartan eta baita lortu ere !

JOSUK: Sodoma eta Gomorra aurkitzea?

ANDEREŅOAK: Ez, Kumraneko idazkiak.

JOXEK: Zer dira idazki horiek?

ANDEREŅOAK: Eseniarrek antxume-larruazaletan idatzitako Bibliaren bertsioa, beren sektaren barne-arauak eta abar...

JOSUK: Eta?

ANDEREŅOAK: Sekulako aurkikuntza!. Ordura arte ezagutzen ziren Bibliak ez ziren aurkitutakoak bezain zaharrak. Gainera, judu ortodoxoek duela mila urte finkaturiko beren Bibliaren idazketan inolako moldaketarik onartzen ez dutenez, duela bi milia urteko aipatutako Kumraneko izkribuak ezin dituzte ontzat hartu. Eliza katolikoak, bestalde, eseniar haien eta lehenengo kristauen arteko antzekotasunak ere ezin izan zituen erraz jasan. Beraz, lur haien gainean eraikitako erlijio nagusiek nozitu zituzten oso-osorik aurkikuntzen ondorioak.

JOXEK: Nola topatu zituzten arkeologoek antxume larruazal haiek?

JOSUK: Izkribuak buztinezko ontzietan lurperatuta zeuden baina aurkitzaileak ez ziren arkeologoak izan.

MIRENEK: Nortzuk, orduan, juduak ala palestinarrak?

ANDEREŅOAK: Artzai beduino batek lortu zituen, halabeharrez...

JOXEK: Zer dira beduinoak?

ANDEREŅOAK: Palestinan aspaldidanik antzinako moduan bizi diren arabiar ibiltariak.

JOSUK: Eta zer egin zuen hark aurkikuntzarekin?

ANDEREŅOAK: Saldu egin zuen.

JOSUK: Nori?

ANDEREŅOAK: Belengo zapatari bati larrua erabil zezan, baina hark, izkribuetako zeinuak ulertzen ez zituenez, Jerusalemgo Eliza Siriarreko buruzagiari saldu zizkion berriro antzinako sirieraz idatzita zeudelakoan. Hori guztia duela hirurogei urte izan zen, oraingoz judutar eta palestinarren artean amaitzeke dagoen gerraren hastapenetan.

JOSUK: Baina siriarren buruzagi horrek irakurriko zituen, ez da?

ANDEREŅOAK: Ezin, ez baitzeuden sirieraz idatzita, hark orduan jakiterik izan ez bazuen ere; antzinako hebraieraz idatzita zeuden.

JOXEK: Zer gertatu zen, bada?

ANDEREŅOAK: Istorio bitxi hauxe: siriar errituaren buruzagia Beirutera joan zen balizko itzultzaile baten bila baina ez zuen inork aintzakotzat hartu. Berriro Palestinara etorrita, eta arkeologiaz edota hizkuntzalaritzaz tutik ere jakin gabe, zein alfabetoz izkiriatuta zeuden ohartu zen eta Ekialderako Ikerketen Amerikar Eskolara jo zuen. Hantxe, jardun haietan hasiberria zen gazte batek, John Trever izenekoak, kasu egin zion eta Kumraneko izkribuak eta hebraiera zaharreko beste batzuk erkatu zituen. Berridazketa asko egin ondoren (ezin zuen flahsdun argazki-makina erabili, jadanik Jerusalemen gerra hasia zen eta...) hebraierazko aztarnarik antzinakoenak zirela deliberatu zuen baina, ordurako, gerrak kolpaturik, siriarren buruzagi hark, alde egin behar izan zuen eta Amerikarako bidea hartu zuen. Han zegoela izkribuak saltzen saiatu zen baina ez omen zuen haiekiko inork interesik agertu. Gauzak horrela, “Wall Street Journal”-en iragarki xume bat argitaratu zuen eta horra non, eroslea agertu zitzaion.

MIRENEK: Judua ala palestinarra?

ANDEREŅOAK: Bien arteko gerra hasi eta zazpi urtera suertatu zen hura. Biek behar zituzten, erlijioaz gain, beren eskubide historikoei eutsiko zieten oinarri berriak: froga zientifikoak, paleografikoak eta abar..., eta azkenean, juduek eskuratu zituzten.

JOXEK: Nola?

ANDEREŅOAK: Ba horiek ere militarren erara. Gogoratzen al zarete Masadaren mitoa eraikitzen ibili zen Yadin jeneralaz?

C-K eta MIRENEK: Bai horixe!

ANDEREŅOAK: Bera izan zen, horretan ere, garaipenaren estratega. Bere informatzaileek “Wall Street Journal”-en iragarkiaz ohartarazita, eta Jerusalemgo Eliza Siriarreko buruzagiak judu bati izkribuak ez zizkiola salduko jakinda, dirua eta erosle faltsua lortu zituen Kumraneko antxume-larruazal haien jabe bihurtzeko eta baita erdietsi ere, alajaina...

JOXEK: Eta zer egin zuen ?

ANDEREŅOAK: Bere aitari eman!

JOXEK: Bai zera!

ANDEREŅOAK: Horixe bera. Bere aita Hebrear Unibertsitateko Arkeologiako Sailburu baitzen eta berak eman zuen lorpenaren berri.

JOXEK: Nola?

ANDEREŅOAK: Bonben artean. Izan ere, horri buruzko prentsaurrekoa burutzen ari zela, palestinarren erasoa gertatu baitzen. Esan bezala, Palestinan, zentzu hertsian, arkeologia gerra-eremua ere bada. Horregatik, egun, Kumraneko izkribuak jadanik ez daude Itsaso Hiletik gertu, Jerusalemgo Israelen Museoan gordeta baizik. Haien artean, adibidez, urte pila daukan “Ilunbetakoen eta Argiaren seme-alaben arteko borroka” izeneko idazkia dago eta, bertan, jada duela berrogeita hamar urtetik hona juduek palestinarren aurka erabili izan dituzten antzerako estrategien berri ematen zaigu. Gerra bera ere arkeologiazkoa dugu, ausaz.

JOXEK: Orain ez al du inork galdetuko arkeologiak palestinarren ala juduen alde egiten duen?

MIRENEK: Nik ez behintzat.