Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Utriusque Vasconiae, 2008

 

8. Siongo atea

 

ANDEREŅOAK: Komunikatzeko baino gehiago, sinboloak sortzeko balio duen mintzairaren jabe dena ez dago adierazitakoari loturik eta, gezurra esateko gaitasuna eskuraturik, ahalmen horren mende gelditzen da betiko... hortxe dago gaitzaren hazia eta, halaber, gizakia aske egiten duena.

JOXEK: Beraz, mendekotasunari esker al gara aske gizakiok?

ANDEREŅOAK: Bai horixe!, animaliak ez bezala...

JOSUK: Eta gaiztoak garelako al gara askeak?

ANDEREŅOAK: Gaiztoak izateko aukera daukagulako..., gure hizkuntzak gezurti-gai bihurtzen gaituelako.

MIRENEK: Gizonak bai gezurtiak direla...

JOSUK: Bada, andereņoak botatzen dituenak ere ez dira enbusteria txikiak... enbuste atxikiak baizik.

JOXEK: Kasu honetan, nire ustetan, falaziak deitu ohi zaizkie...

ANDEREŅOAK: Nik ez nizuen inolako ziririk sartu nahi. Aldiz, elkarbizitzarako zenbait kontu azaldu eta argitu nahi nizuen...

JOXEK: Kontuak behintzat kontatu dizkiguzu...

JOSUK: Atera kontuak!

MIRENEK: Zuek kontu-kontari baina ni ez naiz argitzen ari...

ANDEREŅOAK: Bada, oso argi dago. Gizakia da bizirauteko bere arrazakoen premia handia daukan bizidun bakarra. Animaliak jaio eta berehala ibiltzeko gauza diren bitartean, haurrek bereen beharra dute urteetan zehar eta, heziketa hori dela medio soilik, garatzeko aukera eskura bide dute. Gizadirik gabe, beraz, gizakirik ez.

MIRENEK: Orduan, gizakiak ezin izango al du inoiz aske izan?

ANDEREŅOAK: Lehen esan bezala, ustezko askatasuna beharrei ihes egitean datza... eta, animaliek ez bezala, guk badugu, sinboloetarako gaitasunean oinarrituta, horretarako aukerarik.

JOSUK: Aukera, bekatariak izateko...

ANDEREŅOAK: Nahi duzun moduan deitu.

JOXEK: Nik bekalariak esango nuke..., bekak lortzekoarena aitatuko nuke gezurra erabiltzeko aukera legez...

ANDEREŅOAK: Berriro diotsuet, nahi duzuen bezala izendatu, baina, zuek bezala, animalien zintzotasunaz harago dagoen haurrak elkarbizitza zer den ulertzeaz aparte, haren aldeko hautua egin beharko du...eta horretan ez dago argitasunaren beharrik, nahi izatea edo atxikimendua izatea baizik...

JOSUK: Txiki omen du hark eta jai hik...

JOXEK: Kokoteraino naukazu zure bertsolarisen gaizto bezain txar horrekin...

ANDEREŅOAK: Bistan da elkarbizitzaren arazoak arrazazkoa edo erlijioaren partea baduela, baita nahiaren, atxikimenduaren, hezkuntzaren edota hizkuntzarena ere... eta ezin dela dena horietariko baten menpe bakarrik ulertu.

MIRENEK: Gaiztakeriari arrazoiak bilatu nahi izatea alperrik da andereņo..., makurkeria bera baita errebeskeria ororen iturri bakarra.

ANDEREŅOAK: Zu zara, beraz, gaizki ulertu duena. Izan ere, edozein okerkeria, baita basatiena delarik ere, irudika ezina baita, berez. Kaltetu edo biktimaren sufrikarioa banakakoa izaten delako beti. Alferrikakoa dena, aldiz, “Holokaustoa” eta antzerako triskantzak direla eta, oroitarriak eraiki nahi izatea da.

MIRENEK: Zergatik?

ANDEREŅOAK: Makurkeriari buruzko oroitzapenak eta oroigarriak ezin direlako berdintzat hartu...

MIRENEK: Nola?

ANDEREŅOAK: Ankerra dena edertasunaren bidez azaldu nahi izatea antzua delako taxuzko oroigarriak egitea ezinezkoa den neurrian, alde batetik. Eta bestetik, lehen esan bezala, halakoetan kaltetuak izan direnen bizipenak modu bateratuan orokortzea makurraren funtsa faltsutzea izango litzatekeelako. Minak hamaika aurpegi baitauka.

MIRENEK: Baina “Holokaustoa” eta antzerako triskantza horiek kolektiboak izan dira eta giza taldeek burutu ohi dituzte... erlijio, politika, ekonomia edo nazionalismoak direla medio.

ANDEREŅOAK: Gaiztakeria gizartearen baitan dagoelako haren aurka nola ekin beharra dagoen da toki bakoitzean aurkitzeko premia dagoena.

JOXEK: Nork nor babestu?

ANDEREŅOAK: Ez, horrela adierazia behintzat..., gizaki bakoitzari behar duen anparoa eta laguntza bermatuko dizkion gizarte-eredua da bilatu beharrekoa.

JOSUK: Nork nori zor?

ANDEREŅOAK: Ez egin barrerik, gero! Euskara zaharrean eskubideak izendatzeko horixe zen erabilitako adierazpidea: zorra. Hau da, jendeak ez du, berez, inolako eskubiderik begirunea zor zaiola baino. Begirantza hartan oinarritutako gizarteak bakarrik ziurta dezake denentzako elkarbizitza.

MIRENEK: Eta, ba al dago, demagun, juduak zein palestinarrak sostengatuko dituen gizarte egiturarik?

JOSUK: Nekez..., edo batere ez!

JOXEK: Nori berea ematea litzateke zuzena...

MIRENEK: Eta Xalimen hiria, Jerusalem hura, zeinena da?

JOSUK: Gaiztoena!

ANDEREŅOAK: Ez dakit bera bakearen hiri inoiz izan ote den edo Xalim izeneko gudari anker baten hiriburu soilik, baina gizakion babeslekuaren irudia eta gizarte zuzenaren itxaropena iradoki dituen ikurra dugu, kontraesan eta guzti...

JOSUK: Haren kontraesanei erreparatu beharko diegu, beraz !

JOXEK: Kontraizanei?

MIRENEK: Gizonezkoek beti kontra!

ANDEREŅOAK: Agian, zerbaiten aurka hezi egiten gara beti... Commedia dell’Arte sortu zenean, adibidez, eta hartan oinarritzen omen da antzerki garaikidea, pertsonaia bakoitza beste baten aurka jarri ohi zuten beti. “Matamoros” deitzen zioten soldadu espainiar harroputzaren aurrean, demagun, “Politxinela” konkordunak hitz egiten zuen besteari arrapostu eginez. Horrela, zirtoz nahiz ihardespenez, hezi ziren greziarrak eta latindarrak, Bergarnaskoak eta Napolikoak...

MIRENEK: Elkarbizitza, bada, besteen kontra aritzea al da?

ANDEREŅOAK: Ez, bakoitzari gizartean bizi ahal izateko behar duen euskarria aurkitzeko heziketa ematea litzateke.

JOXEK: Eta hori, norberaren arabera ala bizi den gizartearen arabera ulertu behar da?