Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Utriusque Vasconiae, 2008

 

3. Simaurraren atea

 

JOXEK: Dena borroka eta zipirri-zaparra. Ez al da bake saiorik burutu “Bakearen herriko” lautada haietan?

ANDEREŅOAK: Burutu ez. Saiatu bai. Askotan. Lehen adierazitako menia-aldiez aparte 1978an aebetako presidente J. Carter-ek, Camp David izeneko hitzarmena bultzatu zuen Egiptoko buruzagi zen Anwar el Sadaten eta Israelgo Menahem Beginen artean, baina, indarrean jarri ez zenez, “Intifada” deituriko matxinadari ekin zioten palestinarrek. Osloko elkarrizketetan adostutakoak ekarri zuen 1994an Kairon sinaturiko akordioa, zeinetan Palestinarren autogobernua onartuta gelditu zen bi aldeetatik. Hurrengo urtean, ordea, juduen aldetik Bakea sinatu zuen Issac Rabin hil egin zuten. Handik aurrera gerraren aldekoa den “Likud” (Argia) alderdiak hauteskundeak irabazi izan ditu Israelen eta balizko Bake hura Jerusalemgo karriketan baino gehiago paperetan besterik ez dago.

MIRENEK: Nork hil zuen Issac Rabin?

ANDEREŅOAK: Igal Amir izeneko soldadu ohi batek. Israelgo sionismoak, teorian erlijioaren eta estatuaren arteko bereizketa onartu arren, Torah ikasteko armadara joan beharrik ez izatea ahalbideratzen du. Dena den, Amir horrek, yeshiva hesder batean, hau da mintegi militarrean egin zuen bere soldadutza elite taldeetara pasatu arte. Bere anaiak, Haggai Amir goimailako tiratzaileak, Rabin hiltzeko erabili zituen bala bereziak prestatu zizkion. Ez zuen, beraz, palestinar batek hil, Israelgo armadan hezitako judu ortodoxo batek baizik. Egiptoar armadako soldaduek Anwar el Sadat, bakezale arabiarra hil zuten modu berean, bestalde...

JOXEK: Ez al da aski susmagarria?

ANDEREŅOAK: Beno... Kennedyrena edo Gandhirena izan daitezkeen bezala.

MIRENEK: aebetan, Kennedy gabe ere, azalaren koloreari muzin eginez denentzako herritar eskubideak erdietsi ziren eta Gandhik ikusi ez bazuen ere, Indiak independentzia eskuratu zuen, baina Israelen, ostera, Rabinen hilketaz geroztik bakearen aldeko alderdiek hauteskundeak galdu dituzte eta odolak gero eta gorriago bihurtzen ditu Xalimen hiriaren egunsentiak eta ilunabarrak.

JOXEK: Baina horietan guztietan ez dago erlijio arazorik!

ANDEREŅOAK: Egia da. Alde batetik, Israelgo estatua, ustez behintzat, ez da konfesionala eta, bestetik, azken urteetan palestinarren borrokak egin izan dituzten erakunde gehienak ere, ez dira, berez, erlijiosoak. Horretaz gain, Palestinako egungo egoeran mugen arteko auziak dira edo, nolabait esanda, hara lehenago nor iritsi ote zenaren usteak. Hitz bitan: lurraren jabegoa da kontua, baina ez da beti horrela izan. Eta nago, egungo buruhaustearen iturburua ez dela hori bakarrik.

JOXEK: Nola joan da gaia korapilatzen?

ANDEREŅOAK: Lehen esan bezala, juduak britainiarrekin batera joan ziren lurrak eskuratzen baina Erresuma Batua Krimeako gerraren ondorioz egin zen Palestinaren jabe eta hark, tartean beste afera batzuk izan baziren ere, batez ere kontu erlijiosoa izan zuen bere sorreran.

JOSUK: Noiz gertatu zen?

