Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Jerusalem, Xalimen herria
Fito Rodriguez
Utriusque Vasconiae, 2008

 

7. Lehoiaren atea

 

JOSUK: Ene herrian sekulako kalapita piztu da ardien ustezko berdintasunaz...

ANDEREŅOAK: Zer diozu?

JOSUK: Hemengo artalde osoa latxa arrazako ardiez osaturik zegoen eta, jakina, haien esneaz baliaturik egin izan da bertoko gazta, horregatik Idiazabal jatorrizko izendapena eman izan diote, bertakoek egiteaz gain latxaren esnea baita funtsezko lehengaia. Gauza da, duela zenbait hilabete, bertako baserritar batek judu-arrazako ardi batzuk ekarri zituela eta konturatu zela haiek hemengo lauk adina esne ematen zutela eta, gainera, ez zegoen haiek mendira eraman beharrik ukuiluan egoteko sortuak direlako. Ondorioz, artaldeak aldatuz joan ziren. Ardi juduak geroz eta gehiago eta bertakoak, berriz, geroz eta gutxiago... horrela, gazta egiteko esnea ardi eta lan gutxiagoz ekoiztea erdietsi zuen, baina...

ANDEREŅOAK: Non gertatu da baina hori?

JOXEK: Jatorrizko Izendapenaren Kontseiluak ez diola hori baimendu!

ANDEREŅOAK: Zergatik?

JOXEK: Arraza haietariko ardiak desberdinak eta hemengoak ez direlako!

JOSUK: Baserritarrak dio hemengoak direla. Hementxe sortu, jaio eta hazi direla baina gainerako artzainek beste kasta batekoak direla diote eta baserritarrak euskal izendapeneko gazta egiteko baimenik gabe gelditu da.

ANDEREŅOAK: Baina, baserritar horri kasu eginez gero, bertako latxa arraza, ezinbestean, ordezkatua eta desagerrarazia izango litzateke...

JOSUK: Jakina, beste arraza judu hori askoz errentagarriagoa baita!

ANDEREŅOAK: Eta zer deritzozu horri?

JOSUK: Baserritarrak ez duela arrazen arteko liskarrik ordaindu behar...

ANDEREŅOAK: Nork ordaindu behar du, bada, latxak?

JOXEK: Nik uste dut, berez, bi arrazak ez direla parekoak, eta hortik omen dator nahasketa.

MIRENEK: Baina ez al dugu ikasi arraza guztiak berdinak izan behar dutela?

ANDEREŅOAK: Gizakion artean bai, bederen...

MIRENEK: Eta animalien munduan?

ANDEREŅOAK: Hortxe ez nago horren seguru...

MIRENEK: Baina gizakia ez al da ba abere mota bat soilik?

ANDEREŅOAK: Gizakia animalia dela ez dago dudarik, baina hori baino gehiago ere bada... eta, azkeneraino joanez gero, animalia-izaeraz haragoko biziduna dela esango nuke...

MIRENEK: Gizakiok geurez animaliak ez garela adierazi nahi al duzu?

ANDEREŅOAK: Ez guztiz behintzat..., eta honetaz mintzatzen aritzea bera horren seinale...

MIRENEK: Baina animaliek ere badute beren hizkuntza...

ANDEREŅOAK: Jakina, baina komunikatzeko bakarrik...

MIRENEK: Eta guk?

ANDEREŅOAK: Gureak hausnarketarako balio du eta horrek animaliekiko etena dakar berarekin batera kulturarako gaitasuna ekartzen baitu...

MIRENEK: Animaliek, hizkuntzaren jabe izateaz gain, kultura ere badaukate...

ANDEREŅOAK: Noski, baina haien kultura, haien mintzaira bezainbeste, beste maila batekoa da eta ezin da gizakionarekin parekatu...

MIRENEK: Zergatik ez?

ANDEREŅOAK: Gogoetak sortzeko eta besterenganatzeko ahalmenik ez dutelako..., ikurren erabileratik at daudelako, hain zuzen ere.

JOXEK: Ikurrinak egin al gaitu gizaki?

ANDEREŅOAK: Ni baiezkoan nago, bederen...

JOXEK: Benetan ari al zara?

ANDEREŅOAK: Eta penetan, horrek ekarri baitu era berean gizadiaren sorrera eta haien galeraren hazia...

JOSUK: Transgenikoek bezala?

ANDEREŅOAK: Antzeratsu...

MIRENEK: Ez dut ezer ulertzen!