ANDEREŅOAK: Hemeretzigarren mendearen erdialdean, 1853an. Sasoi hartan Palestinako lurraldeak, pertsonak nahiz ondareak, turkiarren menpe zeuden, orduan bertan zeuden erlijioak bizi zituztenak. Horrelakoetan, gehienetan gainera, leku jakin batean erlijio bat baino gehiagotako zaindari desberdinak egoten dira zelatan. Deikunde deritzon elizan, esaterako, katolikoak, ortodoxoak eta armeniarrak elkarri beha daude, nor mesfidatiago. Aipatutako eliza hori, oso zaharra da, Justinianok eraiki omen zuen vi. mendean Konstantinok egindako baten gainean eta hark Kristoren jaiotza-lekua gogoratu nahi du. Nahiz eta bere garaian ez bide zen Justinianoren oso gustuko geratu eta eraiki zuen arkitektoari burua moztu, handik aurrera mota askotako batimenduak atxikitzen joan zaizkio. Hemeretzigarren mendearen erdialdean, berriz, toki haiek zaintzen zituzten frantziskotarrek Kristoren jaiotza zilarrezko izar batez markatu nahi izan zuten. Kristau ortodoxoek, beren aldetik, hura ez zela benetako tokia zioten eta, haien aburuz berez zenarekiko metro batzuetako tartea zegoela argudiatuz ez zuten hori egiten utzi nahi. Halere, turkiarrak frantziskotarren alde lerratu ziren eta izarra jartzeko baimena eman zuten. Orduan, ortodoxoen defentsan, Errusiako Nikolas Tsarra gatazkan sartu zen. Frantziak eta Erresuma Batuak ere frantziskotarren alde egin zuten eta errusiarrak garaitu zituzten Krimean. Horren ondorioz, Palestina britainiarrek eskuratu zuten. Garai hartan, 10.000 judu, 25.000 kristau eta 250.000 islamdar bizi ziren lurralde hartan.

JOSUK: Eta frantsesak?

ANDEREŅOAK: Behin baino gehiagotan saiatu dira Palestina eskuratzen. Gurutzadetan partaide izandako asko frankoak izan ziren. Napoleon bera ere 1799an saiatu zen lur saindua berentzat “berreskuratzen”, zeren Godofredo Bouillonekoak 1099an Jerusalem konkistatu zuenetik hura frantziarrena zela zioen, baina britainiar inperioari ezin izan zioten aurre egin.

JOXEK: Beraz, borrokak Palestinan ez dira inoiz arrotz izan...

ANDEREŅOAK: Xalimen hiria hango lurraldeetako lehenengoa ez izan arren, mundu osoko hiritar bizimodua hantxe sortu zela esan daiteke. Egungo palestinarren arbasoak ziren kanaandarrek munduko lehenengotariko hiritzat jotzen den Jeriko eraiki zuten duela hamar mila urte. Bibliak kontatzen duenez, aipatutako hiribilduak zazpi mila urteko antzinatasuna zuelarik, garai hartako juduek, Josue buru, Jordan ibaia zeharkatu ostean eta zazpi apaiz aurrean zituztela, hango harresiak zazpi aldiz inguratu zituzten tronpetak joz harresiak, berez, erori arte. Orduan, bertako gizaki nahiz animalia denak akabatu egin zituzten. Bizirik gelditu omen zen bakarra Rahab izeneko emagaldua izan zen, eta hura, dirudienez, ez bere lanagatik, juduei ateak irekitzeagatik baizik.

JOSUK: Eta betirako desagerrarazi al zuten?

ANDEREŅOAK: Ez, Jeriko oasia denez, Judeako basamortuaren erdian eta Jerusalemetik nahiko gertu dagoena, Palestinarren jabetzakoa izan denean bezalaxe, erromatarrek eta arabiarrek ere toki berean eraiki zituzten beren hiriak. Horrela, bai Herodes Handiak, leku horregatik Kleopatra ospetsuaren aurka sesioan zebilela, hipodromo, antzoki, zirko eta guzti zituen hiri erromatarra egiteari ekin zion Kristo jaio zen garaian. Halaber, toki bertsuan kokatu zuen Hisham kalifa omeiak bere neguko jauregia 742an, eta horra jotzen zuen Damaskoko hotzak astintzen zuenean..., edozein modutara, egungo zibilizazioa lehenengo ziutate horretan jaio zela esan daiteke, herrien arteko borrokekin bat eginik eta haietaz idatziriko gezurrezko istorioekin batera, bide batez.